C programazio-lengoaia (IX). Aldagaien ezaugarriak

C lengoaiak maneiatzen dituen aldagaiei dagozkien zenbait ezaugarri aztertzeke daude, garrantzitsuenak iraupena eta esparrua direlarik.

Aurreko kapituluetan C lengoaiak maneiatzen dituen aldagaiak eta dagozkien datu-motak aztertu baditugu ere, aldagaiei dagozkien zenbait ezaugarri aztertzeke daude, garrantzitsuenak iraupena eta esparrua (scope) direlarik. Ezaugarri hauek konbinatuz C-ren biltegiratze-mota desberdinak bereizten dira, auto, static, extern eta register hain zuzen ere.

Iraupena: Finkoak vs Automatikoak

Aldagai finko bat programaren hasieran sortzen da eta programaren exekuzioa amaitu arte bizirik irauten du bere memori zatia etengabe hartzen duelarik. Aldagai automatiko bat aldiz, programaren funtzio edo bloke zehatz bati lotuta dago. Beraz, funtzio edo bloke hori exekutatzen hasten denean baino ez da sortuko, eta blokearen exekuzioa bukatzean desagertuko da. Horren ondorioz, aldagai automatiko bat behin baino gehiagotan sor daiteke, eta aldagaiari dagokion bloke edo funtzioa exekuzio batean erabiltzen ez bada, aldagaia ez da sortuko.

Aurrekoak eragin handia du hasieraketan, zeren finkoek hasieraketa bakarra duten bitartean, automatikoak aldiz, funtzioa edo blokea kanpotik erreferentziatzen den bakoitzean hasieratuko bait dira.

Geroxeago ikusiko dugunez, aldagai globalak finkoak izango dira eta lokalak automatikoak.

Esparrua

Esparrua edo scope-a iturburu-programari dagokion kontzeptua da eta aldagai baten izenaren ezagutza-eremua adierazten du. C lengoaian ondoko lau ezagutza-eremu edo esparru-mota bereizten dira:

  1. programarena: aldagaiaren izena globala da, beraz, edozein funtzio, bloke edo agindutatik erreferentzia daiteke.
  2. fitxategiarena: aldagaiaren izena definitzen den iturburu-fitxategian baino ez da ezagutzen. Beraz, konpilazio banatua erabiltzen denean beste modulu batetik erreferentziatzen bada ez da ezagutuko, beste aldagaitzat hartuko bait du konpiladoreak.
  3. funtzioarena: aldagaiaren izena funtzio edo azpiprograman bertan baino ez da ezagutzen.
  4. blokearena: bloke bat { eta dagozkion } artean dagoena da eta aldagaia definitzen den blokean baino ez da ezagutzen.

Aldagaiaren esparrua non erazagutzen denaren araberakoa da, static hitz gakoak alda badezake ere.

Adibide batzuk ikusiko ditugu aurrekoa argitzeko asmoz:

a)

Bi aldagai automatiko hauek (i izenekoak) desberdinak dira, blokearen esparrua bait dute.

Guzti honen arrazoia definizioen kokapenean datza, funtzio barruan egotean aldagaia, besterik esaten ez bada, automatiko bait da eta bere esparrua blokearena.

b)

j

izeneko bi aldagai ditugu, bata globala, kanpoan definitutakoa, (finkoa) eta bestea lokala, f1 funtzioaren barruan erazagututakoa.

Lehenengo hiru emaitzak f1 funtzioaren exekuzioaren eragina bait dira (hasieraketa Ø da besterik ez zehaztean) eta azkena programa nagusiarena.

Biltegiratze-motak

Goi-mailako lengoaia batzuetan bi biltegiratze-mota bereizten dira: globala eta lokala. C-n aldagaien iraupena eta esparrua konbina daitezke, biltegiratze-mota desberdinak lortuz, horretarako aldagaiaren definizioaren kokapena eta extern, static, auto eta register hitz gakoen erabilpena kontutan hartuko direlarik.

Ikus ditzagun adierazle hauen esanahia:

extern:

aldagai global bat definituta dagoen modulutik kanpo erabili nahi denean, aldagaia berriro erazagutzen da, baina extern adierazlea aurretik zehaztuta, definizioa beste nonbait dagoela adieraziz.

static:

funtzio bikoitza du. Kanpoan definitutako aldagaiei (globalei) ikustaldea murrizten die programatik fitxategira. Funtzioen barruan definitutakoei iraupena aldatzen die automatikoak finko bihurtuz.

auto:

bloke-esparrua duten aldagaiei egokitzen zaie baina funtzioen barruan definitutakoei. Aldagai hauek, adierazlerik egokitzen ez bazaie, auto adierazleak eragindako ezaugarri berberak hartzen dituztenez, adierazle hau ez da ia inoiz erabiltzen.

register:

bloke-ikustaldea duten aldagaiekin baino ezin da erabili adierazle hau, eta duen eragina exekuzio-denboran aldagaia erregistro orokor batean kokatzea da. Horren bidez, programaren exekuzioa azkar daiteke, asko erabiltzen diren aldagaiei egokituz gero.

1. irudian ezaugarri guztien laburpena biltzen da.

1. irudia. Aldagaien iraupena eta esparrua adierazlearen arabera. (Oharra: Irudia ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra).

Erabilpena

Ezaugarri guztiak aztertu ondoren, ikus dezagun azaldutako aldagai-mota desberdinek nolako erabilpena duten. Ondoko lau erabilpen desberdin hauek bereiz ditzakegu:

  • aldagai lokal automatikoak: gehien erabiltzen direnak dira, blokearen esparrua eta iraupen automatikoa bait dute. Definizioa funtzioen barruan egiten da, inolako adierazlerik gabe edo register adierazlearekin.
  • aldagai lokal finkoa: funtzio edo bloke bakar batean erabiltzen den aldagairen batek balioa mantendu behar badu, dei batetik bestera mota honetakoa izango da. Definizioa aurrekoa bezala egiten da, baina static hitz gakoa erabiliz.
  • aldagai global arrunta: funtzio edo bloke desberdinetatik ezagutu eta balioa mantentzea dute ezaugarri nagusia. Definitzean adierazlerik ez da jarri behar, baina funtzioetatik bereiztuta zehazten dira. Dena den, beste modulu edo fitxategi batetik erreferentziatu behar direnean, aldagaiaren aipamena egin behar da, extern adierazlea zehaztuz. Funtzio gehienak (funtzioei mota bat egokitzen bait zaie), mota honetakoak dira normalean.
  • aldagai global isolatua: datu-mota berriak definitzean oso interesgarri gertatzen da aldagaiak datu-mota definitzen duen moduluan dauden funtzioetatik atzigarriak izatea, baina ez beste moduluetatik. Horretarako iraupena finkoa eta fitxategiaren esparrua interesgarria da oso. Definizioa aurrekoa bezala egiten da, baina static adierazlea aurretik jarriz.
2. irudia. Datu-mota berri baten definizioa.

2. irudian adibide bat ikus daiteke, bertan definitzen den pila datu-mota berria kanpotik push, pop eta clear funtzioen bidez baino ezin delarik atzitu.

Hauetako funtzio bat erabiltzen den moduluan aipamen bat egingo da extern adierazlea zehaztuz. Adibidez push erabiltzeko: extern void push ( ).


Memoria dinamikoa

Orain arte ikusitako aldagaiak estatikoak dira, hau da, konpiladoreak zenbat memoria hartzen duten jakingo du eta ondorioz kokapena aurrikus dezake.

Memoria dinamikoa interesgarria da maneiatzen ditugun datuen luzera exekuzioaren arabera aldakorra denean. Pascalez erakusleak dinamikoak dira, new eta dispose funtzioen bidez eskatu eta askatzen bait dira. C-n badago memoria dinamikoa eskuratu eta libratzeko mekanismo bat, 11. kapituluan azalduko diren malloc, calloc, realloc eta free liburutegiko funtzioak erabiltzea hain zuzen.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.