Nondik sortu zen Zientzia Museoa egiteko ideia?
1990eko hamarkadaren hasieran gehienbat unibertsitateko irakaslez osatutako lagun-talde bat zientzia-museoa bultzatzeko lanean hasi zen. Talde hark aurreproiektua egin zuen, Udalari proposatu zion, Diputazioari... Zientzia XXI taldekoak ziren. Kutxak, bestalde, 1996an, beste gizarte ekintza bat egiteko unea zela erabaki zuen. Hainbat aukera aztertu ziren eta horretan zeudela, Zientzia XXI taldeko aurreproiektuaren berri izan zuten. Eurekin hitz egin eta gero, Kutxak Zientzia XXI taldearen aurreproiektuan oinarritutako Zientzia Museoa egitea erabaki zuen.
Eta zuri nola iritsi zitzaizun Zientzia Museoko zuzendaritza?
Duela bi urte eta erdi eskaini zidaten eta baiezkoa eman nien. Nire lanarekin batera, hobby gisara irrati-saioak egin izan ditut: 180 SER irratian 8-9 urtez, 4 urtez Onda Cero irratian dibulgazio-saioak egin nituen Espainia mailan, gaur egun Herri Irratian, Gasteiz Irratian ari naiz. Irrati-saioez gain, era guztietako artikuluak era guztietako argitalpenetan argitaratu ditut. Espainiako Kazetaritza Zientifikoen Elkarteko partaidea naiz, mintegi askotan hartu dut parte... ez dakit, behin zenbatu nituen eta nik uste dut 500 artikulu inguru argitaratuak izango ditudala dagoeneko. Zientzia Museoarekiko ardurari dagokionez, niretako sekulako erronka da, hobby modura egiten nuena orain eguneroko lan bihurtu baitzait; niretzat ideala da, izugarria. Gustuko dudana egin behar dut eta ordaindu egiten didate.
Eraikitze-lanak asko atzeratu dira, zergatik?
Atzerapena urtebetetik gorakoa izan da, bai, batez ere eraikitzean egon diren arazoekin, gainerakoa prest baitago. Langile-falta izan dugu, eraikuntzan sekulako boom-a gertatu da eta.
Zer ekarpen egiten dio museoak Euskal Herriari, Gipuzkoari, Donostiari...?
Bueno, besterik ez dagoenez, Euskal Herriari zientzia-museoa izatea ematen dio, era informal eta ludiko batean zientziaz hezitzeko aukera emango dio. Gipuzkoari, berriz, hemengo gauza zehatzak izango ditugunez, hemengo errealitatea hobeto ezagutaraztea ekarriko dio. Gipuzkoako eta Euskal Herriko enpresetako gauzak hemen izaten saiatu behar dugu, enpresak eta unibertsitateak zertan ari diren ikusteko eta, batez ere, Gipuzkoako enpresak. Donostiarentzat, azkenik, turismoa indartzeko aukera izan daiteke. San Telmo, Aquariuma, Kursaala, eta Zientzia Museoa kontuan hartuta, Donostiak eskaintza turistiko erakargarria egin dezake, Bilboko Gugenheim museoaren osagarri ere izan daiteke.
Zientziari zerbait ekarriko dio?
Zientziaren dibulgazioari batez ere, zientziari soilik heziketaren ikuspuntutik eragiten dio. Ez dugu museo pasiboa izan nahi, jendeak jakin nahi duena jarri nahi dugu, jendearen iritzia jasotzea... horretarako EHUrekin akordioa dugu, Didaktika Sailarekin, hutsuneak aurkitzeko, jendearen iritzia jasotzeko eta egiten dena erakargarriagoa izan dadin nola egin behar den jakiteko. Ikuspuntu horretatik ikerketa pedagogikoa egingo dugu, dibulgazioarekin batera.
"Debekatuta dago ez ukitzea" leloarekin jarraitzen duzue.
Bai, badakigu kopia dela, baina polita da. San Frantziskoko Esploratorium-ak atera zuen eta munduko gainerako museook nolabait kopiatu egin dugu, moldatuta jakina.