Tropikoko hondartzak paradisuaren paradigma dira mendebaldeko turistarentzat. Karibera, Seychelle uharteetara edo Polinesiara joaten da jendea hondar zuriko hondartzen bila. Hondar zuria, haizeak okertutako palmondoak, ur garden berdexka eta itsas izarrak topatu nahi ditu gizakiak. Eta surf egiteko edo urpean igeri egiteko leku aproposa bada, hobe. Hori bai; marrazorik ez dadila egon, mesedez.
Eguzkia hartu, surf egin… Gutxik hartzen dute hondartza babestu beharreko ekosistematzat, eta halakotzat dutenek ere inolaz ere ez liokete debekatuko gizakiari hondartzara joatea. Eskerrak klima ez dela epela mundu osoan.
Hainbat tokitan, itsas zakurrak, itsas elefanteak, karramarroak edo dortokak pilatzen dira urte-sasoi jakin batean, ugaltzeko toki ezkutu baten bila. Baina horrelako hondartzak gero eta urriagoak dira, eta gobernuek babesten ez badituzte laster eraldatuko ditugu, eta espezie asko desagertuko dira.
Egia da gizakia ere hondartzetako biztanlea dela, gutxienez Neolitotik. Izan ere, hainbat kultura garatu dira hondartzetan; ez bakarrik hondartzen inguruan, euskaldunak bezala, baizik eta hondartzetan bertan. Esate baterako, Polinesiako atoloietako biztanleek —Pazifikoan— edo Frisiako uharteetakoek, —Europan— hondar gaineko etxeetan bizitzen ikasi zuten, eta hondartzak eskainitako baliabideetatik bakarrik elikatu ziren.
Baina egoera historiko hori ez zen ingurumenerako oso egokia, populazio horiek hazi egin zirelako. Uharte bateko baliabideak agortu ahala, itsasoratu eta besteren bat bilatzen hasten ziren hondartzetako biztanleak.
Dena dela, ekosistemen gainbehera XIX. mendetik aurrera azkartu da batez ere. Eta, XX. mendeko gehiegikeriaren ondorioz, ez dago atzera egiterik. Garai batean hondartzetako biztanleek eragin zituzten kalte ekologikoak txiki gelditu dira.
Herri horiek urtetan erabili dituzten baliabideak oso urriak dira gaur egun; gizakiaren populazio handiek molusku asko desagerrarazi dituzte, eta itsas txoriei habia eraikitzeko behar duten inguru naturala suntsitu diete, besteak beste. Eta horiek bi adibide besterik ez dira; arrainei, algei eta ornogabeei buruz idazten hasiz gero, hondartzetako egoera negargarriak liburu bat osatzeko adina material emango luke.
Gizakiaren eragina ez da berdina izan hondartza guztietan. Oro har, zenbat eta klima eta itsaso epelagoa izan, zenbat eta indar gutxiago izan mareak, eta zenbat eta errazagoa izan horietara iristea, orduan eta kalte handiagoak jasan dituzte hondartzek. Lekuan lekuko kulturak kontuan hartuta, beste faktore asko ere jar litezke zerrenda horretan.
Euskal Herriko hondartzak, adibidez, horietako kondizio asko betetzen dituzte, eta, beraz, oso aproposak dira turismoa garatzeko. Izan ere, turismo-tradizio handia dago euskal kostaldeko hondartzetan. Aspalditik ustiatu dituzte, mendeak dira hasi zirela. Eta horrek esan nahi du gizakiak aspalditik eten duela hondartzen bilakaera naturala, harea leku batetik bestera eramanez, aintzirak lehortuz, hondartzetako espezieak desagerraraziz eta abar.
Eragin hori nabarmena da Donostian, adibidez; garai batean tonbolo bat izandakoa gaur egun hiriaren erdigunea da, eta Kontxako hondartza ospetsua (eta beste hainbat) gizakiak egindakoa da.
Munduko hainbat hondartzaren ustiaketa, ordea, kontrako ideian oinarrituta dago, hau da, gizakiak arrastorik utzi ez duen hondartzak publizitate gisa erabiltzean. Kasu batzuetan, gainera, hondartza horietan edo horien inguruan izaten diren fenomeno naturalak ‘saltzen’ dituzte.
Esate baterako, itsas dortokek arrautzak jartzen dituzten hondartzetarako bisita eskaintzen zaie turistei Costa Rican. Han, hainbat gautan, dortoka emeak lehorreratu eta milaka arrautza jartzen dituzte harean egindako zuloetan. Hori gertatzen den bitartean, turistak inguruan ibiltzen dira inongo trabarik gabe; dortokei argazkiak egiten dizkiete eta ukitu egiten dituzte. Azken batean, kontsumitzeko produktu bilakatu dute hondartza 'naturala'.
Costa Ricakoa ez da adibide bakarra. Argentinako Valdes penintsulan itsas elefanteak ugaltzen diren hondartza ere ikusgai dago turistentzat, Frantziako landetan Europako dunarik altuena prestatu dute bisitatu ahal izateko, eta beste ehunka adibide daude, noski.
Azken batean, gizakiak aztarna utzi nahi izaten du, eta hondartzetan nabarmena da aztarna hori. Ustez hondartza naturalak diren horiek ere badute gizakiaren arrastoa, modu batean edo bestean. Eta hori aldatzeko aukera gutxi dago.
Onartu egin beharko dugu. Adio hondartza naturalei.