Epaimahaiak eman gabe utzi zuen

strong>Bukatu da dagoeneko CAF-Elhuyar sarien VI. edizioa eta bat bukatu den bezala bestea, VII.a izango dena, laster jarriko da abian.

Sarien aurtengo edizioari dagokionez, horrelakoetan egiten den bezala, lehenik parte-hartzeari erreperatu behar zaio, kopuru-hotzei alegia. Artikuluen arlorako, 14 lan aurkeztu dira —iaz adina—, eta liburuak egiteko proiektuetan 7. Beraz, alde horretatik balorazio ona egin behar da. Epaimahaikideek adierazi zuten legez, “harrobia” egon badago.

Kontua da “harrobi” horrek zer nolako lanak aurkezten dituen, eta hor bada alderik aurreko edizioekiko. Izan ere, aurten artikuluen atalera aurkeztu diren lanak ez dira aurreko urteetako lanen mailara iritsi. Behar bada, langa altuegi jarrita egoteagatik. Edozelan ere, horrek ez du inor izutu behar, “harrobia” egon badagoenez, landu egin behar delako. Eta epaimahaiak ere horrela ulertu zuen auzia eta horrela hartu zuen neurriko erabakia: “… eztabaidatu ondoren eta sariaren mailari eustearren, artikuluaren ataleko lehen saria eman gabe uztea erabaki dugu”. Esan eta egin, artikuluetan lehen saririk ez.

Liburuak egiteko proiektuen atalean, berriz, galtzak betelan epaimahaikideentzat, aurkeztutako lanak oso itxura onekoak izan baitziren. Erabakitzea zaila gertatu zitzaiela aitortu zuten, baina aldi berean erabakia aho batez hartu zutela. Adierazgarria benetan.

Sari-banaketako gainerakoan nobedaderik ez, tragoska bat hartuz eta pintxoren bat ahoratuz gustura oso urtean zehar nahi bezain sarri ikusten ez den jendearekin hizketan. VI.ajoan da, VII.a hemen da laster. Beraz, dibulgatzaile guztiei animo eta aurrera!

A

rtikuluen atala

 

II. SARIA:

Ordenagailuez harantzago
Fernando Morillo Grande

Azken urteotan ordenagailu pertsonalen inguruan hainbat ogibidez gainera, hainbat zaletasun ere sortu dira. Azken horietakoak dira artikuluan aurkezten diren hackerrak eta crackerrak.

III. SARIA:

Heroina: mendehonetako izurritea
Gorka Larrinaga eta
Joseba Pineda-Ortiz

Gaiaren ikuspegi historikoa, alderdi teknikoak eta osasunarentzat duen garrantzia modu erakargarrian eta irakurterrazean aurkezten dute.

 

Liburuen atala

 

Pandaren aita, aita David

Aurtengo CAF-Elhuyar sarien berrikuntzen artean aipagarriena, liburuen atalean gertatu da, lehenengoz zientzia-dibulgazioko liburuetako beka antolatu baita. Dudarik ez dago ekimenak arrakasta izan duela, zazpi liburu-proiektu aurkeztu baitziren, eta ez nolanahikoak gainera.

Epaimahaiko lagunen izenean Koldo Nuñez-ek Txitxardin Beltxa jatetxean bildutakoei jakinarazi zienez, aurkeztutako lan guztiak maila onekoak izan ziren, bai zientzia-edukiaren aldetik eta bai idazkera eta euskara-mailaren aldetik ere. Hala eta guztiz ere, lan guztien maila ona zela aitortuagatik ere, irabazlea aho batez hautatu zuten. Lanaren izenburua Pandaren aita, aita David, eta lanaren egilea Kepa Altonaga Sustatxa biologoa.

Lan horri saria emateko merezimenduak hiru puntutan laburbildu zituen epaimahaiak:

  • Lehenik, euskal biologo garrantzitsu bezain ezezaguna den aita Armand David ezpeletarraren ekarpen zientifiko harrigarriak aurkezten dituelako. Besteak beste, panda hartza famatuaren lehen deskribapen zientifikoa euskaldun batek egin zuela jakinarazten duelako.
  • Bigarrenik, aita David-enbidaia-liburuak ateratako jatorrizko materiala iturritzat erabilita gustura irakurtzen den testu bizia osatu duelako egileak. Zientzia, historia eta pasadizoak ongi orekatu eta irakurle-multzo zabal batentzako irakurgaia osatzen ahalegintzeagatik.
  • Hirugarrenik, liburugai honek aita David goratu egiten duelako Euskal Herriak hain beharrezkoak dituen izen handiko zientzialarien taldera. Etorkizunean, ikasle eta irakasle euskaldunen artean eta, oro har, gizartean aita David-ek merezi duen ohorea izan dezan.

Horraino epaimahaikoek Kepa Altonagak aurkeztu zuen liburu-proiektuari buruz esandakoak. Entzundakoak entzunda, ez dago dudarik liburua bukatzen denean arrakasta izango duela, gaia erakargarria delako batetik, eta modu oso atseginean idatzita dagoelako bestetik.

Kepa Altonagak berak saria jasotzean ez zuen inolako aipamenik egin, baina gerora aitortu zuenez CAF-Elhuyar lehiaketa ondo baino hobeto etorri zaio liburuaren proiektua aurkezteko, besteak beste aurten 100 urte betetzen baitira aita Armand David ezpeletarra zendu zenetik.

Saria jasota, lana gogotik egin beharko du orain Kepa Altonagak, urte beteko epea eta 700.000 pta.ko dirulaguntza baititu liburuari behin betiko forma eman eta aurkezteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila