Sariak sarri uzta oparoa

Kaltzada, Pili

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Egitura arrunt bitxia du Donostiako Kimika Fakultatearen eraikinak. Labirintikoa iruditu izan zaigu beti eta sarritan ibili gara, galtzeko zorian, berdintsuak diruditen solairu eta geletan barna. Eskarmentu handia izan dugu aurten, nolanahi ere, zorionez, sarritan joan behar izan baitugu bertara. Oporren bezperan, adibidez, bi bider: lehena P.M. Etxenikeri emandako Asturiasko Printze Saria zela medio eta bigarrena Jesus Ugalderen X.M. Munibe Saria aitzaki hartuta. Kimika Fakultateko irakasleak biak ere, punta-puntako ikertzaileak eta, esatea zilegi bazaigu, baita goi-mailako lagun eta lankideak ere. Oso sari bakanak izan dira aurtengo horiek: neurri oso txikian bada ere, Euskal Herriko zientzi komunitatea —maila desberdinetan izanik ere— osatzen dugun guztion barru-barruan sentitu baitugu sarion eta saridunen zirrara. Bejondeizuela! Zorabiatzeko moduko gizona da Pedro Miguel Etxenike. Bere bulegoan, Donostiako Kimika Fakultatean, arbela beti egoten da edonor zorabiatzeko moduko ikurrez josita. Zorabiatzeko modukoa da, halaber, nafar honen ibilbide profesionala: Kimika Fakultatean irakasle, Materia Kondentsatuaren Fisikan Katedraduna, hain zuzen ere, BBVko Kontseilu Zientifikoko kidea, Iberdrolako Zientzia eta Teknologiarako aholkularia, Xabier M. Munibe sariduna, Ikerketako Euskadi Saria, Zientziaren Depont Saria, Vianako Printze Saria eta, berriena, Asturiasko Printze Saria. Curriculuma bezain gizena omen da bere ajenda, baina saria eskuratu berria zuela tarte bat egin zuen Elhuyarrekin hitz egiteko.

Pedro Miguel Etxenike:

Elhuyar: Asturiasko Printze Saria eman berri dizute; zorionak esanez abiatzeak eskatzen du giza legeak...

Pedro Miguel Etxenike: Mila esker. Egia esan, oso egun bereziak izan dira azken hauek niretzat; izugarri “lanpeturik” eduki naute, baina oso une politak ere igaro ditut. Niretzat, atsegina ez ezik, ohorea ere izan da sari hori lortzea. Nolanahi ere, ez nuke sariaren itzalera atseden hartzera geratuko garenik adierazi nahi; izan ere, une honetan saria bitartekoa izango da nire eskuetan nire jendearentzat eta baita ere ikertzaile gazteentzat aukera berriak sortzeko tresna delakoan bainago.

Elh.: Aurrerantzean beraz, hemendik 20 urtera edo, hasieran aipatu dugun zerrenda hori askoz luzeagoa izatea espero duzu...

P. M. E.: Baietz uste dut, baina beharbada ez da nik egindakoagatik izango, nirekin hasitakoek egingo dutenagatik baizik.

Elh.: Eguneroko lanak askotan eskatzen digu atzera begiratzea eta orain arte egindakoa nondik nora etorri den azaltzen saiatzea. Zerk bultzatu zintuen fisika ikastera?

P. M. E.: Lekarozen hasi nintzen ni ikasten eta hantxe egin nuen Batxilergoa; egia esateko, gauza gehienak gustatzen zitzaizkidan, baina beharbada fisika eta matematika nituen bereziki kuttunak eta bide horretatik abiatu nintzen. Matematika ere ikas nezakeen, beraz, baina fisika egitea erosoagoa zen garai hartan, Iruñean eta Donostian egiteko aukera zegoelako eta horrexek jarri ninduen fisikaren bidean. Beraz, ez dut uste sakoneko eta pisuzko arrazoi gehiago egon zenik tartean.

"Geurea bezalako 20 edo 100 talde behar dira Nobel Sari bat irabazteko aukera izateko".
Egunkaria/ I. Otaegi

Elh.: Inoiz entzun izan dizugu ere etxeko giroak eragin handia izan zuela zugan, nolabait bultzatu egin zintuela bide horretan. Noraino eragin zizun?

P. M. E.: Gu Izaban jaio ginen, nire arreba Maite, anaia Jabier eta hirurok eta gure gurasoek betidanik erakutsi ziguten gure ikasketak baino gehiagorik ez genuela izango munduan; batxilergoko lehen hiru urteak egitean Iruñera joaten ginen azterketak egitera eta amak laguntzen zigun beti gauzak prestatzen. Hori ere etxean ikasi genuen, gauzak behar bezala prestatzea zein garrantzitsua den. Berebiziko irakaspena izan zen hori nirentzat, dudarik gabe.

Elh.: Etxean ikasitakoa al da ustez hain gustuko duzun “Men sana in corpore sana” dioen legea?

P. M. E.: Baliteke bai horrela izatea. Esan dizudan bezala, Izaban jaio ginen eta hango mendietan txikitatik hasi ginen ibiltzen eta horren eskutik heldu zitzaindan, itxuraz, kirol-zaletasuna; gero Ingalaterrara ikastera joan nintzenean zaletasun hori areagotu egin zitzaidan eta gaur egun ere oso gustukoa dut; eskiatzea, mendian ibiltzea... lehen squash ere praktikatzen nuen, eta tenisa eta pelota eta orian golf-ean ere aritzen naiz sarritan, nahiz eta oso txarra izan. Anaiak eta biok urtero hartzen dugu parte Behobia-Donostia lasterketan, ea nork denbora hobeagoa egin eta, egia esatera, azken hiru urte hauetan nik neuk irabazi diot.

Elh.: Nola antolatzen duzu, bada, zeure burua hainbeste zeregin eta zaletasunen artean guztietara heldu ahal izateko?

P. M. E.: Nik uste dut edozeinek egin dezakeela, baldin eta benetan gustukoa badu egiten ari dena. Soilik ondo antolatzen jakin behar da, kontua egiten baduzu, ezer egin gabe denbora asko joaten zaigula ikusiko duzu eta. Egia da azken egun hauetan denboraz larriago ibili naizela, baina normalean ez dut horretan arazorik izaten.

Elh.: Bestelako ardurak ere izan zenituen garai batean, ardura politikoak, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua izan zinen eta. Nekeza izan al zen gero berriro ikerketa-mundura itzultzea?

P. M. E.: Lau urte eman nituen Eusko Jaurlaritzan eta apika, urte gehiago igaroz gero askoz zailagoa izango zela uste dut. Lau urte ez da ezer batez ere funtsezko gauzak, edozein arlotan, aldatzeko eta nik itzultzean aurkitu nuen fisika joandakoan utzi nuenaren oso antzekoa zen. Ez dut honekin berehala jarri nintzenik esan nahi eta orduan ere oso garbi ikusi nuen kanpora joan behar nuela berriro, atzera nire lanean zentratu ahal izateko eta bakea lortu ahal izateko behar-beharrezkoa zitzaidan hori. Horregatik Cambridge-ra joan nintzen eta bi urte eta erdi eman nituen bertan, gero EEBBetan eta horrela, apurka-apurka nire maila berreskuratzea eta “ofizioa” ikastea lortu nuen.

Elh.: Denborak ematen digun lasaitasunarekin, nola gogoratzen dituzu Eusko Jaurlaritzan igarotako urteak?

P. M. E.: Nik pozik hartu nuen agintea, baina baita pozik utzi ere, nire ustez, horixe da bidea politikan. Garai horretan, gainera, ilusio handia zegoen eta nire ustez euskaldunon autogobernurako gauza handiak egin ziren urte haietan. Euskararen Legea datorkit burura eta baita ere ikerketarako sortu genituen bide berriak eta gazteentzako aukera berriak, ikastolen legea bitarteko, nahiz eta gero ez zen nik nahi bezala bideratu; ETB ere hor dago, nahiz eta orain ikusten dudanean nik buruan nuena inondik inora sumatu ez.

Elh.: Bata zuria jantzi gabe lan egin ote dezake ikertzaile batek?

P. M. E.: Dudarik gabe, neuk behintzat ez dut bata behar nire lana behar bezala egiteko. Guk ereduak sortzen ditugu gero gauzak neurtzen direnean aurreikuspen horiek bat datozen edo ez ikusteko; guk, beraz, besteek egiten dituzten neurketak aztertzen ditugu eta hori buruan, paperean eta ordenadorean egiten dugu lan.

Elh.: Teorietan aurrerago joateko gaitasuna eta azalpenak erraz agertzeko ahalmena eta abilezia aipatu zituzten Asturiasko Printze Saria zuri ematea erabaki zutenek; hori zientzian losintxa modura ulertu behar da?

P. M. E.: Neure kasuan bai, behintzat. Norbaitek eskatuko balit nire lana esaldi batean azaltzeko losintxa modura, horixe esango nuke neuk ere! Hori esan duenak badaki zer den fisikariaren lana eta esango nuke, gainera, ongi ezagutzen duela nire lana; laguna behar da horrelako gorespen bat botatzeko!

Elh.: Orain arteko sari-zerrendari Nobel saria falta zaio oraindik...

P. M. E.: Batzuek aipatu didate hori, baina ez da posible izango. Euskal Herriak Nobel saridun bat edukitzeko geurea bezalako gutxienez 20 edo 100 talde eduki beharko genituzke. Agian hemendik 100 bat urtera edo lortuko dugu.

Elh.: Berriki esan duzu ikerketa ez dela bakarrik “talentua”, ikerketaren atzean lan asko dagoela, izerdia. Azaldu iezaiguzu hori.

P. M. E.: Nik baino askoz lehenago esan zuen horixe bera Ramon y Cajalek; izerdia gutxienez ikerketaren % 48 zela esan zuen. Askotan, ikerketarako garrantzitsuena oso azkarra izatea dela pentsatzen dugu, baina gehienetan ez da hori horrela izaten. Pazientzia, borondatea eta fedea behar dira norberaren ideiak garatzeko eta defendatzeko. Obsesioa behar da defendatzen duzun horrekin kosta ala kosta segitzeko. Noski hori genioaren ezaugarrietako bat da, baina baita eroarena ere eta, beraz, ongi neurtu behar da.

Askotan, ikertzaile batengan garrantzitsuena oso azkarra izatea dela pentsatzen dugu, baina gehienetan ez da hori horrela izaten. Pazientzia, borondatea eta fedea behar dira norberaren ideiak garatzeko eta defendatzeko.
Egunkaria/ I. Otaegi

Elh.: Askotan aipatu izan duzu atzerrian egiten ari dena bertan ezagutzea oso garrantzitsua izan zela zuretzat...

P. M. E.: Nik ikasketak burutu nituen unean ezinbestekoa zen kanpora joatea benetako doktoretza egiteko. Orain Euskal Herrian ez da beharrezkoa, nik orduan Cambridgen aurkitu nuen maila orain hemen ere badagoelako, baina hala eta guztiz ere kanpora joatea ezinbestekoa da. Ez baitugu ahaztu behar doktoretza ikertzailearen ikerketa-lanaren hasiera baino ez dela, ez gailurra, askok uste dutenaren kontra.

Elh.: Ideiak, esperientziak, eskarmentua eta enparauak aurrez aurre…

P. M. E.: Harreman pertsonalak funtsezkoak dira ideiak transmititzeko, baina bereziki eztabaidatu ahal izateko. Gero eta informazio gehiago zabaltzen dugu interneten bidez, baina horrek ezingo du harreman pertsonalen inguruan sortzen den aberastasun intelektuala ordezkatu. Bistan denez, gure ideia gehienak txarrak izaten dira; egiten ditugun hipotesietatik gehienak zakarrontzian amaituko lukete inorekin hitz egingo ez bagenu, baina eztabaida batean, apika, bidea ikusten laguntzen dizkizuten pistak emango dizkizu zure solaskideak eta hori ezin daiteke interneten bidez egin. Inori ez zaio teoria ausart samarra interneten bidez zabaltzea bururatzen, lotsagarri geratzeko arriskua egon badagoela jakinik; elkarren aurrean, ordea, askoz giro aberatsagoa sortzen da beti.

Elh.: Nola gogoratzen dituzu Cambridgen igarotako urteak?

P. M. E.: Oso ederrak izan ziren niretzat, nire bizitzako urterik politenetakoak, hain zuzen ere. Orain, Donostian ere oso ongi nago... Askotan esaten didate “Munduko edozein unibertsitatetan egin zenezakela lan eta zer dela eta Donostian?” Horrek benetan harritzen nau, niretzat sekulako zortea izan baita egin nahi dudana nahi dudan tokian egin ahal izatea.

Elh.: Nahi duzuna egiten ari zara, beraz, Pedro?

P. M. E.: Ahal dezakedan neurrian, bai behintzat. Bitartekoak baditut, baina ez nahi nukeen beste, egia esateko. Hasieran esan dizudan bezala, oraintxu eman didaten Asturiasko Pintze Saria niretzat bitarteko bat da aurrerantzean gauza gehiago egin ahal izateko. Bide horretatik, hitz egiten hasi naiz Eusko Jaurlaritzakoekin institutu bat sortzeko hemen bertan; institutu honen helburu nagusienetako bat atzerriko ikertzaileekin ditugun harremanak modu errazago eta erosoagoan bideratzeko azpiegitura egokia moldatzea da, hilaren bukaerako fakturekin erabat larrituta ibili gabe.

Elh.: Zientzia21 elkartearen Zientzi Museoa proiektua ere oso gertutik ezagutu duzu...

P. M. E.: Sekulako poza eman didan albistea da hori. Gaur egungo gizartean, edozein gizarte demokratikotan, zientzi heziketa oso garrantzitsua da, erabaki askok eduki teknologiko edo zientifikoak dituztelako eta, beraz, funtsezkoa da horretan hezitzea. Dibulgazioa oso garrantzitsua da eta norabide horretan egiten diren urrats guztiak bultzatu egin behar ditugu. Proiektu honetan babes modura eman dut nire izena, ni ere horren aldekoa naizela esateko. Niretzat bereziki pozgarria izan da Kutxak proiektu edo egitasmo honen garratzia ulertu izana.

Elh.: Aukeratu beharko bazenu zure lanetik gehien-gehien atsegin duzuna zer jarriko zenuke goialdean?

P. M. E.: Oso zaila gertatuko litzaidake, dudarik gabe. Askotan ideia bat dabilkizu jira-biraka buruan eta horrekin izugarri gozatzen dut; ikasleek aurrera egiten dutela ikustea ere gogobetegarria da edota, orain esan dizudan bezala, gizarteak, kasu honetan Kutxak, ulertzea 2.000 milioi pezetako proiektu bat beharrezkoa dela gero gizarteak berak zientzi formazioa izan dezan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila