Europa: birziklatze-bidean

Teknologia berriei eta jarrera berriei esker, munduko herrialde garatuetan birziklatzearen arloa gero eta indar handiagoa hartzen ari da. Eman diren aurrerapausoak, hala ere, bakarka emandakoak izan dira. Orain arte, herrialde bakoitzak erabakitako unean eta eran eman ditu urratsak; aurrera begira, aldiz, badirudi guztion beharra den birziklatzeari erantzun globalagoa eman nahi zaiola. Filosofia horretan kokatzen da Birziklatzeari buruzko Europako Zentroaren ideia.

Foroa? Zein foro?

Birziklatzeari buruzko Europako Foroa eztabaidarako topalekua da, birziklatzearen eraginkortasuna hobetzeko bultza daitezkeen ekimenak zeintzuk diren eztabaidatzeko topalekua. Hori guztia Europako Batasuna erabat hartuta, eta batez ere enpresa txiki eta ertainei begiratuta. Aipatu Foroan Europako Batasuna osatzen duten estatu guztietako hainbat erakunde biltzen dira, Euskal Herrikoak barne. Gaiker zentro teknologikoa horietako bat da, eta Edorta Larraurik ordezkatzen du, Zamudioko zentroko Material Plastikoetarako Birziklatze-saileko arduradunak.

Larraurik dioenez, Birziklatzeari buruzko Europako Foroaren lehen bilera aurtengo urtarrilaren 26an egin zen. Lanak banatze aldera, lehen bilera hartan partaidetza-mota desberdinak erabaki ziren. "Batetik elkarte industrialetako ordezkariak bildu ziren, elektronikakoak, plastikoetakoak, kautxokoak, metalekoak…, Europako elkarte nagusi gehienak zeuden bertan. Bestetik, gobernu eta industrietatik kanpoko elkarteen taldea eratu zen, besteak beste, Hondakinen Europako Zentroa, Birziklatzearen aldeko Hirien Elkartea, eta Europako Ingurugiro Agentzia. Hirugarren taldean Europako Batasuneko estatuetako ordezkariak bildu ziren. Azken eta laugarren taldea, Europako Batasuneko Batzordeko ordezkariek osatu zuten; hau da: Industriako Zuzendaritza Orokorrekoek, Zientzia, Ikerketa eta Garapenerako Zuzendaritza Orokorrekoek, eta Ingurugiro, Segurtasun Nuklear, eta Babes Zibileko Zuzendaritza Orokorrekoek".

Edorta Larrauriren esanetan urtarrileko bileratik, Foroaren helburuez hitz egiteaz gain, lau lan-talde atera ziren, bakoitza bere zereginarekin. "A, B, C, eta D taldeak eratu ziren. A taldeak birziklatzearen sektore desberdinetako egoera ekonomikoaren, ingurugiro-egoeraren, eta gizarte-egoeraren diagnosia egitea du helburu nagusia. Horrekin batera, sektore bakoitzeko estatistika-gaiaz ere arduratu behar du. B taldea merkatuen eta materialen estandarren garapenaz arduratzen da. C taldean birziklatzearen berrikuntzan eta ikerketan ari garenok biltzen gara. Eta D taldea birziklapen-araudiaren eta -legeriaren alderdia aztertzen ari da. D talde honetan Bruselasko euskal delegazioak ere hartzen du parte".

Lehentasunak, teknologia-transferentzia…

Gaiker zentro teknologikoa Berrikuntza eta Ikerketa taldeko partaide da, baina merkatuen eta material estandarren garapenerako taldean ere badago; talde bakoitzean ordezkari bana du. Jakina denez, Gaiker CITMAko partaide da, Euskal Herriko zentro teknologien ingurugiro-jarduerak biltzen diren zentro birtualekoa. Hala ere, Foroan Gaiker ez da Euskal Herriko ordezkari bakarra, Orgalime eta Ihobe, besteak beste, hor baitaude.

"Berrikuntza eta Ikerketa taldean —jarraitzen du Edorta Larraurik— eztabaida hiru gairen inguruan bideratu dugu. Batetik Europan birziklatzearen ikerketarako eta garapenerako lehentasunak eztabaidatzen ari gara; bestetik, ikerketa- eta garapen-proiektuetako emaitzen transferentzia industriara hobeto nola egin aztertzeko urratsak eman ditugu; eta azkenik, Europako Birziklatze Zentroaren sorreraren egokitasunaz hitz egiten ari gara".

Edortak dioenaren arabera, birziklatzearen lehentasunak zehazteko, taldean bertan dauden ikuspegiak eztabaidatu dituzte. Guztiak bildu eta txosten bakarra prestatu dute. Txostenaren zirriborroan aipatzen denez, sektore batzuetan oraindik eskakizun-mailan dagoena —oraindik arazo dena—, beste batzuetan dagoeneko konponduta dago. "Hor argi ikusten da sektoreen arteko informazio falta dagoela, eta Europako Birziklatzeari buruzko Zentroak horrelako arazoei aurre egin ahal izango liekeela. Horretarako egokia izango litzateke. Birziklatze-industrian dagoeneko ezagunak diren teknologiak, beste produktu batzuen tratamenduan ere erabili ahal izango lirateke". Sektore ezberdinen arteko informazioa bezala, zirriborroak bereizketa ere eskakizunetan bereziki aipatzen du. "Birziklatzeari begira, ondo bereiztea izugarri garrantzitsua da. Zenbat eta hobeto bereiztu, bereizketan zenbat eta kalitate hobea izan, produktu garbitik hainbat eta gertuago egon gaitezke; ondorioz, bereizketa-teknologien eskakizuna argi eta garbi dago, baina beti ere bereizketa horrek duen kostua kontuan hartuta".
Birziklatzearen berrikuntzan eta ikerketan ari direnek osatu duten taldeak egindako zirriborroan aipatzen den hirugarren puntuan eko-diseinuaren premia azpimarratzen da. "Ez dira bereziki birziklatzearen teknologiak, baina birziklatzeari begira dauden diseinu eta teknologien beharra dugu; hau da, hondakin gutxiago sortzeko diseinatutakoena".

Enpresa txiki eta ertainetara egin behar den teknologia-transferentzia hobetzeko, hainbat ekintzaz hitz egin dute, baina nahi baino gutxiago. "Egia esan, arlo horretan ekarpenak ez dira asko izan; beraz, oraingoz ez dugu, ez zirriborrorik eta ez txostenik". Dena den, irailaren bukaeran zuten bilerarako arlo horri zegokion ekarpen gehiago izatea espero zuen Edorta Larraurik.

…eta zentroa?

Aurreneko bi puntuetan aurrera egin den bezala, Europako Birziklatze Zentroaren gaiaz une honetan eztabaida bizi-bizia dago; ondorioz, oraindik ez omen dago esaterik ideia lehenengo proiektu, eta gero errealitate bihurtuko den edo ez. "Gure taldean zentro hori sortzea egokia den edo ez den, eta sortzekotan zein figura hartu beharko lukeen eztabaidatzen ari gara. Ezer esateko goizegi izan daitekeen arren, badirudi argi samar dagoela sortzekotan zentro birtualaren itxura izan beharko lukeela, tresna informatikoetan oinarritua, Internet eta abarretan. Hasieran behintzat, birziklatze-teknologien informazioa trukatzeko sarea egituratuko litzateke; enpresa txiki eta ertainek —eta oro har industriak— dagoeneko Europan birziklatzearen arloan egiten denaz informazioa era erosoan, azkarrean eta errazean eskura dezaten". Europan birziklatzearen teknologiekin lanean ari diren zentroak ugari direnez eta birziklatzeko materialen merkatuan ekimen asko daudenez, horrelako zerbitzuen bidez, edozein enpresak birziklatzearen arlo erraldoiari buruzko informazio zehatza eta zuzena aurkitu ahal izango luke. Hori litzateke balizko zentroaren muina, birziklatzearen bidetik joan nahi duten enpresei ate bakarra jota informazio guztia hartzeko aukera eskaintzea. Hala ere, lehen esan bezala, oraingoz ideia besterik ez da, eztabaida-fasean ari baitira. "Ikuspegi desberdinak daude, balizko zentroak zein figura izan beharko lukeen, nolako zerbitzua eskaini beharko litzatekeen, hizkuntzaren arazoari zein konponbide eman beharko litzaiokeen, zerbitzuaren kostua nork eta nola ordaindu beharko lukeen eta abar".

Pentsa daitekeenez, besteak beste birziklatzearen arloan lanean ari den Gaiker zentro teknologikoarentzat, —ezinbestekoa ez bada ere— oso interesgarria da Birziklatzeari buruzko Europako Foroan hasiera-hasieratik egotea. Horrelako topalekuan parte hartuta, Zamudioko zentro teknologiko honek birziklatzearen lasterketako lehen postuetan egotea lor dezake. "Foroan parte hartuta, guk uste dugu oso toki egokian gaudela. Ikerketa eta garapenerako lehentasunen identifikazioan jardutea guretzat tresna garrantzitsua izan daiteke, Gaikerreko birziklatzearen teknologia lerroak aurrerantzean norantz bideratu beharko genituzkeen ikusteko. Guretzat, eta CITMA osatzen dugun zentro teknologikoentzat, behatzeko leiho interesgarria da. Horrela ikusten dugu guk Birziklatze Foroan dugun partaidetza. Europan birziklatzearen lehen lerroan egon nahi dugu Foroan, hortik adieraziko baitzaio Europako Batzordeari birziklatzearen industriaren eskaera teknologikoa zein den.

Horrez gain, balizko Birziklatze Zentroa bertara ekartzea ere gustatuko litzaiguke, eta horretarako ere ari gara lanean. Hala ere, ez ahaztu oraindik ideia besterik ez den zerbaiti buruz ari garela".

Birziklatzeari buruzko Europako Zentroa sortuko balitz, argi dago Gaiker zentro teknologikoarentzat, CITMAko partaideentzat —eta gaur egun Foroaren inguruan parte hartzen ari direnentzat— onurak izango liratekeela. Era berean, birziklatzearen arloan lanean ari diren gainerakoentzat ere ona izango litzatekeela pentsa daiteke. Gizarteari —oinezkooi alegia— iritsiko ote litzaiguke zerbait onik ekimen horretatik? "Lehenik eta behin, egiten ari den guztia ezagutuko litzateke, eta ondorioz arazoei aurre egitean bikoizketa-egoerak saihestu egingo lirateke. Beste batzuek egindakoari buruzko informazio ona izanez gero, ez dago akatsak berriz egiteko arriskurik. Enpresa txiki eta ertainei ere lagunduko die, teknologia bat edo bestea aukeratzeko segurtasun handiagoa izango baitute. Izan ere, birziklatzearen merkatua etenik gabe aldatzen da, legeriak berak aldarazi egiten du… eta enpresak teknologiak aukeratzen ibiltzea gai serioa eta arriskutsua da, aukeraketa ondo egiten ez bada. Hor industriari mesede egiten zaio, eta industriari mesede egiten bazaio, gizarteari ere egiten zaio". Urtea bukatu baino lehen izango da balizko zentroaren berririk; alegia, laster jakingo da arre edo so egiten den.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila