Nazioarteko Greenpeaceko zuzendaria da 1995eko irailetik. Kargu hori hartu aurretik Alemaniako Greenpeaceko zuzendaria izan zen, 1989. urtetik. Greenpeace nazioarteko erakunde ekologista da, ia 3.000.000 bazkide dituena. Greenpeacek hogeita hamahiru herrialdetan ditu egoitzak, eta 1.000 langile.
Greenpeaceko zuzendariak Soziologia eta Zientzia Politiketako ikasketak egin zituen Alemaniako Regensburg-eko Unibertsitatean; bertan doktoretza lortu zuen, 1975. urtean. Hiru urte geroago Alemaniako Berreraikitze eta Garapen bankura joan zen, proiektuen arloko zuzendaritzan lan egiteko. Afrikarekin eta Asiarekin egiten ziren elkarlan-proiektuak bere ardura ziren. 1981. urtean bere kabuz hasi zen lanean, nazioarteko aholkulari hainbat erakunde, gobernu eta enpresarekin.
Bavarian jaio zen eta Amsterdam-en bizi da gaur egun, Greenpeace erakundearen nazioarteko egoitza dagoen tokian.