Scott Hubbard: "Gizakiak, berez, esploratzaileak gara"

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Iazko porroten ondoren, NASAk Marte esploratzeko programa berrantolatu behar izan du. Scott Hubbard izendatu zuten programaren buru. Estrategia bilatu eta programa publikoari saltzeko planteamendu berriak erabaki ziren. Hubbard-en lana, besteak beste, komunikabideen aurrean azalpenak ematea da eta gurekin egoteko beta eskaini zigun.
G. Roa Zubia

NASAko Marteko programak aldaketarik izan al du azkenaldi honetan?

NASAko egoitza nagusian, 2000ko martxoaren inguruan, Marteko programaren burua izateko eskatu zidaten. Kontu ezaguna zen Marterako misioekin arazoak izan zirela. Mars Climate Orbiter eta Mars Polar Lander zundekin hain zuzen ere. Programa osoa berregituratzea eskatu zidaten.

Zein da zuen planteamendu orokorra?

Gure interesa gehienbat zientziaren esparruaren ingurukoa da. Gure helburua mota honetako galderei erantzunak bilatzea da: Bizidunik izan al da Marten? Bizirik ba al dago gaur egun? Eta orain misio berriak garatzeko fasean gaude.

Oro har, zein izango da hurrengo urteetako programa?

2003. urtean bi Rover bidaliko ditugu Marteren azala aztertzera. Mars Pathfinder misioan zihoana baino askoz handiagoak izango dira. 2005etik aurrera, misio berri asko diseinatu nahi ditugu. Orain misio horietan guztietan nazioarteko lankidetza ziurtatzeko lanean ari gara. Lau zientzia-helburu nagusi ditugu: bertako biziaren ikerketa, klimarena, planetaren geologia solidoarena eta gizakiek esplorazioak egin ahal izateko prestakuntza.

2003an NASAk bidali behar dituen Rover ibilgailuetako bat.
NASA

Horretarako, antolatu dugun programari Follow the water (Urari jarraitu) deitu diogu. Ura ezinbestekoa da bizitzeko. Munduko edozein zonatan ur likidoa, energia, materia organikoa eta, azken batean, bizia daukagu. Orain Martera bideratuta dugun misioa, Mars Global Surveyor, bereizmen handiko argazkiak ateratzen ari da. Argazki horien bidez "ur modernoa" dagoela frogatzen da. Horrek esan nahi du ur hori atzokoa zein duela milioi bat urtekoa izan daitekeela. Garai batean ura planetaren azaletik urruti zegoela uste zen. Orain gertuago egon daitekeela uste dugu. Ura berrehun bat metroko sakoneran egon daiteke. Datorren apirilean ur modernoa bilatuko duen beste zunda bat jarriko dugu orbitan. Gainera, zulatze-teknikak erabiltzeko aukera aztertzen ari gara eta, agian, teknologia horiekin saio batzuk egingo dira gure misioetan.

Gero, 2003. urteko Roverak izango dira. Hurrengo urteetan esploratzeko tresna ugari bidaliko ditugu. Hegazkinak eta baloiak erabiltzea proposatu ere egin da. Etorkizunean Martetik laginak ekartzeko asmoa dugu. Eta aurrerago, NASA Martera gizabanakoak bidaltzeko aukera aztertzen ari da.

Baina hori egin baino lehen, lau arazo konpondu behar ditugu. Lehenengoa kostuaren arazoa dugu. Bigarrena garraiorako teknologia da. Hirugarrena arazo biomedikoa da, erradiazioarekin eta grabitate txikiarekin zerikusia duena. Eta laugarren puntua joan nahi izatearen zergatia da. Gure ustez Marte esploratzeko modurik hoberena pertsonen bitartekoa da. Beraz, datorren hamarkadan Marten urik dagoen argitzeko misio asko izango dira eta hurrengoan gizakiak bidaltzeko aukera aztertzeko garaia izango da. Ameslari batzuek Marte gure bigarren etxe bihur daitekeela uste dute. Baina gaur egun hori zientzia-fikzioaren esparrukoa da. Espekulazio hutsa da, eta guk datorren hamarkadan egin dezakegun zientzia aztertuko dugu.

Marteko argazki batzuetan ikusten diren kanalak, ustez uraren arrastoak, aspalditik ezagutzen ditugu, Mariner 9 misioan jada ikusi ziren. Azkenaldiko argazkiek, orduan, zer berrikuntza dakarte?

Marteko ipar poloa.
NASA

Bai. Ikusi ditugun kanal horiek seguru asko ur-ibaiek egindakoak dira. Agian ura zeramaten, baina ur hori duela 2.000 milioi urtekoa izan liteke. Interpretazioa behintzat aldatu da, lehen ura oso sakon egon zitekeela pentsatzen zelako. Oraingo aurkikuntza liluragarria da, aurten ikusi ditugunak ur modernoaren kanalak izan daitezkeelako. Hainbat kilometro sakon izatetik ehunka metro izatera pasatu gara interpretazio berrian.

Zenbaterainoko ziurtasuna dago ondorio horretan?

Zientziaren ardura datuak jaso eta interpretazioak ematea da. Horrela, galdera berriak egin ahal izango dira. Marten azkenaldian ikusitako kanaletan ur modernoa egon zela esan genuen. Hori da ikusitakoarentzat dugun azalpenik hoberena. Besteren bat egongo da, noski. Baina kanal horiek basamortuetako bat-bateko uholdeak sortutako arrastoen antza dutela batik bat pentsatzen da, eta iritzi kritikoenak ere bat datoz horrekin. Horregatik, ezarri den helburuetako bat zona horiek gertuagotik aztertzea da. Arroka-lerraduren antzeko efektuak izan daitezke, baina lerroak ez daude oso ondo definituta. Hondarra, elur-jauzietan bezala, mendi-magaletan barreiaturik dago. Horregatik, bat-bateko uholdeen ondorioak izan daitezkeela uste da. Azterketa hori egin duten adituak geomorfologoak dira.

Uraren presentzia baieztatzeko metodologia ezberdinen konbinazioa erabiliko da. 2001. urteko misioan beharbada ura egon daitekeen lekuren bat topa liteke. 2003ko misioan bidalitako Roverak orbitatik aukeratutako puntu horietara eramango genituzke. Bestalde, 2005. urtetik aurrera martxan jar litekeen beste misio bat aztertzen ari gara, soinu-uhinen bidezko bilaketa egin lezakeena. Teknika hori petrolioa bilatzen duten enpresek erabiltzen dute.

Lankidetzarik ba al dago proiektu horietan?

1998ko irailean hartutako Marteren argazkia.
NASA

2003. urtean Europako talde batekin elkarlanean beste misio bat jarriko da abian, Mars express izenekoa. Estatu Batuetako eta Italiako zientzialariek lehen robota bidaliko dute Martera. Horrek ere informazioa emango digu. Beharbada, noizbait zulaketaren bat egin beharko dugu.

Ura aurkitzeaz hitz egiten duzuenean bizia aipatzen duzue. Baina Ipar poloan, adibidez, ur asko egonda, ez dago izaki bizidunik...

Ez dugu izotzetan bizi daitekeen izakirik ezagutzen. Ur likidoa nahitaezkoa da, ordea. Horregatik, adibidez, Groenlandia ez da berdea. (Itzultzailearen oharra: Groenlandia ingelesez "Greenland" da eta horrek literalki "lurralde berdea" esan nahi du).

Nola aztertuko duzue Marteko atmosfera?

2003. urteko misioaren bitartez, Marteko klima iraganean nolakoa zen argitu nahi dugu. Gaur egun basamortu hotza eta lehorra da eta atmosfera gehiena galdu du. Rover horien lana arroken analisi mikroskopikoa egitea izango da. Horrela, detektatzen diren mineralen arabera, klima nolakoa izan zen jakin ahal izango dugu. Mineralek ur asko edo gutxi izan dezakete, atmosferarekin ura trukatzen dutelako.

Gaur gerra hotzaren ondorengo egoeran gaude. Apollo misioetako ezaugarri garrantzitsu bat errusiarren aurkako lehia espazialean murgildurik egotea izan zen. Marteko giza esplorazioak oso arrazoi ezberdinak ditu. Nire iritzia besterik ez da, baina bi arrazoi nagusi daude. Lehenik, esploratzea gizakien baitakoa izatea, hau da, gizakiok, berez, esploratzaileak gara. Eta bestetik, bakarrik ote gauden galderari erantzuteko irrika izatea. Marten bizia aurkituko bagenu, oso albiste garrantzitsua izango litzateke denontzat.

Marten ura aurkituta ere, bizirik aurkitzen ez bada, zer?

Galdera horri erantzutea ez da batere erraza. Egia da zerbait ez izatea ezin dela frogatu. Baina leku askotan eta maiz saiatuagatik, erantzuna oraindik ezetza baldin bada, hori ere oso emaitza garrantzitsua da.

Ba al duzu Tinto ibaiko ur azidoetan bizi diren organismoen berri?

Marteko Valles Marineris hranaren ordenagailu bidezko irudia.
NASA

Bueno, denbora batez Juan Perez Mercader Astrobiologiako Zentro Nazionaleko zuzendariarekin lan egin nuen eta Tinto ibaikoaren berri berak eman zidan. Informazio horrek biziaren mugei buruz dakiguna zabaldu egin du. Lurreko bizia dagoen ingurunerik gogorrena da. Lurrean muturreko baldintzetan bizia aurkitzeak Marte bezalako planetetan bizia aurkitzeko itxaropena ematen digu, hangoa ere oso ingurune gogorra baita. Tinto ibaiko eta Marteko pHak ez dira berdinak, baina hain egoera gogorretan bizia aurkitzeak agian Marten ere aurki litekeela esan nahi du, bertako ezaugarriak oso gogorrak baitira.

Nolako esperimentua egin behar da bizia aurkitu dela baieztatzeko?

Bizia aurkitzea oso lan konplexua da. Adibidea jarriko dizuet. Martetik etorritako meteorito bat topatu zen, horretaz ez dago zalantzarik. Analisiak egin zituztenek fosildutako bakterioak zeudela esan zuten eta sekulako eztabaida sortu zen. Eztabaida hori ez da oraindik bukatu. Baina gauza bat dago argi: inork ez du biziaren definizio orokorrik. Geu biziaren oinarrizko ezaugarriak bilatzen ari gara, biziaren hatz-aztarnak. Beraz, Juan Perez Mercader bezalako zientzialariak biziaren kimika eta fisika aztertzen saiatzen ari dira, guk Martera robotek eramango dituzten sentsoreak egin ahal izateko. Sentsore horiek biziaren hatz-aztarnak bilatuko lituzkete. Horrela jakingo genuke bertan inoiz biziarik egon den. Hori astrobiologiaren ahalegin nagusietako bat da.

Bizia aurkitzeak zer esan nahi du? Proteinak aurkitzea?Azido nukleikoak aurkitzea?

Unibertsoaren barruan bizia bilatu nahian gabiltzanean, kontuz ibili behar da Lurrean dagoenaren antzekoa dela aurrez ez suposatzeko. Horregatik, oinarrizko kimika eta fisikari buruzko hausnarketa egiten ari gara. Bestalde, biziaren oso neurketa konplexuak garatu ditugu. Adibidez, gaur egun ADNaren detektagailuak ditugu. Marten ADNrik topatuko ez bagenu, ondorioa ez dugula galdera egokia egin izango litzateke. Beraz, oinarrizko gauzak bilatu nahi ditugu. Aminoazidoak eta hainbat kimika-mota bila genitzake, desorekaren kimika, esate baterako. Horrek esan nahi du materia energia bihurtzeko nolabaiteko prozesua gertatzen ari dela. Hori biziaren ezaugarri bat izan liteke.

Autorreplikazioa bilatu nahi al duzue?

Kristalak autorreplikatzen dira eta ez dira biziduntzat hartzen. Beraz, biziaren definizio orokorrean autorreplikazioa aipa daiteke, baina oso zaila da hori detektatzeko gai den gailu bat diseinatzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila