Arriskua lurpean

Kaltzada, Pili

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Minek 800 lagun hiltzen dituzte hilero-hilero, gerra aspaldi bukatu bazen ere. Armadak erretiratu ostean, lurpean utzitako minak ereindakoan bezain arriskutsuak dira; edo arriskutsuago. “Bakean” bizi omen diren lurraldeetan 200 mila milioi mina omen dago, banan-banan eztanda egiteko zain.

Gaur egun, mundu osoko armadek erabiltzen dituzte mina eta submunizioak eguneroko ihardunean, defentsarako zein erasorako. Urtetik urtera indarra hartuz joan den alorra da suntsipen masiboa eragiten duten armen produkzioa, eta azken bolada honetan nagusi bilakatu dela nabarmen azaldu da. Hortaz, armagintza-sektorean diharduten enpresek horri eman diote lehentasuna, eta negozio erraza eta biribila gertatu zaiela esaten badugu, ez gabiltza oso oker. Izan ere, iritzi publikoaren haserrea arma nuklearren kontra bideratuta egon den bitartean, berau bezain arriskutsua den alorra sortu dute paraleloki.

Barreiaketa-bonba bat.

Hiztegiak dioenez , mina lurpeko edo urpeko lehergailua da, urrutitik lehertaraz daitekeena edota norbaitek edo zerbaitek zanpatzean eztanda egiten duena. Militarki aztertuz gero, bestalde, askoz zabalagoa azaltzen zaigu minaren adiera; EEBBetako Defentsa Batzorde Gorenak dioenez, edozein gatazka beliko zein gerra amaitu ostean indargabetu gabe geratzen den munizio-mota oro jo behar da minatzat. Honen arabera, hortaz, minen ezaugarri beretsuak dituen submunizioa ere suntsipen masiborako arma gisa hartzen da.

Mina terminoaren jatorria, antzina-antzinatik ezagutzen den taktika batetik datorkigu. Etsaiaren harresietara iristeko, lurpean egindako galerietatik urreratzen ziren soldaduak. Bolbora erabiltzen hasi zirenez geroztik, berriz, galeria horien bukaera aldean leherkaria jartzen zuten, harresietara hurbildu ezezik, erasoa ere egiteko.

Lehen Mundu Gerran Alemaniako armadak erabili zuen estrainekoz gaur egungo minaren aitzindaritzat jo daitekeen arma. Funtsean, eskuz erabiltzen zituzten granaden ezaugarrietan erreparatu zuten, eta hortik sortu, ostera, berau baino indartsuagoa izango zen arma. Granadaren espoleta gorantz jarri eta lurpean ezarri zuten. Tankeak gainetik pasa eta zanpatzean eztanda egitea zuen helburu, eta, jakina, bete-betean asmatu zuten.

Bigarren Mundu Gerran erabilitako minek burdinazko gorputza zeukaten, jatorrizko granadaren antzera. 1942. urtetik aurrera, berriz, beira, bakelita edo zurezkoak ditugu nagusiki, detektore elektromagnetikoak saihestearren. Urpean edo lurpean ezarrita, minak eztandarazteko sistema antzekoa da kasu guztietan. Ukitu txiki batek eragiten du leherketa mina sinpleenetan, baina bada urrundik eztanda eragiten duen mekanismorik ere. Azken hauek itsas minak lehertarazteko erabiltzen dira nagusiki.

Minen jatorrizko helburua tankeei erasotzea izan bazen ere, Bigarren Mundu Gerraz geroztik soldaduen kontrakoak ugaltzen hasi ziren. Gaur egun bi helburuak nahasten dira, eta, beraz, mina-eremuak mistoak dira ia kasu guztietan.

Submunizioen artean barreiaketa-bonbak dira aipagarrienak. Airean lehertzen dira eta inguruetan dozenaka bonba barreiatzen dituzte; segidan lehertarazten direnak edo mina moduan lo irauten dutenak.

Benetako arriskua agerian

Valsella arma-fabrikatzailearen mina-iragarkia.
Argazki hau ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra

Mina eta submunizioen garrantzia suntsipen masiboa eragiteko duten gaitasunean datza. Izan ere, airetik jaurti edo lurpean ezarrita, gatazka belikoak baino hildako eta zauritu gehiago eragiten dute. Kontutan hartzekoa da, bestalde, iraunkortasunak ematen diela arma hauei duten balio estrategikoa: lurralde batean ereinez gero, mina baten batezbesteko iraupena 40 urtekoa da. Hortik dator, hain zuzen, gerraren ironietako bat: gatazka amaituta ere, gerra-egoeran segitzen baitute biztanleek, normaltasuna berreskuratu ezinik.

Guzti honez gain, izugarri merkea da mina eta submunizioak erabiltzea. 3 dolarren truk eskura daiteke mina bat, berau indargabetzeak ia 1.000 dolarreko kostua duen bitartean.

Zibilak dira minen biktima nagusiak. Greenpeace erakundeak dioenez, 800 lagun hiltzen dira hilero-hilero edozein gerra ostetan soro eta bideetan utzitako minek eztanda eginda. Gaur egun, 200 milioi mina baino gehiago dago munduan zehar barreiaturik, banan-banan eztanda egiteko zain. Kanboian, esaterako, minek hiru bake urtetan hogei gerra-urtetan baino zibil gehiago hil dituzte.

Etorkizunari begiratuz gero, bestalde, ondorio ekonomikoak dira larrienak: lur oparoak ezin landu, azpiegitura hondatuak, kanpo-laguntzaren menpekotasuna... eta abar luze bat. Esaterako, Afganistan behar zituen elikagai guztiak ekoizteko gauza zen gerra aurretik. Egun ordea, janari-inportazioaren menpe dago.

Kanboia, Nikaragua, Vietnam edo Angolan gerra aspaldi amaitu zela ahaztu egingo dute agian, baina ondorioak luzaro pairatu beharko dituzte.

“FOB Karachi minak kalte pertsonalak eragiteko helbura dauka. Ikerketek baieztatzen digutenez, etsaia zauritzea hiltzea baino eraginkorragoa da. Zaurituriko soldaduak arreta handiak behar ditu eta horrek oztopoak sortzen ditu garraiabide- eta osasun-zerbitzuetan. Horrez gain, zaurituek min psikologiko handiagoa sortzen diote Armadari”.
Pakistango Armagintza Enpresa.

“Minek errefuxiatuak itzultzeko arazoak sortzen dituzte. Garapen ekonomikoa baldintzatu, etengabeko kaosa sortu eta oreka politikoa berreskuratzea ezinezkoa egiten dute.”
EEBBetako Estatu Batzordea. “Itzalpeko Hiltzaileak” izeneko txostena.

Armagintzaren besoak Euskal Herrian

Gaur egun mundu osoko mina eta submunizioen produkzioa 50 bat enpresa edo talderen esku dago; EEBBetako Alliant Techsystems, Italiako Valsella Meccanotecnika (FIATen menpekoa) edo Txileko Cardoen dira horietariko batzuk.

Euskal Herrira etorrita, EXPAL (Explosivos Alaveses S.A.) enpresak bere kontrolpean dauka Estatu Espainar osoko mina eta submunizioen produkzioaren zatirik handiena. ERCROS taldearen menpe dago, eta, beraz, KIO kuwaitarrarekin estu lotuta. Gasteizen sortu zen 1946.ean eta 1960.eko hamarkadan izan omen zuen bere garairik onena. Hala eta guztiz ere, gaur egungoak ez ei dira sobera txarrak; urteko fakturazioa 10 12.000 milioi pezetakoa izaten baitu. Gasteizen egindako minen bidea zein den zehatz jakiterik ez dago, subkontratuen bitartez burutzen baitira operazio ekonomikoak. Zehatz jakin ahal izan dugun gauza bakarra hau da: estatu espainarreko armada dela EXPALen bezerorik “zintzoena”.


Populazio zibila dago minen arriskupean.
Argazki hau ongi ikusteko jo ezazau PDF-ra
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila