Espezie honen familiaren barruan, 750 genero inguru ezagutzen dira, aurreko artikulu batean kontatu genizuen legez. Tarte honetan aztertuko dugun generoak berriz, espezie bakarra du, Anacamptis pyramidalis orkideoa, hain zuzen ere.
Landare honen galburuari begira jartzen bazara irakurle, berehala ohartuko zara bere izen zientifikoaren zergatiaz. Izatez nahikoa aldakorra da: 20 eta 50 cm arteko altuera izan dezake, zurtoinaren azpialdean lantza-formako 5 edo 8 hosto lineal izaten ditu eta brakteak berdeak dira. Esan bezala, landare honen infloreszentzia edo loreen egitura galburu piramidal batean eta lore arrosa ugariz agertzen da. Lorearen alboko sepaloak nahikoa luzeak dira eta erdikoek txano-egitura osatzen dute petaloekin batera. Lorearen labeloak hiru gingil ditu eta bere oinarrian dituen bi bizar txikiei esker, zenbait intsekturi (tximeletei bereziki) sarbidea erraztu egiten die. Maiatza eta uztaila bitartean loratzen da.
Espeziearen habitata ez da batere homogeneoa, baina oro har esan daiteke leku hezeak ez dituela atsegin eta hortaz, zona eguzkitsuetan errazago aurkituko duzula, hala nola, ameztietan, karraskal eta artadietako basoguneetan, sastrakadietan eta larreetan. Ez dio altitudeari begiratzen eta arestian aipatu ditugun habitatetan aurkituko duzu, bai itsas mailatik hurbil eta baita gailurretan ere. Esate baterako, bada landare honen barietate ezagun bat ( Var. tanagensis ) Alpeetan, hau da, 2.000 metro inguruko altueran.
Barietate horrez gain, beste hiru ere ezagutzen dira ( Var. albiflora, Var. brachystachys eta Var. sommeriana ) eta gainera, beste zenbait orkideorekin hibridatzen da, 9 hibrido desberdin ezagutzen direlarik ( Dactylorhiza, Cymnadenia, Orchis eta Platanthera generoetatik sortutakoak).
Aipatu ditugun barietateak nahikoa mugaturik agertzen badira ere, espeziea Afrikako Iparraldean eta Europa osoan zabaltzen da. Euskal Herrian Willkomm Lange botanikoek Bilbon, Bergaran eta Irunen aurkitu zuten. Baieztatzerik izan dugunez, urte batetik bestera, populazioek aldaketa handiak izan ditzakete.
Familia: orkidazeoak |