Birika-ehunaren inflamazio edo hantura da pulmonia. Erasandako birika-zatia kondentsatu egiten da, eta trinkotuta geratzen da. Aireak, beraz, ezin du zati horretara sartu.
% 90ean germenek sortua da, bakterioek eta birusek batez ere, eta kasu gutxi batzuetan onddoek sortua. Normalean pneumokokoa da pneumoniak sortzen dituen bakterioa.
Beste arrazoi batzuei ere leporatzen zaie alborengoak sortarazteko gaitasuna; erradiazioei edota gas toxikoen inhalazioari, adibidez, besteak beste.
Pneumoniak heriotza-arrazoien artean bostgarren edo seigarren postua du mundu osoan, nahiz eta azken urteotan portzentaia hori nabarmenki behera etorri den. Usuagoa da hiri handietan eta baldintza desegokitan bizi diren pertsonengan ere bai.
Normalean pulmoniak muturreko adinetan izaten dira gehiena; alegia, gaztaroan (haurtzaroan batez ere) eta zahartzaroan.
Pneumoniarik ohizkoena pneumokokoak sortua denez, ondoren bere sintomak azalduko ditugu: normalean bapateko hasiera, hotzikara gogorrak, bularreko mina (arnastean areagotu egiten da), sukar altua, eztula, karkaisa (kolore nabarrekoa), eta ahulaldia, grabedade itxurarekin.
Beste bakterioek sortutako pneumoniek ere, antzeko sintomak dituzte. Birusek sortuak, ordea, pixkanaka hasi ohi dira eta gainera mina gorputz osora hedatzen da (buruko mina bereziki), eztula lehorragoa da eta karkaisak ez hain ugariak. Bestalde, ez da hotzikararik egoten eta gaixoaren egoera orokorrari ez zaio hainbeste erasaten, pazienteak nahikoa ongi dagoela (edo sentitzen dela behintzat) esaten duelarik.
Biriketako erradiografietan zonaren batean ea kondentsaziorik dagoen ikus daiteke (susmoa, dena den, auskultazioak nolabait konfirmatua dauka lehenagotik ere). Odola ateratzea komeni da, kultibo baten bidez infekzioa zein germenek sortua den zehazteko.
Bakterioengatiko pulmonia denean antibiotikoak hartzea agintzen da. Birusak direnean berriz, atseden hartzea aginduko zaio pazienteari, eta eztula arintzeko eta sukar altua jaisteko neurriak besterik ez dira hartuko. Lasaigarriak eta inhalazioak ere mesedegarri dira. Kasu grabeagoetan oxigenoa ematea beharrezkoa izan daiteke.
Pneumoniak jotako gaixoen asistentzia
Medikuari galdezka Pulmonia batek derrigor eskatzen al du ospitalizatzea? Edota, noiz da posible etxean tratatzea? Pneumonia gauza serioa da, nahiz eta pertsona sendo eta gazteengan, tratamendu egoki batekin, oso eboluzio ona eduki. Gaixoa ospitalizatzeko edo etxean tratatzeko aukera hori, kasu bakoitzean infekzioaren grabedadeak erakutsiko digu, eta hori erradiografietan eta analisien emaitzetan ikusten da. Oro har, berrogeitamar urtetik gorako pertsonak edota oso ume txikiak ospitalean ingresatzen dira, eta beste gaitzen bat (diabetes, asma, etab.) dutenak ere bai, gaixotasun hori deskonpentsatzeko arriskua somatzen denean. Ingresatzea beharrezkoa izan daiteke, arrazoi sozialengatik edo familiaren aldetiko zailtasunak direla eta, pazientea bere etxean behar bezala atenditu ezin denean. Zein dira bronkitisaren eta pulmoniaren arteko berdintasunak eta desberdintasunak? Bronkitisa (kronikoa batez ere) jasaten dutenen infekzioa, bronkioetan kokatzen da, eta pneumonian berriz, infekzioa biriketan dago. Sukarra, karkaisak eta eztula gaitz bietan agertzen diren sintomak dira, eta ondorioz, oso posible da gaixotasun edo prozesu horiek nahastea (hasieran batez ere). Baina, hotzikarak normalean pneumonian izaten dira, eta bestalde, honek larritasun-itxura handiagoa du. Dena den, diagnostiko bereizlerik hoberena toraxeko erradiografiak ematen du: bronkitisa bada, ez da inolako alteraziorik agertuko biriketan, baina pulmonia baldin bada birika-kondentsazioa ikusiko dugu, h.d. mantxa dentso bat, erasandako birikan. Familiako batek pulmonia badauka, berarekin batera bizi direnak erraz kutsatuko al dira? Pertsona bat osasun-egoera onean baldin badago, gaixotasuna ez harrapatzeko adina defentsa badauka. Eta nahiz eta pulmoniak jota dagoen norbaitekin bizi, eta nahiz eta airean dauden germenak inhalatu, horietako oso germen gutxi iritsiko da biriketaraino; bere defentsa-mekanismoak (eztula, mukia, globulu zuriak) horiek kanporatu eta deusezteaz arduratuko baitira. Oso germen aktiboak (tuberkulosiaren baziloak, adibidez) baino ez dira iritsiko, inhalatu ondoren, birikari erasatera. Alborengoa harrapatzeko modurik usuena norberaren eztarrian dauden germenen transmiziozkoa da. Germen horiek faringean daude normalean, eta aire-bidera sartu nahi dutenean eliminatu egin ohi dira. Baina defentsa-mekanismoak porrot egiten badu edota, germen askotxok sartzea lortzen badute, biriketako infekzioa sor daiteke. Zer dira pneumonia “atipikoak”? Ohizko pneumoniaren sintoma erradiologiko normalak eta ezaugarriak ez dituenari deitzen zaio pneumonia atipiko. Azken urteotan, aurrerapen zientifikoei esker, identifikatu ahal izan dira ohizko pulmoniak sortzen dituztenak baino mikroorganismo arraroagoak. Arraroak edo “atipikoak” izateak, ez du esan nahi derrigor besteak baino grabeagoak direnik. Baina garrantzitsua da garaiz detektatzea, tratamendurako ohizkoak ez bezalako antibiotikoak eskatzen dituztelako. Antibiotikoak kasu hauetan beti al dira beharrezkoak? Ez horixe. Pneumonia bakterioek sortua denean baino ez. Gaur egun, antibiotikoei esker, eta elikadura hobea delako, pneumonia bakterianoak ez dira hain ugari eta asko dira birusek sortutakoak. Pulmonia biriko hauek aldez aurretik osasuntsu zegoen pertsonak jasaten dituenean, oso eboluzio ona dute eta berez sendatzen dira. Tratamendu bakarra gaixoaren egoera orokorra modurik onenean mantentzea da, atsedenaren eta elikadura eta hidratazio egokiaren bidez. Edari beroak, antitermikoak eta eztula arintzeko lasaigarriak eman ohi dira. Zerbait “kontrako eztarritik” joan eta posible al da pulmonia edukitzea? Janari-zatiak arnasbideetara sartzen badira, erraz izan daiteke pulmonia. Arraroa dirudien arren, bronkioetara edo biriketara janariak sartzea, uste baino gehiagotan gertatzen da: lo egonik, gorakoak dituzten pertsonengan gertatu ohi da, edota indarrez jaten edo edaten ematen bazaie kontrako eztarrian trabatuta bezala geratzen zaienean. Baita pertsona anestesiatuengan ere, edota gaixotasunen batengatik behar bezala irentsi ez edo eztul-erreflexua desagertzen denean. Gainera, normalean janariarekin batera germenak ere sortzen dira eta, ondorioz, pulmonia sortzen da. Substantziak urdailetik badatoz, bertako azidoak ere lesioak sor ditzake. Aspirazioagatiko pulmonia oso grabea da. Beraz, erabat esna edo despejatua ez dagoenari inoiz ez eman derrigorrez janari edo edaririk. Ez al dago pulmoniaren kontrako txertorik? Amerikako Estatu Batuetan probatu da txerto bat pneumokokoek sortutako pneumoniaren kontra, hau baita bakteriorik usuena. Txerto honek nahikoa babes eraginkorra ematen du. Eta ez litzateke batere txarra txerto hori gaixotasuna harrapatzeko joera handiagoa duten pertsonengan erabiltzea: paziente kardiako, edota gaitz bronkopulmonarrak jasaten dituztenengan; barea erauzi zaienengan (hauengan defentsak asko jaitsita baitaude); pertsona desnutritu, zahar eta ahulduengan, oro har. Bestalde, txertoa ez litzateke inoiz haurdunaldian hartu behar, eta umeak, arrisku handia dutenak baldin badira, sei hilabetetik aurrera txertatuko dira, bi urterekin txertaketa errepikatuz. |