Xabier Peñalver:

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Xabier Peñalver arkeologoa Aranzadi Zientzi Elkarteko kidea da. Historiaurreko Arkeologia sailean dihardu, eta azkenaldian han eta hemen azaldu da, Deba aldeko Praile Aitzen aurkitutako lepokoak direla eta. Gu, ordea, beste gai batez hitz egiteko bildu gara Peñalverrekin; cromlech, mairu-baratze edo harrespilei buruz hitz egiteko, alegia. Hain zuzen ere, 1983tik aurrera, mila mairu-baratze baino gehiago katalogatu eta aztertu ditu, eta 2004an ikerketen emaitzak eta ondorioak plazaratu zituen Aranzadiren Munibe aldizkariaren 19. gehigarrian: Mairubaratzak. Pirinioetako harrespilak .
Arkeologian doktorea
Xabier Peñalver: "Oraindik ez dugu argitu mairu-baratzeak egin zituztenen misterioa"
2006/05/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: A. Galarraga)
Zerk bultzatu zaitu mairu-baratzeak ikertzera?

Egia esan, ez ditut cromlechak bakarrik ikertu, duela 25 urte inguru hasi genuen ikerketa baten atal bat da. Garai hartan, Azken Brontzeko eta Burdin Aroko aztarnak ikertzeko egitasmoa abiatu genuen, oso gutxi baikenekien garai hartaz. Orduan zenbait mairu-baratze aztertu nituen, eta nire doktore-tesiaren zati bat horiei buruzkoa da.

Baina ez nintzen horretan bakarrik aritu; besteak beste, harresitutako herriak ere ikertu nituen. Adibidez, Tolosa eta Albizturren artean dagoen Intxur herrian bederatzi urte eman nituen indusketak egiten, eta lan hark fruituak eman zituen. Izan ere, frogatu genuen hemengo herriak Europako beste hainbat bezain garatuta zeudela, ordura arte uste zenaren aurka.

Garai hartakoak dira mairu-baratzeak?

Bai, Kristo aurreko azken milurtekoak, gutxi gorabehera. Baina harrespilek ez dute argitzen nola ehorzten zituzten herrietako biztanleek euren hildakoak, herrien inguruan ez baitago harrespilik, denak Pirinioen inguruan daude.

Lehen, batzuek proposatu zuten herrietako artzainak Pirinioetara joaten zirela udan, eta han hildakoak ehorzten zituztela harrespiletan. Hipotesi hori, ordea, sinesgaitza da. Bestela, zer egiten zuten udan herri inguruan hiltzen zirenekin? Ez zituzten bi ehorzketa-mota izango, non eta noiz hiltzen ziren bat edo bestea aukeratzeko. Gainera, Intxurgo artzainak seguru asko Aralar aldera joango ziren udan, ez Pirinioetara. Eta Aralarren ez dago harrespilik.

Nire ustez, herrietako jendeak herri inguruko lurretan ehorzten zituen hildakoak, zista edo harrizko kutxetan, kontinenteko beste herri batzuetan egiten zuten bezalaxe. Holakoak aurkitu ditugu, esaterako, Arabako Errioxako La Hoyako indusketan (Biasteri).

(Argazkia: A. Galarraga)
Mairu-baratzeak, berriz, beste era batekoak dira?

Hori da. 1.104 mairu-baratze ikertu ditugu, eta denak Pirinioak inguruan daude. Ekialdera Andorraraino iristen dira, eta honantz Leitzaran ibaian dago muga; hortik mendebaldera, gutxi batzuk besterik ez daude. Nire ustez, Pirinioetara mugatzea adierazgarria da oso.

Noski, gaur egun bi estatuen arteko muga dena orduan ez zen muga. Ipar- eta hego-isurian, bietan daude cromlechak. Artzaintzako eremuetan daude, leku estrategikoetan: muinoetan, mendien lepoetan, eta 1.109 metroko garaieran batez beste. Egin kontu altuera haietan ez zegoela bizitzerik urte osoan.

Bestalde, gehienetan bakarka dauden arren, zenbait lekutan harrespil bat baino gehiagoko multzoak daude. Multzo ugariena Nafarroa Behereko Okabekoa da; Ilarritako multzoa dago han, eta hogeita sei mairu-baratze ditu.

Eta den-denek antzeko ezaugarriak dituzte?

Bai, nahiko homogeneoak dira. Gehienak Jacques Blot arkeologoak induskatu ditu, eta batzuk karbono-14 teknikaren bidez datatu ditugu. Zaharrena K.a. 1.313-1.004koa da, eta berriena K.a. 354-12koa. Bada, aipatzekoa da ez dugula nabaritu bilakaerarik izan denik; alegia, eredu berari eutsi zioten denboran zehar.

Itxura aldetik, harrizko zirkuluak dira, eta, gehienetan 5-6 metroko diametroa badute ere, badira txikiagoak eta handiagoak. Zotaletako Erdi izena du txikienak eta 1,2 metroko diametroa du; handiena, berriz, Azpegiko lepoko multzoan dago eta 21 metroko diametroa du. Biak ere Nafarroan daude.

Diametroa mugatzen duten harriak lauza handiak izaten dira batzuetan, eta bertikalean daude sartuta lurrean. Beste batzuetan, harri txikiagoak dira, eta harresi txiki baten moduan daude jarrita bata bestearen gainean. Zenbaitetan, zirkulu zentrokideak osatzen dituzte, edo harri handi bertikalak dituzte tartean... Horretaz aparte, cromlech batzuek tumulua dute, lurrezko tontortxo bat.

Meatzeko harrespilaren barne-egitura, 1996an indusketa egiten ari zen garaian.
L. Millán

Nolanahi ere, erdian hildakoaren errautsak daude gordeta. Harrizko egitura baten barruan egoten dira, baina egitura hori ez da denetan berdina. Guk zortzi motatan bereizi ditugu erdiguneak. Badaude zistak edo harrizko laukiak, baita zirkuluak ere, edo U-itxurako egiturak. Batean ontzi baten barruan daude errautsak, beste batean harkaitzean zulatutako kubeta batean, harri-pila baten azpian ere bai...

Errautsak aztertuta ondoriorik atera ahal izan duzue?

Egia esan, aurkitu ditugun hondarretatik ezin da gauza askorik jakin. Badakigu pertsona bakar baten errautsak ehorzten zituztela mairu-baratze bakoitzean, eta, errautsen artean ondo erre gabe dauden hezur eta hortzengatik, ematen du denak gizonezkoak eta helduak zirela, baina ez gaude ziur.

Hori bai, badirudi ez zituztela erretako gorpuaren errauts guztiak gordetzen, baizik eta eskukada bat edo bi besterik ez. Horregatik, agian egokiagoa da zenotafio deitzea hileta-monumentu hauei hilobi baino. Izan ere, ez du ematen hildakoaren arrastoak gordetzeko helburua zutenik; aitzitik, era sinbolikoan gordetzen zituztela dirudi.

Bestelakoan, leku eta garai askotan, gorpuarekin batera ondasunak ere hilobiratzen ziren. Cromlechetan, ordea,

ia ez dugu halakorik aurkitu; ez dakigu ondasun gutxi zituztelako den, edo ez zuten horretarako ohiturarik, edo ez den aztarnarik gelditu.

Hortaz, oraindik badituzue erantzunik gabeko galderak.
Adiko Soroko harrespil-multzoa (Erro, Nafarroa). Multzoan hamar harrespil daude.
(Argazkia: L. Millán)

Eta ez gutxi gainera! Mairu-baratzeei buruzko gauza gehiago jakin nahi ditugu, baina, batez ere, horiek egin zituztenen bizilekuak topatu nahi ditugu. Eta harresitutako herrietan, hau da, bizidunak non bizi ziren badakigun kasuan, hildakoak non hilobiratzen zituzten argitu nahi dugu.

Bestalde, nire iritziz, mairu-baratzeen misterioa argitzeko lanak ez dituzte arkeologoak bakarrik egin behar; esaterako, hizkuntzalariak behar ditugu. Hain zuzen, mendebaldera Leitzaran arte egoteak zerikusia izan lezake baskoien eta barduliarren bereizketarekin. Izan ere, bi herri horien arteko mugarekin bat dator harrespilena. Muga horrek, gainera, euskararen bi dialekto bereizten ditu. Hari horretatik tiraka zerbait gehiago jakiteko aukera izango dugula iruditzen zait.

Bukatzeko, ezustekoren bat ere izango zenuen ikertzen aritu zaren denbora horretan guztian...

Badut pasadizo bat duela urte batzuk gertatutakoa. Menditik nentorren, mairu-baratze bat aztertzetik, eta guardia zibilek gelditu ninduten. Garai hartan, bereziki zaintzen zituzten Pirinioak, eta oso susmagarria iruditu zitzaien ni bezalako tipo bat ibiltzea han. Azaldu nien zertan aritu nintzen, eta ordukoan alde egiten utzi zidaten, baina argi eta garbi utzi ondoren ez nindutela gehiago ikusi nahi mendian iparrorratza eta mapa hartuta.

Horrekin lotuta, esanguratsua da gure arbaso baten errautsak Espainian eta Frantzian egotea banatuta. Hain zuzen ere, cromlech baten erdi-erdian jarri zuten muga zehazten duen mugarri horietako bat, eta ez zuten nahi gabe egin, noski.

Iraganean sakontzeko gonbidapena
Dolmena Aralarren.
(Argazkia: L. Portularrume)
Jende askok sentitzen du iraganarekiko lilura. Beste zientzialarien aldean arkeologoek abantaila hori dutela bota nion Peñalverri. Ez zuen ukatu, baina kexu zen jendeak, oro har, ez dituelako historiaurreko garaiak bereizten. "Berdintsua iruditzen zaie dolmen bat eta cromlech bat, nahiz eta dolmenak 1.000-3.000 urte lehenagokoak diren. Ez hori bakarrik: hilobi kolektiboak ziren, gorpuak hilobiratzen ziren (eta ez errautsak), ondasunak ere gordetzen ziren, Europa osoan daude zabalduta... Inork ez lituzke Cesar eta Napoleon nahasiko, baina askori ez zaie hain larria iruditzen dolmenak eta cromlechak nahastea, nahiz eta ez duten batere antzik. Horregatik da hain garrantzitsua dibulgazioa".
Galarraga Aiestaran, Ana
3
220
2006
5
033
Elkarrizketak; Giza zientziak
Elkarrizketa
13
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila