Ebaketa-emultsioak tratatzeko sistema berria Inasmet-en

Donostiako Inasmet Fundazio eta Zentro Teknologikoa berri izan da azkenaldian. Izan ere, Inasmet-eko Kimika eta Ingurugiro Departamentuak industria-hondakinen garbiketan eragin handia izan dezakeen sistema abiarazi du. Ideia ez da guztiz berria, ez baita ikerketa oso baten ondorioz garatu, baina etorkizun laburrean badirudi erabilera zabala izan dezakeelaindustria-arloan. Behintzat Inasmet-eko Kimika eta Ingurugiro Departamentuko arduraduna Juan Karlos Mujika, horretan dago.

Hondakinen tratamendua betidanik industriaren —eta ondorioz gizartearen— buruhausteetako bat izan da. Zer egin ekoizpen industrialetan sortzen diren hondakinekin?

Galdera orokorrean eginez gero, erantzunak ugari dira, ekoizpen-motak baino gehiago seguruen. Zehaztuz gero, jakina, erantzunak ere neurrian. Zer egin industrian erabiltzen diren ebaketa-emultsioekin? Inasmet-en garatu duten sistemak beharbada emango dio irtenbidea zer egin ezean dagoenari.

INASMET

Juan Karlos Mujikak dioenez, "Ebaketa-emultsiok –funtsean olioa urarekin nahastutako produktuak– botatzeko orduan ez dira behar bezala tratatu. Guk elektrokimikan oinarritutako prozesua garatu dugu, garbiketa lana egiten duena".

Prozesu berria eta teknologia beste euskal enpresa batekin batera garatu dute Inasmeten, Bilboko Sader enpresarekin. "Laborategi mailan gauzak ondo ateratzen zirenez, Inasmet-en bertan instalazio pilotoa egin genuen, benetan emaitzarik bazegoen edo ez ikusteko. Bertan ikusi genuen emaitza onak ateratzen zirela; hau da, olioa eta ura duten ebaketa-emultsio horietatik olioa berreskuratzeko hainbat fase ateratzen zirela, eta ura nahiko kalitate onarekin ateratzen zela, gero kolektore batera edo beste araztegi batera botatzeko moduan geratzen zela".

Garbiketa-sistema honetan ez dago olio edo konposatu berririk. Lana lehengo moduan egiten da, baina poluitzen duen hori jaso eta gero modu berri batean tratatzen da. "Olioa ebakitzeko makinetan eta mekanizatzeko lantegietan erabiltzen da. Behin erabili eta gero, olio horrek burdina eta hautsa izaten du, beraz ezin daiteke berriro erabili dagoen moduan, eta bota egin behar da. Prozesu honekin tratamendua hobeto egiten da, ingurugiroari kalte gutxiago eginez.

Teknologia nahiko malgua da, instalazio txikietan ezarri eta gero tratamendua bukatzeko beste moduluren batera bidaltzeko".

Eta ideia nondik sortu ote da? "Produktu organikoak horrela tratatzea ez da ideia berria, baina aplikazio hau produktu horientzat bai. Ez dugu oinarrizko ikerketarik egin, hasiera-hasieratik eta bukaeraraino. Produktu organikoak elektrokimikaren bidez tratatzea gauza arrunta eta ezaguna da, baina aplikazio honetan modulu industriala egin dugu eta hori da desberdina. Esperientzia hori hartu dugu, arazo honi aplikatu diogu, eta prozesu berria garatu dugu. Esan daiteke ikerketa aplikatua egin dugula".

Ideia nondik etorri den jakinda, prozesuaren azaleko azalpena ematea ez da soberan egongo, nahiz eta azalpen teknikoagoa egon artikuluaren beste zati batean. "Ebaketa-emultsio zelula elektrokimiko batean sartzen da.

B. Kortabarria

Hor elektrizitatez kargatutako plaka batzuk daude, anodoak eta katodoak, eta lehendabizi olio-ura nahasketa ebaki egiten da. Gero produktu batzuk sartzen ditugu uraren prozesua bukatzeko (burdin gatzak), eta olioa birziklatzeko geratzen da.

Bi hitzetan esanda, ebaketa-emultsioa sartzen dugu eta, alde batetik olioa ateratzen dugu garbitzeko, bestetik berriz ura. Lehen zelula horretatik ateratzen den ura ingurugiroarentzat kalitate txarrekoa denez, bigarren zelulan beste tratamendu bat egiten zaio, burdin gatzen bidez garbitzeko. Kolektorera bidaltzeko bezala ateratzen da ura, gero araztegi batean tratatu eta itsasoan bukatzen du, ezin da edateko erabili. Botatzeko kalitatea dauka, baina ez edateko".

Juan Karlos Mujikak esandakoaren arabera, garbi ikusten da sistema elektrokimiko berria, azken batean araztegi txiki bat besterik ez dela, lantegi batean kokatzeko modukoa. Horrek zer esan nahi ote du? makroaraztegiak desagertzeko bidean daudela? "Ez nuke hori esango, sistematik irteten den ura derrigorrean makroaraztegi batera bidali behar da, bertan tratamendua buka dadin, etxeko urarekin egin behar den bezala. Gure prozesutik ateratzen den urak etxeko komunetik ateratzen den uraren pareko kalitatea izan dezake, hor nonbait. Gure teknologia eta makroaraztegi horiek gauza desberdina dira, zerikusi gutxi dute, beste maila bateko kontua da".

Ikusitakoak ikusita, luxuzko teknologia dirudi, gune-txikietan —500 langiletik beherako guneetan— ezar daitekela diote eta. Luxua garestitasunarekin lotu ohi da. "Ez dugu uste teknologia garestia denik. Emaitzak baditugu dagoeneko, eta horien arabera esan daiteke gaur egun dauden teknologien ondoan lehiakorra izan daitekeela. Pentsatu behar da gure herrian gauzak zabortegira botatzea nahiko merkea dela, Europako hainbat herrialderekin konparatuta behintzat.

Hala eta guztiz ere, lehen horrela egiten zen: tratamentu bat egin eta gero zabortegira. Horrek prezio bat zuen. Guk bi faktore horiei begiratu diegu teknologia lehiakorra egin dugun edo ez ikusteko. Horri begiratuta teknologia lehiakorra dela ikusi dugu, eta hemendik urte batzuetara merkeagoa izango da, beste teknologien prezioek gorantzako joera dutelako, zabortegietakoa esan nahi dut".

Etxekoa izanda, berria izanda, eragingarria izanda, merkea izanda, eta industria alorrean oso zabaldua den arazo bati eragiten diola ikusita, pentsa daiteke arrakastatsua gerta daitekeela Inasmet-en garatutako teknologia berria. "Ikusteke dago hori. Enpresa da sortzen dituen hondakinen arduraduna, eta horrelako teknologiekin jakingo du berak sortzen dituen hondakinak ondo tratatuta daudela. Hor aukerak irekitzen dira. Euskal Herrian enpresa txiki samarrak baditugu, olio horren tratamenduaren beharra dutenak.

Lehen bezala, eurek eramango dituzte hondakinak enpresa espezializatuetara eta han egingo zaie tratamendua. Lantegi txikiak ez dira konturatuko gehiegi zer gertatzen den, bakarrik jakingo dute eurek bidaltzen duten olioa ondo tratatuta egongo dela, lehen baino hobeto.

SADER

Gero, baliteke enpresa handietan bertan ezartzea olioa tratatzeko instalazioak. Lantegi txikietan enpresa espezializatuetara joko dute olioa tratatzeko, handietan baliteke bertan instalazioak jartzea. Lantegiak txikiak dira, toki gutxi dute, eta gainera, ez da euren lana. Enpresa espezializatuetara bidaliko dute eta uste dugu espezializatu horietan teknologia berri hau erabiliko dutela".

Teknologia hau edo beste bat erabilita ere, argi dago ura araztegietara bidaltzen dela eta handik itsasora, ziklo naturalari berriro hasiera emanez; olioa, aldiz, birziklatu egiten da. Zertarako baina? "Seguruen beste gauzaren bati begira birziklatuko da, prozesu berean sartzea oso zaila izaten baita, olio berriak baino ezaugarri txarragoak dituelako. Ikusi egin behar da non erabil daitekeen birziklatutako olio hori, ez dut uste berriro ebaketa-emultsioak egiteko prozesuan sartuko denik. Autoetako olioak eta birziklatzen ari dira eta gero beste zerbaiterako erabiltzen dira, hemendik ateratzen den olioak erabilera berdina izan dezake. Ez dakit seguru zertara bideratzen den, baina esango nuke gehienbat energia ateratzeko prozesuetan sartzen dela".

Arrakastatsua izan omen daitekeen teknologia honek, argi dagoenez, muntatze- eta merkaturatze-lana ere beharko du. Izan ere, gaur egun berez saltzen duen produkturik ia ez dago. "Beno, muntaia erdizka egiten dela esan daiteke, injinerutza-enpresekin batera lan eginda. Frantzian badugu bat eginda, Tolosan, eta hura bertako injinerutza-enpresa batekin egin dugu.

Merkaturatze-lanerako ondo datozkigu era horretako harremanak. Izan ere, esan daiteke merkaturatze-lana bien artean egiten dugula. Horrelako lana egiteko harremanak izan behar dira industriekin, guk duguna dugu, baina gurekin lan egiten duten injineruek seguruen guk bezainbeste edo gehiago izan dezakete. Bion artean lantzen da hori".

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila