Erlijio monoteistetako oinarri nagusia da Biblia eta mendebaldeko zibilizazioaren iturrietako bat ere bai. Gaur egun, ordea, zientziaren arlo askotako adituek egin dituzte ikerketak Bibliak dioenaz eta arkeologia, paleografia, geologia zein genetikan lortutako emaitzak ikusita, Testamentu Zaharrak elementu historiko batzuk badituela esan daiteke, nahiz eta hauek ahozko transmisioan eta idaztean aldaketak izan. Biblia, beraz, arkeologoentzat gidari izan daiteke, garai batean Iliada Heinrich Schliemann alemanarentzat Troia aurkitzeko edo Mizenasko akropolia aurkitzeko izan zen bezalaxe.
Bibliak duen lehen liburua Genesia da. Lehen hamaika kapituluetan munduaren eta gizakiaren sorrera, Uholdea eta Babelgo Dorrearen gora-beherak datoz, baina horiek denak mitikotzat hartzen dira. Mesopotamiako, Babiloniako eta Kanaango kondairetan oinarritua dela uste da.
Pertsonei buruz, ordea, zalantzak badira. Moises baino lehenago azaltzen diren Abrahan, Isaak, Jakob eta Jose benetan bizi izan al ziren K.a. 2000-1500. urte bitartean? Jose anaiek saldu eta esklabu Egiptora heldu ondoren faraoiaren lehen ministro bihurtu al zen?
Genesiak dioenez, Abrahan Eufrateren ertzeko sumertarren Ur hiritik Kanaango lurretara (Jordan ibaia eta Mediterraneo itsasorainoko lurretara) joan zen. Abrahan hebraitarra zen, baina hitz horren jatorriaz eztabaidak daude. Batzuek diotenez Noeren seme zen Sem-en Eber izeneko ondorengotik dator. Beste batzuen iritziz, ordea, Hapiru edo Habiru hitzetik dator, hau da, “alderrai” dabiltzanak adierazteko hitzetik, zeina K.a. XIII. eta XII. mendeetan Egiptoko inskripzioetan aurkitzen baita.
K.a. IV. milurtekoan sortutako Kaldeako Ur hirian zibilizazio garatua zuten eta Genesiaren arabera, K.a. XVIII. mendean Abrahan eta bere senideek hiri hura utzi eta 2.000 kilometro baino gehiago egin zituzten Palestinaraino. Historian badira garai hartako nomaden aipamenak eta batzuetan mesfidantzaz hartzen zituzten, gainera. K.a. II. milurtekoaren hasierako sumertarren testu batek honela dio: “Estepan ibiltzen dira, laborerik ez dute egiten eta etxerik ere ez. Hiririk ez dute, haragi gordina jaten dute, heziketarik gabeak eta gobernaezinak dira eta ohi bezala ez dituzte hildakoak lurperatzen”.
K.a. II. milurtekoaz gero Kanaango lurraldeetan semitak (Sem-en ondorengoak) bizi ziren. Gosetearen eraginez, Abrahan Egiptoraino joan zen eta han aberastu ondoren Kanaana itzulita Hebronen Makpela haitzuloa hartu zuen, bertan familiako hilobia ezartzearren. Horixe da Patriarken hilobia; inoiz ere aurkitu ez dena.
Abrahanen Sara emazteak urte askotan seme-alabarik ez zuen izan eta Abrahan Agar neskamearekin elkartzera bultzatu zuen. Ismael semea jaio zen Agarrengandik, baina Abrahanek 100 urte eta Sarak 90 urte zituztenean, Isaak semea jaio zitzaien. Tradizioak dioenez, Isaak juduen hamabi tribuen arbasoa da eta Ismael basamortuko hamabi tribu arabiarren arbasoa.
Arabiarrak eta juduak lehengusuak lirateke, beraz; semitak biak ere. Argitu beharra dago Bibliak dioena nolabait baieztatu egin dela ikerketa genetikoen bidez. Parisko Nazioarteko Antropologi Institutuko Gerard Lucotte irakasleak duela bost urte, Y kromosomako ADNan inskribaturik dauden markatzaileak aztertu zituen ehundaka europarrengan, juduengan eta Ekialde Hurbileko arabiarrengan. Lucotte jaunak ikusi zuenez, 7. eta 8. markatzaileak hamar aldiz ugariagoak ziren juduengan judu ez ziren europarrengan baino, baina markatzaile horiek arabiarrengan ere juduengan bezain ugari dira. Egia da ikerketa genetiko honek Bibliako gertaera ez duela erabat baieztatzen, baina gutxienez desadostasunik ez du.
Tradizioak dioenez, goseteak bultzatu zituen Israelgo hamabi tribuak Egiptora emigratzera. Han bizpahiru mendetan zoriontsu bizi izan ziren eta gero esklabu hartu zituzten. Basamortuko nomadentzat batere lan atseginak ez ziren faraoiak ezartzen zizkietenak: buztina prestatzea, moldetan pezoak egitea, etab.
Liverpoolgo Unibertsitateko Kenneth Kitchen egiptologoak patriarkek egin bide zituzten migrazioak aztertu ditu. Biblian garai desberdinetan aipatzen diren esklabuen prezioak lurralde horietako beste agirietan aipatzen direnekin konparatu ditu. Jose, adibidez, ontzi batean sartuta bere anaiek bota egin zuten; Arabiako iparraldeko herri nomada batekoek jaso eta ismaeldarrei zilarrezko 20 siklotan saldu zieten. Hauek izan ziren gero Egiptora eraman zutenak.
Sikloak hamabi gramo zilar inguru zituen eta Ekialde Hurbilean asko erabiltzen zen. (Gaur egun Israelgo shekel monetak siklotik hartua du izena). Baina sikloak Bibliatik aparte beste agiri batzuetan ere aipatzen dira; K.a. XVIII. eta XIX. mendeetako dokumentuetan, adibidez. Hamurabi Babiloniako errege izan zen K.a. 1792-1750 urte bitartean eta bere Kode famatuan esklabuak 20 siklo balio zituela aipatzen da. Mesopotamiako Mari hiri estatuko errege-artxiboetan ere prezio bera aipatzen da.
Gero, Moisesek bere herriari Agindutako lurrean bizitzeko legeak eman zizkionean, horietako batean zezenak esklabua edo morroia adarkatzen zuenean jabeak 30 siklo ordaindu behar zituela eta zezena harrika hil behar zela esaten zen. Mesopotamiako Nuzi hirian eta Siriako Ugarit-en aurkitutako agirietan ere esklabuen prezioa 30 siklotara igota zegoela ikusten da. Pertsiarren inperioan, berriz, K.a. V. mendean, inflazioa medio, esklabuen prezioa 90-120 siklotara igota zegoen.
Kenneth Kitchen-ek dioenez, arkeologo eta epigrafista askoren ustetan Bibliaren lehen bertsioak K.a. VI. mendekoak dira, baina hori egia bada, idazleek zergatik ez zuten esklabuentzat garai horretako 100 sikloko prezioa ezarri? Biblian aipatzen diren prezioak eta mila urtean zehar benetan izandakoak bat datoz.
Kitchen zientzialariak lurralde horietako legeak eta Biblian azaltzen direnak konparatu ditu. Ondorengotzari dagokionez, patriarkaren garaian ez Biblian, ez Hamurabi-ren Kodean eta ez sumertarren Lipit-Ishtar Kodean, ez da azaltzen seme-alaba zaharrenak jaraunspen edo herentzian besteek baino zati handiagoa hartu behar duenik. Exodoaren garaian (K.a. XIII. mendean) legeak zaharrenari besteei baino bi aldiz zati handiagoa eskaintzen dio eta garai berean Mari eta Nuzi-ko legeek ere gauza bera egiten dute.
Ez dakigu kasualitatea izan zen, baina Exodoa baino mende bat lehenago Egiptoko Akenaton faraoiak erlijio monoteista ezarri zuen. Amon jainkoa gurtzeari utzi eta Aton jainkoa onartu zuten. Eguzkia zen haren ikurra. Baliteke Moisesek gaztetan erlijio-iraultza hura ezagutu izana.
Baina Moisesik izan al zen? Bibliatik aparte Moisesen, hebraitarren Egiptoko esklabutzaren eta Exodoaren aipamenik ez da beste inon. Arkeologo gehienek Exodoa izatekotan Ramses II.a faraoiaren garaian (K.a. 1279-1213) izan zela diote. Baina Testamentu Zaharrean aipatzen den ezer ere ez dago Egiptoko agirietan; ez odoldutako ibairik, ez herri osoa hartu zuen ezpara- eta moskito-multzorik, ez hildako seme zaharrenik eta ez itsasoko urpean suntsitutako faraoiaren armadarik. Kent R. Weeks arkeologo britainiarra gaur egun Erregeen Haranean Ramses II.aren berrogei seme-alaben lurpeko hilobia industen ari da eta ez du uste Bibliak dioen ezer aurkituko duenik.
Sinaiko basamortuan Moisesek bere herriarekin igarotako berrogei urteez ere ez dago arrastorik, nahiz eta duela gutxi 1962-1982 bitartean israeldarrek penintsula okupatu zutenean arkeologi ikerketa ugari egin. K.o. IV. mendeaz gero kristau-tradizioak Sinai mendia penintsulako hegoaldeko Musa (2.245 m) dela dio, baina zenbait exegetaren arabera, Arabian dago, orduan han sumendiak zeudelako.
Moisesen garaian Ituna kutxa batean gorde zuten eta arkaziazko kutxa urreztatu horren ezaugarriak zehatz-mehatz ematen dira Biblian. Bi ukondo eta erdi luze, ukondo eta erdi zabal eta beste horrenbeste altu zen, hau da, 120 x 70 x 70 cm ziren neurriak, baina, egia esan, inoiz ez da Itun-kutxarik topatu.
Moises hil ondoren hebraitarrak Josue-ren gidaritzapean Agindutako lurrera heldu ziren. Konkista hura K.a. 1220-1200 bitartean gertatuko zen. Israeldarrak Jeriko-ra sartu zirenean, bertako biztanle eta abere guztiak hil egin zituzten Bibliak dioenez. Azkenaldian egindako aurkikuntzek, ordea, Kanaango lurraren konkista bakean eta gradualki egin zela erakusten dute. Kathleen Kenyon arkeologo britainiarrak sei urte eman ditu Jeriko industen eta indarkeriazko arrastorik ez du topatu. Itsaso Hileko eskuizkribuen arduradun den Magen Broshi israeldarrak dioenez, Jeriko eta Palestinako beste zenbait hiri, Judea eta Samariako muinoak bezalaxe, ia hutsik zeuden K.a. XV. mendeaz gero. Dena den, Bibliatik aparte gainerako iturrietan garai hartako Israel eta Josue ez dira inon aipatzen.
Biblia eta historia, ordea, beste kontu batzuetan bat datoz; filistearren gaian, adibidez. Filistearrak itsasoko herria ziren; Mizenas edo Kretakoa seguru asko. K.a. 1180. urtean Egipto inbaditzen saiatu ziren, baina Ramses III.a faraoiak geldiarazi zituen. Palestinako kostan lehorreratu eta gutxienez Judeako zati bat bereganatu zuten. Israeldarrak berrogei urtez filistearren menpe egon ziren Bibliak dioenez.
Goliat garaitu zuen Dabid pertsonaia historikoa izan zen zalantzarik gabe. K.a. 1000. urte inguruan Dabid artzainak bere abailaz Goliat bekokian jota hil zuen. Gero Judako errege eta ondoren Israelgo errege izan zen. Jerusalem konkistatu zuen eta filistearrak, moabtarrak, jebusdarrak, Damaskoko arameoak eta edomdarrak menperatu zituen. Israelgo hamabi tribuak bildu zituen, Jerusalem hiriburu zelarik.
Moabtarren hilarri bat aurkitu zuten 1868. urtean Itsaso Hiletik ekialdera Dibon-en. Moaberaz idatzia da eta Biblian ere aipatzen den Mesha erregeak israeldarrak garaitu zituela dio. Hilarri horretan “Dabiden etxea” esaera azaltzen da eta Tiberiades lakutik iparraldera Tel Dan-en ere arameraz idatzitako “Dabiden etxea” inskripzioa topatu dute.
Dabid, beraz, pertsonaia historikoa izan zen. Betsabe-rengandik Salomon semea izan zuen. Hau Israelgo errege izan zen K.a. 970. urte inguruaz gero eta bere agintaldian lan handiak egin zituen. Jerusalemgo tenplua eraiki zuen, itsasoko espedizioak antolatu zituen, merkataritzarako bideak kontrolatu zituen, etab. Etiopiako tradizioak dioenez, Sabako erreginarekin (Arabiako iparraldean zeuden sabatarren erreginarekin) Menelik semea izan zuen eta hark eman zion hasiera Etiopiako erregeen dinastiari.
Salomon hil ondoren inperioa zatitu egin zen. Iparraldeko tribuek Israelgo erreinua osatu zuten eta Salomonen ondorengoek hegoaldean Judako erreinuari eutsi zioten. Ahulaldi hartaz baliatuz, Egiptoko faraoiaren tropek K.a. 920. urtean Palestina inbaditu egin zuten.
Beste hiru mendetan zehar gerrak eta gatazkak izan zituzten, baina K.a. 587. urtean Babiloniako Nabukodonosor II.a erregeak Jerusalem konkistatu eta hiria bere tenplu eta guzti suntsitu egin zuen.