Orain dela berrogeitamar urte edo gehiago, nik ezagutu nituen treineruen karel arteko neurria, oraingo treineruetan baino estuagoa zen.
Gerora, untzigileak txalupak goi zabalagokoak egiten hasi ziren, arraunen estropu-lekua beheratu eta (beren ustean) arraunketa errazagoa izan zedin. Eta baita lortu ere.
Ondoren zer gertatu da?. Arrauna luzera berdintsukoa eta bere pala ere lehengo neurritakoa (edo estuagoa) izanik, indar egitean uretan itsatsita egon behar lukeen arraun-pala (erresistentzi besoa txikiagotuz) irristatu egiten da arraunlariak egiten duen indarraren zati bat, bidean galduz.
Hau horrela esanda, nahikoa ulergaitza gertatzen da. Goazen, beraz, gaia sakontzera.
Hasiera batean eta arrauna palanka dela kontuan izanik, bereiz ditzagun honek indar edo potentzia, erresistentzia eta euste-puntua edo apoioa non kokaturik dituen.
Arraunak indar egiteko lekua edo potentzia non duen galdetuko banu, denon erantzuna hau izango litzateke: arraunaren helduleku edo tibortan.
Goazen orain euste-puntura. Arraunak euste-puntua non du? Bada, arraunak euste-puntua, uretan du, edo hobeto esan, palan. Arraunak euste-puntua toletan edo estropu-lekuan, urez betetako ariketak egiten ari denean bakarrik du, bestela ez. Eta honi buruz, ez eduki ezbai-izpirik, edo ez jarri zalantzan, nahiz eta arraunean ibili garen guztioi (neroni barne naizela), euste-puntua toletan dagoela iruditu.
Erresistentzia, estropuaren bidez, arraunak toletan du. Arrauna, beraz, bigarren motako palanka da.
Zer gertatzen da arraun-pala estutzen badut? Bada, hor izendatu dugun euste-puntu hori ez dela apoio-puntu; puntu higikorra baizik. Eta nik egindako indarrak, txalupa aurreratzeko izan beharrean, ihes egiten du uretan, arrauna desplazatuz. Horren ondorioz, errendimendu delakoaren portzentaia handi bat galdu egiten da. Horregatik inola ere egin behar ez dena, arraun-palak estutzea da, (ikus goiko errekoadroko garapenak). Ez da egin behar inoiz entzun izan dudana; alegia, palak estutu eta arraunkada sarriago eman...
Hau horrela esanda palanka fisika aldetik aztertu ez dutenentzat ulergaitza denez, goazen froga praktiko baten berri ematera.
Ni ez naiz arraun-lehiaketan behin ere ibili, baina garai bateko anguletan eta batez ere izkira-arrantzan, askotan ibilia naiz (txalupaz bi arraunean, noski) bazterka. Nahiz ababorretik nahiz istriborretik, toki-ezak eraginda bazterreko zotal edo harriari arraun-pala itsasten bazaio, gerriak bilatzen ditu, baina bai txalupa bikain asko aurrera joan ere! Zergatik? Bada, nere arrauna bazterrean itsatsiz mugitzen ez delako eta nik egindako indarra, bidean galdu gabe txalupa aurreratzen ehunetik ehun ari delako.
Nik askori galdetu izan diot: arraunak palanka gisa euste- edo apoio-puntua non du? Gehienek, “estropu-lekuan”, erantzun didate. “Bada, hori sinetsita hagoen bitartean, hik ustez onerako egiten dituan aurrerapen guztiak, oso-osorik kalterako dituk”, izaten da nere erantzuna.
Nik ziurtasun osoa dut, Europa edo Amerikan zehar dabiltzan arraunketa-teknikari horietako bat honantz etorriko balitz, iseka-barrez lehertzen hasiko litzatekeela hemengo jokaera ikusi hutsarekin.
Nere zuntzeko arraunek, (esku bakarrerakoek) uretan irrist egiten zidatela konturatu nintzenetik nuen gogoa (ez noski zuntzezkoak direlako; erresistentzi beso txikikoak neuzkalako baizik) eta aurten arraun horiei, estropu-lekua goratu egin diet. Horrela arraun-luzera lehenean dela eta potentzi besoa ere bai, noski, erresistentzi besoa luzatu egin diet.
Horrela zer aurreratu dudan? Gehien bat, proba egite aldera luzatu diet, baina hiru zentimetro goratuarekin, batetik bide luzeagoa garatu dut arraunkada-arku bakoitzeko eta garrantzizkoagoa dena, pala uretan irristatzea eragotziz nabarmen azkarragotu naiz
Askori entzun izan diet “arraunlari horrek, ur-bihurri edo azabururik ateratzen al ziok bada?” esaten, eta erantzuna hau izan da: arraunak, ondo dabilela behintzat, ez du ur-bihurririk atera behar, oso azkeneko irteeran ez bada, zeren horrek euste-puntuaren desplazamendua dagoela esan nahi bait du eta begira dagoenari iruzur besterik ez dio egiten; arrauna zeharka sartzen ez den bitartean, noski. Izaten bait dira arraun-pala uretan ihesira sartzen dutenak ere.
Gogoan dut 1973. urteko abuztuaren hamalauean Santoñan jokatutako Espainiako txapelketarako kanporaketa. Oriotarrek erraz gainditu zuten hurrengo eguneko azken estropadarako proba.
Biharamunean, gure anaia Marianorekin, hamaika t’erdietako mezatik irteeran topo egin nuen eta ea zer-nolako estropada ikusi zuten galdetu nion. Erantzuna hau izan zen: “Zer esatea nahi duk. Oriotarrek arraunean egiten dutenik ez dik ematen, baina azkar joaten dituk”.
Hona hemen garbi asko: “azabururik” ez, baina txalupa garbi aurrera. Begira dagoenarentzat ulergaitza da, baina honen arrazoi ezkutua: arrauna uretan itsatsita ibiltzea. Arraunak ez du pasa behar. Pasa behar duena txalupa da; nahi bada arraun-pala zabalduz edo erresistentzi besoa neurtuz, baina beti-beti palak uretan irrist egin gabe.
Planteamentu honetaz, arraunketan ibili den edo dabilen batek baino gehiagok esango du baldintza horrekin ez dagoela jarraitzerik. Hor ibiltzen zarete, bada, tosta higikorrean zabiltzatenean! Ez noski, minutuan berrogei arraunkada joaz (lehertuta geldituko bait litzateke), baina zer da hobe: arraunlarien indarrak pala irristuz leher egin arte galdu eta gutxi aurreratu, ala bakanago jo eta indarrak arraunketa-arku handiagoa eginez hobeto aprobetxatu?
Nik ez dakit hor arraunketa-kontuan dabiltzanak itsuak ez ote diren. Esanez ari dira bide berean arraunketa arinean joan edo indarrean eragin kronometroan ez zaiola indarrean egiten den alde bera bilatzen. Ezta gutxiagorik ere! Hara hemen garbi asko, indarra handiagotuz arraun-palak egiten duen irristada eta errendimenduaren beherakada non ikus daitezkeen (kontura zaitezte tosta finkoko arraunketaz ari naizela; batel nahiz treineruez).
Ni beti izan naiz hasierako txanpa horren aurkakoa, zeren arraunketa luzean txalupa gehiago joaten ote den iruditzen bait zait, eta garapenak hemen ere nere alde ateratzen dira, kalkuluak eginda beste orrian ikus daitekeenez. 1970ean adibidez, Orioko arraunlari-taldeak ez zuen txanparik jotzen eta hala ere aurrera lehenengo arraunkadatik ateratzen ziren, nahiz eta, ikuskizun bezala, begira zegoenarentzat hain ikusgarria izan ez.
Gu gazte ginela, estropada aurreko larunbatez, (Donostiakoaz ari naiz, noski), plaza erdian jartzen zen treinerua, eta denok aritzen ginen lapitz-hautsa ematen beltz-beltz eginda. Gogoratzen naiz aldamenean artean arraunlari zela Inaxio Manterola “Txokolatek”, isekaz nola esaten zigun: “Lan hori ondo egin edo apur bat okertxeago egin, hiru itsas milia egindakoan segundo baten alderik ez duk izango, baina nik hiru edo lau estropu eramaten dizkiat eta itsas giroa ikusita, ondoren aukeratu (lasaixeago edo estuago) jokatzeko estropua. Honekin bakarrik gizon bakoitzak bi edo hiru segundo irabaz zitzakek eta askotan askoz gehiago. Ea noraino iristen den jokoa”. Arrazoi handia benetan.
Badago nere ustetan erabaki gabe dagoen beste gai bat: ziabogarena. Hor aritzen dira horrela baino bestela hobe dela eta ez dela. Behin ere egin ote dute proba sakonik honi buruz? Nik dakidan gauza bakarra hau da: gaur egun estropada gehienak hiru ziabogarekin direnez, hor ere arreta handiagoa hartzeak mereziko lukeela. Ziaboga bakoitzean gal daitezkeen denborak gogoan izanik, behin-betirako erabaki behar litzateke zer den onena. Neretzat ziaboga ona ez da 180 gradu azkarren egiten dituena; ziaboga baino lehen erreferentzi puntu bat hartu eta bira egin ondoren berriro puntu horretara denbora gutxienean datorrena baizik. Gehienetan treinerua barrura begira azkar jartzearen grinaz, abiadura dena geratzen da, patroiak, zeharo zuzendu arte, arrauna trabeska erabiliz. Ziabogarako ere, nere uste apalean, txalupak atze harroarekin abantaila guztiak behar lituzke izan.
Lehiaketa itsasoan denean, ziabogarako gorabehera handia nola suertatzen denean dago; olatu-bizkarrean izan edo sakonean gertatu. Sakonean bada, beti ziaboga neketsuagoa izango da, baina beti ere atze harroarekin hobe.
Azken urte hauetan badago beste gai bat ere: toletatik tostarako tartea. Batetik tarte hau handiagotu eta bestetik gorputza atzera etzan. Arraunketa-arkuaren erdikaria untziarekiko elkartzut izan beharrean, zeharo desplazatua darabilte, eta hor, fisika aldetik begiratzen badiogu, arrauna saiheska erabiliz istriborra ababorraren aurka dabil, indarra saihetsetik eraginez (askotan arraun-pala uretara sartzeko tolet-paretik iraganez).
Zer gertatzen da honen ondorioz? Indar fisikoen garapenak egiten baditugu, emaitza-gezia norabide zuzenean beharrean saihetsera begira ateratzen da, ondoriozko kalte guztiekin. Eta arrauna estropuari lotuta dabilenez, atzera etzatean arraun hori derrigorrez kokotzera ekarri beharrean aurkitzen da arraunlaria.
Arraunketa-munduan dabiltzanekin eztabaidatu izan dut gai hau. Erantzuna, “ondo frogatua dutela eta horrela kronometroz neurtuta azkarragoa dela” izan da.
Kronometroz neurtua bada, ez du iruzurrik eta hala izango da. Baina fisika aldetik begiratuz zentzurik ez duenez, nere galdera hau da: ez al da izango, arraunketarena delako ustetan, kargak atzeraegi eduki eta hamahiru gizon etzatearen eraginez grabitate-zentrua aurreratuz txalupak abiadura-segidarako baldintza hobea izatea?
Nere ustetan arraunketa-arkuak, arku honen erdikaria tolet-parean norabidearekiko elkartzut dela izan behar du (txaluparen abiadura kontutan hartzen badugu, atzera baino hobe aurrera zertxobait izatea, urari heltzen hasterako). Begira tosta higikorreko arrauna nola dabilen! Noski, arku honek ahal den handiena izan behar du.
Lehenago aipatu dudan toletetik tiborta-bitarte hori handiagotuaren ondorioz, arraunlarien toki-eza ere gertatu zen, eta horren eraginez, tosta-tarteak ere handiagotu beharrean aurkitu ziren. Mende hasierako argazkiren bati begirada bat ematen badiozu, garbi asko ikus dezakezu orduan gizonak txalupan askoz ere aurrerago kokatzen zirela. Baina tokia izateagatik tosta-tarteak handiagotuz, arraunlariak atzerago bota beharrean aurkitu ziren, gaur egun ababor-hankekoa, istribor-hankekoaren tosta berean esertzeraino (kontuan izan traineruez ari naizela), grabitate zentrua atzeratuz eta, noski, uhin edo olatua hartzeko baldintzak zeharo desorekatuz. Hona hemen (nere uste apalean) lehenago aipatu dudan gorputz-etzate horren eraginaren arrazoia.
Gai honi jarraituz eta gu gazte gineneko Donostiako estropadak gogoratuz, askotan ikusi izan dugu popan olatu bat hartu eta bakoitzari hogei arraunkada baino gehiago jotzen. Gaurko estropadetan, lau edo bosteraino inor iristen al da? Zergatik Donostiako Kontxan kai aldeko baliza besteak baino txarrago da orain? Duela berrogeitamar urte edo gehiago, donostiarrek “bat” bola berotuta sartzen omen zuten poltsara hura ateratzearren. Baliza txarrena aukeratzeko bezain tentelak ote ziren? Guzti hau ez al da txalupak zuzen ibiltzearen grinaz edo kargak atzeraegi daramatzatelako toki izateagatik izango? Zeren garai hartan Donostian lehenengo balizatik zetorren traineruak, bi puntetatik barrura aquarium edo kai aldetik sortzen zen olatua hartuz, behin baino gehiagotan irabazi bait zuen estropada, untzia hala prestatuta zeukatelako.
Guzti hauek galdera bezala geldi bitez, baina ez bedi azken urte hauetako batean Orioko estropada-batzordeko batek neri esandakoa gerta; alegia, txalupa atze sartua, olatua hartzeko hobeto prestatzen dela!!
Beste batean, hirurogeitamalaugarren urtean uste dut zela, estropadatik estropadara Orioko txalupa okerretik okerrera zihoala, arraun-kontuan aurre samar ibiltzen zen batek honela esan zidan: “Ezinean dabiltzala ikusirik, arraun-palak honenbesteko bana estutuko nizkieke” (behatz txikia erakutsiz). Bukatu orduko nere isekazko erantzuna: “Kontxo! Pixka horrekin halako aldea badago, zergatik ez hamarna zentimetro estutu? Horren erantzunik ez...
Hau batean, arraun-lehiaketa askotan parte hartutako bati kontatu nion, eta honek: “Inoiz edo behin palak estutuarekin alde ederra somatu izan diagu bada”. Eta nik erantzun: “Aldea izango ez duk ba? Baina lehen baino gutxiago joan aurrera”. Erantzuna: “A! horrela izango duk bai”.
Ez naiz gogoratzen noiz, baina urte batean “Michelin” eta Orio bata bestearekin larri zebiltzan, oriotarrak eder-begira aurrean zirela. Hor aurre samar ibiltzen zen batek, honela esan zidan beldurrez: “Lasartearrak arraun-palak estutu egin omen dizkitek hurrengo estropadarako”. Nere erantzuna hau izan zen: “Beste ezeren beharrik ez diagu. Orain bai erraz irabaziko diegula. Halaxe ikusi genuen hurrengo lehiaketan.
Ez dakit inoiz begira egon zareten, baina negu aldean outriggerrak hasten direnean, lehorretik edo aldameneko txalupatik begiratuz (goitik behera begiratuz hobe), arraun pala sartzen den tokian nola batere mugitzen ez den ikusiko duzue, txalupak aurrera dotore asko egiten duen bitartean.
Beste kontu bat: oraingo teoria, arrauna uretan ahal den azkarren pasatzea omen. Hau ona izan daiteke, eta hala izango da outriggerrean, untzia arin eta liraina delako eta arraunlariak ahalegin guztiak eginarren arraun-pala sartzen den tokian gelditzen delako. Traineruan ere horrela egin behar luke, baina traineruak tosta higikor horien antzera ihes egiten ez duenez, eta hor (oraingo arraun-baldintzetan behintzat) arrauna irristatu egiten dela ikusirik, nere ustetan traineruko arraunketak bestelakoa behar du izan.
Garai batean, Galiziakoek egiten zuten arraunketan horrela eta hemengoek iseka egiten genien.
Arraunean horrela eginda, ez al duzue ikusten (pala estua edo tibortatik toleterainoko tartea handia bada, oraindik nabarmenago) arraunak uretan irrist egiten duela eta gizonak egiten duen indarraren portzentaia handi bat hemen galtzen dela? Hau erabat ona litzake palak irrist egingo ez balu!
Duela hogeitamar bat urte, artean arraunak estropu-parean arraspaz igurtzi (txantel edo txaplata ere bai) eta arraunetan marrak ...!! egin eta txirbila ateraz ibiltzen zirenean, egun batez orduan arraunketa-batzordeko zirenei, estropu-parean zerbait leungarria jartzea proposatu nien. Baten erantzuna (Jaungoikoaren hurrengo zen Orion arraunketa-kontuan neri erantzun zidana) hau izan zen: “Ez al duk ikusten arraunak ihes egingo lukeela? Eta nik erantzun: “Ez, ez, arraunean dakienari ez dio arraunak ihes egiten, baina hala eta guztiz ere zergatik ez jarri tope bat? Zergatik daramate tosta higikorrekoek denek tope hori? Neri erantzun zidanak, zer esate ote du orain, Galiziatik Hondarribiarainoko guztiek estropu-lekuan plastikoa jarrita dabiltzala ikusirik?
Beste aldaketa bat ere badago lehendik orainera. Garai hartan olatua (nahiz txikia izan) nabari orduko prestatzen ziren hura hartzera. Gaur egun hori egin ezin!! Nik askori esan diet untziak kargak atzera begira badauzka behar bezala olatua hartuko duen patroirik ez dagoela. Olatua itxuraz hartzeko, aurretik behar du untziak horretarako prestatua egon (atzez sartua beharrean aurrez behera). Noski, bere neurri baten barruan, eta ez orain ikusten diren bezala, olatua hartu eta bi edo hiru arraunkada jo baino lehen txaluparen gila aurretik bi metro agerian dutela. Baldintza horietan alferrik egingo ditu patroiak ahaleginak, olatuak beti-beti ihes egingo dio eta.
Zergatik izaten zuen hankeko arraunlariak eta ababor-hankekoak bakoitzak bere tosta? Bada, oso erraza: olatuak, istribor-hankeko arraunlariak patroiaren aginduz berari laguntzeko toki izan zezan (zia egin edo estokean arrauna sartuz), gainerako arraunlariei enbarazurik egin gabe. Gaur ez dago horren beharrik, zeren txalupa zuzen etortzen bait da nere ustez (hor lehenago aipatuaren eraginez) atze-sartua darabiltelako (ur-mordoren bat barruan ez badute behintzat).
Nik, gai hauetaz arduratu baino lehen, bati baino gehiagori entzun izan nion “palanka handiagotu eta palanka txikiagotu” esaten. Baita urte batean arraunak moztu eta Bilbon estropada irabazi zutela ere. Proba guzti horiek automata gisa egiten dituztelakoan nago; badaezpada jokatuz, eta arraun-pala euste-puntu denik ulertu gabe. Orain ez dakit arraunlari bakar batek ere arraunen desoreka berdintzeko tibortan berunik daraman. Hara hemen ere non ikus dezakegun lehen palanka-besoak gogorrago erabiltzen zituztela, honekin ere uretako desplazamendua eragotziz.
Gai hauekiko ikuspuntu nagusia bakarra da: beti-beti arraun-palak uretan ondo josita egin behar du lan, eta arraunak euste-puntua uretan duela.
Beste oker handia, arraun bigunarena da. Asko eta asko dira oraindik ere arraunak bigundu egin behar direla pentsatzen dutenak. Arraun biguna bada, ez al duzue ikusten arraunlariak egiten duen indarra bidean galtzen dela, eta zenbat eta arraunketa azkarrago, okerrago dela? Arraun biguna iruzur-bide besterik ez da, arraun-pala estua bezalaxe (honek irristadan aparra ateratzen bait du, begira dagoenari iruzur eginez). Zergatik dira tosta higikorreko arraunak hain gogorrak? Gai honi buruz, azterketak guk baino hobeto ez ote dituzte egin?
Nik hemen argitaratu ditudan ikuspuntu guzti hauek, beren oinarria badute (nerea ez; fisikoa baizik) eta ziurtasun osoa dut lehenengo aintzakotzat hartzen dituenak bete-betean asmatuko duela.
Arraunketa-zikloak, pala uretan irristatu gabe eta irristatuz
Hiru itsas mila 5.555,56 metro dira. Bide hau 20 minututan egiten dugula eta minutuan 32 arraunkada ematen ditugula kontsideratuz, arraunkada bakoitzean:
5.555,56/(32 . 20) = 8,6806 metro egingo lituzke.
Honek arraunkada bakoitzean, gizonaren eraginaz gehi abiaduraren eraginaz joaten dela txalupa esan nahi du. Gizonaren eragina txikia bada, abiadura ere proportzio berean txikiagoa izango da, noski.
Har dezagun orain gizonaren eragina “F” grafikoan.
Estudio honetarako, dei diezaiogun “w“ arraunak garatzen duen arkuari, “L” arraun-luzerari, estropu-lekutik palaren erdira bitartean hartuta, eta “A” arraunkada bakoitzean txalupa aurreratzen denari.
Elementu bakoitzari balio desberdinak eman eta aldeak atera.
Ikus dezagun orain, “G” grafikoan, palaren irristadaz gertatzen den atzerakada. Hemen ere ikus aldeak balio-aldaketen bidez.
Hasierako txanpa-arraunketa eredutzat hartzen badugu eta arraunkadak minutuko bikoiztu egiten direla baina aldi berean arku-garapena erdira edo gutxigora murrizten dela kontsideratuz balioak emanez, hemen ere matematikak ez diola gezurrik eta txalupa arraunketa-arku handiago eta lasaiagoz, gehiago aurreratzen dela ikusten da. Horrez gain arraun-palaren desplazamenduak ere hor arrisku handiagoa du.
Traineruko arraunaren neurriak
Grafikoki ere, ikus arraun-pala uretan irristatzearen ondorioz arraunkada bakoitzean zer-nolako atzerakada gertatzen den.
Kontutan hartu arraunketan irristatzearen ondorioz sortzen den beherakadaren eraginez ziklo bakoitzean abiadura ere portzentaia berean txikiagoa dela.