Elhuyar Fundazioa
Espazioaren esplorazioa aurrera doala zalantzarik ez dago. 1957an Sputnik lehen satelite artifiziala jaurti zenetik, bide oparoa egin du astronautikak. Alabaina, sateliteak edo bestelako espazio-ibilgailuak espazioratzea ez da oso segurua oraindik eta, gainera, izugarri garestia da.
Espazioaren ikerketa zientifikoa eta espazioaren ustiapen komertzialaren muga nagusia gaur egun espazioratzearen kostu handia da. Hori dela eta, sateliteak espazioratzeko kostua murriztea eta fidagarritasuna eta segurtasuna handitzea industria aeronautikaren lehen mailako helburuak dira. Gainera, garraio espaziala dagoeneko merkatu polita duen jarduera da eta telekomunikazioen aroan bete-betean sartu garen honetan, sateliteak orbitan jartzeko merkatuak diru asko mugitzen du. Merkatu horietan lehiatzen dira estatubatuarrak, europarrak eta errusiarrak (eta, aurki, Txina izan daiteke hurrengoa lehian).
Sateliteak eta espazio-ontziak espazioratzeko lehen sistema, erabiliena oraindik, jaurtigailuak dira. Suziriak dira, dena delako karga jaurtitzen dutenak. Adibidez, Saturno jaurtigailua zen Apolo misioaren ontziak jaurtitzen zituena. Eta, gaur egun, Europako ESA agentziaren Ariane jaurtigailua da erabilienetakoa. Baina horiek guztiek arazo nagusi bat dute: behin bakarrik erabil daitezke, hau da, espazioratzen den satelite bakoitzeko jaurtigailu berria behar da.
Lehen iraultza 1981ean gertatu zen, NASAk transbordadore espaziala aireratu zuenean. Izan ere, transbordadore espaziala jaurtigailua eta espazio-ibilgailua da batera eta, osorik ez bada ere, atal nagusia behin eta berriro erabil daiteke. Horixe du abantaila. Haren atal nagusia orbitatzailea da. Espazio-hegazkina da: Lurraren orbitan jar daiteke eta ikerketak egiteko plataforma gisa, sateliteak harrapatzeko eta konpontzeko (Hubble teleskopioa konpontzeko erabili da, adibidez) eta sateliteak eraman eta orbitan jartzeko balia daiteke.
Baina transbordadorea lehen urratsa baino ez da. Orbitatzailea behin eta berriro erabil badaiteke ere, oso garestia da eta segurtasuna ez da behar bezain handia (gogoratu Challenger transbordadorea airean lehertu zela 1986ko urtarrilaren 28an). Hona datu esanguratsu bat: karga bat (satelite bat, adibidez) espazioratu nahi duenak kilogramo bakoitzeko 20.000 dolar ordaindu behar ditu. Prezioak eta fidagarritasun-maila eskasak (akatsak eta ondoriozko karga galtzeak ez dira arraroak) espazioaren ustiapena mugatzen dute.
Arazo hori konponbidean jartzearren, hainbat programa abian dira dagoeneko. NASA, nola ez, aitzindaria da orain ere, baina Europan ere 1995etik aurrera hainbat saio egiten ari dira. Nolanahi ere, NASA da programarik egituratuen eta zehatzena duena. 1994an NASAk Espazio Garraio Aurreratuko Programa abiarazi zuen. Programaren helburuak ez dira makalak: karga bat Lurraren orbita baxuan jartzeko kostua gaur egungo kilogramoko 20.000 dolarretatik 2.000 dolarrera jaistaraztea 2010. urterako: 2025. urterako 200 dolarrera murriztea; eta 2040. urterako kostua kilogramoko 100 dolar azpitik uztea. Gainera, kostuak murriztearekin batera, segurtasuna eta fidagarritasuna ere biziki handitu nahi dira.
Helburu horiek lortuko badira, gaur egungo teknologiak erabat gainditu behar dira. Eta teknologia berri horietako batzuk asmatzeke daude oraino. Ikerketan inbertsio itzelak beharko dira, baina NASAk uste du gastu hori guztiz errentagarria izango zaiola, jaurtitze-kostuak bakarrik NASAren aurrekontuaren laurdena jaten baitu gaur egun.
Programa horren lehen urratsa berrerabiltzeko espazio-ibilgailuen bigarren belaunaldia da, gaur egungo transbordadore espaziala ordezkatuko duena. Teknologia hori gaur egungoa baino 10 aldiz merkeagoa eta seguruagoa izango da. Horretarako, ibilgailuen egitura berria eta propultsio-teknologia berria garatzeari ekin diote. Garatu eta probatu. Eta, teknologia berriak probatzeko, entseiu-ibilgailuak erabiltzen ari dira: X-33 izenekoa (horixe da aurreratuen dagoena), baita X-34 eta X-37 ibilgailuak ere.
Baina epe luzeagoko helburuak ere badituzte, eta hirugarren belaunaldia aurrez ikusteari ekin diote. NASAk Spaceliner 100 izeneko plana egin du horretarako. Spaceliner 100 ez da ibilgailu-mota bat diseinatzeko programa espezifikoa; aitzitik, oinarrizko programa da, programa gidaria alegia, gaur egun ez dauden teknologiak identifikatu eta sortzeko. Planak ezarri duen analisi-sistemaren lehentasun nagusia segurtasuna da. Normala da hori. Segurtasun-maila handituz gero, kostuak zuzenean murriztuko dira, zeren eta, gaur egun, seguraatsun eskasa dela eta, ibilgailuak eta sateliteak badaezpada bikoiztu behar izaten baitira eta aseguruak ere oso garestiak dira. Gainera, 25 urte barru, garraio espaziala bidariari arruntentzat ere errealitate bihurtzen hasiko da. Beraz, segurtasunean oinarritutako diseinu-filosofia erabili behar da hasiera-hasieratik.
Berrerabiltzeko espazio-ibilgailuak eraiki ahal izateko, material berriak behar dira. Ibilgailuaren masa lehorra (erregairik gabe eta kargarik gabe) minimizatu egin behar da. Horrek esan nahi du dentsitate txikiko material gogorrak behar direla. Materialek, gainera, tenperatura-tarte handi batean lan egin beharko dute. Hor dago erronka tekniko nagusietako bat. Beste bat propultsio-sistemak dira. Bi teknologia generiko erabil daitezke: gaur egungo suziriek, erregaiaz gainera, erregarria ere (oxigenoa) bertan daramate. Baina atmosferako oxigenoa erabiliko balitz, abantaila handia izango litzateke. Horretarako, ordea, gaur egungo propultsio-sistema atmosferikoak asko hobeto behar dira.
Helburua eta epeak hor daude. 2010. urtean egiaztatu ahal izango duzu/dugu lerro hauetan esandakoa ameskeria zen ala ez.