Bardeak Nafarroako hego-ekialdean kokatuta dagoen 42.500 ha-ko eta forma irregularreko eremu zabala dira. Ez dute gune populaturik beren baitan eta ez daude inolako udalerrira adskribatuta, historian zehar lortutako eskubideak direla eta ustiaketa Erret Bardeetako Elkartea osatzen duten herri eta udalerrien esku dagoelarik. Elkarte hau, Bardeen inguruan dauden Alesbes, Argetas, Azkoien, Balterra, Buñuel, Kapanaga, Kadereita, Kaparroso, Zarrakaztelu, Korella, Kortes, Faltzes, Funes, Fustiñana, Martzilla, Melida, Milagro, Santakara eta Tuterak, Olibako Monastegiak, eta Erronkari eta Zaraitzuko ibarrek osatzen dute, eta Bardeen jabe da 1980. urteaz geroztik.
Bardeetako ustiaketa-mota nagusia abeltzantza, eta bereziki artzantza izan da mende askotan, baina udazkena eta negua bertan igaroten duten ardien kopuruak beherantz egin du urteak igaro ahala, eta bereziki XX. mendean zehar. Aipagarria da, esate baterako, 1600. urtean 300.000 ardi baino gehiago edo 1854. urtean 163.400 buru zenbatu ziren bitartean, 1983. urtean 78.000 buru inguru baino ez zela egon, azken urteotan antzeko kopuruak zenbatu direlarik.
Nekazaritzak aldiz, gorantz egin du XIX. mendeaz geroztik, eta gaur egun ia Bardeen azaleraren erdia (21.000 ha gutxi gorabehera) lantzen da. Hauetan gehienak, 20.000 ha hain zuzen, garia eta garagarra lantzeko erabiltzen diren sekain-lurrak dira eta abeltzantza dela medio ustiaketa-erregimen berezia dute, urte batean landu diren lursailak hurrengo urtean landu gabe utzi behar direlarik.
Ustiaketaz hitz egitean ezin ahaz dezakegu Defentsa-Ministraritzak 1951. urteaz geroztik eta 2001. urterarte alokatuta duen 2.000 ha-ko tiraketa-eremua. Eremu hau Espainiako eta EEBBetako hegazkinek erabiltzen dute eta gaur egun koartel bat ere badu bere baitan.
Klimari dagokionez, Bardeetako klima mediterraniar kontinentala dela kontsidera dezakegu. Plubiositatea eskasa izaten da (batezbeste 400-450 mm ur biltzen dira urtean) eta oso aldakortasun handia dago urte batetik bestera. Gainera oso egun gutxitan egiten du euria (urteko batezbestekoa 60 egunekoa da), egiten duenean eurijasa bortitzak bota ohi dituelarik. Haizeak, batez ere ziertzoak (ipar-ekialdeko haizeak), oso maiz jotzen du eta honen eta udako tenperatura altuen eraginez ebapotranspirazioa oso handia izaten da. Ondorioz, uda beroa ezezik lehorra izaten da, ur-defizit nabaria egoten delarik. Negua aldiz, lehorra baina nahikoa hotza izaten da, eta aski arrunt dira izozteak.
Bardeak, Ebroko Depresio deritzon unitate geologikoaren iparraldean kokatuta daude. Depresio hau Tertziarioko orogenia alpetarrean sortu zen, Pirinioek eta Iberiar Mendikateak gora egitearen ondorioz Ebroko blokea hondoratu zenean. Bardeak, Eozenoaren amaieraz geroztik (duela 38 milioi urte) eta Koaternarioaren hasiera bitartean aipatu mendikate hauetatik higatu eta bertara garraiatu ziren materialez (buztin, igeltsu, harearri, kararri eta konglomeratuez) osatuta daude. Material hauek, Ebroko arroa osatzen zuten ibai eta lakuetan jalki ziren eta geruza sedimentario erdi-horizontalak eratu zituzten. Dena den, zenbait kasutan, geruza hauek Ebro ibaiak eta honen adarrek Koaternarioan zehar eratutako ibai-terraza eta glazisen (ibai-terraza eskegien) azpian gelditu dira.
Bardeetako geomorfologiaz hitz egitean, ezinbestekoa da prezipitazio-erregimenak izan duen garrantzia aipatzea; eurien intentsitate handiak sekulako garrantzia izan baitu bertako ezaugarri diren karkaba, trokarte, sorgin-tximinia eta muino lekukoen eraketan. Lehenengoak, eurijasen ondorioz eroritako urek material bigunak (limoak eta buztinak) higatzean sortutako sakan estuak dira. Ertz malkartsuak izaten dituzte, eta etengabe aldatzen eta hazten ari dira. Sorgin-tximinia eta muinoak berriz, gogortasun handiko materialez (harearri edo kararriz) osatutako geruzen babesa dela eta higatu gabe gelditu diren buztinezko mendiskak dira. Hauek normalean taula-forma dute eta sarritan oso malkartsuak dira.
Bertako heterogenotasuna kontutan hartuz, hiru unitate paisajistiko argi bereizten dira Bardeetan. Iparraldekoa, El Plano izenekoa, Aragoa ibaiaren ibai-terraza eskegi edo glazisa da; gaur egun ibaia bera baino 130 m gorago dagoena. Meseta horizontalaren forma dauka eta ez du higadura nabaririk jasan. Honen hegoaldean eta hainbat ezponda eta labarrez bereizita, Bardea Zuria dago. Bigarren hau karkaba, trokarte, sorgin-tximinia eta muino lekuko ugariz jositako higadura-depresio handia da, eta bere erliebe eta egitura bitxiak direla eta bardea guztiko lekurik ezagunena da seguraski, izena udako ebaporazioaren ondorioz azaleratzen den gatzaren koloretik datorkiolarik. Azkenik, Bardea Zuriaren hegoaldean kokaturik, egitura-plataforma eta muino lekukoz osatuta dagoen Bardea Beltza dago.
Bardeetako landaretza primitiboa karraskala izan zen seguraski, eta El Plano-n eta Bardea Beltzean hazten zen, baina nekazaritzarako egokiak ziren lurretan hazten zenez, gaur egun ia guztiz desagertu da, zenbait lekutan antzinako basoaren lekuko den artea ( Quercus rotundifolia ) bakanen bat gelditzen delarik. Dena den, faktore klimatiko edo edafikoen gogortasuna dela eta, zenbait tokitan ezin da karraskarik hazi, leku hauetan pinudiak, abariztiak edo askoz ere baldintza gogorragoak jasan ditzaketen beste hainbat komunitate hazten direlarik.
Jasaten duten higadura handiaren eragina dela eta, karraskalak mantentzeko gai ez diren leku malkartsuetan pinudia da komunitate nagusia. Gaur egun pinudia Bardea Beltzean eta Eguaraseko natur erreserban hazten da batez ere, eta karraskalak ia guztiz desagertu direnez, Bardeetako baso-mota bakarra da.
Bertako espezie nagusia Aleppo pinua ( Pinus halepensis ) da. Pinu hau oso arrunta da eskualde mediterraniarreko leku idorretan eta lurzoru gazietan ezik edozein lurzoru-motatan hazteko gai da. Oso ongi jasaten ditu Bardeetako lehorte eta beroak, baina oso sentikorra da izozteekiko, eta ondorioz leku epel samarretan soilik hazten da.
Nahikoa baldintza edafiko gogorretako lekutan hazten denez, baso honek ez du oso zuhaitz-geruza jarraia osatzen, eta ondorioz, soilune ugari izaten ditu. Soilune hauetan sastrakadi mediterraniarrean oso arrunt diren hainbat zuhaiska eta muluz osatutako zuhaiska-geruza bat hazten da, bertako espezie nagusiak, abaritza ( Quercus coccifera ), ena arrunta ( Rhamnus lycioides ), hego-ipurua ( Juniperus oxycedrus ), sabina feniziarra ( Juniperus phoenicea ), legeltxorra ( Pistacia lentiscus ) eta erromeroa ( Rosmarinus officinalis ) direlarik.
Aipatu landare hauek, Eskualde Mediterraniarrean hazten diren beste askok bezala, leku idorretan bizi ahal izateko oso aproposak diren zenbait moldaera izaten dituzte, hala nola ura galtzea ekiditen duten kutikula lodiko hostoak izatea (esklerofilia), oso hosto txikiak edukitzea edo hauek guztiz desagertu izana, hostoetan eta beste zenbait ataletan argia isladatzen duten ile ugari izatea, eta abar.
Belar-geruza aldiz, gramineoz eta beste hainbat landare belarkaraz osatuta egoten da, arruntenak Brachypodium retusum eta Koeleria vallesiana gramineo bizikorrak direlarik.
Zenbait kasutan ordea, ez da pinurik hazten edo hauek oso gutxi dira. Kasu horietan abariztia da komunitate nagusia. Komunitate hau sastrakadi dentso eta altu samarra da eta bertan aipatu berri ditugun abaritz, legeltxor, sabina eta abarrez gain, gartxu hostoestua ( Phillyrea angustifolia ), karraskila ( Rhamnus alaternus ), elorri-triska ( Genista scorpius ), eta beste hainbat zuhaiska eta mulu aurki ditzakegu, kasu honetan ere, gramineoz eta beste hainbat landare belarkara mediterraniarrez osatutako belar-geruza agertzea arrunta delarik.
Abariztia degradatu denean (suteen edo artzantzaren eraginez, adibidez), edo lurzorua oso harritsua denean, erromeroz eta linuz ( Linum suffruticossum ) osatutako beste sastrakadi bat hazten da. Hau abariztia baino baxuagoa eta irekiagoa da eta Bardea Zuriko eta Beltzeko hainbat lekutan agertzen da, gaur egungo landare-komunitate arruntena delarik. Bertan aipatu bi espezieez gain elorri-triska, ezkaia ( Thymus vulgaris ), astaizpilikua ( Lavandula latifolia ), estrepa ( Cistus clusii ), fraide-burua ( Globularia alypum ), alkebelarra ( Dactylis glomerata subsp. hispanica ), erruda ( Ruta angustifolia ), etab. aurki ditzakegu.
Lehen esan bezala, aipatu hiru komunitate hauetaz gain, askoz ere baldintza ekologiko gogorragotan hazten diren eta ondorioz oso espezializazio-maila altuko landarez osatuta dauden beste zenbait komunitate aurki dezakegu.
Ekaitzetan eroritako urek garraiatutako materialen aldizkako metaketa jasaten duten lekuetan, gramineo bizikor handiz osatutako larrebelardiak hazten dira, bertako espezie nagusia albardina ( Lygeum spartum ) delarik. Era berean, gorotzen metaketa edo/eta ebaporazio handiaren eraginez, nitrato-kontzentrazio handia duten lekuetan, ardiak bazkatzeko erabiltzen diren lursailetan adibidez, Salsola vermiculata eta Artemisia herba-alba muluak nagusi direneko sastrakadi baxua hazten da, eta udako beroak eragindako ebaporazioaren ondorioz gatza azaleratu ohi den lekuetan berriz, gazitasuna jasateko gai diren landare gutxi batzuez osatutako komunitateak aurki ditzakegu, hauetako espezie aipagarrien artean Suaeda brevifolia eta Salicornia ramosissima landare zukutsuak, eta Limonium jeneroko zenbait espezie ditugularik.
Aipatu berri ditugun hiru komunitate hauek, ez dute lurzorua erabat estaltzen, eta baldintza klimatikoak egokiak direnean, nahikoa euri egiten duenean alegia, landare terofito ugariz (hau da, bizi-ziklo laburra duten eta ondorioz egoera egokiak ongi aprobetxa ditzaketen landare oportunistez) betetzen dira.
Leku hezeei dagokienez, ekaitzetako urak biltzen dituzten karkaba eta trokarteetan, espezie nagusia tamariza ( Tamarix canariensis ) da, zenbait kasutan lurzorua higaduratik babesten laguntzen duten basotxoak eratzen dituelarik. Urtegien eta ardiek edateko behar duten ura gordetzeko egin diren putzuen inguruetan berriz, ihiak ( Juncus sp. ), lezka arrunta ( Phragmites australis ) eta lezka hostoestua ( Typha angustifolia ) dira espezie aipagarrienak.
Bardeetako fauna, nahikoa dibertsoa izateaz gain, garrantzi handiko hainbat espeziez osatuta dago, hauetako batzuk Euskal Herrian, eta baita Penintsulan ere, oso gutxi direlarik.
Anfibioak Bardeetan zehar sakabanatuta dauden putzu eta urtegietan soilik aurki ditzakegu. Ugariena igel arrunta ( Rana perezi ) da, eta honekin batera apo ezproiduna ( Pelobates cultripes ), apo pikarta ( Pelodytes punctatus ), apo arrunta ( Bufo bufo ) eta apo pintatua ( Discoglossus pictus ) ere badaude. Kaudatuen artean berriz, uhandre marmolairea ( Triturus marmoratus ) eta uhandre palmatua ( T. helveticus ) ditugu.
Narrastiei dagokienez, dentsitate handitan agertzen ez diren arren, hauen espezie-kopurua handi samarra da. Sugandiletan txaradi-sugandila ( Psammodromus algirus ) eta sugandila iberiarra ( Podarcis hispanica ) ditugu, eta sugetan berriz, Montpellierko sugea ( Malpolon monspessulanus ), eskailera-sugea ( Elaphe scalaris ) eta suge biperakara ( Natrix maura ), azken hau urtarra denez, putzu eta karkabetan bizi ohi delarik. Hauez gain, aipagarriak dira gardatxoa ( Lacerta lepida ) eta eskinko hiruhatza ( Chalcides chalcides ).
Bardeetako hegazti aipagarrienetako batzuk ingurune esteparioetara moldatuta dauden hainbat espezie ditugu. Ingurune honen berezitasun nagusia tamaina handiko landareen babesik eza denez, bertako espezieek egoera honi aurre egiteko baliagarri zaizkien hainbat moldaera garatu dituzte. Horregatik harrapariek ikus ez ditzaten, zoruan kamuflatzeko balio duten lumaje arre kriptikoak izaten dituzte eta gainera, korrika ihes egiten dute, hegan egitea beste aukerarik ez dagoenerako utziz. Arrunta da zenbait espeziek arrautza asko jartzea (harrapariek eragindako galerak konpentsatzeko) eta askoren txitak nidifugoak izatea, hau da, jaio eta denbora gutxira habiatik ihes egin eta ezkutatzeko gai izatea.
Mota honetako espezieen artean, ganga azpizuria ( Pterocles alchata ), ganga azpibeltza ( Pterocles orientalis ), atalarra ( Burhinus oecdiemus ), Nafarroan gelditzen diren basoilo handi bakarrak ( Otis tarda ), honen ahaide den basoilo txikia ( Otis tetrax ), Dupont hegatxabala ( Chersophilus duponti ), txoriandre pispoleta ( Callandrella rufescens ), ezkai-txinboa ( Sylvia conspicillata ) eta banaketa zabalagoa duten beste hainbat espezie ditugu, ingurune honetan habia egiten duen harrapari bakarra mirotz urdina ( Circus pygargus ) delarik.
Dena dela, ez dira hauek Bardeetako hegazti interesgarri bakarrak; beste habitatetan ere balio handiko espezieak aurki baititzakegu. Aipagarriak dira, adibidez, pinudiko zata lepagorria ( Caprimulgus ruficollis ) eta kuku mottoduna ( Clamator glandarius ), labarretan habia egiten duten haitz-usoa ( Columba livia ) eta buztanzuri beltza ( Oenanthe leucura ) edo hainbat harrapari, hala nola arrano txikia ( Hieraëthus pennatus ), arrano sugezalea ( Circaëtus gallicus ), arrano beltza ( Aquila chrysaëtos ), aztorea ( Accipiter gentilis ), belatz handia ( Falco peregrinus ) eta zuhaitz-belatza ( Falco subbuteo ). Kontutan hartzekoak dira, halaber, saizuria ( Neophrom percnopterus ), eta sai arrea ( Gyps fulvus ) haratusteljaleen artean eta hontza erregea ( Bubo bubo ), hontza zuria ( Tyto alba ) eta mozolo arrunta ( Athene noctua ) harrapari gautarren artean.
Bardeetako ugaztunen kasuan ere, beste animali talde guztiekin gertatzen den gauza bera gertatzen da. Hau da, nahikoa espezie-kopuru handia dagoen arren, espezie hauek ez dituzte oso populazio handiak osatzen.
Talde honetako espezieen artean, hainbat mikrougaztun dugu, arruntenak landa-sagua ( Mus spretus ), soro-muxarra ( Elyomis quercinus ) eta satitsu arrunta ( Crocidura russula ) direlarik. Hauekin batera trikua ( Erinaceus europaeus ), aski ugaria den untxea ( Oryctolagus cunniculus ), basurdea ( Sus scrofa ) eta hainbat karniboro dago. Hauetarikugariena azeria ( Vulpes vulpes ) da, eta honekin batera basakatua ( Felis sylvestris ), erbinudea ( Mustela nivalis ), ipurtatsa ( Mustela putorius ), lepazuria ( Martes foina ) eta azkonar ( Meles meles ) bakanen bat ere aurki dezakegu.
Ikusi dugunez, Bardeek jasan duten giza eragina nabaria izan den arren, nahikoa ongi kontserbatuta daude oraindik ere.
Bardeek jasan duten giza eragina oso nabaria izan den arren, nahikoa kontserbazio egoera onean daude oro har, eta balio handiko zenbait leku badute oraindik ere. Nolanahi ere, ustiaketa-modu tradizionalen aldaketa dela eta batetik, eta bertara joaten den bisitari-kopuruaren gorakada nabaria dela eta bestetik, gero eta handiagoa da eskualde hau degradatzeko arriskua. Horregatik, behin baino gehiagotan eskatu da Bardeak babestea, baina orain arte gune konkretu batzuk baino ez dira babestu.
Dena dela, eskualde hau babesteko hartzen diren neurriak edozein izanda ere, ezin ahaz dezakegu edozein lekuren babesa bertara goazen guztion eskuetan ere badagoela.