Flautaren bidea, zuretik metalera

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Hatzarekin ezin dira estali gaur egungo flauta estandarraren zuloak. Handiegiak dira. Eta bata bestearengandik urrutiegi daude eskuarentzat. Gainera, flauta "zurezko instrumentu" bat bada ere, metalez eginda dago. Eta hala ez balitz, ezingo litzateke jo gaur egungo flautarekin jotzen den musika guztia.
flautaren-bidea-zuretik-metalera
Arg. Guillermo Roa/Elhuyar Zientzia

Bachek, Mozartek eta Beethovenek ezagutu zituzten flautak zurez eginda zeuden. Baina Beethovenen heriotzaren garaian, flautagileak dagoeneko sistema berriak probatzen ari ziren, gerora sekulako arrakasta izan zuten sistemak. Flautak erabat aldatu ziren. Besteak beste, metalezko bihurtu ziren. Eta hala jarraitzen dute.

Dagoeneko 160 urte baino gehiago daramatzate fabrikatzaileek metalezko flautak egiten, eta hala jarraituko dute. "Luzerako izango da", dio Antonio Arias flautistak eta instrumentu horretako adituak. Orkestran erabiltzen den flauta estandarra zilarrezkoa edo urrezkoa da. Oraindik egiten dira zurezko flautak, baina oso erabilera jakinetarako bakarrik. "Espainiako Orkestra Nazionalean, zurezko bi flauta moderno ditugu; oso noiz behinka erabiltzen ditugu errepertorio klasikoa eta erromantizismoaren hasierako musika jotzeko. Horrelakoetan, distira gutxiagoko soinua bilatzen dugu, oboeekin, klarineteekin eta fagotekin enpastatzeko, zurez eginda dauden instrumentuekin alegia", dio Ariasek. Baina zurez eginda dauden flautak salbuespenak dira orkestran.

Hala ere, oraindik ere zurezko instrumentuen taldean sailkatuta dago. Badaude zenbait arrazoi horretarako, batez ere, tradizioa eta soinu-mota. Batetik, tradizionalki ez da inoiz egon metalezko instrumentuen taldean eta, bestetik, metalezko flautaren tinbrea gertuago dago, adibidez, oboetik tronpetatik baino. Egia da zuretik metalera tinbrea pixka bat aldatu zuela. "Alemanian, Anton-Bernhard Fürstenau eta beste flautista batzuek esaten zuten flauta berriaren berdintasun tinbrikoak jatorrizko izaera galarazi ziola flautari", dio Ariasek.

Böhm iraultzailea

Antonio Arias Espainiako Orkestra Nazionaleko flautista bakarlaria izan zen 1985 eta 2005 artean. Oraindik ere jotzen du Orkestra Nazionalean, bai eta ganbera-musikako zenbait taldetan. Instrumentuan aditua da; flautari buruzko ikastaroak ematen ditu, Anento udako ikastaroa esate baterako. Ez du bere burua musikologotzat hartzen, baina flautari buruzko artikuluak idazten ditu eta aholkularia izan da Valentziako Historiaurrearen Museoan, hezurrez egindako ustezko flautak aztertzeko. Arg. © Antonio Ariasek utzita

Kexuak izan ziren, jakina, baina aldaketak azkar izan zuen arrakasta. Azken batean, iraultza flautistek berek eragindako aldaketa izan zen, batez ere, Theobald Böhm alemaniarrak. Hain zuzen, gaurko flauta estandarrari Böhmen flauta deitzen zaio. "Oso gizon polifazetikoa zen. Haren ekarpenik handiena 150 urte geroago indarrean jarraitzen duen instrumentu-modelo bat diseinatzea izan zen, xehetasun gutxi batzuk gorabehera. Metalurgian eta mekanikan egin zuen lana saritua izan zen behin baino gehiagotan. Beste alde batetik, interpretatzaile ezaguna zen; Europan kontzertu asko eman zituen", azaltzen du Ariasek. Flautista izateak eragin zuzena izan zuen bere artisau-lanean. "Fabrikatzaileak berak esperimentatzen badu, zuzenean jakin dezake zer nahi duen, zer akats dituen instrumentuak eta zer ezaugarri on areagotu ditzakeen. Böhmek Schuberten gai baten bariazioak idatzi zituen, nolabait sistema berriaren demo gisa erabiltzeko. Tonalitate-aldaketa bortitzak sartu zituen, diesetatik bemoletara salto eginez. Horrelako musika ia ezin zen jo Böhmen aurreko sistemarekin".

Gakoetako bat zuloak irekitzeko eta ixteko mekanismoa zen. Giltzen sistemak ohikoak ziren lehenago ere, baina Böhmek askoz ere sistema sofistikatuagoa garatu zuen. Ergonomikoa zen, eta, aldi berean, hatzetatik urrutiko zuloak irekitzeko eta ixteko aukera ematen zuen. Ingeniaritza-lan konplexua zen; baina aukera ematen zuen akustika hutsaren irizpideak erabiltzeko, zuloak non egin behar diren erabakitzeko. Ez zuen inporta hatzak non zeuden; garrantzitsuena zen non egon behar zuten zuloek, afinazioa perfektua izateko. Gainera, zulo handiak ziren, hatzak estal dezakeena baino handiagoak. Ahokaduraren zuloa ere handia zen, eta horrek eman zion ozentasuna flautaren soinuari.

Zulo handiak baliatzea ez zen Böhmen asmakuntza izan. Biografia guztiek nabarmentzen dute harrituta geratu zela Charles Nicholson flautistak zulo handiei esker lortzen zuen soinu ozenarekin. "Böhmek asmakuntzak egiteko sena handia zuen, eta oso trebea zen, urregintzaren artea ikasi baitzuen aitarekin. 1928an, Nicholson ospetsua ezagutu zuen Londresen, eta hark lortzen zuen soinuarekin liluratuta geratu zen. Nicholsonen flautaren zuloek ohi baino diametro handiagoa zuten. Böhm Munichera bueltatu zen, flauta-fabrika bat ireki zuen, eta jasotako eskarmentuarekin modelo berri bat diseinatu zuen", azaltzen du Ariasek. Ez zen Böhmek egiten zuen lehen flauta, baina Böhmen flauta izendatzeko moduko lehenengoa zen; 1832 urtea zen".

Nicholsonek esku eta hatz handiak zituen, eta horregatik estal zitzakeen zulo handiak; Böhmen flautaren giltzei esker hatz handiak ez zituzten flautistek ere estal zitzaketen zulo handiak. Baina Nicholsonen flautak beste arazo bat zuen: kono-itxurako gorputza zuen eta, horrekin batera, kono-itxurako barne-hodia. Barne-hodiaren forma oso garrantzitsua da haize-instrumentuetan, forma horretako aire-zutabea bibratzean sortzen baita soinua. Konoak ez zuen ondo funtzionatzen, eta Böhmek fisikari batengana jo zuen. "Lagun bati, Carl von Shafthäutl akustikako irakasleari, eskatu zion aholkua zilindro- eta kono-itxurako hodien propietateei buruz. Ondorioa zen zilindroak errazago doitzen direla lege akustikoetara, alegia Bernouillik aurkeztu zituen legeetara", dio Ariasek.

Metala iritsi zen

Duela 250 urteko flauta baten mekanismoaren giltza bat. Mekanismo horiek ohikoak ziren Böhmen iraultza baino lehen. Arg. Kelly Criscuolo-DeButts/CC_BY-NC-SA

"Hodia metalezkoa egitea erabaki zuen, metalezko hodiaren paretak leunagoak direlako. Izan ere, hodiaren barruan sortzen diren uhin geldikorrak hodiaren paretetan indargetzen dira, eta zenbat eta leunagoa izan gainazala orduan eta indargetze txikiagoa gertatzen da. Ez da harritzekoa metalezkoak sortu aurreko flautak oso ale trinkoko zurez eginak egotea; palisandrozkoak, ebanozkoak edo ezpelezkoak izatea, alegia. Oraindik ere, instrumentu zaharren kopiak zura horiekin egiten dira, bai eta gaur egungo oboeak eta klarineteak ere", dio Ariasek.

Metalak baditu beste abantaila handi batzuk zuraren aldean. Alde batetik, fabrikatzaileak zuzenketak egin ditzake instrumentu-mota edo diseinu berria probatu ahala. Metalari esker, esperimentuak egin ditzake; zurarekin ia ezinezkoak dira zuzenketak. Beste alde batetik, Ariasek aipatzen du metalezko flautak arazo gutxiago ematen dituela giltzen mekanismoak instrumentuaren gorputzari itsastean: "giltzen mekanismoa torlojuen bitartez egokitzen zaio zurari, eta sistema horrek pitzadurak eragin diezazkioke gorputzean. Metalari soldatutako mekanismo batek, aldiz, segurtasun handiagoa izaten du".

Böhmek bazekien metala lantzen. Eta, horrez gain, oso garai aproposean jaioa zen, XIX. mendearen hasieran garatu zirelako burdina mineraletik erauzteko teknika berriak. Horrenbestez, lehengaia eskuragarriagoa zen, hobea zen, eta Böhm flautistak trebezia eta jakin-min handia zituen. Ezaugarri guztiak elkartu zitzaizkion iraultza bat abiatzeko flautaren diseinuaren alorrean, eta iraultza hori gertatu egin zen.

Zurez egindako zurezko instrumentuak

Flauta moderno baten xehetasuna. Zuloen diametroa nabarmen handia da. Horrek lagundu zuen zehaztasun akustikoa lortzen eta soinuaren ozentasuna bermatzen. Hain zuzen ere, zuloen diametro handia da Böhmen aldaketen ezaugarri nagusietako bat. Arg. Danel Solabarrieta/Elhuyar Zientzia

Flauta betiko aldatu zen, baina zuraren taldeko beste instrumentuak ez. Oboea, klarinetea, fagota eta hiruren familiako instrumentuak zurez egiten dira oraindik ere. Eta metalak zuraren aldean abantaila asko izan arren, ez dute jasan flautak jasan duen aldaketa bera.

Zurezko instrumentu horiek, ordea, badute beste ezaugarri bat. Ez dira jotzen flauta jotzen den bezala; beste estrategia batzuk erabiltzen dituzte aireari bibrarazteko. Klarinetearen ahokoak xafla malgu bat erabiltzen du aireari bibrarazteko, mihi bat. Musikariak putz egiten duenean, mihiak klarinetearen ahokoaren kontra jotzen du, eta bibrazioa eragiten du. Oboeak eta fagotak, berriz, bi mihiz osatutako pita dute; musikariak mihiak elkarrekin bibratzea eragin behar du. Eta bi sistemetan, mihi bakarrekoan zein bi mihikoan, instrumentuaren soinua oso ozena da, flautak sortzen duena baino ozenagoa.

Flautaren soinuak indar handiagoa behar zuen; batez ere, musika-forma berriak sortu ahala. Kontzertuaren kontzeptua modernizatu zenean, bakarlariak orkestraren soinuaren gainetik jo behar izaten zuen, eta, horretarako, flautaren soinuak ozena izan behar zuen. Arrazoi beragatik egokitu zitzaien diseinua biolinei eta harizko instrumentuei, XVII. mendean, Cremona hiriko tailerretan batez ere (Stradivari ospetsuetan, adibidez). Flautaren kasuan, aldaketa teknologiko hori 150 urte geroago gertatu zen. Ariasek ikuspegi zabal batetik ikusten du aldaketa: "pentsatzen dut problema konplexua dela, eta hainbat faktorek parte hartzen dutela. Ezin da ukatu musika kultua XVIII. mendearen erdialdean hasi zela demokratizatzen. Horretan aitzindariak izan ziren Johann Christian Bach eta haren lagun Karl Friedrich Abel. Horrek instrumentu ozenagoen beharra ekarri zuen. Oraindik ere prozesu horretan sartuta gaude, gaur egun areto handiagoetan jotzen dugulako eta entzule asko izaten direlako horietan".

Böhm oso publizista ona izan zen. Europa osoan jo zituen bere konposizioak flauta berriarekin. "Era askotako erantzunak jaso zituen, eta paradoxa bat da Frantzian Alemanian baino harrera hobea izan zuela. 1837an, Paul-Hippolyte Camus-ek flauta berria sartu zuen Frantzian, eta gero Parisko kontserbatorioko Vincent- Joseph Dorusek eta Victor Coche laguntzaileak lagundu zioten. Aurrerago, beste herrialde batzuek onartu zuten sistema berria, Ingalaterrak eta Estatu Batuek adibidez". Eta, pixkanaka, Alemaniak ere onartu zuen. Flauta aldatu egin zen. Eta flautarekin batera, flautistak ere bai.

Lehen flauten bila
Perkusiozkoekin batera, arkeologoek aurkitu dituzten lehen instrumentuak flautak dira, hustutako hezurrez egindako tresnak. Hala ere, beti ez dago argi flauta-itxurako objektu bat flauta bat zen ala ez. Antonio Arias flautistak eta adituak Valentziako Historiaurrearen Museoan aholkulari izan zen horrelako kasuak aztertzeko.
"Zoragarria izan zen kontua, beti atsegin izan baitut arkeologia, eta, bereziki, arkeomusikologia. Esloveniako Divje Babe-ko flautaren berri izan nuen, eta dokumentazioa bilatu nuen. 1990eko hamarkadan ustezko flauta bat aurkitu zuten Valentziatik gertu. Baina desengainua izan zen denontzat: ahuntz gazte baten hezurra zen, eta haragijale baten koskada baten marka zuen. Hala ere, museoa bisitatzean, Cova de l'Or-eko hezur-hodi batzuk deigarriak gertatu zitzaizkidan: elkartuta, ustez, pan txirula bat osatzen zuten. Ustez diot, horretan oso zuhurrak izan behar dugulako. Hipotesiari buruzko artikulu bat argitaratu genuen CSICeko Historiaurrearen aldizkarian. Bizitasun handiko hilabeteak izan ziren bibliografia irakurtzen, burua astintzen eta instrumentu-zati baten erreplika egiten.
Flauta zaharrenak duela 60.000-80.000 urtekoak dira. Alabaina, eztabaida nagusia da flautak ote diren ala haragijaleek zulatutako hezurrak baino ez diren; Divje Babeko flauta musteriarraz ari naiz. Beste flauta ospetsu batzuk ere badira: Alemanian, Hohle Fels eta Geissenklösterle; Frantzian, Veyreaukoa; Asturiasen, La Güelga; Valentzian, Teulada, eta La Gaviakoa Madrilen. Eta ezin utzi aipatu gabe Iparraldeko Isturitzeko flauta-multzoa. Baina ez dakigu nolako flautak diren. Zuhurrak izan behar dugu horretan.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila