Beroa. Nolako gorputza halako erantzuna

Gorputz guztiek ez dute berdin erantzuten beroaren aurrean, guzti hauek lege fisikoetan oinarritzen dira.

"Bero" hitza guztiz lotuta dago gure bizitzarkin. Jakina da gorputz guztiek ez dutela berdin erantzuten beroaren aurrean. Nahiz eta ondoan proposatutako esperientzien zergatiak teorikoki ez aztertu izan, kontutan hartu behar duzu saiakuntza guzti hauek lege fisikoetan oinarritzen direla.

Kartoi batekin osa dezagun poxpolu-kaxa baten antzeko kaxa bat. Behin urez beteta eta hari batzuez baliatuz zintzilika dezagun kaxa. Ondoren kaxa kandela batez berotu, sugarrak ura dagoen ingurua soilik jotzen duelarik. Minutu batzu itxaron eta gero ura irakiten hasten da, kaxak osorik jarraitzen duelarik.

Fenomeno honen zergatia azaltzea zuri badagokizu ere, lagungarri gerta dakizukeen ideia emango dizugu: uraren konduktibitate termikoa kartoiarena baino askoz handiagoa denez, nahiz eta sugarrak kaxa jo urak xurgatzen du ia bero guztia. Kartoizko kaxarekin ondo ateratzen ez bazaizu, saiakuntza arraultz azal bat erabiliz egin dezakezu.

Elurretara joateko aukera baldin baduzu oso saiakuntza sinplea egin dezakezu. Egun eguzkitsu batean jar itzazu bi zapi elur gainean; bata beltza eta bestea zuria. Denbora batez itxaron ondoren jarri esku bat zapi zuriaren gainean eta bestea beltzaren gainean. Argi nabaritu duzu zapi zuria beltza baino freskoagoa dagoela. Saiakuntza sinplea, ezta?. Baina ondorio garrantzitsu bat atera dezakegu, hau da, kolore guztiek ez dituztela berdin xurgatzen eguzki-izpiak. Beraz, orain ulertuko duzu Andaluziako herrixketako etxe gehienak zurixka izatearen arrazoia. Beltzak balira, eguzki-izpi gehienak xurgatuko lituzkete eta noski etxeen barnean ez legoke bizitzerik, metatuko litzatekeen beroaren ondorioz. Lerro hauek irakurri ondoren, erraza gertatuko zaizu galdera honi erantzutea:

"Zergatik jartzen dira hain beltz eskiatzaileak denbora gutxi barru?"

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila