Eskulapio sugea, osasunaren zaindari

Europako kulturen erroetan ugari dira sugeak izaki gaizto eta beldurgarritzat jotzen ituzten ipuin eta mitoak. Pliniok berak, sugeak, hildako gizaki zitalenen bizkarrezurretik sortutako piztiak zirela zioen, eta beste sinesmen batzuen arabera, deabruak ernaldutako oilarren arrautzetatik jaiotzen omen dira, eta handik aurrera apoak, arrabioak, eta mota guztietako landare pozoitsuak jaten omen dituzte euren edena ekoitzi ahal izateko.

Bibliara jotzen badugu, berriz, sugearen maltzurkeria ageri zaigu Adan eta Ebaren bekatuaren eragile nagusi gisara. Eta modu berean, Europako Erdi Aroko mitologiarik gehienetan, herensugeak ziren izakirik beldurgarri eta gaiztoenak. Azken finean, herensugeak suge erraldoiak ditugu; sorginkeriaren eta ifernuko indarren menpe dauden suge erraldoiak, alajaina!

Bere dietari dagokionez, ale helduak batez ere mikrougaztunez, hegaztiz eta bestelako narrastiez elikatzen dira.
M.M. Elosegi

Sugeen aurkako beldur eta mesfidantzak erabat jatorri kulturala du ordea, eta ez da berdina izan, ez herri guztietan, eta ez une historiko guztietan. Bizkar arre gorrizta eta sabel horiska argia dituen Elaphe longissima suge leun eta liraina osasunaren zaindaritzat hartu zen antzinako zenbait herritan, eta greziarrek, esaterako, Asklepio osasunaren jainkoaren ministrari zela sinesten zuten.

Asklepio —edo Eskulapio, erromatarrentzat-, Apoloren semea, medikuntzaren jauna zen, eta normalean oinetan oilarra eta besoan kiribilkatuta sugea zituela irudikatzen zuten. Eta era berean, Greziako Epidauro hirian eraiki zioten tenpluan milaka suge biltzen omen ziren, jainko maitagarriaren aginduaren zain. Bide horretan, Asklepio edo Eskulapioren sugeekiko mirespen eta begirunea mantendu egin zen erromatarren kultura nagusitu zenean ere, eta Tiberio zesarrak, esaterako, bere azken urteetan gaixotasunen batek jo eta hiltzeko beldur zelarik, honelako sugez beteta mantentzen zuen bere logela, euren babesa segurtatu nahian.

Gaur egun oraindik ere Eskulapio sugea medikuntzaren sinbolotzat hartzen da, eta gure herri eta hirietako botika-dendetan ikus genezake bere irudia, edalontzi baten inguruan kiribilkaturik.

Eskulapio sugea (Elaphe longissima) liraina da oso, azkarra, lurrean biziki mugitzen dena eta erdipurdiko igerilaria. Zuhaitzetan gora egiteko sekulako abilezia du ordea; ezkata bentralen alde askeen ertzetan dituen karenak oso lagungarri gertatzen baitzaizkio lan horretarako. Eguzkizalea den arren, bero handiegia ez du maite, eta tenperatura gogokoenak 26 eta 30 °C bitartekoak ditu, giroak 32 °Ctik gora eginez gero babesleku freskoagoren baten bila ezkutatu egiten delarik. Hau dela eta, Eskulapio sugea egunez bizi da batipat, nahiz eta, tarteka, batera eta bestera, ehizakiren baten bila ilunabarrean ere ikus daitekeen.

Bere dietari dagokionez, ale helduak batez ere mikrougaztunez (arratoi, sagu, basasagu, satain, satitsu, muxar, eta abarrez), hegaztiz (txito eta arrautzez batipat), eta bestelako narrastiez (sugandila eta muskerrez bereziki) elikatzen dira. Euren ehizakiak ahoaz eutsi, eta konstrikzioz hiltzen dituzte irentsi aurretik. Ale gazteek berriz, sugandilak, eta ornogabeak ugari harrapatzen dituzte gosea asetzeko, hauen artean arruntenak kilkirrak, matxinsaltoak, eta bestelako intsektuak izanik. Bere etsaiak ordea, arrano sugezalea (Circaetus gallicus), eta lepahoria (Martes martes), lepazuria (Martes foina), ipurtatxa (Mustela putorius), azkonarra (Meles meles) dira, besteak beste.

Elaphe longissima suge leun eta liraina osasunaren zaindaritzat hartu zen antzinako zenbait herritan, eta greziarrek, esaterako, Asklepio osasunaren jainkoaren ministrari zela sinesten zuten.
J.R. Aihatza

Eskulapio sugea soin liraineko animalia dotore eta ikusgarria dugu. Burua estua eta ongi definitua, eta beginini biribilak ditu, eta bere ezkata dortsalak, launak, erronboidalak, leunak edo karena ahulez jantziak izaten dira. Koloreari dagokionez, helduetan arre gorrizta izaten da nagusi alde dortsalean, eta alboetan argiagoa, sabelaldera hori argira aldatzen delarik. Normalean marrazki nabarmenik izaten ez badute ere, batzuetan luzetara arrasto leunak ikus daitezke zenbait aletan. Garrondoa ilunxeagoa dute, eta lepoaren alde bietan, barailaren atzean eta gorantz hedatuz, orban horizta argi eta ahulak nabari zaizkie. Tamainaren aldetik, 190 edo 200 cm rainokoak neurtu diren arren, normalean 140-170 cm bitartekoa izaten da, eta arrak handiagoak izan ohi dira emeak baino.

Maiatzaren azkenetan, edota ekainaren hasieran sekulako ikuskizuna eskain dezake Eskulapio sugeak, horretarako zorterik izanez gero. Hain zuzen, narrasti hauen araldia izaten baita sasoi horretan, eta sexu-jotzearen aitzin-urratsak ikusgarri eta bereizgarriak izaten dira oso. Bata bestearen atzetik ziztu bizian eta elkarri segika aritu ondoren, arrak emea ahoaz burutik, lepotik edota soinetik eutsi, eta elkarrekin trabatu arte kiribilkatzen dira, kopula jarrera bitxi horretan gauzatzen delarik. Zenbait aste geroago, uztailean edota abuztuaren hasieran, emeak 5-20 arrautza handi erruten ditu, berauek zuhaitz-zuloren batean, harri-tarteetan, zimaur azpian, orbel artean eta abarretan ezkutatuz.

Arrautza hauek baberrun-itxurako egitura irregular, zuriska eta handiak izaten dira, eta normalean 35-60 mm-ko luzera, 17-28 mm-ko zabalera, eta 10 g inguruko pisua izaten dute. Bi hilabeteren buruan, hots, irailean zehar edota urriaren haseran, 14-25 cm luzeko kumeak jaiotzen dira bertatik, eta denbora laburrean hibernatzeko erretiratu beharra izango dute gainera, urriaren azkenetarako, eta helduek bezalaxe, mikrougaztunen baten zuloa edota harri-tarteren bat bilatu beharko dute, negu luzeak irauten duen artean babesa eta atsedena seguru izan ditzaten.

Eskulapio sugea Europako erdialdeko eta Mediterranioko espeziea dugun arren, atzerakada handia pairatu du Europa osoan, eta gaur egun duen banaketa oso irregularra da eskualde humanizatuetan, Danimarkan, Alemaniako iparraldean, eta beste zenbait lekutan ere desagertutzat jotzen delarik. Iberiar penintsulan iparraldean ageri da, Kataluniatik hasi eta Galiziaraino.

Eskulapio sugea soin liraineko animalia dotore eta ikusgarria dugu.
M.M. Elosegi

Euskal Herrian Kantaurialdeko isurialdean ikus daiteke gehienbat, bertan estaia muinotarreko baso misto, harizti eta sastrakadietan ageri delarik. Espeziearen izaera higrofiloa eta tenperatura epelekiko duen zaletasuna direla eta, suge hau nahikoa ugaria da kostaldeatik hurbil, eta ez du joera menditar nabarmenik ageri, beti ere 600 700 m-ko altitudetatik behera ageri delarik. Isurialde mediterraniarrari dagokionez berriz, gutxi ikusi dira bertan, baina hegoaldeko eremu idorragoetan izan ezik, hezetasun minimoa aurki dezakeeneko eskualdeetan ageri da, beti ere harizti, amezti edota erkameztien freskotasunaren babesean.

Tamalez, ordea, gure kulturaren baitan aspaldi galdu ziren suge eder honekiko mirespen eta begirunearen azken izpiak, eta gaur egun Eskulapio sugea horixe besterik ez da: suge bat. Eta gainerako sugeak bezala, piztia madarikatua da, akabatu beharrekoa, alegia. Planteamendu honi, Eskulapio sugeak duen tamaina handia, ikusgarritasun nabaria eta izaera lasaia gehitzen badizkiogu, erraz ulertuko dugu espezie honek gizakiaren zuzeneko erasoaren ondorioz pairatu eta pairatzen duen atzerakadaren larria: gero eta gutxiagotan ikusten da, eta gero eta txikiagoak dira dauden aleak.

Gizakiaren arrimuan, osasunaren zaindariak berak ere ez du atarramentu onik nonbait.

FITXA TEKNIKOA

Eskulapio sugea

Espeziea: Elaphe longissima
Familia: kolubridoak
Ordena: eskuamatuak
Klasea: narrastiak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila