Madrilen egiten duzu lan orain, ezta?
Bai. Berez ECOTEC enpresa ingelesean nago proiektu-ebaluatzaile lanetan. Enpresa honek egoitza ugari ditu: Birminghamen, Londresen, Bruselan eta Madrilen. Bertan nago ni. Duela hamabost urtetik eraikinetako aurrezpen-arloarekin dut harremana. Orain gai hauek tratatzen dituen Europako Batzorderako egiten dut lan. ECOTECek gai hauetako adituak eskaintzen ditu.
Zein da zehatz-mehatz zure betebeharra?
Europako edozein estatutatik jasotzen ditugu energia eta eraikuntzarekin erlazionatutako proiektuak eta ni naiz proiektu horietako ebaluatzaileetako bat. Ebaluaketa horiek nahitaezkoak dira Kiotoko hitzarmena sinatu zenetik. Adibidez, karbono dioxidoaren kontzentrazioa muga batzuetatik gora ez isurtzeko ituna sinatu zen. Gaur egun isurtzen dena baino maila askoz txikiagoak eskatzen dira. Beraz, Europako zenbait proiektu gelditu egin behar izan dira baldintzak betetzen ez dituztelako.
Zure espezialitatea eraginkortasun energetikoa da. Zertan oinarritzen da?
Oinarriak lan egiteko modua izan behar du, bai eraikuntzan eta bai teknologia berrien erabileran. Eraikina energetikoki «osasuntsuaren» ezaugarriak hauek dira: diseinuzko irizpideak erabiltzea, eguzkitiko energiaren abantailak ustiatzen dituena, orientazioaren eta masa termikoa (pareten lodiera) aprobetxatzea, leihoak egoki kokatzea. Azken hamar urteotan urrats handiak eman dira langile profesionalen kontzientziazio-kontuetan.
Eta etxeen kokapena?
Ez da oraindik proiektu hauetan sartzen dugun gaia, baina oso interesgarria da. Lurralde pobreetan nabaria da arazo hori baina oraingoz kokapena erabakitzeko argudio ekonomikoak soilik (edo ia soilik) erabiltzen dira. Askotan eraikinen azpiko lurra ez da egokia izaten hainbesteko pisua jasateko. Gehiegizko ustiapenaren ondorio nabarmena da. Oso azkar eraikitzen da, behar bezalako probak egin gabe. Horrek ingurugiroan ikaragarrizko eragina du, hasierako egoerara itzultzeko urte asko behar dituena.
Ikerketa nola egiten da?
Ikerketa eta esperimentazioa beste eraikin batzuetan egin da eta zenbait teknologia beste bide batzuetatik aztertu eta garatu dira. Horregatik, ikerketak ez du proiektu hauetan lekurik. Merkatuan teknologi eskaintza handia dago. Beraz, aholkua dagoena erabiltzea da.
Dena den, aipatzekoa da (I + G)ren Bosgarren MARCO Programa. Europako Ikerketa Errektoretzak kudeatzen du programa hori eta helburua aurrezpen energetikoa zaintzen dituzten proiektuak sustatzea da. Horretarako laguntza ekonomikoak eskaintzen ditu, pixkanaka esparru horren barruko profesionalak eta langileak izateko. Noski, ez du betiko moduko proiektuentzat dirurik ematen. Horrela, gauza berriak eraikitzean aurrezpen energetikoaren esparrua indartu egingo litzateke, besteak beste. Gutxi lortuko balitz ere, arrakasta handia izango litzateke.
Energia berriztagarriak erabiltzea bultzatzen ari zarete baina gaur egun sistema horiek erabiliz autonomo bilakatzen diren eraikinak ba al daude?
Bai, badaude, esperimentatzeko erabili izan direnak, hain zuzen. Italiako eta Espainiako hegoaldeetan badaude horren adibideak, Andaluzian esate baterako. Alemaniako eta beste herri batzuetako mendiko aterpeak oso adibide polita dira. Eguzki-panelak garestiak badira ere, sare elektrikora konektatzea askoz garestiagoa da energia fotovoltaikoa erabiltzea baino. Zenbait kasutan biomasa ere erabili behar izaten da, egurra batez ere. Horrela aterpeak energetikoki autonomo bihur daitezke. Hirietako eraikinetan ohiko teknologia hobetzea asko zaindu behar da, adibidez egitura, orientazioa eta abar.
Artzainen txaboletan ere eguzki-panelak ere asko ugaritu dira, baina gasolina-sorgailuak ere ikusten dira
Ez da harritzekoa. Eguzki-energiarekin oso efektu bitxia gertatu da. Azken bi hamarkadetan gutxi gorabehera beherakada nabarmena izan du. Nahiz eta teknologia konplexua izan ez, Europako hegoaldean batez ere, asko saldu da mantenimendu-zerbitzurik eskaini gabe. Epe laburrean izaten zen benetan erabilgarri. Jendea konpontzeko modurik gabe gelditzen zen. Aldiz, sistema horien belaunaldi berriek bizitza luzeagoa dute eta, gainera, enpresek salmentaren ondorengo arreta eta konpontzeko aukera eskaintzen dute. Horixe da erabiltzaileak behar duena. Eguzki-panelen teknologiaren aurrerakuntzarekin lotuta dago. Merkeagoak eta fidagarriagoak dira.
Eraginkortasun energetikoak ez al du inoiz kalitatea jaistea eragiten?
Teorikoki ez, baina maila teorikoan bakarrik. Norabide horretan lan handia dago. «Integrazioa» funtsezko hitza da. Hobetu behar diren tekniken multzoaz ari gara. Ezin da azken urteetako teknologia berria aspaldiko etxebizitza arruntetan erabili, adibidez. Esperimentuak egin dira, esate baterako, erabiltzaile finkorik ez duten eraikinetan. Eraikin hauek «osasuntsuak» dira, hau da, energia asko aurrezten dute, baldintza ezin hobeak dituzte baliabideak bideratzeko, eta abar. Eraikin horietako erabiltzaileak pozik daude.
Antzinako eraikuntzetan jakinduria tradizionala ere islatzen da. Hori ez al da galdu?
Bai, jakinduria handia dago aspaldiko arkitekturan eta galdu egin da. Adibidez, herri beroetan kaleak eta etxeak freskatzeko sistemak arabiarrengandik jaso dira. Horren moldaketa egiten zen, besterik gabe. Airea bideratzeko zuloak, adibidez, ordukoak dira. Erromatarrek ere erabiltzen zituzten, baina gutxienez duela 2.500 urteko teknologia da. Oraingo lana jakinduria hori guztia berrirakurtzea eta erabiltzen ikastea da. Beste horrenbeste gertatzen da herri hotzetako jakinduriarekin. Zoritxarrez asko galdu da. Hemen aurrerakuntza nabarmena egin zen hirurogeiko eta laurogeiko hamarkaden artean; Italian, adibidez, Bigarren Mundu Gerra pasata izan zen, berrogeiko eta laurogeiko hamarkaden artean. Aurrerakuntza honek garrantzi handia du etxe asko eta asko eraiki ahal izan baita. Baina bestalde, eraikin hauen kalitatea askoz txikiagoa da. Orain Europan ez dago eraikitzeko joera handirik, dagoena berriztatzekoa baizik. Beraz, agian, une egokia da arkitektura tradizionalaren teknikak berreskuratzeko.
Zeintzuk dira gai hauetan diru gehien erabiltzen dituzten herriak?
Herri guztiek gastatzen dute, baina aitortu beharra dago diru-ezarpen handiena iparraldeko herriena dela, batez ere, Danimarkarena. Danimarkan eraikin-mota hori ohikoa da. Adibidez, Kopenhageko kaleko berogailua (District Heating System) 1920. urte inguruko asmakuntza da. Helsinkikoa ere hamabi bat urte geroagokoa omen da. Alde handia dago besteekin. Baina pixkanaka estatu gehienak hasi dira horretan dirua sartzen. Esan beharra dago beste herrietako arkitektura-eskoletan, nik ikasi nuen eskolan, esate baterako, arlo horri buruzko ikasgairik ere ez dagoela. Ingurugiro-arkitektura, arkitektura bioklimatikoa edo hobezpen energetikorako teknologiei buruzko ikasgaiak duela gutxi jarri dira martxan eskoletan. Horrek adierazten duena hau da: irakasleek ere ez dituztela gai horiek ezagutzen. Beraz, eraikinak nola egingo diren eta dirua nola banatuko den erabakitzen duena, batzuetan ez dago behar bezala kontzientziatuta. Aldiz, iparraldeko herrietan aspaldiko kontua da.
Hala ere, klimatologiaren eragina herri horietan nabaria da eta horretara bultzatzen ditu, ezta?
Bai, noski. Baina kontuan hartu behar da hegoaldeko herriek ere hozte pasiboan maisuak dira. Lehen aipatu duguna da, hau da, gelak nola hoztu elektrizitaterik erabili gabe. Hori ere hegoaldeko beharrak bultzatutako gaia da. Ingalaterrak ere esperientzia handia du, baina ez Danimarkakoa edo Suediakoaren parekoa. Frantzia lehenengoa da ikerketa klimatikoan, baina kontzeptuaren aldetik eta ez maila praktikoan. Alemaniarrak hoberenak dira energia fotovoltaikoan eta espainiarrak haize-energian, nahiz eta eraikinetara hain bideratuta egon ez.