Juan Luis Arsuaga: paleoantropologo botaduna

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Ikertzaile aparta izateaz gain, komunikatzaile ezin hobea da. Horregatik, besteak beste, Aranzadi elkarteak hitzaldia ematera konbidatu zuen. Arsuagarena elkarteak eskaintzen duen hitzaldi-sortaren lehena izan zen. Bidaia nekagarria izan arren, gurekin egoteko tartea bilatu eta paleoantropologiaren metodologiaz hitz egin zigun. Hamarkada hauetan egindako ikerketak Arsuaga eta Atapuerca izenak betirako lotu ditu eta gaur egun maiz agertzen da komunikabideetan. Baina, aitortu zigunaren arabera, laborategiko bata baino gusturago janzten ditu mendiko botak. Izan ere, hitzaldiaren lehen argazkian aldamioen gaineko lanetan ikusten baitzen. Oso gogoitsu hitz egiten zigun bere lanari buruz eta behin eta berriz errepikatzen zuen, gainera, "zientzia oso dibertigarria da".

Antropologo-mota asko al dago? Pertsona bera al da aztarnategian lanean ari dena eta laborategian aritzen dena?

Gela barruko antropologo asko dago. Baina horrek bere azalpena du: indusketetan ez da giza aztarnarik egoten. Hori ohikoa da. Beraz, antropologoa 25 urtez kobazuloetan lanean aritzea ez da zentzuzkoa. Aldiz, zaldiak edo bilatuz lehentxeago edo geroxeago aurkituko dira. Giza aztarnen bila joatea oso zaila da. Izan ere, zer kobazulo aukeratzen da? Prozesua alderantzizkoa izaten da. Norbaitek fosilak aurkitutakoan antropologoari deitzen dio.

Antzinako antropologoek den-dena egiten zuten... joan, industu, aurkitu... eta bidean perretxikoak bildu eta mikologiari buruzko ikerketa egin ere bai. Mota horretako zientzialariak gustukoak ditut. Baina garai hartan espezializaziorik ez zegoen.

Baina hori desagertu egin da, ezta?

Bai. Guk orain ezberdindu egiten dugu antropologo "bataduna" eta "botaduna". Pixkanaka antropologoak batadun bihurtu ziren, hezurrak mahai gainean txukun-txukun zituztenak, baina zikintzen ez ziren horietakoak. Ni botaduna naiz eta indusketetan parte hartzen dut.

Aztarnategiak bilatzeko metodorik ba al dago?

Bai, baina giza fosilak aurkitzeko metodorik ez dago. Loteria da. Gizakien ekintzaren aztarnak bilatzeko metodoak badaude, baina ezer aurkitzeko ziurtasunik ez dago. Ez luke giza fosilik egon behar. Aztarnategietan gizakiak eraman eta jandako belarjaleak, haragijaleen harrapakinak eta haragijaleen aztarnak egon daitezke. Kontuan hartu behar da kobazuloetan haragijaleak nagusi direla. Gizakia egoteko haragijaleak harrapatuta eta zulora eramandakoa izan behar du. Bestalde, gizakien lurperatze-erritoak kobazuloetan egin izan direla. Baina nahiko arraroa da aipatu beharko litzateke.

Beharrezkoa al da kobazuloa hezurrak fosiltzeko?

Hemen Europan bai. Kobazuloetan zementuak ondo sortzen dira, gizakiak ere bertan bizi izan direlako. Beraz, aztarnategi gehienak kobazuloetan daude. Batzuetan fosilak ibaietan ere aurkitu izan dira, "terraza" deitzen direnetan. Baina urak garraiatutako aztarnak izaten dira. Aintziretan ere metatzen dira baina hemen ez dago aintzira handirik hori gertatzeko. Ia gehienak kobazuloetan daude.

Zergatik fosiltzen dira hezurrak eta ez beste ehun-motak?

Gertatzen dena hau da: egoera egokiak izan arren, beste ehun-motak usteldu egiten direla. Hezurra, aldiz, minerala da. Kaltzio karbonatoa eta fosfatoa da. Odolak garraiatzen ditu ioiak eta hezurretan prezipitatzen dira gatz bezala. Ez du ia osagai organikorik. Egia esan, geruzaka banatzen diren zelulak direla, baina azken emaitza gatz-metaketa da. Gizakia hiltzen denean zelulak desagertu egiten dira eta gelditzen dena minerala da. Gero, fosiltzea zoruaren kimikaren araberakoa da. Oso zoru azidoetan karbonatoak eta fosfatoak disolbatu egiten dira. Zoruako ur-kopuruak ere eragin handia du.

Alemanian kasu bitxi bat dago. Duela 400.000 urteko lantza batzuk aurkitu ziren, oso-osorik fosildutak, egurra barne. Oso arraroa da. Ikatzetan sartuta aurkitu dira, inguru erreduktorean, alegia. Horregatik osorik iraun dute. Bi metro eta erdiko luzera daukate eta Atapuerca-ko gizakien garai berekoak dira. Zorionez, aurkikuntza horren lekuko izannintzen.

Zer pauso ematen dira fosila aurkitzen denetik liburuetan edo museoan erakusten den arte?

Ez dira asko. Indusketa-lanak oso mantsoak dira eta, hezurrak aterata, zaharberritu eta batzutan trinkotu egin behar dira. Prozesu hori ikaragarri luzea da, batez ere hezurrak askotan oso egoera latzean daudelako. Azterketa hortik aurrera dator. Hezurra ikertuko den objektua da. Informazioa erauzi egin behar zaio. Horretarako "testuingurua" ere aztertu behar da.

Hezurren datazioa segituan egiten al da?

Modernoak baldin badira, zuzenean egin daiteke, materia organikoa dutelako, eta karbono-14 teknika erabil daiteke. Zaharrak baldin badira, datazioaren hurbilketa lor daiteke. Guk uranioaren isotopoak eta elektroespinaren erresonantzia erabiltzen ditugu. Ez dira datazio zehatzak. Inguruko sedimentuak, animaliak eta landareak ere aztertzen dira. Estalagmitak baldin badaude, horiek ere muga baten barruan datatu daitezke. Dagoeneko datazioaren arazoari irtenbide egokia eman zaio. Ez du esan nahi dena badakigunik. Baina, oro har, badakigu gauzak noiz gertatu diren. Eta fidagarria da.

Zehaztasuna galtzen alda denboran atzera goazen neurrian?

Ez beti. Materialaren jatorriaren araberakoa da. Afrikan, adibidez, maila bolkaniko asko dituzte eta, horri esker, fosilak oso ondo datatuta daude. Erupzioen sedimentuak oso zehatz datatzen dira, karbonatoak baino askoz errazago. Europan sumendi handiak eduki izan bagenitu... Atapuerca-ko Gran Dolina aztarnategian zorte ona izan dugu, geomagnetismo-aldaketak gertatu zirelako. Atapuerca-koa kare-harria da, baina harrien arteko betegarria buztina da eta bertan magnetismoaren norabidea jasotzen da. Datazio zailago asko dago. Batzuetan zaharrena berria baino hobeto datatuta dago.

Paleoantropologoaren lanak batzuetan gehiegizkoa dirudi. Hortz batetik abiatuta informazio asko ematen da. Non dago sinesgarritasunaren muga?

Hortz batetik gauza batzuk jakin daitezke. Lehenbizi, zein espezietakoa den. Neanderthal-en hortzak eta gureak, adibidez, oso ezberdinak dira. Oso kontu garbia da. Ez nuke horrelakoetan inoiz hanka sartuko. Elikagaia ere azter daiteke, hortzaren higaduraren arabera. Baina askoz urrutiago ezin da joan. Masailezur osoa izanda errazagoa da. Hala ere, horrelako proiektua zuzentzeak aditu bakoitzak zer egiten duen jakiteko aukera ematen dizu. Baina esparrua oso zabala da. Horrek dibertigarri bihurtzen du lana.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila