C-z egin daitekeen sarrera/irteera, liburutegi estandarra erabiliz egiten da. Erizpidearen arabera ondoko sarrera/irteera-motak bereiz daitezke:
Orain arte ikusitako scanf eta print funtzioek fitxategi estandarrekin lan egiten dute, formatudunak dira eta atzipen sekuentziala egiten dute.
C-k maneiatzen dituen fitxategi estandarrak hiru dira: stdin sarrerarako, stdout irteerarako eta stderr errore-mezuetarako. Fitxategi hauek sistema eragileak prestatuak (irekiak) ematen dizkio programa nagusiari, honek zuzenean erabil ditzan. Fitxategi estandarrak teklatua eta pantaila dira besterik ezean, baina sistema eragilearen bidez berrelbidera daitezke. UNIX-ean eta DOS-ean < eta > karaktereak horretarako erabiltzen dira. C-ren liburutegian aipatutako scanf eta print funtzioen gain badaude sarrera/irteera fitxategi estandarrekin lan egiteko beste funtzio batzuk eta garrantzitsuenak honako hauek dira: getchar, putchar, gets eta puts. Lauak formaturik gabekoak dira eta lehenengo biek karaktere bakar bat irakurri edo idazten duten bitartean, besteek lerro oso bat maneiatzen dute. Haien erazagupena stdio.h fitxategian dago, gainerako sarrera/irteerako funtzio guztiena bezala, eta hauexek dira:
extern int getchar ( );
extern int putchar (int);
extern char * gets (char*);
extern int puts (char*);
1. eta 2. programetan getc eta gets funtzioak nola erabili ikus daiteke. Bi adibideetan, lerro bat irakurri eta lerroak duen luzera kalkulatzen duen funtzioa definitzen da.
C-rako fitxategi-kontzeptua orokorra da; bertan dispositiboak (teklatua, pantaila, inprimagailua, ...) zein memoria lagungarriko (disko, disket, zinta, ...) fitxategiak sartzen bait dira.
Beste lengoaietan bezala fitxategi bat erabiltzeko fitxategi hori ireki egin behar da, dagokion kontrol-informazioa memorian karga dadin eta sistema eragilearen sarrera/irteerako oinarrizko funtzioek kontsulta dezaten. Kontrol-informazio hori FILE izeneko egitura batean metatzen da (stdio.h fitxategian dago definituta) fitxategia irekitzen denean, eta erakusle batez erabiliko dugu, zeren eta fitxategi baten gaineko funtzioak deitzean bere FILE egituraren erreferentzia argumentu gisa aipatu egin behar bait da.
Beraz, fitxategiak erabiltzeko, C programetan FILE * motako aldagai bat definituko da, irekitzean (fopen funtzioaz) emaitza jaso dezan eta gainerako sarrera/irteerako funtzioetan parametro gisa erabili ahal izateko.
1. taulan FILE egitura maneiatzen duten sarrera/irteerako funtzio batzuen zerrenda azaltzen da, bertan parametro eta emaitzaren datu-mota zein azalpen motz bat agertzen direlarik.
1. taulan azaldutako funtzio guztiak, fseek-a izan ezik, atzipen sekuentzialean erabiltzen dira, karaktereak (fgetc, fputc), lerroak (fgets, fputs), erregistroak (fread, fwrite) edo egoera bereziak (feof, ferror) maneiatzeko beti irekitako fitxategi baten gainean. fp jarri behar den tokian stdin edo stdout zehazten bada, funtzioa sarrera edo irteera estandarraren gainean burutzen da.
Irakurketak eta idazketak uneko posizioan egiten dira posizio hori fopen funtzioaz hasieratu eta atzipen bakoitzean eguneratu egiten delarik. fopen funtzioaren parametroa nolakoa denaren arabera, uneko posizioa aukeratzeaz gain buru daitezkeen eragiketak definitzen dira, 2. taulan azaltzen den legez.
1. taula. Sarrera/irteerako funtzioak.3. programan S/I-ko funtzioak erabiltzen dira, UNIXean erabiltzen den cat izeneko programa idazteko. Programa honen bidez argumentu gisa pasatzen diren fitxategiak idazten dira, bata bestearen atzean irteera estandarrean. Argumentuak argc eta argv aldagaien bidez maneiatzen dira, 10. kapituluan ikusi genuen bezala.
Adibideetan ikusi dugunez, liburutegiko oinarrizko S/Iko funtzioek (fgetc, fputc, freda, fwrite, ...) atzipen sekuentziala bideratzen dute, zeren fitxategia irekitzean hartzen duen uneko posizioa erabili eta eguneratzen bait dute.
Zuzeneko atzipena burutzeko aipatutako funtzioak fseek-arekin konbinatu behar dira; azken honek posizio jakin batean kokatzeko ahalmena eskaintzen bait du. fseek funtzioaren parametroak fitxategiaren deskribatzailea (FILE * motakoa), desplazamendua eta modua dira. Hiru modu bereizten dira, bakoitzak desplazamendua aplikatzeko puntu desberdina aukeratzen duelarik. SEEK_SET fitxategiaren hasiera aukeratzen du, SEEK_CUR uneko posizioa eta SEEK_END fitxategiaren bukaera.
4. programan zuzen_atzi funtzioa definitzen da, zeinak parametro baten arabera posizio jakin batean dagoen luzera finkoko eremu bat irakurtzen edo idazten duen.
ftell funtzioak ere lagun dezake; zuzeneko atzipenean uneko posizioa itzultzen bait digu. 5. programan editoreek duten bilaketa-laguntza nola programatzen den ikustearekin batera, ftell funtzioaren erabilpenaren adibidea dugu.