P. M. Etxenike, ohorezko ikertzailea eta gidaria

Pitarke, Jose M.

CIC nanoGUNEko zuzendaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna

Pedro Miguel Etxenike Izaban jaio zen, 1950. urtean. Fisikako lizentziatura Nafarroako Unibertsitatean burutu zuen, 1972. urteko ezohizko Lizentziatura Saria eta 1973.eko karrera-bukaerako Sari Nazionala lortu zituelarik. Cambridgeko eta Bartzelonako Unibertsitateetan doktoretza-tesi bana burutu zuen, 1977 eta 1978. urteetan, hurrenez hurren. Ondoren, Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea izan zen, harik eta 1980. urtean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura kontseilari izendatu zuten arte.

1984. urtean Eusko Jaurlaritza utzi zuenetik hona puntako ikerketan aritu da, mundu osoko unibertsitate eta laborategi ospetsuenetan. Gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko fisikako irakasle katedraduna dugu Donostiako Kimika Fakultatean.

Etxenike irakasleak nazioarteko ikerketa-aldizkarietan 200 inguru artikulu argitaratu ditu, "Physical Review" eta "Physical Review Letters" aldizkari ospetsuetan 70 artikulu baino gehiago argitaratu duelarik. Halaber, "Solid State Physics" delako aldizkari ospetsuan Fisika espainiarrak argitaratu ahal izan duen artikulu bakarraren egilea dugu.

Fisikari ospetsu honen ekarpen zientifikoak arlo desberdinetakoak badira ere, ekarpen nagusiak partikula kargatuen eta materiaren arteko elkarrekintzen esparruan kokatzen dira, baita gainazalen fisikaren esparruan ere. Etxenikek zenbait fenomeno fisikoren oinarri teorikoak garatu ditu, batzuetan, eta konputagailu bidezko kalkuluak burutu ditu, besteetan, beti ere teoriaren eta esperimentuaren arteko loturari eutsiz.

Etxenike irakasleak helio superfluidoaren atomoen islakortasunaren teoria garatu zuen, Cambridgeko doktoretza-tesia burutzen ari zelarik. Garai hartan ere gainazal baten kanpoaldean higitzen ari diren elektroien energi galerak gainazalarekiko distantziarekiko duen menpekotasunaren berri ematen duen formula ospetsua asmatu zuen, formula hau mikroskopia elektronikoaren barrutian buruturiko esperimentuen azterketa egiteko orduan ezinbestekoa bilakatu delarik.

Azken hamarkadan Etxenikeren zuzendaritzapean anitz ikerlan burutu dira, materia kondentsatuaren fisikaren zenbait alorretan.

Etxenikek erdietsitako lorpen zientifikoen artean nazioarteko onespen handiena lortu duena, agian, 70.eko hamarkadan plazaratu zuen irudi-egoeren eredua dugu. Gainazal metalikoetako irudi-potentzialak sortarazitako gainazal-egoera elektronikoen existentzia aurresan zuen, egoera elektroniko hauen dentsitatea, bizi-denbora, lotura-energia eta masa eraginkorra lortzeko teoria sotila bezain sinplea garatuz. Etxenikek bere iragarpena egin zuenetik zenbait urtetara gainazal-egoera berezi hauek esperimentalki aurkitu ahal izan ziren, alderantzizko fotoemisioaren teknikaz baliaturik. Gaur egun Etxenikek aurresandako irudi-egoerak munduko anitz laborategitan neurtzen dira, aurresan honek gainazalen fisikaren garapenean eragin izugarria izan duelarik.

Partikula kargatuen eta materiaren arteko elkarrekintzen esparruan ere aitzindari izan diren ikerketak burutu zituen, materia osatzen duten barneko nahiz gainazaleko elektroien erantzun dinamikoaren propietateak aztertuz. Izan ere, Etxenikek elektroi gasean zehar higitzen diren ioiek sorturiko potentzial eta dentsitate induzituaren fluktuazioen teoria burutu zuen, berau eremu honetako ezinbesteko erreferentzia bilakatu delarik.

Halaber, Bohr-ek eta Bethe-k buruturiko ioien energi galeren teorien ondoren, Etxenikek elektroi-gasa osotzen duten elektroiena baino abiadura txikiagoa duten ioien energi galeren lehen teoria ez-lineal kuantikoa burutu zuen, protoi, antiprotoi eta alfa partikulen energi galeren balioak aurresan ahal izan zituelarik. Are gehiago, Etxenikeren teoria berriak ioi geldoen energi galeraren neurketa esperimentalek ioiaren kargaren balioarekiko erakusten dituzten oszilazioen berri eman zuen, ordura arte oszilazio hauen jatorria azaltzeko modurik ez baitzegoen.

Munduan zeharreko ikertzaile ospetsuekin lankidetzan buruturiko ikerketa aitzindarien ondoren eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea bilakatu zelarik, Etxenike Donostiako Kimika Fakultatean puntako ikerketa egingo zuen ikerketa-taldea osatzeari ekin zitzaion. Izan ere, ordura arte zituen nazioarteko harremanak sendotuz eta harreman berriak sortuz, Etxenikek gaur egun ospe handia duen taldea osatzea lortu zuen, gure unibertsitateari mesede handia eginez.

Azken hamarkadan Etxenikeren zuzendaritzapean anitz ikerlan burutu dira, materia kondentsatuaren fisikaren zenbait alorretan. Besteak beste, material zeharreko hidrogeno- eta helio-ioien energi galeraren lehen teoria ab initio osotua burutu da, bertan karga-transferentziaren prozesuak zehaztasun handiz barne hartuz. Halaber, hamarkada honetan esperimentalki neurtu diren materian zeharreko protoi eta antiprotoien energi galeren arteko desberdintasuna zehazki azaltzen duen azterketa mekaniko kuantiko xehatua burutu da, anitz gorputzen teoriaz baliaturik.

Tratamendu honek dotoretasuna eta argitasuna uztartzen ditu, konplexutasun matematiko eta numeriko handiz, eta elektroi-gasaren anitz gorputzetako elkarrekintzaren ikerketaren urrats handia bilakatu da, Lindhard-ek bere garaian erantzun linealerako egindako adierazpenen pareko elektroi-gasaren erantzun koadratikorako adierazpen trinkoak lehen aldiz plazaratu direlarik.

Ikerketa-lanetan berarekin jarduteko aukera izan dugunok ondo dakigu jakin Etxenikek ikertzaile bezala urteetan zehar irabazi duen ospea ongi merezitakoa izateaz gain ikerketa-talde bat osatu eta zuzentzeko gaitasun paregabea erakutsi duela.

Zorionak Pedro!

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila