A zer usaimena!

Tximeleten artean badira usaimen-kontuetan benetako ‘txapeldun’ direnak. Sits-espezie batzuetako arrek, esaterako, hainbat kilometrotatik usain ditzakete emeak. Mila bilioi molekularen artean emearena bakarra bada ere usainduko dute eme hori.

Sekretua emearen usainean zein arraren sudurrean datza. Emeek arrak erakartzeko igortzen duten perfumeak feromona du izena. Berez, feromonak animalia-espezie askok igortzen dituzte, baina tximeletenari zehazki ‘bambicol’ deritzo.

Zakurrak gai dira pertsonen arrastoa jarraitzeko pertsona hainbat ordu lehenago pasa bada ere. Hori ez da harritzekoa, zakurrek 200 milioi usain-zelula dituztela kontuan hartzen baldin badugu. Pertsonok bost milioi besterik ez ditugu.

Hienak itxitako lata batean dagoena usaintzeko gai direla esan ohi da. Zu horren antzekorik egiteko gai zinatekeela uste al duzu?

Esperimentu bat proposatuko dizut proba dezazun! Sar dezagun usaindun zerbait puxika baten barruan eta egiozu airerik ez ateratzeko moduko korapiloa puxikari muturrean. Puxika barruan dagoena usaintzeko gai izango zinatekeela uste al duzu?

Erantzuna baiezkoa da, baina trikimailua du. Aurrerago azalduko dizut zein den. Proba egiteko usaindun zerbait, puxika bat eta tapadun kaxa behar dituzu. Guk bainila-hautsa erabili dugu, baina etxeko beste edozer erabil zenezake; hala nola, belar usaintsuak, perfumeak... Tapadun kaxa erositako azken oinetakoena izan daiteke. Ez du axolarik zerezkoa den kaxa.

Esperimentuarekin hasteko, hartu usaina duen substantzia apur bat eta sartu puxikan. Puztu ezazu apur bat eta egin korapiloa muturrean, airerik ez irteteko moduan.

Ondoren garbitu puxika, batez ere haren mutur aldea, usain-zantzu guztiak ezabatzeko.

Jarraian sartu puxika kaxaren barruan eta hau ere ondo itxi.

Itxaron ordubete inguru. Ireki kaxaren tapa eta usaindu barrukoa. Ba al dago usainik?

Itxi berriz ere kaxa eta eramaiozu beste norbaiti (gurasoei edo lagunen bati). Ireki apur bat kaxa eta esan dezatela zer usain hartzen duten.

Agian harritu egingo zara, baina ikusiko duzu nola guztiok puxikaren barruan dagoenaren usaina hartuko duzuen, baita zeuk ere. Nola liteke hori puxika itxita baldin badago eta muturra garbitu baduzu? Usainduko al zenuke lata itxi baten barruan dagoena hiena bat bazina bezala? Ez noski, gure bost milioi zelulak ez dira nahikoa. Lehen esan bezala, badago trikimailu bat.

Kontua da puxika ez dela erabat hermetikoa. Izan ere, puxikaren azalean ikusezin zaizkigun zulotxoak daude (poroak) eta, bertatik, pixkana-pixkana airearen eta gai usaintsuaren partikulak kanpora ateratzen dira. Horregatik husten dira puxikak.

Puxikatik irten den usaina kaxa barruan geratzen da denbora batez; horregatik usaindu eta jakin dezakezu zer dagoen puxikaren barruan kaxaren tapa irekitzean.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.