Elhuyar Fundazioa
Zenbakiek dute hitza: gaur egun, Web-era konektaturik dagoen jende-kopurua izugarria da, eta kopuru hau % 400ean gehitzea espero da gainera. Dagoenekoz, World Wide Web bezala ezagutzen dugun hori World Wide Wait bezala bataiatu duenik ere bada, bertan ibili ahal izateko beharrezkoa den pazientziaren adierazpide.
Duela gutxi arte informazioaren autopistatzat ezagutu genuena, informazioaren asto-bide gisa geratu zaigu jada, eta pixkanaka datozkigun erronka berriei aurre egiteko abiadura falta gero eta nabariagoa izango da. Gero eta soinu, bideo eta argazki gehiagoz josita datorkigu sarea, eta nork ez du entzun bideo-konferentzia, tele-lan eta antzerakoei buruz hitz egiten? Baina hau errealitatean aplikatzea ez da hain erraza Internet-en abiadura motelaren ondorioz. Hau da Internet2 sortzearen arrazoietako bat.
Internet2-ren helburua ez da gaur egungo Internet ordezkatzea. Sare berri hau helburu akademiko eta teknologikoetarako garatu da Estatu Batuetako unibertsitate eta telekomunikazioen munduko enpresa garrantzitsuenen elkarlanaz eta, ondorioz, erabilera mugatua izango du.
Bere helburuak betetzeko, denbora errealeko multimedia eta banda zabaleko interkonexioa behar-beharrezkoa izango ditu, sare-azpiegitura garrantzitsu batez lagundurik. Nahiz eta sare honek ez duen Internet ordezkatuko, zalantzarik ez dago garatuko diren teknologia eta aplikazio berriek Internet-en ere eragin zuzena izango dutela, erabiltzaileei onurak ekarriz eta, noski, sarearen abiadura era nabarmenean azkartuz.
Sare berri hau, gaur egungoa baino 1.000 aldiz azkarragoa izango dela espero da, Britannica entziklopedia segundo batean transferitzeko adina, alegia. Oinarri gisa vBNS (very high-speed Backbone Network Service) bezala ezagutzen dena erabiliko du. Oinarri honek Estatu Batuetako bost superordenadore-zentru konektatzen ditu eta zientzi aplikazioetarako erabili izan da. Datu bat: gaur egun dagoen sarearen oinarriak 45 milioi bit/segundoko abiadura du eta Internet2-renak aldiz, 2,5 bilioi bit/segundoko abiadura izango du.
Sare berri honetan lanean ari direnen helburu nagusia, telekomunikazioen ahalbideak gune akademiko eta teknologikoetara bideratzea da. Dagoenekoz lanean ari dira Tele-Murgiltze deituriko proiektu batean. Honek, Errealitate Birtualeko teknologia erabiltzen du, erabiltzaile ezberdinak espazio birtual bakar batean elkartzea ahalbidetuz. Proiektu honi esker, telekonferentzi bateko parte-hartzaileek, bere burua fisikoki gainontzeko parte-hartzaileez inguratuta ikusiko dute gelan, hiru dimentsioko bideokonferentzia sortuz.
Honek aplikazio akademiko eta zientifiko garrantzitsuak ere izan ditzake: horrela, Estatu Batuetako bi puntetan dauden bi zientifikok molekula berarekin lan egiteko aukera izango dute, elkarrekin gela berean ari balira bezala. Honen aplikazio ezberdinek aurrerapen izugarria suposa dezakete zientzi, unibertsitate- eta enpresa-munduan batez ere. Bide honetatik, laborategi birtualak ez dira zientzi fikzioa izango laister batean.
Gaur egungo Internet ere, teorikoki, ba omen da horretarako gai, baina milioika pertsona aldi berean konektaturik daudenean errealitatean ezinezkoa gertatzen da hiru dimentsioko bideokonferentzia bezalako aurrerakuntzak erabiltzea. Bestalde lehentasun arazoak ere gertatzen dira: Internet-ek ez du lehentasunez ulertzen, eta sarean E-posta mezu arrunt batek eta bideokonferentzia batek lehentasun-maila bera izango dute beti.
Nik bidalitako E-posta mezuak, bideokonferentzia bati bidea emateko hamar minututan sarean atzeratzen bada ere, ez dit inongo eragozpenik sortzen, baina Internet-ek ez du trafikoa lehenesteko inolako tresnarik. Internet2-k bai, ordea, eta honetaz gain Quality-of-Service (QoS) deituriko tresnak erabiliko ditu. Hauen bidez erabiltzaileek banda-zati bat aurrez erreserba dezakete denbora-tarte jakin batean erabilera bereziren baterako. Beraz, Internet2-ren berrikuntzarik handienetako bat protokoloko aukera berriak ezartzea da, honek zerbitzuaren kalitatea hobetuko duelakoan.
Sare berri hau unibertsitatean jaio da. Internet2 sortu eta garatzeaz arduratu diren Estatu Batuetako 120 unibertsitate inguru biltzen dituen elkarte bat da UCAID (University Corporation for Advanced Internet Development). Honekin batera, informatika- eta telekomunikazio-industriako enpresarik garrantzitsuenek ere (Digital, IBM, Sun edo Cisco Systems, esate baterako) proiektuari bultzada berezia eman diote, beharrezkoak diren aplikazio eta teknologiak garatuz honetarako.
Gainera, hauetako hiru enpresek 500 milioi dolar bideratu dituzte proiektua finantzatzen laguntzeko. Hauez gain, Bill Clinton-ek ere NGI (Next Generation Internet) deituriko programa bultzatu zuen joan den urtean, proiektuaren zutabe gisa Internet2 bereganatuz eta urtean 30 milioi dolar bideratuz honetarako. Gobernuaren eskutik Agentzi Espaziala edo Defentsako departamentua bezalako erakundeak proiektu honetan lanean dihardute, baina unibertsitateek askatasun osoa omen dute bere garapenerako.
Internet2-ren proiektua ondorengo bost urteotan garatzea espero da. Proiektu honen lehen fasean, parte hartzen ari diren unibertsitateen artean ezarriko da sarea eta urte honen bukaeran hainbat unibertsitate sare honen bidez konektaturik egotea espero da. Aldi berean, sare berri honetan erabili ahal izango diren aplikazioak diseinatzen arituko dira enpresa eta unibertsitateetako teknikariak. 18 hilabeteren barruan Internet2-rako bereziki garatuko diren aplikazio kopuru handi baten “beta” bertsioak erabilgarri izatea espero da.
UCAID-eko Douglas Van Houweling lehendakariaren ustez, Internet-ek datozen 10 urteotan izango duen garapenaren ondorioz jendearen artean komunikatzeko era berri bat sortuko da. Bere esanetan, “Internet izango da telebista ikusi, telefonoz hitz egin edo gure negozioak bideratzeko erabiliko dugun sistema.
Ez dugu gehiago Internet izeneko zerbaitetan pentsatuko, zuzenean bizi egingo dugu”. Garai berriak datoz, beraz, eta prest egon beharko dugu.
Gehiago jakiteko http://www.internet2.edu |