3Dko avatarrak, fikziotik errealitatera

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Ohituta gaude 3Dko avatarrak ikusten bideo-jokoetan, filmetan eta entretenimenduaren industriaren beste zenbait produktutan; ez hainbeste, ordea, medikuaren kontsultan edo etxean, eta are gutxiago norberaren itxura duten avatarrak. Alabaina, Tecnaliak garatu duen proiektuak arrakasta badu, litekeena da avatarrak ohiko bihurtzea medikuntzaren arlo batzuetan.
3dko-avatarrak-fikziotik-errealitatera
Arg. Elhuyar Fundazioa

3Dko avatar pertsonalizatuak egiteko teknologia merkea eta erabilerraza asmatu du Tecnaliako Media Unitateak. Hain justu, helburu horrekin jarri zuten abian proiektua, Concepción Cortés ikertzailearen esanean: "3Dko avatarrak sortzeko erabiltzen den teknologia oso konplexua da, eta, beraz, baita garestia ere. Gure asmoa teknologia merkea asmatzea izan da, erabiltzaile gehiagorengana iristeko aukera izateko". Eta dagoeneko badituzte emaitzak.

Cortések azaldu duenez, bideo-jokoetan, filmetan eta halakoetan azaltzen diren 3Dko avatarrak egiteko, bi bide nagusi daude: berariazko hardwareak erabiltzea edo software modelatzaileak baliatzea. Biak ere metodo konplexuak dira, prozesu asko eskuz egin behar baitira, eta adituek baino ezin baitituzte egin. Horrenbestez, aplikazio ugari izan baditzakete ere, prezioa oztopo gaindiezina bihurtzen da kasu askotan.

Horiez gain, 3Dko eskanerrak ere erabil daitezke avatarrak sortzeko. Cortésen iritziz, haien itxura onargarria bada ere, "animatzeko, hau da, mugimendua emateko, zailtasun handiak izaten dituzte".

Sinpletasuna helburu

Metodo horien aldean, Tecnaliako Media Unitatean garatutako sistemak 3Dko avatarrak pertsonalizatzeko irtenbide "sinplea, eraginkorra eta erakargarria" eskaintzen du, egileen hitzetan. Cortések berak ere oso modu errazean azaltzen du sistemaren funtzionamendua: "Pertsona baten aurpegiaren avatarra sortzeko, adibidez, maskara batetik abiatzen gara. Webcam arrunt batekin pertsonaren 2Dko irudiak hartzen ditugu, eta, horietan oinarrituta, maskara modelatzen da".

Horretarako, maskarak zehazki lokalizatuta ditu puntu jakin batzuk. Programak, puntu horiek identifikatzen ditu erabiltzailearen irudian, eta maskarak dituenekin erlazionatzen ditu. Maskararen geometria oso moldagarria denez, erraz moldatzen da erabiltzailearen ezaugarrietara, eta, puntu batzuetan, 3Dko aplikazio bat ere erabiltzen du, geometria are gehiago fintzeko.

Dena dela, ez da hor bukatzen sistemaren lana. Geometria moldatu ondoren, sistemak algoritmo bat erabiltzen du ehunduraren "mapa" egiteko. Horraino, sistemak nahikoa du erabiltzailearen aurpegiaren aurrez aurreko argazki bakar bat.

Mugimendua emateko, irudi gehiago behar dira; baina, horiek edukita, mugimendua ia denbora errealean emateko aukera eskaintzen du sistemak. Cortésen arabera, "gure sistemaren bitartez lortzen diren avatarrak ez dira hasieran aipatutako metodoekin egiten dituztenak bezain txundigarriak, baina kalitate onargarria dute, guk helburutzat ditugun aplikazioetarako". Oraingoz, medikuntzan aplikatzeko prestatu dute sistema; zehazki, kirurgia plastikoaren alorrean, eta alzheimerraren diagnostikoan eta tratamenduan.

Modelvir, geroa ispiluan

Cortesén arabera, kirurgia plastikoa egin behar duen pertsona batentzat, oso garrantzitsua da ebakuntzaren ondoren izango duen itxura erreala ikusteko aukera izatea. "Izan ere, gerta daiteke pertsona horrek itxaropen faltsua izatea. Hori hala balitz, litekeena da pertsona horrek arazoak izatea ebakuntza egin ondoren". Arrisku hori saihesteko sortu dute Modelvir aplikazioa.

"Kirurgialariek ez dituzte simulazio-programak izaten pazienteari gero izango duen itxura erakusteko; normalean, argazkien gainean egindako marrazkiak erabiltzen dituzte pazienteari zer egingo dioten eta zer ondorio izango dituen adierazteko. Modelvirrek irtenbide eraginkorra eskaintzen du, eta emaitza askoz ere hobea da. Gainera, erabilerraza eta merkea da", dio Cortések.

Modelvir aplikazioaren irudiak: goiko bietan, eredua nola modelatzen den azaltzen da; behekoan, benetako itxura eta itxaroten dena alderatzen dira. Arg. Tecnaliako Media Unitatea

Bularreko, ezpainetako, sudurreko eta kokotseko kirurgia plastikoan erabil daiteke Modelvir, "baina, eskaera badago, beste atal batzuetarako ere presta daiteke".

Cortésen esanean, ez da trebakuntza berezirik behar sistema erabiltzeko: "Kirurgialariak pazientearen irudiak har ditzake, ordenagailuaren web-kameraren bidez, edo artxiboko irudiak erabili. Edonola ere, 2Dko irudiak dira, eta interesatzen zaizkion puntuak markatzen ditu kirurgialariak horietan. Gero, interfaze erraz batean, operatzean egingo dituen aldaketak irudikatzen ditu, eta sistemak irudian markatutako puntuekin erlazionatzen ditu. Gainera, sistemak berak ehundura ere jartzen du". Hala, 3Dko avatarra sortzen du, pazienteak operatu ondoren izango duen itxurarekin.

Onura batez ere psikologikoa da pazientearentzat, baina kirurgialariari beste era bateko laguntza ere eskaintzen dio; pazientearen historia artxibatzeko, datuak kudeatzeko, eta operatu aurreko eta ondorengo prozesuaren jarraipena egiteko aukera ematen baitu, besteak beste. "Oso moldagarria da, eta kirurgialari bakoitzak bere beharren neurrira jarri eta erabil dezake", baieztatu du Cortések. Dagoeneko erabili dute paziente batekin.

Elkarrekintzan laguntzeko

Alzheimerraren tratamenduan erabiltzeko aplikazioa, berriz, oraindik ez dute pazienteekin erabili, baina prest dute horretarako aukera izandakoan aplikatzeko. Alzherapy du izena, eta haren helburua da pazienteari, haren zaintzaileari eta sendagileari laguntzea.

Hain zuzen ere, xede bera dute denek: gaixoaren bizi-kalitatea hobetzea eta gaitzaren garapena moteltzea. Azken xede horrekin, urteak dira ordenagailuan egiteko ariketa bereziak diseinatu zituztela. Alabaina, alzheimerra nahiko aurreratuta dagoenean, zaila izaten da gaixoa motibatzea ariketak egin ditzan. "Horretarako, asko laguntzen die pertsona ezagun baten laguntasuna jasotzeak; adibidez, zaintzailearena, askotan familiako edo hurbileko pertsona bat izaten baita, eta harengan konfiantza izaten baitu", azaldu du Cortések.

Hori aintzat hartuta, Alzherapyk gaixoaren konfiantzako pertsona horren avatarra sortzen du, gaixoari ariketak egiten laguntzeko. Kasu honetan, abatarrak, itxuraz gain, ahotsa ere imitatzen du, gaixoaren arreta bereganatzeko. Hala, ordenagailuarekin elkarrekintzan egoten laguntzen dio gaixoari, eta ariketak egiteko jarraibideak eskaintzen dizkio.

"Gainera, sistema gaixoaren gaitasunera egokituz joaten da, ariketak ez daitezen izan ez errazegiak ez zailegiak. Horrekin, interesa galtzea saihesten da", gehitu du ikertzaileak. Bide batez, zaintzailearen lana arintzen du, avatarrari esker ez baita beharrezkoa inor gaixoarekin egotea, ariketak egiten ari den denbora osoan.

Bestalde, sistemak sendagileari bidaltzen dio informazio guztia, eta horrek aukera ematen dio gaixotasunaren bilakaeraren jarraipena egiteko. Diagnostikoan ere lagungarria izan daiteke: "Pazientearen inguruko pertsonen avatarrak izanez gero, pazienteak ezagutzen ote dituen ikusteko erabil daitezke", argitu du Cortések.

Proiektua amaituta dago. Orain, ikusteko dago zer eskaera duen eta zer dioten erabiltzaileek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila