Begirada, komunikatzeko tresna boteretsua

Atxotegi Alegria, Uhaina

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Bizitza honetan ezinbestekoa da inguruan ditugunekin komunikatzea. Baina maiz zailtasunak izaten ditugu, baliabide faltagatik edo osasun-arazoak direla medio. Izan ere, minusbaliotasuna duten hainbat pertsonak arazo ugari dute gainerakoekin komunikatzeko. Iriscom enpresak irtenbide bat aurkitu dio arazo horri.
Bezeroak begirada kontrolatzen ikasi behar du ordenagailua egoki erabiltzeko. (Argazkia: P. Palomo / iriscom).

Esklerosia, elbarritasuna, bizkarrezur-muineko lesioren bat edo tetraplegia duten pertsonak, adibidez, nola komunikatzen dira inguruan dituztenekin? Telebista edo irratia bakarrik pizteko gai ote dira? Egunkaria edo liburu bat irakur ote dezakete?

Eguneroko eginkizun horiek egin ahal izateko nahikoa lan izaten dute, eta gehienetan beste norbaiten laguntza behar izaten dute. Gaur egun, ordenagailu bati esker, hainbat arazori aurre egin ahal izango diete.

Ordenagailuaren kontrola begiradaren bidez

Minusbaliotasuna duten zenbait pertsonak zailtasunak dituzte ordenagailu bat egoki erabiltzeko. Baliteke, adibidez, sagua edo teklatua behar bezala mugitu ezin izatea. Hain zuzen ere kasu horietarako zerbitzu bat garatu du Iriscom enpresak. Bezeroak ordenagailua erabat kontrolatzeko aukera du begiaren mugimenduei esker.

Horretarako, Quick Glance izeneko sistema asmatu dute. Sistema horrek begiaren mugimenduei jarraitzen die, eta Windows-eko aplikazioetan sagua ordezkatzen du. Erabiltzaileak pantailako edozein puntutan finka dezake begirada, eta saguaren erakuslea puntu horretan bertan kokatuko da.

Saguaren botoiak begiak poliki-poliki kliskatuz sakatzen dira, eta, sistema horren bidez, bezeroak funtzio guztiak erabil ditzake: sakatu eta arrastaka eraman, bi aldiz sakatu, eskuineko botoiarekin sakatu eta abar. Gainera, sistema horrek pantailan teklatu bat ezartzen dio bezeroari, eta, era horretan, testu edo ahots bidez komunika daiteke.

Sistemaren aplikazioak

Quick Glance sistemak hainbat aplikazio ditu. Esate baterako, bezeroak besteekin komunikatzeko erabil dezake: idatzi, ahots-sintetizatzaile bati esker hitz egin, Interneteko txat eta foroetan parte hartu edo posta elektronikoa erabili. Horrez gain, ordenagailuko jokoak balia ditzake, DVD filmak ikusi, formatu elektronikoko egunkariak edo beste edozein testu irakurri, eta musika entzun. Aisialdirako aplikazioez gain, urrutiko hezkuntza-programei jarraitzeko aukera luke erabiltzaileak, edo tele-lan bat egiteko.

Edozein ordenagailutan erabil daiteke Quick Glance sistema. (Argazkia: P. Palomo / iriscom).

Domotika arloan, bestalde, telebista piztu eta itzal dezake, kanala edo bolumena aldatu, argiak piztu edo itzali, eta baita beste etxetresna elektriko batzuk maneiatu ere.

Bi modelo

Ikusmen bidezko kontrol-sistema honek bi modelo ditu: 2SH izenekoa eta 2B modeloa.

Lehenengo modeloarekin, buruarekin mugimendu gehiago egiteko askatasuna du erabiltzaileak, eta edozein argirekin eta edozein girotan funtzionatzen du. Ondorioz, eguneko argiarekin edo argiztapen artifizialarekin lan egiteko aproposa da. Erabiltzaileak burua mugitzeko gaitasuna izan behar du, baina ez du kontrol zorrotzegia izan behar. Modelo hau oso egokia da burua askatasun osoz mugi dezaketenentzat.

Sistema hau hatzak mugitzeko arazoak dituzten pertsonek erabiltzen dute batez ere.

2B modeloa askoz ere murriztaileagoa da buruaren mugimenduei dagokienez. Horrez gain, bezeroak argia kontrolaturik dagoen gune batean soilik erabil dezake. Izan ere, argi naturala edo argiztapen artifiziala bizkarraldetik jaso behar du erabiltzaileak. Aurretik izanez gero, sistemak ez du ongi funtzionatzen.

Bi modelo horiek ez dira minusbaliotasunen bat duten pertsonentzat bakarrik, unibertsitateetako irakasle edo ikasleek eta publizitate-agentzietako langileek ere erabiltzen dituzte.

Publizitate-agentziek edo mota horretako beste enpresek ahalik eta aukera gehien izan dezaten, Iriscom enpresakoek bi modeloei Eye Science softwarea (bezeroaren begiradaren ibilbidea jakinarazteko sistema da) eta SDK softwarea ( Software Developer’s kit ) erantsi dizkiete. Azken softwareak ikusmen bidezko kontrol-sistemarekin interakzionatzen duten programekin idazten uzten du.

www.basqueresearch.com

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila