Tratamenduan, gaixotasunaren kausan eta larritasunean oinarrituz, depresioaren barnean gaixotasun-talde handi bi bereiz ditzakegu.
Psikiatrek bi gaixo-mota zabal desberdindu dituzte depresioaren eremuan. Alde batetik neurosiak, inguruaren erasoen aurrean gehiegizko erantzunak ematen dituztenak, eta bestetik sintoma horiek zio biokimiko edo genetikoari lotzen zaizkionak. Azken hauek, depresio endogenoa dutela esango genuke. Hala ere, oso zaila da neurosi depresiboa eta depresio endogenoaren arteko muga ezartzea.
Depresio endogenoan farmako antidepresiboak erabili ohi dira, emaitza onak lortuz. Neurosi depresiboetan farmako antidepresiboak ez dira beharrezkoak eta normalean farmako lasaigarri edo farmakologiko ez diren tratamenduak (psikoterapia adib.) erabiltzen dira.
Azkeneko hogeitamar urte hauetan, depresio endogenoan biokimikoki edo genetikoki zer gertatzen den jakiteko ikerketa ugari egin da. Berauen artean, batzuek gure garunaren erregistro elektrikoa neurtzen dute potentzial ebokatu eta entzefalogramen bitartez, depresioan gertatzen diren eragozpenak (logure-eragozpenak) elkarrekiko ikertu izan direlarik. Beste zenbait ikerketak, depresioan hormonek duten portaera neurtu du, pertsona normalekiko desberdintasunak aurkituz. Azkenik, beste hainbat ikerketa neuronaren biologia ikertzera zuzendu izan da. Neurona garuneko funtzioen oinarria denez gero, garunak bere funtzioak betetzeko neuronen arteko harremanak beharrezkoak ditu. Informazioa inpultsu elektrikoen bidez garraiatzen da, baina inpultsu elektriko honek neurona batetik bestera pasatzeko inpultsu kimiko bihurtu behar du. Inpultsu kimiko hauek sinapsi deritzen lekuetan suertatzen dira hain zuzen ere.
Dakigunez “soma”, “axon” eta “dentrita”k neurona osatzen dute. Izan ere, soma neuronaren gorputza da; nukleoa bertan bait du. “Axon”ek adar luzeen antza dute. Axonetik inpultsu elektrikoak beste neuronetarantz garraiatu ondoren, dentritek informazioa somara eramaten dute, axonak berriro informazioa bidal dezan.
Axonen bukaeretan kokatzen diren terminalak terminal presinaptikoak ditugu, berauen alboan terminal postsinaptikoak daudelarik. Terminal pre- eta postsinaptikoen artean neurotransmisoreek informazioa bideratzen dute.
Neurotransmisorea molekula kimikoa denez, propietate eta funtzio bereziak ditu; esaterako, terminal presinaptikotik postsinaptikora informazioa bidaltzen duena izatea. Funtzio desberdinak betetzen dituzten neurotransmisore desberdinak daude. Hala nola: noradrenalina, serotonina, azetilkolina , etab...
Mintz-postsinaptikoek neurotransmisore hauek ezagutzeko leku bereziak dituzte. Leku hauek errezeptore izenez ezagutzen diren proteinak dira, neurotransmisioarekiko espezifikoak ditugularik.
Hirurogeigarreneko hamarkadan, depresio endogenoa azaltzeko neurotransmisioarekiko hipotesi biokimiko bi eman ziren: noradrenergikoa eta serotoninergikoa. Depresio endogenoak neurotransmisioaren murriztapenean oinarritzen dira. Hipotesi noradrenergikoa noradrenalinaren aldaketetan datza eta hipotesi serotoninergikoa aldiz serotoninaren aldaketetan.
Hirurogeitamargarreneko hamarkadan gaixo depresiboetan egin ziren ikerketetan noradrenalina neurtu zuten. Hala ere, garunaren likido entzefalorrakideoan ez zen inolako aldaketarik nabarmendu eta ezta postmortem garunetan ere. Baliteke erabili ziren teknikengatik izatea. Aspalditik genekien inpultsu elektrikoa datorrenean noradrenalina terminal presinaptikoaren “pool” (gordailu) batetik jariatzen dela. Entzima metabolikoen bidez (COMT, MAO) noradrenalina inaktibatua izan daiteke, baina normalean noradrenalinaren %90 birxurgapenaren bidez espazio sinaptikotik berriro terminal presinaptikora abiatzen da.
Gehienetan, depresio endogenoaren aurka erabiltzen diren antidepresibo triziklikoek birxurgapen hori blokeatu egiten dute, espazio sinaptikoaren noradrenalina- edo serotonina-kontzentrazioa igoz eta depresioa txikiagotuz. Horregatik, hain zuzen ere, gakoa espazio sinpatikoaren noradrenalinan edo serotoninan datza. Terminal presinaptikoaren noradrenalina ez da horren garrantzizkoa, sinapsi guztiaren noradrenalina gehiengoa izan arren.
Zergatik dago depresio endogenoa pairatzen duten gaixoen espazio sinaptikoan noradrenalina edo serotonina gutxi?
Espazio sinaptikoko noradrenalinak bere jariapena kontrolatzen du “feed-back” mekanismoaren bitartez. Mintz postsinaptikoan eta presinaptikoan transmisioa burutzeko deskribatu diren errezeptoreak aurkitu izan dira. Berauen funtzioa neutrotransmisoreen liberazioaren erregulazioa lirateke.
Espazio sinaptikoan noradrenalina asko dagoenean terminal presinaptikoko alfa-2 adrenozeptoreak detektatu egiten du, liberazioa inhibituz. Horrela, espazio sinaptikoko noradrenalinaren kontzentrazioak beherakada nabarmena nozitzen du.
Azken urte hauetako ikertzaileen joera, errezeptoreen mekanismoa argitzera zuzendu izan da. Gaur egun, errezeptoreen kopurua eta propietate intrintsekoak ikertzen dihardute.
Ikerketa hauen bidez, depresio endogenoa duten gaixoetan errezeptoreen kopurua eta propietate intrintsekoak aldatuta daudela ikusi da. Alfa-2 adrenozeptorea gaixo hauetan gehituta dagoela dirudi. Hori horrela izango balitz, alfa-2 adrenozeptoreak noradrenalina-liberazioaren inhibizioa areagotu egingo lukeela espero genezake. Beraz, noradrenalina gutxiago egongo litzateke espazio sinaptikoan.
Depresio endogenoa duten pertsonek maiz senide depresiboak edukitzen dituzte. Hori dela eta, depresio endogenoak arazo genetikoa eduki dezakeela sumatzen da. Izan ere, alfa-2 adrenozeptorea proteina denez ADNk kodetzen du. Sintesian arazo larriak gerta lekizkioke, hots, transkribapen-, kodetze- eta erregulazio-mailetan. Horrela, errezeptoreek aldaketak pairatzen dituzte anormalitateak sorteraziz, neurotransmisioaren funtzionamendu desegokia ematen duelarik. Beraz, oraindik depresio endogenoaren biokimikan gauza asko dago ikertzeke. Hurrengo urteetan depresio endogenoaren tratamenduek eta neurotransmisioan egiten diren ikerkuntzek lotuta joan beharko dute.
Depresio endogenoan jazoko diren aurrerapenak errezeptoreen mekanismoetan gertatuko diren abantailen bidez gauza daitezke.
Hona hemen depresio endogenoaren biologiarekiko erantzun gabe dagoen galdera.