Elhuyar Fundazioa
Atari terminoa, duela urte bete inguru sartu zen bete-betean hizkuntza informatikoan. Ez dugu esango denboraldi honetan hitz honen esanahia aldatu denik, baina bai erabat berritu dela. Orain artean, Interneteko atariak Yahoo!-ren itxurako web guneak ziren, eta gaikako sailkapena, bilaketarako aukera, doaneko posta elektronikoa, informazio-zerbitzuak etab. eskaintzen zitzaizkion erabiltzaileari Internetera sartu orduko. Teknologiaren garapenarekin batera, (eta merkatuaren eta konpetentziaren hedapena ikusirik, noski), zerbitzu hauek aldatzen joan dira. Gune hauek interes berezia dute erabiltzaileak zerbitzu honetatik espero duen guztia eskaintzeko, itxura erakargarria izatea alde batera utzi gabe.
Esandako honen adibide sortu diren atari berriak dira. Go Network adibidez (beta.go.com), Disney eta Infoseek-en elkartzetik sortutako emaitza izan da. Gune hau oraindik probatan ari bada ere, erreferente garrantzitsutzat jotzen dute adituek, bertan erabiltzaile arruntak bila dezakeen gehiena aurki dezakeela uste baita. Horrela, erabiltzaileak Internet-en igaroko duen denboraren zati haundi bat, Disney-ren gunetik atera gabe eman dezake. Bide berari jarraitu zaizkio Lycos (www.es.lycos.de), Yahoo! (www.yahoo.com) edo estatuan Telépolis (www.telepolis.com) eta antzeko beste atari batzuk.Bakoitzak aukera-multzo zabala eskaintzen du, baina beti ere erabiltzaile-mota jakin batentzat. Honen adibide izan daiteke Huesca-ko mendi-materialeko denda txiki batek zabaldu duen web orria (www.barrabes.com). Denbora gutxian Internet-eko atari bihurtu da, eta Microsoft, Intel, HP eta antzeko enpresek bultzata mundu-mailako mendizale guztien atari birtuala izatea nahi dute.
Atari berrien etorrera honek eskaintzen dizkigun abantailetan, MacAfee konpainiak kaleratu duena da interesgarrienetarikoa zalantzarik gabe. Mac Afee On Line (www.mcafee.com), atari adimentsu deitzen duten horietakoa da, eta bertatik gure etxeko ordenadorearen egoera aztertu eta izan ditzakeen arazoak Internetetik konpon ditzakegu, PC-a baldin badugu, noski. Gune honen bidez, Internetetik gure ordenadoreko disko gogorra txekea dezakegu birus bila, eta baita aurkitutakoak garbitu ere. Gainera, birusak eta hauek saihesteko era ezberdinei buruzko informazioa ere ematen digu. Beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen ditu, denda-birtuala (30.000 programa baino gehiago), doaneko posta elektronikoa, agenda, etab.
Interneteko atarien kasua, igandetako egunkarien antzekoa da: guztiek nahi dute gure etxean egon, eta horretarako galtzeko moduko gehigarri- eta informazio-kopurua eskaintzen digute. Azkenean zein erabili gure esku dago, egunkariekin bezala, eta gure asmoetara gehien hurbiltzen dena hartuko dugu.
|
Azken urtean konpainiak egindako estrategia-aldaketa dela eta, eta iMac-aren ezusteko salmenta-kopuruen ondorioz, badirudi Macintosh-en mundua berriro ere pizten ari dela. Horren adierazgarri dira aurten kaleratu diren iMac modelo berriak (4 kolore aukeran) eta G3 berriak ere. Honez gain, iMac-a kaleratu zenetik, 1.300 programa inguru argitaratu dira Macintosh-erako, eta USB motako 100 gailutik gora. Internet-en ere denda birtuala zabaldu du Apple-ek (www.apple.com/spainstore). Horrela norberaren neurrirako ordenadorea eros dezakegu, modemarekin edo gabe, CD ala DVD irakurgailua duelarik, etab. Web orriak unean bertan esango digu zein prezio duen aukeratu dugun konfigurazio horrek, eta erosiz gero etxera bidaliko digute bi asteren barruan.
Hori ez ezik, Apple-ek unibertsitateko ikasleentzako kanpaina hasi du mundu osoan. Helburua, ikasleek programa informatikoak garatzeko tresna aurreratuak erabili ahal izatea da, eta hauei Macintosh eta Internet-erako programa berriak sortzeko aukera emanez, etorkizunari begira egindako inbertsio garrantzitsua da zalantzarik gabe.
Donostiako Informatika Fakultateko IXA taldeak garatutako Xuxen euskarazko zuzentzaile ortografikoaren bigarren bertsioa dagoenekoz eskuragarri dago eta oraingoan doan gainera. Euskaraz idatzitako testuen akats ortografikoak antzeman eta zuzentzen dituen tresna da Xuxen. Euskaltzaindiak 1998ko uda arte emandako arau guztiak barneraturik ditu gainera. Windows-eko Office 97rako bakarrik balio duen zuzentzaile hau, honako helbidetik karga daiteke doan: http://www.euskadi.net/euskara_hizt
Idatzi ahala akatsak antzemango ditu Xuxen-ek eta gorriz azpimarratuko ditu. Kurtsorea oker dagoen hitzaren gainean jarrita, ondo dauden aukerak agertuko zaizkizu. Norberaren hiztegia ere elika daiteke; sarrerak gehitutakoan, sarrera horien flexioak ere onartu egiten ditu. Xuxenek ez ditu akats sintaktikoak edo semantikoak antzematen; hortaz, ‘Ni dut’ edo ‘hari eman du’ ontzat emango ditu. Zuzentzaile hau EHUko Informatika Fakultateko IXA Taldeak egin du UZEI eta Hizkiarekin lankidetzan, Inxight enpresako teknologia erabilita.