Bizitzako legeak

Jakinduriaren arlo guztietan existitzen dira legeak, axiomak, erregelak,

baina badago gure bizitza arruntean betetzen den beste legerik; esperientzian oinarritzen direnak, esate baterako. Hauetaz, hain zuzen ere, arituko gara.

Jakinduriaren arlo guztietan existitzen dira legeak, axiomak, erregelak, ... Horra hor Fisikako Grabitazio-Lege ospetsua, Matematikako Zenbaki Handien Legea, Kimikako Avogadro-ren Legea, Zuzenbideko Unibertsital Autonomiaren Legea, Psikologiako Nirbana-Printzipioa, Arteko Perspektiba-Legeak, Hizkuntzalaritzako Bilakaera Fonologikoaren Erregela, Filosofiako Intuizio-Axioma (Kant), eta abar luze bat.

Baina badago gure bizitza arruntean betetzen den beste legerik; esperientzian oinarritzen direnak, esate baterako. Hauetaz, hain zuzen ere, arituko gara Bizitzako Legeak izeneko artikulu honetan.

Lege hauek kutsu ezkorra daukatela esan behar dugu eta gehienak Murphy-ren legeen ondoriotzat onar daitezke. Izan ere, Murphy-ren Legeek honakoa diote:

  1. Zerbait gaizki atera badaiteke, gaizki aterako da.
  2. Zerbait okertu ahal bada, okertuko da.
  3. Nahiz eta zerbait gaizki ibiltzea erabat ezinezkoa izan, gaizki ibiliko da.
  4. Gauzak aske uzten badira berez okertzen dira. Zerbait egiten saiatzen bada gure laguntzaz okertuko dira.
  5. Denak normal badirudi, zerbait ahaztu zaigulako da.

Bost lege hauek oso ezkorrak badira ere, ontzat eman behar ditugu eskarmentuak berak baiezten dizkigulako. Bizitzara jo besterik ez dugu. Supermerkatu edo banketxeko kutxen iladan jarriz gero, beti beste iladak mugitzen dira azkarrago, eta iladaz aldatuz gero, utzi duzuna azkarrago mugitzen hasiko da. Arrain bat prestatzen ari zara eta azkeneko ukitua emateko limoia jarri nahi diozu. Bere ura atera nahi diozunean lehenengo tanta begietara datorkizu beti, ezta?. Erosi zenuen musika-ekipoaren garantiari duela astebete bukatu zitzaion epea, eta gaur, disko bat jartzean, platereko besoa zure eskuan geratu da. Urtebetean lehenengo matxura. Honela segi genezake eten gabe, baina, legeak adierazten hasiko gara.

Bizikletaren lehenengo legea

Bizikletaz gabiltzaneko norantza edozein dela ere, beti izango da haizea kontra eta aldapa gora.

Grabitate hautakorraren legea

Eskuetatik erortzen zaigun erreminta beti eroriko da edo atzeman ezineko lekura edo osagairik hauskorrenaren gainera.

Erantzukizunen axioma

Errore baten erantzule pertsona bat baino gehiago bada, inork ez du izango errurik.

Arraina limoian

Jar ezazu arraina begietan eta limoia edonora apuntatu.

Ordenadore-programaziorako printzipioak

  1. Ordenadorea inoiz ez dabil oker.
  2. Programatzailea beti dabil oker.

Peter-en printzipioa

Hierarkia orotan, pertsona bakoitza bere inkonpetentzi mailara igotzen da eta bertan irauten du.

Peter-en printzipioaren korolarioa

Uneren batean, hierarkia bateko postu guztiak inkonpetentez beterik egongo dira.

Biologi ikerkuntzaren legea

Arratoi bat ziztatutakoan, txosten zientifikoa sorterazten duen substantzia oro droga da.

Neurrien erregela

Neurtu, bi aldiz neurtu, ebaki behin bakarrik ebaki daiteke eta.

Murphy-ren lege analitikoak

  1. Edozein datu-bildumatan, nabariro zuzen dauden zifrek errorerik badaukate.
  2. Zifra hamartar bat maiz ez dago dagokion lekuan.
  3. Kalkulu batean errore bat sar badaiteke, sartuko da. Horrez gain, kalkulua neurri handienean kalte dezakeen unean agertuko da.
  4. Kalkulu matematiko batean soluzio okerra lortzen baduzu, saia zaitez orrialdearen zenbakiaz biderkatzen.

Ahaleginen konpentsazio-printzipioa

Ergelkeri maila handiagoak, lortzeko ahalegin handiagoa adierazten du.

Merkealdien erregela

Merkealdietan, gustokoa eta ongi daukazun jantzi bakarra ez dago merkeago.

Kafkaren legea

Norbera eta munduaren arteko borrokan munduaren alde egon behar da.

Ontziraketaren aurkikuntza

Gaur egun, jaki-poltsa batek bi hondakin-poltsa sortzen ditu.

Aeromodelismoa

Zuhaitz handi eta bakartiek, hegaz egiten duen guztia erakartzen duen eremu magnetiko bat sortzen dute.

Kontabilitate-legeak

  1. Balantzeak ez dira kulunkatzen.
  2. Lanaren kapitalak ez du lanik egiten.
  3. Isurtasunak lehortzera jotzen du.

Horra hor izenik ez daukaten beste lege batzuk, baina ez dira garrantzi gutxiagokoak. Hauek ere eskarmentuak sortutakoak dira eta bizitzaren indarra adierazten digute.

  • Ez dago, oso zaila bada ere, sakonki aztertu eta gero gehiago zailagotzen ez den problemarik.
  • Gaizki atera zitekeen zerbait gaizki atera ez bada, kalterik handiena egiteko unearen zain dagoelako da.
  • Autobusaren zain luze egon eta gero, zigarroa piztu eta hamar segundora agertuko da.
  • Paperontzian lehenengoan saskiratzeko probabilitatea paperontzira hurbildu ahala txikiagotu egiten da.
  • Azaltzen saiatzen ari zaren matematikako ariketa zenbat eta errazagoa izan, are eta azkarrago konturatzen zara adimenak mugarik baduela, baina ergelkeriak ez.
  • Hertsiki kontrolatutako presio, tenperatura, bolumen, hezetasun eta beste aldagaien baldintzen menpean, organismoak nahi bezala erreakzionatzen du.
  • Lagunak joan eta etor daitezke, etsaiak, aldiz, pilatu egiten dira.
  • Ordenadore batek bi segundotan, hogei pertsonek hogei urtetan adina errore egin dezake.
  • Datu-bilduma batean argiro zuzena dena, egiaztapenik behar ez duena, errorea da.

Azkenik, eta bukatzeko, orain arte emandakoak laburbil ditzaketen beste bi axioma nagusi aipatuko ditugu:

Aurreko legeak oso ezkorrak badira ere, beti egongo da beste bat ezkorragoa.

Aurreko legea oso ezkorra izan arren, badago lege ezkorragorik (hau, adibidez).

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.