Kepa Altonaga
Biologoa
Deialdiaren oinarrietan lehen sariak bakarra eta banaezina izan behar zuela esaten bazen ere, aurkeztutako lanen artean kalitate-irizpideak erabiliz alde handia ez zegoela ikusita, aurten lehen aldiz bigarren saria ematea erabaki zuen epaimahaiak, erakunde antolatzaileen oniritzia jaso eta gero.
Noiz hasi zinen lanean Folin markesarekin?
Aspalditxoan hasi nintzen horretan, nire ihardunbide profesionala dela eta, marraskiloak —oro har fauna esango nuke— eta bareak ikertzen denbora dezente eman dut. Gure aurretik zer egin den ere ikertu behar izaten da eta horren peskisan aurkitu nuen Folin markesa. Iruditu zitzaidan oso pertsonaia interesgarria zela, ez bakarrik marraskiloen inguruan egindako lanengatik; izan ere, garai horretan Euskal Herrian zuen loturak harritu ninduen gehien bat.
Hasiera batean, informazioa eskuratu eta Folin markesaren ibilbidean sakondu ahala, artikulu bat edota artikulu-sorta bat egiteko adina materiala banuela ikusi nuen; alabaina, lanean segitu ahala, jatorrizko asmo hori liburu bilaka zitekeela garbi ikusi nuen. Eta horixe da liburu honen istorioa.
Zein mailatan eman ziren Folin markesaren ekarpenak?
Dudarik gabe, marraskiloen inguruan egindako lan hori oso garrantzitsua izan zen. Ia batere baliabiderik gabe egiten zuen lana, han-hemenka ate joka ibili ondoren lortutakoa nahikoa izan zitzaion ordura arte egindako ikerketak osotzeko. Marraskilo espezie berriak detektatzea eta sailkatzea lortu zuen eta horietako askok bere izenaz ezagutzen ditugu gaur egun. Euskal Herriarekin zuen lotura ere azpimarratu beharko genuke; izan ere, oso pertsona dinamikoa zen eta bere inguruan halako elite moduko bat eratu egin zuela esan daiteke.
Orduko euskaldun garrantzitsu asko izan zituen lagun eta lankide eta dinamizatzaile itzela izan zen. Bestalde, garai horretan ere zientzilarien artean pil-pilean zeuden gai askotan sakondu egin zuen. Guri gehien interesatzen zaiguna —eta, bidenabar, nik liburuan aztertu nahi izan dudana— euskaldunon jatorriari buruzko ekarpena da. "