Mississippi ibaia Estatu Batuetako lautada jaten ari da pixkanaka. Urak jandakoa ur-lasterrarekin batera doa, eta beherago hauspeatzen da. Materia hori ibaiaren ibilbide osoan sedimentatzen da, hain zuzen ere; baina efektu hori bereziki ikusgarria da ibilbidearen bukaeran. New Orleansetik hego-ekialdera dagoen delta hazten ari da.
Ziur? Hazten ari da? Inguru hori kudeatzen duten teknikariek ez dute hori esaten. Zer ari da gertatzen?
Gaur egun, Mississippiren deltak txori-hanka itxura du; milaka urtean aurrerantz hazi den lur-zati batek eratu du. Geologoentzat ez dago zalantza-izpirik; ibaiaren ekarpena itsasoaren 'defentsa' baino ahaltsuagoa da. Ulertzekoa da, Mexikoko Golkoko itsasoa ez baita oso sakona eta ez baitira ozeano handietan bezain itsas-laster indartsuak izaten. Azken batean, han itsasoak ez du indar handirik Mississippiren sedimentuei aurre egiteko.
Baina, itsasoaren eraginaz gain, gizakiarena ere hartu behar da kontuan. Nabigagarritasuna ziurtatzeko, ibaia kanalizatu egin du gizakiak. Hala, ez da uholderik gertatzen, ez bada hondamen natural baten ondorioz. Baina, horren ordainetan, behartu egin dute ibaia, eta urak bide bakarra du itsasorantz. Bestalde, urtegiak eraiki dituzte, irrigatze-sistemak uraz elikatzeko. Baina horrek geratu egiten du urak eramandako materia; asko ez da deltara iristen, eta iristen dena ez da behar bezala banatzen. Azkenean, delta, atzera ari da egiten, aurrera egin beharrean.
Estatubatuarrak harro daude Mississippiren deltarekin; Mundu Berriko Nilo deitzen diote. Egiptoko Nilo ibaiak, ordea, oso bestelako delta bat dauka; zeharo ezberdina.
Mediterraneoak energia asko du Niloren bokalean; indar handiz higatzen du. Ibai horren delta, Rodano ibaiarena bezala, itsasoko olatuek sortu dute, hau da, hondarra ibaiak berak sedimentatu beharrean, olatuek egiten dute. Itsasoaren eraginak finkatzen du deltaren itxura.
Gizakiaren eta Niloren deltaren arteko harremana oso zaharra da; azken batean, Afrikako lur emankorrenetako bat izan da. Hain zuzen ere, antzinako zibilizazio handi baten sorterria da. Antzinako egiptoarrak urteroko uholdearen zain bizi ziren; asteetan geratzen ziren lurrak urpean, eta horrek uzta oparoak ematen zituen lehortutakoan. Deltaren uraren zikloaren araberakoa zen egiptoarren bizi-zikloa.
Baina ez da ahaztu behar haiek egin zituztela lehen kanalizazioak. Ibaia kontrolatu egin zuten. Gaur egun, ibaia bitan banatuta dago, eta bi irteera nagusi ditu. Horrek eta Asuango urtegiak ez diete uzten sedimentuei modu naturalean banatzen. Mississippiren eta beste ibai handi askoren arazo bera da.
Nilon, delta babesten duen hareazko hesia dago arriskuan; itsasoa hasi da egoera naturalean baino azkarrago higatzen. Delta oso lur laua izanda, oso erraz gertatuko litzateke itsasoko urez estaltzea. Baina zer egin daiteke orain? Itsasoari mugak jarri? Orain arte, eraikuntza guztiek arazo gehiago ekarri dituzte. (Arazo hori oso larria da, adibidez, Ibai Horian, Txinan; oso ustiatuta dago, eta, beraz, ibai handietako bat izanda ere, ez da ia urik iristen deltaraino).
Horrelakorik ez da inondik inora gertatzen Rhin ibaiaren deltan, hau da, Herbehereetan. Herri hori ospetsua da, hain zuzen ere, ibaiari laguntzeagatik itsasoaren aurkako borrokan. Harresi erraldoiak eraiki zituzten, dikeak, eta orain itsasoaren mailatik behera bizi dira, harresi horiek babestuta. Horrez gain, itsasoari irabazitako lurrak lehortu egin zituzten nekazaritzarako ( polder ospetsuak).
Baina gizakiaren eragina txikiagoa den beste hainbat deltatan nabarmena da itsasoaren eragina. Eragin hori olatuena izan daiteke, Nilon eta Rodanon bezala, edo mareena izan daiteke, Niger ibaian eta Bengalaren deltan bezala.
Bengalaren deltaren kasua oso deigarria da. Han, Himalaiako bi ibai handi itsasoratzen dira delta berean, Ganges eta Brahmaputra ibaiak, hain zuzen ere. Bengalako Golkoko itsasoaren mareek astintzen dituzte ibaiek ekarritako materialak sedimentatu baino lehen.
Nolanahi ere, beste arrazoi bat badago delta hori itsasoaren mende egoteko: geologikoki oso delta gaztea dela, hau da, sortu berria dela. Indiak, hegoaldetik etorrita, Asiaren kontra talka egin zuen, eta bien arteko mugan sortu zen Ganges ibaia. Noski, India mugitzen ari da ipar-ekialderantz oraindik, eta, beraz, ibaiaren delta ez da beti toki berean egon. Garai batean, bi ibaiak banatuta itsasoratzen ziren, baina mugimenduak elkartu egin ditu eta delta bakarra sortu da bientzat.
Bengalaren delta gaztea da. Baina adibide gazteagoak ere bila daitezke; ustez, Ebro ibaiaren delta gizakiaren jardueraren ondorioa da, duela bostehun edo seiehun urtekoa, hain zuzen ere. Erdi Aroaren bukaeran, baso asko moztu ziren Gaztelak zuen zur-beharra asetzeko, itsasontziak egiteko batez ere. Ehunka zuhaitz galdu ziren. Eta zuhaitzak galduta, higadura etorri zen. Eta higadurak ekarritako materialak osatu zuen Ebroren delta.
Gaur egun, Ebroren eta beste hainbat ibairen deltatan daude gune babestuak. Toki horietan dute espezie askok babeslekua, hain zuzen ere. Ebroren kasua baino nabarmenagoak dira, adibidez, Guadalquivir eta Rodano. Ibai horien deltetan daude Doñana eta Camargue parkeak, hurrenez hurren.
Munduko beste hainbat deltak ere badituzte gune babestuak. Horietako asko izendatu dira parke natural edo nazional, esaterako, Orinoko, Danubio, Roanoke eta abarren deltak. Kontuan hartu behar da deltetako ekosistemak bereziak direla oso.
Dena dela, ibai bat itsasoratzen den ingurua mota askotakoa izan daiteke. Estuario hitzak biltzen ditu horietako mota batzuk, eta Amazonas ibaia adibide bat da.
Estuarioan ibaiaren bokalak 'kanal' moduko egitura bat sortzen du, baina ez edozein itxuratakoa; toki itxia da, neurri handi batean. Ibaiak eta itsasoak bat egiten duten tokia, baina nolabait babestua. Han ez dago ez ur-laster indartsurik, ezta ur sakonik ere. Estuario bat delta batean egon daiteke, eta kostaldea bien konbinazioa izan. Adibidez, Colorado ibaiaren bokala horrelakoa da.
Biologiaren ikuspuntutik, estuarioaren abantaila da ur gazia eta geza oso ingurune lasaian nahasten dituela, eta, hala, itsasotik eta ibaitik datozen ongarriak biltzen dituela. Arrainentzat eta beste espezie askorentzat toki ezin hobea da ugaltzeko. Izan ere, espezie itsastar askok jartzen dituzte arrautzak estuarioetan; kumeak han jaiotzen dira, han hazi, eta, heldutakoan, itsasora itzultzen dira. Aingira da animalia horietako bat.
Espezie askorentzat ez ezik, gizakiarentzat ere oso toki erakargarriak dira estuarioak; milaka hiri eraiki dira estuarioen inguruan. Azken batean, itsasontzien trafikoa ere babesten dute, eta portu natural ederrak izaten dira. Seguru asko, Europako estuario ospetsuenetako bat Tamesis ibaiarena da, Londres hiriaren sorlekua, hain zuzen ere.
Ingurumenari dagokionez, estuarioen egoera ez da oso ona. Gutxik eusten diete kondizio naturalei; handienek, behintzat, ez. Eta ez bakarrik han hiriak eraiki zirelako; izan ere, ongarria jasotzen duen bezala, ibaiaren ibilbide osoan eragindako kalteen ondorioak ere jasotzen ditu estuarioak. Ibai-arroko edozein industrialdetako edo hiri handitako hondakinak iristen dira estuariora.
Irtenbiderik badago? Tokian-tokian zerbait egin daiteke agian, baina ez dago itxaropen handirik deltentzat eta estuarioentzat. Argi dago giza populazioa gutxitu arte bi ekosistema horiek ez direla berreskuratuko, beste asko bezalaxe.
Letra baten itxura
Deltei buruzko testuetan beti aipatzen da Heterodoto, historiagile erromatarra, izenaren asmatzailea izan zelako. Dirudienez, Niloren deltaren triangelu-itxuraz ohartu, eta delta letra grekoa etorri zitzaion gogora. Hala ere, delta guztiek ez dute itxura hori; batzuk itsasorantz luzatzen dira, beste batzuk barrurantz; batzuek haizemaile-itxura dute, beste batzuek txirikordak dirudite, eta abar. Baina den-denek ematen diote forma berezia kostaldeari.
Deltak jendez gainezka Non pilatzen da jendea mundu honetan? Gizakia ia toki guztietan bizi da, baina, batez ere, kostaldean eta ibai-ertzetan bizi izan da ahal izan duenean. Ez da harritzekoa, beraz, deltak gainpopulatuak egotea. Naturalki oso lur emankorrak dira, ibaiak ekarritako ongarriak eremu lauetan pilatzen direlako. Niloren inguruan egin zuen aurrera antzinako zibilizazio garrantzitsuenetako batek, eta populazioa asko handitu zen, besteak beste, deltan. Oraindik emankorra da toki hura, eta oraindik jende ugari bizi da han. Kilometro karratuko 1.600 lagun bizi dira Niloren deltan, gutxi gorabehera (Herbehereetan baino lau aldiz gehiago). Hainbat kasutan, ordea, Ibai Horian edo Bengalan adibidez, populazioak kaltetu edo agortu egin ditu ibaiaren baliabideak, eta, horrekin batera, ibaiaren delta bera ere bai. |