Chomskyk proposaturiko hizkuntzari buruzko teoria kolokan ei dago. Baina agian, Chomskyren eta bere jarraitzaileen iritzien funtsari egundo baino sendoago eusteko arrazoiak ere egon daitezke.
Ez dut uste gramatika sortzailearen bidea aukeratu duten zientzilarien asmoa teoria itxi eta amaitua osatzea denik. Noski, etorkizunean hori lortzea izan daiteke helburua, baina ez, inola ere ez, une honetan hori lortu dutelako usteari eustea. Beharbada Gramatika Unibertsalaren aldeko teoriaren bultzatzaileek hasieratik jakin dute zientzilari guztien artean eraikitzen ari diren etxean harri bat besterik ez dutela jarri. Eta inoiz harri hori lekuz aldatu behar dela ere esan dute. Jakin badakite arazoaren giltza edo argipena zein den ez dakitela, baina horren bila dihardute.
Baina zelan ulertzen dute sortzaileek delako Gramatika Unibertsala? Nola liteke gramatikaren eta sintaxiaren jabekuntza bideratzen duen ahalmena gizakiok genetikoki daukagula esatea? Zein motatako hornia da giza hizkuntzaz jabetzea ahalbideratzen duena?
Chomskyren arabera gure ezagutza-sistemaren eta berau zuzendu duen esperientziaren artean izugarrizko jauzia dago. Gizakiak duen esperientzia hain mugatua izanik, zelan azal ezagutza-sistemaren zehaztasuna eta aberastasuna? Bere ustez, ezagutza-sistema gizakiaren esperientziaren eta bere organismoak hura eraikitzeko eta ihardunean jartzeko darabilen metodoaren elkar-eraginaren ondorioa da.
Zein eta zelakoa da gizakiok daukagun horni genetikoa? Bere iritziz, garuna da guzti hau garatzea ahalbideratzen duen horni genetikoa, hots, gizakiok eguneroko bizitzan daukagun esperientzia mugatutik eraiki dugun ezagutza-sistemarainoko jauzia bideratzen duen baliabidea. Horni genetikorik gabe, ez dago giza garunik. Eta garuna da, hain zuzen ere, gure ezagutza-sistema bideratzen duena; giza espeziearen gizabanako guztiena, alegia. Eta gainera, horni genetikoari esker garatu dugun garunak giza ulermenaren eta pentsamenduaren oinarria izan behar du.
Hizkuntza gizakiok ulermenerako eta pentsamendurako eraiki dugun sistema da. Edo zehatzago esanik, giza garunaren garatzea bideratu duen sistema. Gizakiok, beraz, neurri batean behintzat, hitz egiteko ahalmena heredentzia genetikoari zor diogula pentsa dezakegu. Eta, gizakiok beste abereengandik bereizten gaituen ezaugarrietariko bat hitz egiteko ahalmena da, gure munduaren historian zehar, mutazio genetikoak eta aukeraketa naturalak elkarri eraginda, organismo-espezie berriak sortu direlarik. Horrela, pentsa dezakeen eta mintza daitekeen izakia sortu da: homo sapiens sapiens-a, alegia. Gizakiok hizkuntza darabilgun bakarrak gara, eta gizaki orok ezagutzen du ahalmen hori.
Hala ere, gizakiok, edo beharbada hobe haurrak, giza ingururik gabe ezin daitezke hizkuntza zehatz batez jabe. Hau da, giza inguruan soilik gara daitezke giza hizkuntzak. Edozein haurrek edozein giza hizkuntza gara badezake, eta horrela denik ez dut uste inork ukatuko duenik, argi dago hizkuntza partikularrak ez daudela biologikoki hornituak. Guraso armeniarrak dituen haurra inguru euskaldunean jaiotzetik hazten bada, inork ez du zalantzan jarriko haur horrek euskara ikasiko duenik. Beste kontu bat, noski, garun-kalteak jasaten dituzten gizakiena da.
Gizakiok biologikoki daukagun nolabaiteko hizkuntz hornia, beraz, hizkuntza partikularren gainetik dago. Nolabait, giza hizkuntza partikular guztiak batzen dituen sistemaren bat izan behar du.
Gainera, gizakiok ez dugu hizkuntz ahalmena aukeran, giza inguruan haziz gero derrigortzat dugu hizkuntzaz jabetzea, giza normaltasun ezean izan ezik, noski. Ez dugu geure hitz egiteko ahalmenaren garapena gurata kontrolatzen, gibela haztea edo ikusmena garatzea kontrolatzen ez ditugun moduan.
Baina nola izan liteke haurrak bere ama-hizkuntzaz jabetzea, jasotzen duen hizkuntz esperientzia mugatua eta okerrez betea bada?
Chomskyk hiru multzotan sailkatzen du eragozpen hau: 1- Haurrek sarritan perpaus amaitugabeak, etenak edo akatsez eraikiak entzuten dituzte. Askotan hizkuntza sinplifikatu ere egiten zaie. Aipatutako ekoizpen guztiak haurrak entzuten duenaren ehuneko bosta baino ez balira ere, zelan lortzen du eredu zuzena eraikitzea? 2- Haurrak perpaus-kopuru mugatua baino ez du entzungo, baina gai da inoiz entzun ez dituen perpausak ekoizteko.
Esperientzia mugatua izanik ere, ekoizpen mugagabea gauzatzeko ahalmena ote du? Pentsa dezagun, bestela, nola eraikitzen duen edo erabil dezakeen, erlatiboaren errekurtsibitatea, menderakuntza edo koordinazioa bera. Gramatika sortzailea da, egundo entzunbakoa ulertzeko eta ekoizteko ahalmena dugu, eta ulermen-ahalmen bapatekoa gainera. 3- Haurrak hizkuntzaren ezagutza kontzientzigabea du.
Badaki zer esan daitekeen eta zer ez, eta guzti hori egundo zuzenean ezer esan ez zaiolarik, erakutsi ez zaiolarik. Sarritan eta goiz, gai da bere hizkuntza gramatika-arauz zuzentzeko ere. Ezagutza hau ez dago, beraz, entzuten duen inputean; ez baitu hizkuntza teorikoki ikasten. Gainera ez du esperientzia ezezkorrik, hau da, txarto dago hainbat forma ez du inoiz entzuten eta, haatik, badaki txarto daudena. Inork ez dio erakusten 4 edo 5 urteko haur bati, adibidez, ondoko perpausetatik zein dagoen zuzen eta zein ez:
Zein lagun esan duzu etorri dela?
?Zein lagun esan duzu ea etorri den?
*Zein lagun esan duzu etorri denean joan zarela?
Eta kontuan izan hiru perpausetan mendeko etorri aditzaren subjektua dela perpausaren hasieran jarri duguna. Lehenengoan horrela egiten dugu, baina hirugarrenean ezin dugu. Eta haurrak badaki zer ahal duen eta zer ez.
Hala ere, esan beharra dago, seguruenik, desegokiak diren perpausak egundo ere ez dituela entzungo, edo oso gutxitan entzungo dituela. Alabaina, hizkuntz esperientziak hizkuntz ezagutza bideratzeko azalpenik ez badu, hizkuntz ezagutzarako beste iturriren bat edo batzuk izan beharko ditu haurrak. Eta iturri hauek, noski, esperientziatik at egon beharko dute. Entzuten duen hizkuntzaren imitazio hutsak ezin du daukan hizkuntz ahalmen ikaragarria justifikatu. Nola liteke, bada, esperientziak ematen diona baino gehiago jakiteko gai izatea?
Giza garunak zenbait baliabide izan behar du hizkuntz esperientziaz gain. Baliabide hauek genetikoki hornitu dira. Hizkuntz esperientzia baliabide hauen eragingarria dateke. Horrela, hizkuntza zehatza garatu ahal izango da haurraren garunean.
Genetikoki hornitutako hizkuntz baliabideen multzo honi Gramatika Unibertsala deitu zaio. Gramatika Unibertsala, beraz, esperientziaren eragingarriez baldintzaturik hizkuntzaren hazkundea bideratzen duen horni genetikoaren zatia da. Baina zatia baino ez. Eta beronek mugatzen du, noski, gramatikaren eta sintaxiaren iharduera.
Bestalde, azken urteotan bada hizkuntzalari sortzaileen artean hedaturik dagoen beste eritzi bat: agian Gramatika Unibertsalaz gain, giza garunean badela beste hastapen multzoren bat fonologi oinarriak era berean edo antzeratsu bideratzen dituena.
Gramatika Unibertsala garunean zein aldetan edo ataletan dagoen edo nola eraturik dagoen erantzuterakoan, bide ezberdinak hartu dituzte zientzilariek. Baina esan dezagun gehienek garuna atalka eraturik dagoela uste dutela, eta atal bakoitza bereziki funtzio bati dagokiola. Garuna atalka eraturik balego, pentsatzekoa litzateke gramatika bera ere atalka eraturik dagoela. Baina atalkako eraketa honek beregain iharduteko gaitasuna ere ematen dio, eta hizkuntzaren jabekuntzaren garapenean sintaxiaren garabideak ere autonomoa izan beharko du.
Hizkuntzaren atalkako eraketaren eta sintaxiaren autonomiaren uste honi irtenbide egokiagoa bilatzearren, Chomskyk 1981. urtean hizkuntzari buruzko bere teoriaren birformulazio sakona egin zuen. Gramatika, sintaxia bezalaxe, osagai autonomoez eraikiriko sistematzat jo zuen, eta horrela, hizkuntzaren jabekuntza Gramatika Unibertsal parametrizatuaren bidez gertatzen dela proposatu zuen. Gramatikaren eta sintaxiaren osagai eta azpiosagai autonomo ezberdinek parametroren bat izango lukete nolabait gure garunean.
Haurrek hizkuntza zehatza ikastean, parametro horiek ahalbideratzen dizkien aukera ezberdinetariko bana hautatu baino ez lukete egin beharko. Horrela ikasiko lukete haurrek ama-hizkuntzaren gramatika. Adibidez, hizkuntzalari batzuek proposatutako parametro bat buru-parametroa litzateke. Parametro honek kategoria ezberdinen burua eta bere osagarrien egongunea bideratuko luke, eta euskara entzuten ari den haurrak, izen-sintagmaren arloan burua, hots, mugatzailea, izen-sintagmaren eskuinean ezarriko luke, gaztelaniadun haurrek ezkerrean jarriko luketen bitartean. Agian kategoria ezberdinetarako buru-parametro ezberdinak egon beharko lukete. Izan ere, baliteke kategoria ezberdinen buruek zein osagarriek egongune ezberdinetan gauzatzea.
Hizkuntzaren jabekuntzaren garapen honek, uste zenez, haurrek ama-hizkuntzaren gramatikaren eta sintaxiaren oinarria goiz menderatzeko duten gaitasunari erantzungo lioke. Giza garunean, gizabanako guztiek parametro berak izango genituzke, baina gero, hizkuntza jakin bat ikasten dihardugula, parametroek eskaintzen dizkiguten aukeretariko bat hautatzean, hizkuntza zehatzaren gramatika eta sintaxia menderatzeari ekingo genioke.
Parametroek, noski, edozein giza hizkuntza, edo zehatzago esanik, edozein giza hizkuntzaren muina ahalbideratzeko gai izan beharko lukete. Gramatika Unibertsalak haurrari, beraz, ikasi behar dituen egitura-aukerak eskaintzen dizkio; garunean garaturik baititu. Haurrak, bere inguruan entzuten duenaren arabera, parametroa, dagokion aukeran, ezarri egin beharko du.
Parametro guztiak ezartzean gramatika zehatz bihurtu du Gramatika Unibertsalaren hastapen-multzoa. Horrela ikasiko du, beraz, bere hizkuntzaren gramatika eta sintaxia. Hautaketa hau, noski, ez da uste, kontzienteki egiten denik; badirudi, ostera, hizkuntz input minimoa entzunik gertatzen dela. Gainera, baliteke, hizkuntzaren baitan, parametroen ezarketara bultzatzen duten elementu eragingarriak izatea, eta hauek, garapenaren azkartasunaren baliagarriak lirateke.
Hau guztia, noski, laburturik azaldu dut. Eta ez laburturik bakarrik; idealizaturik ere bai. Baina teoria honek hizkuntzalariak parametroak mugatzera bultzatzeaz gain, euren jabekuntza nola gertatzen zen ikertzera ere bultzatu zituen. Eta interesgarriak eta akuilugarriak izan dira (adibidez, Hyams-en ikerketa ustezko pro-drop izeneko parametroaren haur ingelesen jabekuntzari buruz).
Baina gaur egun asko dira, gramatika sortzailearen jarraitzaileen artean, parametroen teoria zalantzan jartzen dutenak. Gainera inork ez du uste, giza garunean, edo haurraren garunean, gramatika-ezaugarriak edo sintaxi-arauak (Gramatika Unibertsalari legozkiokeenak, noski) horrela ‘idatzita’ daudenik. Ikerlariek honakoa uste dute: hizkuntzaren gauzatzeak bideratzen duen giza garunaren atalak iharduteko duen erak mugatzen dituela guk horrela definitzen ditugun ezaugarri eta arauak. Garunaren prozesatzeko moduak eraiki du, beraz, guk Gramatika Unibertsala deitzen diogun hastapen-multzo hori. Eta hori da, hain zuzen, genetikoki horniturik jaso duguna.
Teoriaren marko orokorra edo oinarria, beraz, oraindik baliagarria dela pentsatzen dugu askok eta askok. Beste kontu bat da helmugara iritsi baino lehen zelako bidea geratzen zaigun jakitea eta zehaztea.
Baina, zelan ikasten ote dute haurrek ama-hizkuntza? Arlo honetan burutu diren ikerketek zer diote guzti horretaz?
Gaur egun, zientzi arlo hau oraindik oso gutxi jorratu bada ere, zerbait esan dezakegu guzti honetaz. Eta ez usteetan oinarriturik; datu zehatzetan baino. Hala ere, onartu egin behar dugu arlo honetan hasiera-hasieran baino ez gaudela.
Entseiu/errakuntza bidez ikasten ote dute, adibidez, gure haurrek euskara? Hasteko, noski, entseiu/errakuntza sistema hau zelan ulertzen dugun mugatu beharko genuke. Edozelan ere, datu guztiek beste zerbait adierazten dutela aurrera dezakegu. Antza denez, haurren ama-hizkuntzaren jabekuntzaren garapena perpausak duen egiturak berak bideratzen du. Frantsesez, alemanieraz edo euskaraz ikasten duten haurren datuak ikusirik behintzat, baieztapen hau egin dezakegula uste dugu. Haurrak urte bi inguru dituztenean hasten dira gramatika-ezaugarriak eta sintaxi-arauak erabiltzen eta hiru urte dituztenerako perpausaren oinarrizko egituraz aise jabetu direla dirudi. Datuak, noski, gutxi gora-beherakoak baino ez dira.
Haurrek ez dituzte bapatean gramatika-ezaugarri guztiak erabiltzen. Badirudi garabidea jasaten dutela, eta garabide honek dituen aro ezberdinak perpausaren egitura hierarkikoak mugaturik daude taiutuak: Aditz kategoria, INFL funtzio-kategoria eta KONP funtzio-kategoria. Eta egitura hauez jabetzen diren aroak bizpahiru hilabetez tartekatuak daudela dirudi.
Ez dugu uste entseiu/errakuntza sistemaren bidez haurrek ikasten dutenik. Gramatikaren eta sintaxiaren jabekuntza behintzat ez. Lexikoaren jabekuntza, ostera, beste kontu bat da. Agian, hitzak banaka ikasiko dituzte, eta hor baliteke nolabaiteko entseiu/ /errakuntza sistematizazioa erabiltzea, baina ez gramatika-kategoriak bereganatzean. Baina gramatika sortzailearen aldeko hizkuntzalariek ez dute egundo lexiko-arloko hitzak banan-banan ikasten direnik ukatu. Beste arazo bat da lexiko arloko unitate hauek, hots, hitzak, sortzen edo isladatzen dituzten egiturak zelan bereganatzen dituzten.
Haur euskaldunek, esate baterako, hasieran, ez dituzte gramatika-ezaugarriak ez sintaxi-arauak erabiltzen euren hizkuntza gauzatzean. Urte birekin, gutxi gora-behera, noski, hasiko dira lehen gramatika-kasuak eta adizki jokatuak erabiltzen, esateko. Baina lehenago erabili duten hizkuntza, badirudi, hastapen pragmatikoak gidaturik eta lexikoen ikasketa hutsak bultzaturik gauzatu dutela.
Gero, gramatika-garabidea hasiz gero, 6, 8 edo 10 hilabeteetan haurrak mendeko perpausak eraikitzeko gai dira. Pertsona-komunztadura ezberdinak ere badarabiltzate, subjektuari, zehar-osagarriari eta osagarri zuzenari dagozkienak, edo, adibide batzuk jartzearren, aditz-aspektu ezberdinak, galderetako hurrenkera bereziak, izen-sintagmak mugatzeko aukera ezberdinak eta erlatibozko zein beste hainbat motatako menderagailuak eta berauek sortarazten dituzten egiturak.
Baina haurrek, ez dute horrenbeste akatsik egiten jabekuntza-garapenean zehar. Adibidez, 1;06-4;00 adin-bitarteko hiru haur euskaldunen (hilero ordubetez) bideograbaturiko ekoizpena ikusirik, behin ere ez dugu ikusi ezezko perpausetan gertatzen den ordena-aldaketan haurrek okerrik egiten dutenik.
Baina mintzaide helduak ere ez ote dugu okerrik egiten? Edo, haurrek egiten dituzten ustezko ekoizpen okerrak, ezin ote dira jabekuntzaren garapeneko jokabide estrategikoak bezala interpretatu? Adibide bat jarriz: haurrek, hasieran ergatiborik erabiltzen ez badute —kontutan har dezagun hasieran ez darabiltela gramatika ezaugarririk, eta beraz ergatiborik— egitura hau erabiltzen hastean, zergatik pentsatu behar dugu beti ez badarabilte, dagokionean, noski, ez erabiltzea okerra dela, akatsa dela? Ezin al daiteke pentsa, aurretik egiten zuten bezala, hots, gramatika-ezaugarririk ez zerabiltzaten aroan, orain ere, urrats berri honetan, ikasitako ergatibo-ezaugarria berriaz batera lehengo forma ere gordetzen dutenik?
Adibide ikusgarriagoa jarriz, demagun haur batek 2;00 adina duen arte ni apurtu esan duela gramatika-ezaugarririk gabeko aroan; baina gero 2;02 adina duenean, nik ekarri eta horrelakoak esaten hasten dela, bere garabidean urrats berri batean sartzean. Une honetan, dagoeneko ergatiboa darabilenean, batzuetan ni apurtu esaten segitzen badu, zergatik uste behar dugu akatsa dela? Ez ote da, aitzitik, oraingoz 2;00 adinaz aurreko ekoizpenen erabilerari ere batzuetan eusten diola?
Badirudi euskal haurrek subjektuarekiko eta zehar-osagarriarekiko pertsona komunztadura duten adizkien erabilera osagarri-zuzenarekikoa dutenak baino lehenago darabiltzatela, eta nolabait hurrengo urratsa dela azken hauek erabiltzea. Zergatik, bada, garapeneko une zehatz batean haur batek nik horiek gura dut esaten badu okertzat jo? Kontutan har dezagun bere gramatika-garapena apurka-apurka aurreratzen dela, eta oraingoz ez duela gramatikaren atal hori bereganatu.
Har dezagun beste adibide bat. Gaztelaniaz ikasten diharduten haurrek, hasieran, partizipio guztiak -ado/-ido amaieraz ekoizten dituzte. Horrela, venido, traido, comido, eta abar erabiltzen dituzten bitartean ponido eta antzekoak ere gauzatzen dituzte. Baina zer erakusten digu balizko errakuntza honek? Haurrak araua ikasi duela, eta aditz guztiei morfema bera eransten diela. Ondoren, lexiko-zuzenketa burutu beharko du eta forma irregularrak banan-banan bereganatu beharko ditu. Edozelan ere, araua da ikasi duen lehena.
Okerraren kalifikazioa, beraz, erlatibizatu egin beharko genukeela uste dut. Edozelan ere, haurrek ekoizten dituzten akatsak edo okerrak guk helduok ekoizten ditugunak baino askoz gehiago ez direla uste dut.
Mintzaide helduek gramatika-ezaugarriak eta sintaxi-arauak erabiltzen ditugula onartzen badugu, eta haurrek guk egiten ditugun bezalako ekoizpenak gauzatzen badituzte, eurek ere gramatika-ezaugarriez eta sintaxi-arauez baliatzen direla onetsi beharko dugu. Honek dirudi jarrera zilegizkoa, behintzat.
Hau da, haur batek, adibidez, zehar-osagarriarekiko pertsona-komunztadura duen makinatxo bat adizki laguntzaile ezberdin egoki 3;00 adina bete aurretik badarabil, pentsatzekoa da, nolabait, gramatikaren arloko ezaugarri hori badaukala. Eta haur euskaldun batek, esaterako, 2;04 - 3;00 adina bitartean, eta soilik hileroko ordubeteko bideograbaketako ekoizpenari begiraturik, gai da honakoak ekartzeko: digu, diogu, dit, dizut, diot, diet, didazu, dio, dizkit, dizkiogu, dizu, ... Ekoizpen hauek behin baino gehiagotan ikus ditzakegu egoki erabilirik, perpausaren eta testuinguruaren arabera, noski.
Haur euskaldunak gramatikaren eta sintaxiaren oinarriaz hiru urte ingururako jabetzen direla baiezta dezakegu. Horrela, guk azterturiko haurrek adin honetarako: deklinabide kasu ezberdinak zuzen erabiltzen dituzte, numeroari zein kasuari begiraturik; izen sintagmaren hurrenkera egoki gauzatzen dute; aditz-aspektuak egoki erabili eta ulertzen dituzte; edo aditzaren bidez isladatzen ditugun hainbat gramatika-ezaugarri ederto betetzen dituzte. Jar ditzagun, adibidez, haur batek buruturiko hainbat mendeko perpaus (haur horrek bizkaieraz hitz egiten badu ere, adibideok euskara estandarrean jarriko ditut): zuk eroan duzuna non dago? (2;06), esan du beste bat hartu behar duela (2;06), ez duzu nahi medikuenera joatea ala? (2;06), ez daki zer den (2;07), Tximino Gorri joan zen e azokara ta ja amatxo nahi zuela eta ... (2;07), eta Jurgi ez dakit noiz etorriko den gure etxera (2;08), horra ez joateko eta ni joan nintzen (2;08), esan duzu ez dela baina bada (2;09), pentsatu dut daukala apurtuta (2;09), ikusi zelako txikia den! (2;09), eta hau ez dakit non ipiniko dudan (2;10), eman eskuan daukazuna! (2;10), eta ikusiko duzu zelan joko dudan (2;10), atzo ikusi genuena (2;10), umeek egiten dituzten okerkeriak (2;11), ba pentsatzen dut hortik gizon bat dagoela (2;11), pentsatzen dut ez zarela etorriko (2;11), ...
Baina erabilera soila ezezik, bere hizkuntz ekoizpena, gramatika-ezaugarrien arabera zuzentzeko ere gai da haurra. Eta guzti hori ere 3;00 adinaren inguruan. Hona hemen haur berak ekoitziriko bizpahiru adibide: hori ez du, horrek ez du eroaten (2;05), ba nik ni etorri naiz zuregana eta ...(2;07), ze Jontxuk Jontxu ez zan konturatu (2;10), hor ere zelan daukagun errobedak eta zelan dauzkagun errobedak (2;11). Mintzaide heldu batek ekoizpen hauek gauzatuko balitu, bere hizkuntza gramatika-ezaugarriez zuzentzeko gai dela esango luke edonork. Zergatik ez zaio ahalmen eta gaitasun bera onartu behar 3 urte ez dituen haurrari?
Hizkuntzalari sortzaileek, laburbilduz, gizabanakoek gramatika-ezaugarriak eta sintaxi arauak haurtzarotik erabiltzeko daukagun gaitasuna ikusirik, eta gaitasun hau zelan garatu den gugan azterturik, inguruaren eraginaz gain garunean sortzetik daukagun horni genetikoaren iritzia bermatu egiten dela uste dute. Gramatikaren jabekuntza ahalbideratzen duen horni genetiko horri Gramatika Unibertsala deitzen diote eta beronen funtsa eta berezitasunak zeintzuk diren argitzen saiatzen dira. Ahalegin ugari egin den arren, oraingoz hastapen-multzo honen izatea eta iharduera argitzeke daude, baina, nolabait behinik behin, bidea egokitzat jo dezakegula uste dut.
Hizkuntzalari sortzaileen ikuspuntua, beraz, hizkuntz jabekuntzaren garapena haurrek gramatika-arauak eta sintaxi-arauak oso goizetik erabiltzeko duten gaitasunean oinarritzen da. Jabekuntza-garapena ez da ikasketa koantitatiboan edo banakako osagaien metaketan oinarritzen; arauen aplikazio orokorrean baino. Abiapuntu honetatik zaila dirudi konexionismoak egiten dion kritikaren baliagarritasuna. Areago frogatzat erabiltzen den esperimentua metaketa koantitatibo baten ikasketa denean.