Amiltxori arrunta, gaueko belea

Amiltxori arruntak Euskal Herrian duen banaketa-mapa.

Normalean naturaz edo bereziki fauna eta floraz aritzean, espezieen desagertzea edota populazioen murrizketa aipatu beharrean izaten gara. Eta derrigorrezkoa zaigu gainera. Izan ere gizarte industrializatuak, eta gizakiaren inguruarekiko iharduera basatiak, ingurune eta ekosistema gehienak degradatu egin bait dituzte. Edonola ere, azken urteotan zenbait espezie errekuperazio-bidean hasiak direla esan daiteke, bai beren bizilekuak zertxobait hobeto zaintzen ditugulako, eta bai oro har haiekiko presioa maila batean behintzat arindu egin dugulako. Ardeidoak (hots, lertxun, lertxuntxo, txori-zezen eta amiltxoriak biltzen dituen taldekoak) egoera honetan daudela esan genezake; pixkanaka populazioak hazten eta bizilekuak zabaltzen ari bait dira Europan.

Ingurune-baldintzak egokiak badira behintzat, kolonia bikainak sor ditzake almiltxoriak. Euskal Herriari dagokionean, kolonia bikain samarrak osatzen ditu gure bi ibai garrantzitsuenetan.

Amiltxori arrunta (Nycticorax nycticorax) 58-65 cm-ko luzerako ardeido txiki eta dotorea dugu, eta oraindik urri samarra bada ere, pixkanaka ugaltzen eta habitat desberdinak betetzen ari dela esan genezake, bai Euskal Herrian eta baita Europako erdialde eta hegoaldean ere.

Bere itxura orokorrari dagokionean, amiltxoria ezin esan daiteke ardeido tipikoa denik: lepoa, mokoa eta zangoak laburragoak ditu lertxun eta lertxuntxoek baino, eta soina biribilagoa, honek hegaztiaren bizimodu zuhaiztarra eta landaretza trinkoan moldatzeko egokitasuna adierazten dizkigularik. Bizkarra beltza du, distiratsua, sabela zuria, eta hegalak berriz gris hauskarak. Burua berriz beltza izaten du gaineko aldetik, eta aurpegi zurian begi gorri biziak deigarriak dira oso. Garondoan bi edo hiru luma zuri fin eta dotore izaten ditu araldian, apaingarri gisa. Mokoa (sendoa eta kolore beltzekoa) ehizerako tresna bikaina du, eta hatz luzez hornitutako hanka horiak berriz, landaretzan mugitzeko moldapen egokiak dira.

Hegazti honek ilunabarrez eta gauez dihardu batez ere. Egunez berriz, urmael eta aintziren inguruko eta ibai-bazterretako begetazioan igarotzen ditu orduak erdilo.

Amiltxori arrunta hegalari bikaina da, baina aldi berean liraintasun handiz mugitzen da lurrean ere, eta sarritan amiltxori gazteak untxetzat har daitezke. Hegazti honek ilunabarrez eta gauez dihardu batez ere. Egunez berriz, urmael eta aintziren inguruko landaretza zuhaizkara eta ibai-bazterretako begetazioan kokaturiko atseden-lekuetan ematen ditu orduak erdilo. Eguzkia beherantz hasten denean ordea, bazkarako garaia iristen zaio amiltxoriari, eta karraka latz ozenez ibai eta aintziretako urazaletara abiatzen da jatera. Ohitura gautarra eta “kantu” lakarra direla medio, amiltxoriak ongi merezia du bere izen zientifikoa: Nycticorax, edo “gaueko belea” alegia.

Lertxunen taldeko hegazti bitxi honek, ibilian, hegan, edo zain egonda ehizatzen ditu bere harrapakinak, eta lan horretarako talde handitan bil daiteke. Bere ohizko ehizakien artean batez ere intsektu urtarrak, krustazeoak, igel eta uhandreak, arrain txikiak, eta tarteka ugaztun txikiren bat edo beste ere suertatzen dira, azken hauek ur-ertzetan harrapatzen dituelarik.

Katea trofikoetan zehar metatzen diren pestizida eta herbiziden eragin toxikoa mehatxu larria da amiltxoriarentzat.

Bestalde, amiltxori arrunta hegazti migratzailea da. Europan biztanle udatiar gisara dugu, eta neguak Afrikan egiten ditu; Saharatik hegoaldera, Senegaletik Afrikako Erdialderaino. Apiril inguruan Euskal Herriara iritsi, eta ugalketarako prestaketan hasten da, lan hau burutzeko, eta ingurune-baldintzak egokiak badira behintzat, kolonia bikainak sor ditzakeelarik. Habia gehienetan, zuhaitzetan —sahats eta tamarizetan bereziki— eraikitako adartxoz osatutako egitura konikoa izaten da. Hala ere, batzuetan lezkadian bertan ere egoki daiteke, honelakoetan habia lezken hostoak eraitsi eta tolestuz egiten duelarik.

Maiatzean, amiltxoriak 3-5 arrautza berde-urdinska jartzen ditu. Bestalde, lehen habia galtzen baldin bada, bigarrena egiteko gai izan daiteke ekain aldera. Txitoak 21 egunen buruan jaioko dira, eta hauek beste 40-50 egun beharko dituzte, beren lumajea osatu eta hegarako ariketak egiten hasteko. Bitarte horretan, txitatze-lanak, eta txitoen zaintza eta elikadura, arrak eta emeak elkarlanean burutzen dute.

Maiatzean, amiltxoriak 3-5 arrautza berde-urdinska jartzen ditu. Bestalde, lehen habia galtzen baldin bada, bigarrena egiteko gai izan daiteke ekain aldera.

Bere itxurari dagokionean, lumak garatu dituen gaztea nahikoa desberdina da helduarekin konparatuz gero. Alde dortsala arre iluna izaten du; kolore argiagoz pintarratua. Sabel aldean berriz, luma gehienak zuriskak izaten dira; arrez zipristinduak. Begi horiak dauzka bestalde, eta buruko lumen artean, ile-antzeko lumaska argi xelebreak ageri ditu. Itxura arlote samarra duela esan daiteke. Lumaje hau hamar bat hilabetez mantenduko du, hau da, hurrengo urteko ugal sasoia iritsi artean. Orduan, eta luma berritzearekin batera, beren janzkera ere eraldatu egingo da, helduen itxura hartuz.

Horrekin batera, gehienetan heldutasun sexuala ere lortuko du amiltxori gazteak. Izan ere hegazti hauek jaio eta urtebetera, edo bi urtera (gehienez jota) ugaltzeko gai izaten bait dira. Honi animaliaren biziraupen maximoa (21 urte) eta bigarren aldiz ugaltzera iristen den ale-kopurua gehitzen badizkiogu (% 77), amiltxoriaren ugalmena bikaina dela ondoriozta genezake.

Amiltxori gazteek itxura arlote samarra dute.

“Gaueko belea” munduan diren ardeidoen artean kosmopolitenetarikoa dugu; poloetan eta Australian izan ezik kontinente guztietan bizi bait da. Europan habiagile urria da hegoalde eta erdialdean, eta esan bezala, udatiar gisara soilik ageri zaigu.

Euskal Herriari dagokionean, amiltxori arruntak kolonia bikain samarrak osatzen ditu gure bi ibai garrantzitsuenetan. Lapurdin, koloniarik sendoena Aturri ibaiak Lehuntze, Urketa eta Ahurtiren parean dituen irletan dago, eta berau azken hamarkadetan hazten ari dela esan daiteke: 1974.etik 1980.erarte, Berenx irlako kolonia 30 bikote izatetik 80 inguru izatera iritsi zen. Nafarroan berriz, Ebro ibaiaren ertzetako basoetan leku desberdinetan egiten du habia; Bianan hasi eta Fustiñana eta Ribaforadaraino. Era berean, Arga ibaian Funesen, Alhama ibaian Ergabian, eta Aragoa ibaian Martzilan ere izan da ugalketarik. Edonola ere, Nafarroako kolonia nagusi bakarra, Bianako “Las Cañas” aintziran dago.

Nolanahi ere, amiltxori arrunta, lertxun hauskara (Ardea cinerea) eta lertxuntxo txikia (Egretta garzetta) bezala, Europa osoan hedatzen ari den hegaztia dugu, besteak beste ingurune hezeekiko kontrolari buruz egin diren aurrerapauso txikiak direla eta. Baina hori egia bada ere, hegazti honek oraindik arrisku handiak ditu aurrera ateratzeko, gainerako ardeidoek (eta oro har, ingurune hezeetako hegazti gehienek) bezala. Ez bait da aski beren bizilekuak mantentzea. Horrez gain, bertako bizi-baldintzen kalitate-maila zaintzea ere derrigorrezkoa da: lurpeko ura gehiegi ateratzea, poluzioa eta katea trofikoetan zehar metatzen diren pestizida eta herbiziden eragin toxikoa mehatxu larria dira oraindik ere, bai amiltxoriarentzat eta baita beste hainbat espezierentzat ere.

FITXA TEKNIKOA: AMILTXORI ARRUNTA
ESPEZIEA: Nycticorax nycticorax
FAMILIA: ARDEIDOAK
ORDENA: ZIKONIFORMEAK
KLASEA: HEGAZTIAK

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.