80ko hamarkada Teknologia berrien eztanda

Denboran atzera 20 urte baino ez dira egin behar, baina hala ere gertuagokoak eta oroitzepenean nahasiagoak dirudite 80ko hamarkadako gertaerek aurreko hamarkadetakoek baino. Norberak bizi izan dituen seinale, eskolan-eta ikasitakoak ez baitira hain erraz ahazten. Lehen transbordadorearen hegaldiak, ordenagailu pertsonalen iraultza, hiesaren berriak, bihotz artifizialak... atzo izan zirelakoan eta dagoeneko 20 urte igaro dira!

Gogoratzen al duzu lehen ordenagailu pertsonala? Lehen PC-a? Pertsonalak izan arren, lehen belaunaldiko ordenagailuak oraingoak baino askoz handiagoak ziren, motelagoak, erabiltzeko zailagoak... baina lehen unetik sekulako aurrerapena izan ziren, lana egiteko modua asko erraztu baitzuten. Gailua merkea zenez, enpresetan sekulako arrakasta izan zuen, batez ere diru-kontuak egiteko eta administrazioari dagozkion lanak egiteko. Lehena IBMk merkaturatu zuen.

Ordenagailuak izan zuen arrakasta ikusi eta gero, 1983. urtean IBMk berak modelo berria atera zuen, azkarragoa eta aukera gehiagorekin. IBM etxea ez zen, hala ere, ordenagailu pertsonalek izan zezaketen aukerez ohartu zen bakarra, eta urte hartan beste hainbat enpresa ordenagailuak egiten hasi zen. PC ordenagailuak bezala, Macintosh ordenagailuak ere atera ziren merkatura, lehenak 1984. urtean. TCP/IP lengoaia -Internet-eko lengoaia- ere, hamarkada horretan garatu zen. Hamarkadaren bukaeran, berriz, Tim Berners-Leek www-a garatu zuen. Jakina, orduan ez zen oso garbi antzematen gerora zein garrantzia izan zezakeen.

Espazioko esplorazioak duen garrantzia zenbatekoa den jakitea zaila den arren, 80ko hamarkadan hainbat berrikuntza gertatu zen, transbordadoreak esaterako. Lehena NASAk bidalitako Columbia izan zen, 1981. urtean; geroago, ordea, berriak egin zituzten, Challenger eta Discovery. Espaziora joan eta Lurrera itzuli ondoren, berriro erabil zitezkeen lehen espazio-ontziak izan ziren. Transbordadoreen historian, hala ere, gertaera beltza ere izan zen. 1986ko urtarrilaren 28an abiatu eta gutxira, Challenger transbordadoreak eztanda egin zuen airean; han zeuden zazpi pertsonak hil egin ziren.

Orain arteko espazioko estaziorik ikusgarriena, sobietarren Mir ospetsua, 80ko hamarkadako lorpena da. Izan ere, 1986. urtean jarri zen orbitan. Teorian dagoeneko Lurrean behar zuen, baina orbitan jarraitzen du. Lorpenen artean, ikusgarriren bat edo beste ere, izan zen; adibidez, 1984. urtean NASAko astronautek orbitan zegoen satelite bat konpondu zuten. Orbitan horrelako lanak egiten ziren lehen aldia izan zen. Lanerako, kanadarrek transbordadoreentzat egin zuten errobot-besoa erabili zuten. Gainera, Bruce McCandless astronauta espazioan inongo loturarik gabe hegan jarri zen lehen gizakia izan zen.

Bestalde, astronomiaren ikerketan ere aurrerapausoak eman nahi ziren, eta, horregatik tresna ugari bidali ziren espaziora: (1980) Voyager 1 zunda Saturno ingurura iritsi zen. (1981) Venera zunda Artizarrerantz bidali zuten. (1983) Pioneer 10 zunda Eguzki-sistematik kanpora atera zen. (1985) Giotto zunda espaziora bidali zuten, Halley kometaren inguruetara joan zedin. (1989) COBE behatokia, unibertsoaren jatorria ikertzeko helburuarekin espazioratu zuten. (1989) Galileo zunda espaziora bidali zuten Jupiter ikertzeko. (1989) Voyager 2 zunda Neptuno ingurura iritsi zen.

Medikuntzari ere behin baino gehiagotan erreparatu zaio mendeko errepaso honetan. Arlo horri dagokionez, 80ko hamarkadan bada aipatzeko moduko gertaerarik. Aurrekoan transplanteetan egindako aurrerapenek jarraipena izan zuten honetan; horrela, 1982. urtean Estatu Batuetako Salt Lake City hirian, Barney Clark izeneko gizonari munduan egin zen lehen bihotz artifiziala jarri zioten, Jarvik izenekoa. Gaixoa 112 egunez bizirik egon zen. Laserra beste teknologia batzuetan erabiltzen zen, baina 1985ean ebakuntzetan erabiltzen hasi zen. Dena den, guztia ez zen aurrerapena izan; hiesa, esaterako, hamarkada honetan agertu eta identifikatu zen. 1980. urtean Afrikako populazioa eta Estatu Batuetako homoxesualen kolektibitatea gaixotasun larri bezain arraroa jasaten hasi zela konturatu ziren munduko osasun-zerbitzuek. Hiru urtera, 1983an, Frantziako Pasteur Institutuan Montagnier ikertzaileak hiesaren birusa isolatzea eta identifikatzea lortu zuen; Estatu Batuetako Gallo doktoreak, ordea, aurkikuntza berea zela iragarri zuen, ez Montagnierrena. Bata edo bestea izan, hiesaren birusa identifikatzea aurrerapentzat har badaiteke ere, gaixotasun berria sortzea atzerapena da. Osasunerako Mundu Erakundeak naparreria menperatutzat eman zuen hamarkadan, beraz, askoz ere gaixotasun larriago batek ordezkatu zuen.

Teknologia berriez hitz egitean, askotan badirudi oraingoak direla, baina eboluzioa urteetakoa izan da. 1980ko hamarkadan ohiko bihurtu den hainbat tresna berri atera ziren. Horiek eta beste gertakizun ugari, ondorengo lerroetan: (1980) Philips etxeak bonbilla halogenoa asmatu zuen. (1981) Sony eta Philips etxeek disko konpaktu irakurgailuak atera zituzten; ondorioz, disko-etxeek formatuz aldatzen hasi behar izan zuten. (1981) Sony etxeak lehen kamera digitalak atera zituen. (1981) Tunel efektuko lehen mikroskopio elektronikoa; horri esker atomoak banan-banan ikusi ahal izan ziren. Lau urtera, lehen mikroskopio atomikoa garatu zen. (1981) Daimler-Benz etxeak autoendako airbag sistema asmatu zuen, baina 1988 urtera arte ez zen merkatura atera, oso garestia zelako. (1985) Joe Farman britainiarrak ozono-geruzako zuloa aurkitu zuen, Genevako konbentzioak urte hartan bertan ofizialki onartu zuen zuloa izan bazela. (1986) Fujik erabili eta gero botatzeko argazki-kamerak merkaturatu zituen. (1988) NASAko Goddar institutuak Lurraren berotze globalaren prozesuaren berri eman zuen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila