Europa-mailako itsasoko haize-parkeen proiektua

Imaz Amiano, Eneko

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Europako Batzordeak proiektu berria jarri du abian. Helburua: itsasoko haize-parkeen bidez lortutako energia garatu eta energia-iturri garrantzitsu bilakatzea. Proiektuan Europako Elkarteko hamairu estatuek parte hartuko dute eta Herbehereetan dagoen Delft-eko Unibertsitate Teknikoko Haize Energiarako Saila izango da buru edo gidari.

Itsasoko Haize Parkeetarako Ekintza Bateratua Europan (Concerted Action on Offshore Wind Energy in Europa, hots, CA-OWEE) da proiektuaren izenburua eta sarrerakoan aipatutako helburu nagusia lortzeko abiapuntu izan nahi du. Hau da, egitasmoaren bidez Europan itsasoko haize-parkeei buruz dagoen ezagutza bildu, aztertu eta etekinik lor dezakeen edonoren esku jarri nahi da.

Plan edo proiektuaren iraupena urte eta erdikoa da, eta informazioa bildu eta ezagutarazteko lan horretan alde teknologikoa, ekonomikoa, ingurugiro-inpaktuei dagokiena, elektrizitate-sare orokorrean sartzeari dagokiona eta alde politikoa hartuko dira kontuan. Eta bertan parte hartuko dutenak ere esparru desberdinetakoak dira: garapen-agentziak, erabiltzaileak, kontsultariak, ikerketa-institutuak eta unibertsitateak. Bildu eta aztertutako informazio guztia web gune, artikulu eta workshop-en bidez zabaltzeko asmoa dute datorren urtearen amaiera aldera.

Izan ere, itsasoko haize-energia eskala handian ustiatzea da asmoa, horretarako punta-puntako teknologia duten, errentagarriak diren eta ingurugiro-inpaktu txikia eragingo luketen turbina handiak erabiliz. Erronka nagusietakoa, ordea, horrela eskuratutako elektrizitatearen kostua murriztea da, horrela zentral tradizionalen bidez eskuratutakoarekin parekatzeko. Azken hamarkadan, lurrean eraiki diren haize-parkeetatik lortutako energia nabarmen merkatu da eta itsasokoarekin ere bide bera jarraitzea lortu nahi dute, azken finean.

Proiektu eta asmo horien guztien gidari-lana edo egingo duen Delf-eko Unibertsitate Teknologikoa 1977.az geroztik dihardu haize-energiaren inguruko ikerketa eta hezkuntzan. Gaur egun lau fakultate ditu eta aerodinamikan, dinamikan, elektronikan, eraikuntza eta ingurugiroa uztartzen, eta itsasoko haize-parkeetan ari dira lanean.

Itsasoko haize-parkeak, etorkizun hurbilean, energia-iturri garrantzitsu bilakatzeko aukera dagoela uste dute Europako Batzordean. Hamar urteren buruan, Europako itsasoetan ehunka megawatt ekoizteko gaitasuna izango duten haize-parkeak egingo direla aurreikusten du. Horiek ikatza darabilten hainbat zentral termikok adina energia ekoiztuko lukete.

Oraindik Europako Batasunean ez dute gehiago egin, baina zenbait estatutan badira hainbat urte lanean hasi zirela (ikus Elhuyar. Zientzia eta Teknika 148 zenbakia). Suedian, Danimarkan, Erresuma Batuan, Alemanian, Herbehereetan eta Belgikan jada planak nahiko aurreratuak dauzkate; lehen hiruretan, gainera, lehenengo parkeak eraiki ere egin dituzte.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila