Artikutzako finkak 3.700 ha ditu. Lur guztia Nafarroan egonik, iparraldera Oiartzungo eta Lesakako lurrak dauzka mugakide, ekialderantz Arantzakoak, mendebaldean Goizuetakoak eta hegoaldean Labaien eta Zubietakoak.
Beraz, Gipuzkoarrok oso gertu daukagun lur-sail interesgarria da, zeren Gipuzkoak jasan behar izan dituen eta jasaten dituen naturarekiko astakeriak nabarmenak bait dira, eta Aralar eta Hernioko inguru batzuk izan ezik, naturzaleari bere osotasun guztian inguruak pauso gutxietara eskaini diezazkiokeen gozatzeko aukerak oso gutxi bait dira.
Honenbestez esana dago zer-nolako natur mota aurki dezakegun, baina Artikutza benetan ezagutzeko eta agian noizbait maitatzeko, historia-apur bat jakitea beharrezkoa da.
Artikutzako lur malkartsu hauek potentzial ekonomiko handia izan dute betidanik eta ondorioz lurralde honen humanizazioa ere aspaldikoa da. Gure Euskal arbasoek antzinatik ezagutu izan dute eta bizitzeko behar zuten guztia baso zabal hauetatik ateratzeak ez gaitu harritu behar.
Antzinako euskaldun haiek, ehiza eta fruituak jasotzea zuten bizitzeko aukera bakarra. Orduan, animaliak bizi ahal izateko aukerak paregabeak ziren Artikutzako geomorfologiari begiratzen badiogu, eta gaur egun ere bai, baso ezberdinen kokapen eta potentzialari so eginez.
Gizon haiek bizi izan zirela, batipat aurkitu diren egitura megalitiko ugariei begiratuz dakigu. Eta Artikutzaren barrenean zailtasun handiegirik gabe hauetako egiturak, aurki ditzakegu, tumulu, mairubaratz edo trikuarri itxuran.
Historian zehar pauso handi bat emanez, Behe Erdi Arora joko dugu; orduan jasan bait zuen bere lehenengo eta ia bakarra izan den eraso ekologikoa.
Basoz estaliriko lur honek jauntxoen tirabirak jasan behar izan zituen 1270. urtetik 1815. urtera arte. Urte hartan (1815), goizuetarrekin bat eginda, Artikutzako lurra gaur ezagutzen dugun eran moldatu zen, azkenik guztia Orreagaren eskutatik kanpo geratu zelarik.
Baina Erdi Aroaz geroztik, abeltzantzak eta batipat burdin metalurgiak izan zuen garrantzia. Eta horien bidez aipatu dugun eraso ekologikoan barrena sartuko gara. Hasieran “haizeola” zeritzen mendi-magaletan eginiko zuloetan urtzen zen burdina. Gero menditik ibaietara pasatu zen ustiapena, uraren indarra erabiliz eta benetako olak osatuz.
Hauek, “burdinola” izenekoak, asko ugaldu ziren denboran zehar, burdina lortzeko egituran etekina areagotu nahian aurrerapauso handiak jasan zituztelarik. Baina lur hau zibilizatzeak, nahiz eta gizartearentzat aurrerakada izan, sortu zituen ondorioak guztiz txarrak izan ziren naturarentzat. Egur-ikatza egiteko, basoak moztu, edota pagoak paga motz bihurtu zituzten; eta noski, minerala aterata ere, mendien egitura aldatu egin zen, harrobiak nahiz mendietan eginiko galeriak bide.
Beraz, burdingintzak paisajean bere aztarna sakon utzi zuen.
Azkenik eta aztergai dugun lur honetan orbainak nabariak zirelarik, Donostiako udala lur hauen jabe egin zen, eta bertako urak hartzeko erabiltzen du. Donostiak ordudanik lur honi kontserbazio integrala ezarri dio eta horregatik gaur egun Artikutzako lur-saila naturzale guztientzat aparteko inguru bihurtu da, bere antzinako itxura hartzen utzi zaiolako.
Historia-apur honekin eta Artikutzak Euskal kulturarentzat eduki duen garrantzia ikusirik, lur honek gaur egun eskain diezazkigukeen alderdiak aztertzera pasako gara.
Baso baten garapena eta naturarekiko interesa zuhaitzek duten adinari lotzen badizkiogu, eta Artikutzako basoak gutxienez 73 urte dituela kontsideratuz (birpopulaketa salbu noski), benetan kontutan hartzeko basoa dela ikusiko dugu. 1919. urteaz gero, gelditzen zen basoari beste baso gazteagoa lotu zitzaion, dagoeneko hazi ahal izateko 73 urte izan dituelarik. Beraz, antzina zuen baso-egitura lortzeko bidean da.
Landarediaren garapenari beste faktore garrantzitsu bat ere heldu zaio, denbora alde batera utziz: klima eta euri-prezipitazioak dira.
Euskal Herriko klima (kostaldean behintzat), bere berdintasun termikoan datza, hau da, gorabehera handirik gabeko tenperatura eta euri ugari izatean. Artikutzako klima deskribatzeko, esan dugunaren hiperbola dela eta Euskal Herriko klimaren adibide garbienetakoa dela esanda ez dut huts handirik egingo. Esate baterako, eta kostaldetik zuzen-zuzenean 20 km-ra dagoen estazio meteorologikoan 2.735 mm ur erortzen dira urte normalean.
Ur-kopuru edo proportzio hauek, munduko beste eskualdeetan benetako ohiana garatzeko ahalmena dute. Beraz, prezipitazio hauei, klima atlantiar honi (urtean zehar gorabehera handirik gabekoari), berez lur hauek duten emankortasunari eta 73 urte hauetako jendearen eragin ezari jaramon eginda, zer-nolako landaredia aurki dezakegun konturatuko gara.
Inguru honek eskaintzen digun alderdirik aipagarriena landaredia dela ohartuko zineten dagoeneko. Izan ere Artikutzako ia azalera osoa (% 90 inguru) baso zoragarriz estalirik dago gaur egun, eta horietako % 20 inguru da Donostiako Udalak birpopulatutakoa.
Baso guztiak nahikoa garapen eta egoera onean soma ditzakegu, baina Elama bailarak dituen baso ikusgarriak (bere urruntasunagatik agian) ongien kontserbaturikoak dira. Haran honetako erreken iturburu diren mendiak, Artikutzako garaienak dira, bere 1.054 m-rekin Arrainburu altuena delarik. Bere ondoan Loitzate mendia ageri zaigu, 1.046 m-rekin. Mila metroko beste bi mendi daude: Teruetako gaina eta Gurutzeta, 1.036 eta 1.007 m dituztelarik.
Altuerak handiak izanik ere, basoa hazteko baldintzen barnean daude eta ez dira, ezta urrik eman ere, pagoarentzat muga diren 1.600-1.700 metroetara iristen. Gainera pagoen hazkuntzari dagokionez, 500 metrotik 1.200 metro ingururainokoa da beraientzat altuera-tarte onena. Beraz, lur hauetako leku garaienetan ere, pagoak hazi beharko luke, baina ez dago horrelakorik, eta Artikutzako lurrak inguratzen dituzten mendien goikaldean, neurri handi batean behintzat, biluzik ikusiko ditugu, belar motzeko larreak osatuz. Egoera honen arduradunak, ardiak eta zaldiak dira. Abelburu hauei sartzeko eskubidea aspaldi debekatua izan arren, Donostiako Udalak begiak itxita segitzen du.
Esan beharra dago mendien goikalde hauek abeltzantzarako erabili izan direla aspaldidanik eta bertan berezkoa litzatekeen pagadiak, hazteko zailtasunak edukiko lituzkeela.
Baina basoa hedatzeari uko egin zaio, ardiei eta zaldiei larratzeko lekua libre utzirik.
Donostiako Udalak ia kontserbazio integral bat ezarri zuen, eta ondorioz abere hauek sarrera debekatua izan arren, lurralde hau inguratzen duen hesiaren barrukaldean ardi eta zaldiak nonnahi ikustea erraza da.
Beren kasa basoetan barna ibiltzeak, lurra eta batipat landaredia pobretzea dakar.
Abere hauek lur hauetan hain ugari diren onttoak ere jaten dituzte eta basoaren aurrepauso diren landare-zuhaiskak jan edo moztu egiten dituzte, berezko landareak eta oreka ekologikoa pixkanaka hondatuz.
Presio ekologiko hau alde batera utzirik, bertan oraindik aurki dezakegun berezko faunari dagokionez nahikoa ongi kontserbaturiko ingurua da.
Orkatzak, basakatuak, basurdeak, ipurtatsak, zapelaitzak, San Martin arranoxkak, martin arrantzaleak, ur-zozoak, eta urubiak dira agian aipagarrienak.
Beraz, giza aztarna, landaredi eta fauna berezia eskaintzen dizkigun lur-sail honetara gerturatzea besterik ez zaigu falta.
Horretarako, Donostiako udaletxera joan behar dugu, gure asmoen berri hango arduradunari emanez.
Jendea normalean erdi-erdian dagoen urtegiaren inguruan aurkituko dugu, aurkitzekotan, baina gozatzeko aukera ugari izango dugu lurralde liluragarri honen edozein puntutan.