Egarria

Herri industrializatuetan ura eta gainerako edariak nahikoa erraz lortzen dira eta askotan edateak duen garrantziaz ahaztu egiten gara. Baina egarriak gure barne-inguruneko oreka mantentzen laguntzen duen portaerarik garrantzitsuenetariko bat probokatzen du; edatea. Hidratazio-mailarekiko sentikor diren gure gorputzeko zenbait zatik, nerbio-mezuak eta mezu hormonalak emititzen dituzte.

Gure garuneko zentru espezializatuek, jasotako mezu desberdinak integratu, interpretatu eta erantzun egokia sorterazten dute (egarria senti eraziz edota inhibituz, gure gorputzeko ur-erreserba beti zertxobait goitik egon dadin). Hala ere, badira deshidratazioak sortzen dituen barne-mezuekin nahasten diren beste kanpo-elementu edo faktore batzuk ere. Adibidez, zapore atsegin batek ur gehiago kontsumitzera bultza dezakeen bezalaxe, uraren poluzioa izan ohi da sarri gutxi edatearen arrazoia.

70 kg pisatzen duen pertsona baten ur-bolumen normala, 50 litrokoa da. Beraz, bere pisuaren ia % 70 da ura. Baina, une oro ari gara ur hori eliminatzen, dela giltzurruneko iraizpenaren bidez, dela biriketako ebaporazioaren bidez (eta batez ere izerdiaren bidez; hori bait da ur-galerarik handiena). Ur-galera hauek dira, hain zuzen ere, gure gorputzean defizit hidrominerala sortzen dutenak eta ondorioz egarria senti erazten digutenak. Egarriak, hain arriskutsua izan daitekeen desoreka hori zuzentzeko behar adina ur edatera garamatza. Horrexegatik, pertsona batek egoera normalean 2,5 litro ur edan beharko lituzke egunero, baina udan, basamortuan eta esfortzu handi baten ondoren 10-12 litro edan beharko lituzke.

Gorputzak bere ur-beharrei erantzutearren, ur-eskasia detektatzeko sistema bat du. Sistema honek egarria sorterazten du eta ura hartzera bultzatzen duen portaera edo portaera dipsikoa eragiten du. Azken hau ongi aztertutako portaera da. Gorputzeko zelula espezializatuak ur-faltan erreakzionarazten dituzten estimuluak, hormona-seinaleak inplikatutako nerbio-zentruak eta egarria sortzen duen prozesuaren etapa edo fase guztiak ezagutzen hasi dira. Gainera posible da, esperimentalki bederen, laborategian nahiz klinikan fase hauetako bakoitzean parte hartuz amaierako portaera aldatzea.

Egarria kontrol fisiologiko estu baten pean badago ere, organismoak badu halako “tolerantzia” edo “indulgentzia” bat. Adibidez, egarri berberarekin gutxiago edo gehiago edan daiteke. Polidipsiaz (ur-bolumen handiegia edateaz) eta jatorri psikiatrikoa duen adipsiaz (egarri-ezaz) gain, badira likido-kontsumoan gertatzen diren beste desbidazio batzuk; ez hain larriak, baina luze irauten dutenak eta osasunean eragina izan dezaketenak. Normalean hipertentsio arterialarekin edo zenbait pertsonaren ahuleziarekin (batez ere deshidratazio kronikoan bizi diren agureen ahuleziarekin) daude erlazionatuta.

Zergatik eta nola edaten dugu? Edatea ekintza edo portaera da eta berau ulertzeko egarri-mekanismoan oinarritu behar dugu. Portaera hau ordea, ezin da inola ere ulertu gure organismoak erantzuten dituen barne-faktoreekin edo faktore fisiologikoekin nahasten diren kanpo-faktoreak kontutan hartzen ez baditugu. Jakin badakigu edatea beharra ezezik ekintza atsegina bihurtu dela, eta horrek edatera bultzatzen gaitu askotan, egarria ez izan arren.

Behar fisiologikorik gabe edatearen adibiderik adierazgarriena, edari alkoholikoena da; hauetan ura disolbatzaile moduan besterik ez bait da agertzen. Solutua kontsumitzeko desioa edo gogoa da askotan egarriarekin nahasten duguna. Baina alkohola hartzeko egon daitezke ura ez den beste bide batzuk; janaria adibidez. Zer gertatuko litzateke alkohola hartzeko bide bakarra janaria izango balitz? Organismoa berehala aseko litzateke, ondorioz alkohol-kontsumoa mugatuz. Baina aipatu dugu organismoak likido-kontsumoarekiko duen jasankortasuna, janari-kontsumoarekiko ez bezalakoa dela.

Pertsona batek likido asko edan dezake ur-intoxikaziorik izan gabe. Ur-intoxikazioa, giltzurrunek organismoak duen ur-sobera eliminatu ezin duenean gertatzen da; azkarregi edan delako (5-6 litro 3 ordutan) eta garuneko andeza, koma, eta heriotza dakar.

Gehiegikeriekiko jasankortasunaren arrazoi nagusia, giltzurrunen funtzioan datza; funtzio honen egokitzapen-ahalmenean. Ur-kontsumoak organismoaren beharrak gainditzen dituen une berberetik sortutako hiperhidratazioak, gernu-emaria edo diuresia kontrolatzen duten hormonetan eragiten du, gernu-kantitatea proportzionalki gehituz eta aldi berean diluituz. Diuresiaren egokitzapena kontrako zentzuan ere gertatzen da. Ur-kontsumoa eskasa den kasuetan giltzurruna gai da kontsumoa murrizteko, txixa kontzentratuz eta kantitatea mugatuz. Zentzu honetan ordea, azkarrago iristen gara mugako egoerara; gernu-emaria murriztean giltzurrunek substantzia toxikoak eliminatzeko duten ahalmena ere txikiagotu egiten bait da.

Ondorioz giltzurrunek lan handiagoa egin behar dute organismoko hondakinak botatzeko eta epe luzera kaltegarri gertatzen da. Garbi dago egoera jakin batera iritsitakoan ur-eskasia ura edanez bakarrik konpon daitekeela. “Tolerantzia” erlatibo hau da deshidratazio baten aurrean pertsona batek litro batzuk edota likido-kantitate txiki bat edateko posibilitatearen arrazoia; edariaren zaporea atsegina den ala ez denaren arabera.

Giltzurrunen funtzioa da, hain zuzen ere, gure organismoari deshidratazio-egoeran edo hiperhidratazio-egoeran, neurri batean bederen, egokitzeko ahalmena ematen diona. Egarriaren portaera ordea, zenbait funtzio fisiologikoren erregulazio zehatza segurtatzera bideratzen da. Gure organismoko ur-fluxuek, Claude Bernard-ek barne-ingurune deitu zuenaren konposizioa konstante mantentzea segurtatzen dute.

Proba gogorretarako ezinbestekoa da ongi prestatzea; entrenamendu ona eginez gero askoz gutxiago izerditzen bait da.

Fisiologo frantses honek XIX. mendearen erdi aldera irakatsi zuenari esker, badakigu gure organismoaren funtzionamendua, nahiz eta kanpoko faktore eta baldintzak desegokiak eta aldakorrak izan, egoera optimoan mantentzen dela. Kanpo-ingurunearekiko independentzia hau, edatea, homeostasia eta barne-ingurunearen konstantzia erregulatzera zuzendutako beste portaera batzuei esker lortzen da; portaera hauen bidez lortzen bait da organismoko zelulek behar bezala funtziona dezaten ingurunearen konposizioa konstante mantentzea.

Egarri fisiologikoa

Gure organismoko ur-bolumena zati edo leku desberdinetan banatuta dago. Hidratazioa muga estu batzuen barnean mantentzen da gorputzeko zati bakoitzean. Zati edo leku hauek, zelula barneko espazioa (70 kg pisatzen duen pertsona batek 32-35 litro ditu zelulatan), zelula arteko espazioa eta odol-plasma dira, azken bi hauen artean oreka mantentzen delarik. Espazio hauetako bakoitzaren egoera indibidualki mantentzen da, giltzurrunen funtzioaren bidez eta egarriaren adaptazioaren bidez. Beraz, egarriak bi osagai edo iturri izango lituzke nolabait esan: bata zelula barneko espazioaren deshidratazioari dagokiona eta bestea zelula kanpoko espazioari eta espazio baskularrari dagokiona.

Kanpo-ingurunean gatzak ere badaude, batipat sodioa eta potasioa, eta hauen kontzentrazioa konstante mantendu behar da. Uraren banaketa, zelula barneko eta zelula arteko espazioen artean, mintz zelularraren bi aldeetan dauden gatz-kontzentrazioen diferentziak sortutako presio osmotikoaren eraginez burutzen da. Helburua, ura kontzentrazio txikieneko espaziotik kontzentrazio handienekora pasaraztea da. Mintz zelularrak, potasioa zelula barnean eta sodioa zelulatik kanpo biltzen duten ponpa moduko elementu batzuk ditu. Honela elikagaien bidez sodio-kopurua handiagotzen bada edota organismoak ur-falta baldin badu, zelula arteko espazioa hipertoniko bihurtzen da (kontzentratuegia) eta ura zelula barnetik kanpo aldera desplazatzen da, zelulak deshidrataturik geratuz.

Pertsona heldu batean egarria eragiteko nahikoa da plasmako sodio-kontzentrazioa % 2 gehitzea. Aldiz, soberan dagoena potasioa bada, kontrakoa gertatzen da: ura zelula barnera sartzen da. Gerta daiteke ordea, ura eta sodioa aldi berean galtzea; izerditze sakon baten ondorioz adibidez. Orduan, zelula arteko likido-bolumena txikiagotzen den arren sodio/ura erlazioa konstante mantentzen da eta, beraz, ez da zelula barnetik urik hartzen.

Zelula barneko deshidratazioa eta zelula arteko deshidratazioa detektatzeko mekanismoak independenteak dira. Bi mekanismo hauek egarria eragiten dute sortutako desoreka zuzentzearren. Jeneralean, egarria mistoa izaten da, hots, bi egarri-mota hauek osatua. Zelula espezializatu batzuk dira deshidratazioaren seinaleak detektatu eta nerbio-mezuak eta mezu hormonalak bidaliz egarria eragiteko ardura duen nerbio-zentruari jakin erazten diotenak. Zelula barneko deshidratazioaren detektatzaileak lokalizatzeko saio batzuk egin ondoren, 1942an neurozirujau paristar batzuek zentru dipsikoak atzeko hipotalamoan lokalizatzea lortu zuten. Hipotalamoa, garunean hipofisiaren aurrean kokatutako zati ezkutua da eta bertan daude gosea, sexualitatea eta agresibitatea bezalako portaeratan inplikatutako erregulazio-sistemak kokatuta.

Zentru dipsikoen lokalizazioaren arazoan aurrerakuntza handiak egin dira, B. Andersson-en lanei esker, berrogeitamargarreneko hamarkadaz geroztik. Honek sodio-kantitate txiki bat sartu zuen ahuntz baten hipotalamora. Erantzuna bapatekoa izan zen. Ahuntza eten gabe ura edaten hasi zen. Beraz, garuneko hartzaileen deshidratazio-egoera da zelula arteko espazioko sodio-sobera edo ur-faltaren aurrean erreakzioa eragiten duena.

Badago ur-sobera edo -falta detektatzeko beste sistema bat. Sistema honek ere gatz-kontzentrazioen aldaketekin erreakzionatzen du, baina giltzurruneko ur-eliminazioa kontrolatuz. Giltzurruneko ur-zurgapena handiagotzeko hipofisiak produzitzen duen hormona antidiuretiko edo vasopresinaren produkzioa egokituz funtzionatzen du. Batzuetan sistema hau hondatuta egoten da, tumore baten eraginez edo. Horrelakoetan gernu-produkzioa izugarria da eta gernuan galtzen den ur hori likido-kantitate handiak edanez konpentsatzeko gaitasunari esker lor daiteke bizirik irautea. Egarria kontrolatzen duen sistema diuresia kontrolatzen duen berbera izango balitz, batek ongi ez funtzionatzeak besteari ere eragingo lioke eta ezinezkoa izango litzateke bizirik ateratzea.

Zergatik edan eta batzuetan gatza hartu?

Ikus dezagun odoljario, beherakoa edota izerdialdi sakona denean zer gertatzen den. Kasu hauetan ura eta gatzak proportzio berean galtzen dira eta, beraz, ez da barne-inguruneko gatz-kontzentrazioa aldatzen. Ur-faltak ordea, sekulako egarria eragiten du. Hauxe da, hain zuzen ere, gerran zauritutakoen, edo barne-hemorragia dutenen egarria. Egoera honen aurrean sortzen den lehen erantzuna, ur-kantitate handi samarra edatea da. Horrela galdutako bolumena ordezkatzen dugu, baina ez izerdi edo odolaren bidez galdutako sodio-kloruroa. Beraz, edatean plasma diluitu egiten da, gatz-kontzentrazioa jaitsi egiten da eta ondorioz ura zelularen barnekaldera higitzen da, zelula hazi egiten da eta inhibizio-seinale bat sorterazten du.

Bestela esanda, zelula kanpoko ur-eskasia konpontzen doan neurrian, zelula barruan ur-sobera sortzen da. Ur-sobera honek inhibizioa dakarrenez, edateari utzi egiten diogu, nahiz eta izerdiaren bidez ura eta sodio-kloruroa galtzen jarraitu. Handik pixka batera, pertsona deshidratatuta dago guztiz (urez betetako botila aurrean eduki arren edateko gogorik gabe eta zenbait kasutan atzerakoa ere emango diolarik). Fenomeno honi nahitako deshidratazio deitu zion E.F. Adolph fisiologo iparramerikarrak.

Deshidratazio honek eta sortzen duen ahuleziak kalte handiak eragin zituen Ozeano Bareko klimara ohitu gabeko tropa iparramerikarretan eta baita Lehen Mundu-Gerran tropa alemanetan eta aliatuetan Afrikan ere. E. F. Adolph-i esker, egarriaren mekanismo fisiologikoa ezagutu bezain laster ipini zioten iparramerikarrek konponbidea arazoari; elikagaietan gatz-kantitate handiagoa hartzea zen soluzioa. Erremedio hau iparraldeko herrietatik hegoaldera joaten den edonorentzat eta denbora luzez izerditan egon behar duten kirolarientzat ere baliagarri da.

Edari alkoholikotan ura disolbatzaile moduan bakarrik agertzen da; horregatik ez dute gure egarria behar bezala asetzen.

Barne-inguruneko deshidratazioa gertatzen denean, egarria senti erazten digun mekanismo-multzo bat abiatzen da. Baina harrigarria badirudi ere, ura edan bezain pronto (hots, urdailean dagoenean, oraindik barne-ingurunera iritsi gabe) hasten da gure egarria asetzen. Oreka hidromineralaren erregulazioan parte hartzen duten neuronak aztertu ondoren, honakoa ikusi da: barne-inguruneko egoera hidromineralari buruzko mezuak jasotzen dituzten neurona hauek, kanpo-ingurunetik ere jasotzen dituztela mezuak, mihia eta urdaila direla medio. Kanpoko mezu hauek, barnekoekin bat egin eta neutralizatu egiten dituzte, harik eta ura barne-ingurunera iristen den arte.

Ur gutxiago kontsumitzearen arrazoia

Artikulu honetan deskribatzen diren mekanismoak, ingurugiroko baldintzen menpe daude. Nahikoa ur daukagunean eta ur hori edateak arriskurik ez dakarrenean, oso nekez agertuko da egarri fisiologikoa; egarria sentitu baino lehen edaten bait dugu, deshidratazioa ebitatuz. Era berean, ura hartzeak arriskua dakarrenean (intoxikazioa esate baterako) ahalik eta gutxien edaten saiatuko gara. Zenbait ikerketa egin ondoren, substantzia toxikoak dituzten likido nahiz solidoak gaitzesten ikasi egiten dela ikusi ahal izan da. Hirietako urak kasu askotan poluituta daudenez, urarekiko nolabaiteko gaitzespen baten aurrean ez ote gauden galdetzen hasi beharko genuke.

Duela gutxi Pariseko biztanleen ur-kontsumoari buruz egindako estudio baten arabera, likido guztien (edari alkoholikoak kanpo direlarik), hots, ur, kafe, te, etab.en kontsumoa eguneko 1.15 litrokoa da. Edarien osagai atseginak egarri berberari aurre egiteko likido gehiago kontsumitzera bultza gaitzake, zenbait kasutan 2 eta 3 aldiz gehiago ere edan dezakegularik. Honek, gure organismoaren hidratazioa oreka-mailan edota maila honetatik zertxobait gorago egotea eragiten du. Egoera honek, giltzurrunen funtzioa hobetu eta espeziearen biziraupenerako posibilitateak handiagotu egiten ditu; aurrikusi gabeko ur-falta larri baten aurrean, organismoaren ur-erreserba goitik egoteak, denbora gehiago irauteko aukera ematen bait du.

Esfortzu luzeak. Egarria sentitu baino lehen edan behar da.

1983.eko maiatzean, Pariseko maratoia eguzki galdatan ospatu zen eta ugari izan ziren intsolazio larriak jasandako korrikalariak. Haietako hiru hil egin ziren. Orduz gero, maila horretako lasterketetan irteera arratsaldeko 4ak aldera izaten da. Kanpoko tenperatura ordea ez da bero-txoke honen (iraupen handiko esfortzua egiten duen kirolariaren arriskurik handienaren) arrazoi bakarra. Oreka hidrominerala erregulatzen duten mekanismoak ezagutu direnetik, kirol-munduko mediku espezializatuek entrenamenduetan, lasterketan bertan nahiz proba ondorengo errekuperazioan kontuan eduki beharreko zenbait arau sinple eman dute.

Bi ekintza sinpletara laburtzen dira arau hauek: hidratatzera eta gazitzera. Indibiduo bat pausagunetik esfortzu handi batera pasatzen denean, gorputzaren tenperatura egindako esfortzuaren edo lanaren arabera proportzionalki igotzen da. Orduan izerditan hasten da. Izerdiaren bidez, azaleko ebaporazioaren bidez, organismoa hoztu egiten da. Esfortzuak irauten duen bitartean izerdia orduko 1 edo 2 litrokoa izan daiteke eta litroko 0,5 - 3 g sodio darama berarekin.

Deshidratazioaren eta sodio-galeraren arriskuak, gorputzeko edozein muskulu erasan dezaketen elektrikarak, izugarrizko nekea, buruko minak, zorabioak eta konortea galtzea eragin ditzaketen bero-sinkopea eta bero-txokea dira. Pertsonak bapateko tentsio-jaitsiera jasaten du eta koman gera daiteke. Istripu guzti hauek gatz-soluzioen bidezko berhidratazio batez eta behar izanez gero gorputza hoztuz trata daitezke. Baina beharrezkoa da, noski, istripu hauek aurrez zaintzea, probarako behar bezala prestatzea ezinbesteko baldintza delarik. Entrenamendu on batekin, gutxiago izerditzea eta izerdiarekin galtzen den gatz-kontzentrazioa txikiagoa izatea lortzen da. Aldi berean, entrenamenduak oreka hidromineral ona lortzeko aprobetxatu behar dira. Medikuek jatordutan edota orduero zertxobait gazitutako ura (% 0,1 -% 0,15 sodio-kloruroa) edatea edo gatz-tabletak hartzea gomendatzen dute (egunean 13-15 g).

Probaren iraupena eta baldintza klimatikoak kontuan eduki beharreko faktoreak dira noski. Proba luzetan adibidez, izerdi-patsetan zabiltzanean, beharrezkoa izango da proban bertan ere gatza hartzea. Kirolariak denbora-tarte erregularretan edan behar du eta 400 ml baino gutxiago aldiko. Garrantzi handikoa da egarria sentitu arte ez itxarotea; sentsazio hau gero eta txikiagoa izaten bait da esfortzua handiagotu ahala. Egarria sentitzen bada, proban gainditu ezin den ur-desoreka izango dugu. Esfortzuaren ondoren ere edari gazia edatea aholkatzen da, hautsitako oreka hidrominerala berrezar dadin. Hala ere, baldintza klimatiko gogorretan, bero eta hezetasun handia daudenean, gauzak konplikatu egiten dira.

Izerdia handia izaten da, baina ebaporazioa txikia hezetasunaren ondorioz. Kasu hauetan agertzen dira hipertermiaren arrisku larrienak. Bestalde eguraldia epela eta lehorra denean, ura azkar ebaporatzen da eta esfortzuaren ondorioz liseri-tolerantzia txikiagoa denez, orduko 800 ml zurga daitezke gehienez, ez da nahikoa edaten, ur-galerak ez dira konpentsatzen eta deshidrataziorako arriskua egoten da. Erraza da hau ebitatzea. Nahikoa da esfortzua egiten ari garen bitartean gorputza urez bustitzea; horrela gorputza freskatu eta aldi berean izerdia mugatu egiten bait da. Hauxe da, hain zuzen ere, maratoi handi guztietan ibilbidean zehar dutxak instalatuta egotearen eta bost kilometroro ura banatzearen arrazoia. Neurri hauek ez dituzte istripu guztiak ebitatuko, noski, baina segurtasun-baldintza hobeak eskaintzen dizkie kirolariei, dudarik gabe.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila