2000. urteko apokalipsi informatikorantz

Bi urte barru, urtea adierazteko azkeneko 2 digituak bakarrik erabiltzen dituzten software programek arazo larriak sortuko dituzte nonahi.

Munduko erloju guztiek 2000. urterantz garamatzate erremediorik gabe, segundoz segundo, atsedenik hartu gabe. Baten batek denbora-makina asmatzen ez duen bitartean behinik behin, ez dago atzera egiterik. Gauzak honela, zer gertatuko da munduko sistema informatikoetan 2000. urtea eta gero? Kaosa? Hondamendia? Zein da munduko arduradun informatiko guztiak kezkatzen dituen kontu hori?

Adibidetxo batekin ulertuko dugu. Demagun 1999ko Gabonzaharreko kanpai-hotsak entzun eta gero, ezinbesteko mahatsak korrika eta presaka irentsi ondoren, Kanarietara joan den laguna edo ahaidea edo maitalea zoriondu nahi duzula. Telefonoa hartu, gaueko 0:10etan, eta Telefónica-ko monopolio-eza aprobetxatuz (hemendik aurrera duopolioa izango omen dugu, zorionez edo zoritxarrez), 20 minutuko konferentzia luzea egiten duzu, une horretan aurreko mendean, eta batzuren ustez aurreko milenioan (baina hori beste eztabaida bat da) dagoen irletako solaskidearekin.

Telefonoa eskegi ondoren, telefono-konpainiak bere programa informatikoak zuzendu ez baditu, zure bizitzan aurreztutako diru guztia galtzeko zorian egongo zara, 00ko urtarrilaren 1etik 99ko abenduaren 31ra arte iraun duen deiaren faktura jasoko baituzu; hau da, 99 urteko probintziarteko deia, alajaina!

Antzeko arazo eta akatsak edozein alorretan suertatuko dira egun horretatik aurrera, mendebaldeko mundua 1999tik 2000ra pasatuko den bitartean, programa informatiko asko eta asko 99tik 00ra atzeratuko baita. Zergatik, ordea? Arrazoia oso sinplea da. 1960 eta 1970. hamarkadetan, konputagailu garestiegien memoria preziatua aurrezteagatik, programatzaileek datak 6 digituz idaztea erabaki zuten, eguna, hilabetea eta urtea adierazteko.

Esate baterako, “1973ko urriaren 6a” “731006” bihurtu zen. Hau da, data guztietan errepikatzen zen “19”a kanpoan utzi zuten, ez baitzuen ezertarako ere balio; 2000. urtea oso urrun zegoen inor kezkatzeko edo larritzeko. Eta une honetan zer suposatzen du horrek? Problema zein den ulertzeko, konputagailuek behin eta berriro egiten dituzten kalkulurik oinarrizkoenak eta sinpleenak aztertu behar ditugu. Gertaera batetik beste batetara zenbat denbora pasatu den jakiteko konputagailuek egiten dituzten kalkuluak, hain zuzen ere. Adibidez, zenbat urte ditut?

Ni 1965eko maiatzaren 21ean jaio nintzen. Konputagailu bati zenbat urte ditudan galdetuz gero, gaurko data kontuan hartu ondoren kenketa egingo du: 97-65=32. Baina 2000. urtean ere eragiketa bera egingo luke, hau da, 00-65, eta orduan -65 urte ditudala erabakiko luke. Erabat zentzugabea izanik, honelako kalkuluek akatsak eta gaizkiulertuak sortaraziko dituzte zalantzarik gabe. Eta ez bakarrik pertsonen adina dela eta; denboran oinarrituta dagoen informazio guztia ere hankaz gora geratuko da.

Den-dena. Noiz amaituko dira kreditu-txartel horien epeak? Noiz arte har daiteke botika hau? Aldizkari honen harpidetza noiz bukatuko zait? Zer gertatuko da 1999ko Urtezahar gaueko hegaldiekin? Zer ordainduko dute bankuek interesengatik? Eta zer kobratuko maileguengatik? Galdera hauek guztiak denboran oinarrituta daude eta, konputagailuak ez badaki zein den gaurko benetako data, ezin izango du era egokian erantzun.

Eta datorkigun aldrebeskeriaren arrazoia hain sinplea baldin bada, zergatik ez zuten hau guztia aurreikusi duela 20 urte? Gauza jakina baitzen egunen batean 2000. urtea iritsiko zela, ezta? Bai, baina konputagailuak enpresa-munduan sartzen hasi zirenean, 1960 eta 1970. hamarkadetan, garesti baino garestiagoak ziren. Eta prezio ikaragarri altu horiek jaisteko modurik errazena konputagailuek gorde beharreko datuak murriztean zetzan. Eta horretaz aparte, zenbat eta datu gutxiago erabili, orduan eta abiadura handiagoa lor zezaketenez, digitu-murrizketarekin aurrera egin zuten. Aipatu garai hartan datuak zuloz jositako txarteletan gordetzen ziren, txartel bakoitzak 80 karaktere edukitzeko lekua zuelarik.

Eta egia esan, 80 karaktere oso gutxi dira edozer idazteko. Data bat idazteko orduan, beraz, “1953ko abuztuak 23” jarri beharrean (18 karaktere), edo “1953/ /08/23” idatzi ordez (10 karaktere), “530823” idaztea erabaki zuten (6 karaktere), ditxosozko “19” hori ahaztuz. Datak 6 digituz soilik idaztea askoz ere logikoagoa izan zen; logikoagoa eta merkeagoa.

Konpromezuzko irtenbide hau aukeratzean, programatzaileek bazekiten 2000. urtea iritsiko zela, noski, baina 30 edo 40 urte luze geratzen ziren horretarako eta orduko programek etorkizunean baliorik ez zutela izango uste zuten. Eta uste horretan nahastu egin ziren; huts egin zuten. Gezurra badirudi ere, gaur egun garai horietako kode asko erabiltzen da, software-programa asko aplikazio batetik bestera pasatu baitira, herentzia biologikoa izango balitz bezala.

Oso ondo. Arazoa hori besterik ez bada, zergatik ez gehitu “19” zenbaki magikoa programa informatiko guztietako datetan? Erraza dirudi. Okerreko datak dauden kodea hartu, programatzaile bati eman eta berak gehituko ditu falta diren bi digituak. Zoritxarrez, kontua oso bestelakoa da.

2000. urteko apokalipsi informatikoari aurre hartzeko eginbeharrekoa zein den badakigu, baina orain, konponbidea oso zaila da, oso garestia eta, aditu askoren ustez, ez dago denborarik.

Hori aurrera eramatea ez da batere erraza, inork ere ez dakielako datak non dauden. Programatzaile bakoitzak era ezberdinean ezkutatu baitzituen digitu horiek. Batek date hitza erabili zuen bitartean, beste batek day aukeratuko zuen, eta agian baten batek Pamela Anderson erabili zuen. Auskalo! Programatzea eta sortzea elkarri lotuta daude, askotan, eta sortzaileak askatasun osoa dauka bere obra egiteko. Ondorioz, software programa guztiak arakatu beharko lirateke bi digituzko urteei “19” famatua eransteko.

Bai horixe! Baina azken 30 urte hauetan milioika eta milioika programa-lerro idatzi dira, milaka aplikazio informatiko eraiki dira, eta gaur egungo enpresa arrunt batek bere programa informatikoetan 100 milioi lerro izatea oso normala da. Beraz, lerro horiek guztiak irakurri beharko lirateke datak aurkitzeko eta aldatzeko.

Lerro bakoitzean segundo bakar bat emanez gero eta egunean 8 ordu zeregin horretan bakarrik lan eginez gero, pertsona batek 13 urte beharko lituzke enpresa horretako arazoa konpontzeko, gutxi gora-behera. Edo 13 pertsona urtebetean. Eta zeinek gastatu behar du dirutza hori? Enpresa gehienek ez. Gaur egun Estatu Batuetako enpresen % 40a bakarrik hasi da arazoari aurre egiten, eta Europan are okerrago gabiltza. Eta beste proiektuetan gertatzen ez den bezala, 2000. urtea ez da atzeratuko; ezin da. 120 aste baino gutxiago geratzen dira, besterik ez.

Eta kontua hori da. Eginbeharrekoa zein den badakigu, baina orain, mende berriaren atarian, konponbidea oso zaila da, oso garestia, eta aditu askoren ustez, ez dago denborarik programa guztiak berrikusteko eta berridazteko. Beranduegi da, tamalez.

Artikulu hau irakurri duzun bitartean, 2000. urtea pixka bat gehiago hurbildu zaigu, minutu batzuk behintzat igaro dira. Geroz eta denbora gutxiago geratzen da. Dena dela, kaos informatikoan erori baino lehen, gaiari buruzko informazio gehiago jaso nahi baduzu, jo Internet-eko taulako helbideetara.

  1. http://www.amcity.com/houston/stories/090996/editorial1.html
  2. http://www.midrangesystems.com/year2000/year2000.htm
  3. http://www.2k-times.com/y2k.htm
  4. http://www.winmag.com/people/melgan/year2000/
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila