Araztasunaren kontrola (II): obturazio-abiadura eta definizioa

Nogeras, Itziar

Elhuyar Fundazioa

Obturazio-abiadura desberdinak dituzten kamerek argiztapen-baldintza ugaritan argazkia ateratzeko aukera ematen dute eta, batez ere, higidura gelditzeko zein zirriborrotsu uzteko aukera ematen dute.

Geldirik dagoenari argazkia ateraz gero, obturazio-abiadura aldatu izana ez da emaitzan nabaritzen, baina higitzen ari denari ateraz gero edota kamera higituz gero, obturazio-abiaduraren arabera emaitzak oso bestelakoak izaten dira.

Bi argazkietan txirrindulariak abiadura bera zeraman, baina lehengoa 1/500eko abiaduraz aterata dago eta bigarrena 1/8koaz. Obturazio abiadura handienak erabat gelditu du higidura eta txikienak, aldiz, zirriborrotsu utzi du. Azken honek txirrindularia hondotik bereiziago utzi du eta higidura-sentsazio handiagoa erakusten du. Bestalde, subjektuaren kokapenak ere badu zerikusia; erdian edota ibilbidearen bukaeran jarriz gero, higidura-sentsazioa txikiagotu egiten baita.
Argazkiak: J. Larrañaga

Pelikula argitan zenbat denboraz jarriko den, obturazio-abiaduraren menpe dago. Zenbat eta obturazio-abiadura txikiagoa izan, hainbat eta definizio txikiagoa izango du higitzen ari den elementuak.

Kamerarekiko higiduraren azkartasunak, distantziak eta norabideak (zeharkakoa edota ez-zeharkakoa izateak) erabakitzen dute emaitza nolakoa izango den.

Obturazio-abiadura desberdinek higitzen ari den elementuaren higiduran ezezik, kameran gerta litezkeen mugimenduetan ere eragina dute.

1/125etik gorako abiaduraz kameraren mugimenduak ez dira emaitzan nabaritzen. Hortik beherako abiadurekin lan eginez gero, euskarria behar izaten da. Kamerari eusteko era asko daude: ukabilak gerriaren parean estutzea, ukabila belaunaren gainean jartzea, edota lurra, mahai bat edo antzeko zerbait euskarri gisa erabiltzea. Klisk egiteko unean arnasa hartu gabe ere nahikoa abiadura txikiak erabil daitezke. Bestetik, eta batez ere 1/30 edo 1/50etik beherako abiadurez lan egiteko, tripodea eta klisk egiteko kablea ere badira.

Honek guztiak objektiboaren foku-luzerarekin zerikusia dauka, eta, 1/30etik beherako abiadurari arreta berezia jarri behar zaiola esan dugunean, objektibo normalaz ari ginen; horrek eskuarki 50 mm-ko foku-luzera baitu. Baina, adibidez, 125 mm-ko foku luzera duen teleobjektiboa erabiliz gero, 1/125eko abiaduran dago muga.

Nolanahi ere, edozein abiaduratan kameraren mugimendu azkarrak saihestu egin behar dira. Argazkia ateratzean, kameraren gorputzari tinko heldu eta kliskailua kolperik eman gabe sakatu behar da.

Argazkia atera aurretik kamera maneiatzeko era zuzena ondokoa da: ezkerreko eskuak objektiboari eusten dio eta irekidura eta enfokea maneiatzen ditu. Eskuinekoa, berriz, abiaduraz (kameraren gorputzean kliskailuaren ondoan dagoenetan) eta pelikula aurreratzeaz arduratzen da.

Higitzen ari dena batzuetan erabat geldirik ateratzea nahi izaten da, baina beste batzuetan (efektu bereziak lortu nahi direnean edota higidura-sentsazioa adierazi nahi denean) ez da erabat geldirik ateratzea nahi izaten.

Abiadura handiek higidura finkatu egiten dute, ertainek pixka bat geldiarazi eta txikiek ez dute batere gelditzen (irudia zirriborrotsu azalduz, edo zenbaitetan desagertaraziz).

Higidura erabat gelditzeko edo finkatzeko abiadura handiak erabili behar dira. Abiadura handiak, eskuarki, 1/500etik gorakoak izaten dira, baina higitzen ari denak oso abiadura handia ez badarama edota kamerarekiko zeharkako norabidean badoa, abiadura txikiagoez ere (1/125erainokoez) higidurak finka daitezke.

Ekorketa izeneko teknika oso erabilia da higidurazko argazkietan. Higidura gelditzeko ez dira hain abiadura handiak behar izaten (argazki honetan 1/30ekoa erabili da). Txirrindularia eta zirriborrotsu dagoen hondoaren arteko kontrastea nabaria da, higidura-sentsazio handia lortzen delarik. (Argazkia: J. Larrañaga).

Norabideak ere badu, hortaz, higiduraren isladapenarekin zerikusia. Elkartzut higitzen ari den objektuaren irudi finkoa lortzeko, zeharka higitzen ari denarena lortzeko baino obturazio-abiadura handiagoak behar dira.

Distantziak ere badu guzti horrekin zerikusia. Objektua kameratik zenbat eta urrunago egon, hura finkatu ahal izateko hainbat eta abiadura txikiagoz lan egin ahal izango da.

Bestalde, higidura erakusteko “ekorketa” esaten zaion teknika ere bada. Berau, objektuari norabide berean kameraz jarraituta (gorputza gerritik gora ezker-eskuin, edo alderantziz, higituz) egiten da. Ez dira oso abiadura handiak behar izaten (batez ere, teknika menperatzen denean) eta higidura-sentsazio handia lortzen da, subjektua asko nabarmentzen delarik. Hondoa zirriborrotsu uzten du eta objektuaren definizioa mantendu egiten da, gure begiek higitzen ari den zerbaiti segitzen diotenean bezala. Garrantzitsua da argazkia atera eta oraindik denbora pixka batez kliskailua sakatuta edukitzea, eta ez argazkia atera bezain pronto askatzea.

Higidurari jarraitzeko beste era bat, argazkilaria bera ere higitzen ari den ibilgailuan joatea da.

Ez ahaztu, baina, abiadura txikiez eta horrela irudiak zirriborrotsu utziz ere oso emaitza interesgarriak lor daitezkeela.

Azkenik, mota honetako argazkiak atera ahal izateko enfokatzeko astirik ez dela izaten esango dugu. Distantzia aldez aurretik kalkulatzea komeni izaten da.

Zerorrek froga zenezake


Abiadura desberdinez higitzen ari diren elementuez osatutako eszenatokia bilatu (kirol-iharduna edo jolasten ari den haur taldea, adib.). Lau argazki atera:

  • Argi-egoerak uzten duen obturazio abiadura handienaz.
  • 1/8ko obturazio-abiaduraz (eta dagokion diafragma-irekiduraz).
  • 1 s-ko obturazio-abiaduraz (eta dagokion diafragma-irekiduraz).
  • 1/15eko obturazio-abiaduraz eta kamera bertako elementu baten higidurari norabide berean jarraituz.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila