Jose Llombart: "Karrera guztiek izan beharko lukete historiari buruzko ikasgai bana"

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Jose Llombart matematikaria da, baina zientziaren historia lantzen du gaur egun. Ez da irakasle batek horrelako bide bati jarraitzen dion lehen aldia, baina Llombartek, gainera, historiari buruzko ikerketa-talde bat osatzea lortu du.
Matematikan lizentziatu zen, eta doktoretza Fisikaren arloan egin zuen, matematikarekin zerikusia duten gaiak ikertuta. Dagoeneko hogeita hamabost urte daramatza Euskal Herriko Unibertsitatean; denbora gehiena matematikako eskolak ematen egin du. Duela lau urte, historiako ikasgaiak martxan jartzeko aukera eman zion ikasketa-plan berriak. Eta, ikasgaiak ez ezik, zientziaren historiaren arloko ikerketak ere zuzendu ditu. Horretarako, Fisika Teorikoaren Sailean egin zioten lekua Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Fakultatean, Leioan.
G. Roa
Historiak eta irakaskuntzak lotuta egon beharko lukete?

Zientziaren historia oso baliabide didaktikoa da irakaskuntzan aritu behar dutenentzat. Hala ere, baliabide hori ez da asko erabiltzen, batez ere irakasleek ez dutelako historiarekin harreman handirik izan. Lizentziaturen programetan ez da historiarentzako tarterik izaten, edo oso txikia izaten da.

Hain zuzen ere, hori konpontzea da gure helburuetako bat. Gaur egun, gure fakultatean bada Zientziaren eta Teknikaren Historia izeneko ikasgai bat. Neu naiz irakaslea. Hautazko ikasgaia da fisika-ikasleentzat. Eta, horrez gain, unibertsitateko edozeinentzat aukera askeko kreditu gisa eskaintzen dugu. Hori da eman beharreko lehen urratsa.

Gustuko ikasgaia izaten da ikasleentzat?

Ez du harrera txarra izan; iraun egin du, gutxienez. Hautazko ikasgaiak desagertu egiten dira ikaslerik ez badute, baina honek iraun egin du. Eskaini genuen lehendabiziko urtean ikasle bakarra izan genuen, bigarrenean hamabost, hirugarrenean hogeita bi eta hau da laugarren urtea.

Kontuan hartu behar da, alde batetik, Fisikan ikasle gutxi dagoela, eta, bestetik, automatrikula egiteko sistemak arazo gehigarri batzuk ekarri dituela. Ez dut adorerik galdu, baina uste dut harrera hobea izan beharko lukeela, batez ere ikasgaia dibulgazio-ikuspuntu orokor batetik ematen dugulako.

Historiak berak grina handia eragiten du batzuengan, g o rrotoa, berriz, beste batzuengan.

Historiak gaurko zientzia ulertzen ere laguntzen digu; balio didaktiko handia du.

Bai, hori egia da. Grina handia eragiten du batzuengan, baina gorrotoa eragiten duenean sekulakoa izaten da. Kontrako jarrera nabarmena izaten da gustuko ez dutenen artean. Eta horregatik izan da zaila ikasgai hori sartzea fakultate honetako programan. Hainbat lagun hamabi-hamahiru urtez saiatu ondoren lortu da. Baina ikasgai hori ez da nahikoa. Horrez gain, karrera guztiek izan beharko lukete historiari buruzko ikasgai bana, hau da, kimikariek Kimikaren Historia izeneko bat, fisikariek Fisikaren Historia eta abar.

Nik, adibidez, zazpi bat urtez antolatu ditut zientziaren historiari buruzko hitzaldi-sortak —horrek ikasgaia prestatzeko ere balio izan dit—, eta oso harrera ona izan dute. Agian publizitate-kontua ere bada, marketing-lana ongi egin baitzen, baina kontua da aretoak bete egiten zirela.

Zu bakarrik ari zara honetan?

Ez. Zientzia Fakultatearen barruan neu naiz taldeko bakarra, baina taldekideak ditut Medikuntza Fakultatean. Hain zuzen ere, medikuntzaren historiak zientzia orokorrarenak baino tradizio handiagoa du. Aspaldiko kontua da; medikuek eta farmazialariek guk baino tradizio zaharragoa dute.

Leioako Medikuntzaren Museoarekin harremana izango duzu, beraz.

G. Roa

Bai. Adibidez, Antonio Erkoreka museoko zuzendaria gure sailekoa da, hau da, saileko irakaslea da, Zientziaren Historiaren irakasle titularra. Orain hiru irakasle titular gaude, bi Medikuntza Fakultatean eta ni Zientzia Fakultatean.

Harrigarria da unibertsitatearen barruan izatea museo bat.

Batez ere horrelako kalitateko museo bat. Museoa ona da, eta ez dut neuk bakarrik esaten, Espainiako aditu askok ere bai. Adibidez, XIX. mendearen bukaerako mikroskopioen estatu osoko bilduma onenetako bat dute. Hori da museo honen espezialitatea. Nire iritziz, datu hori adierazgarria da.

Zuen saileko kontuetara itzulita, zein dira zuen ikerketa-lerro nagusiak?

Gure ikerketa-lerro nagusia Espainiako zientziaren historia da, eta batez ere Euskadiko zientziarena. Alde batetik, XIX. mendeko eta XX.aren lehen erdiko kazetaritza zientifikoa ikertzen ari gara. Horretarako, zientzia- eta teknika-gaiak dibulgatzen zituzten aldizkariak aztertzen ditugu.

Bestetik, XVII., XVIII., XIX. eta XX. mendeetan zientziaren ezagutza Espainiara nola iristen zen ikertzen dugu, nola zabaltzen zen erakundeetan eta nola irakasten zen. Proiektu horren barruan, adibidez, teoria atomikoaren zabalkuntza ikertu genuen, eta tesi bat egin genuen horren inguruan. Tesi horretan, besteak beste, teoria hori ikasketa-planetan nola agertu den aztertu genuen. Ikasgai batzuetan sartu zuten eta gaur arte iraun du; beste kasu batzuetan, berriz, ikasgai bera bertan behera geratu zen. Hori guztia ikertu dugu. Gainera, ikasgai horiek irakasteko geratu diren testuliburuak aztertu ditugu.

G. Roa
Erraza da horrelako liburuak aurkitzea?

Material hori aurkitzea gure ikerketaren zati garrantzitsu bat da. Alde batetik, betiko iturriak ditugu eskuragarri, ohiko liburu-katalogoak, besteak beste. Baina, beste alde batetik, Internetek berak ekarri du iraultza handiena. Sarearen bitartez, hainbat liburutegitako funtsetara irits daiteke, eta behin aurkituz gero, kopia bat eska daiteke, edo liburua mailegatu.

Zein dira liburutegi horiek?

Oro har, unibertsitateetakoak eta liburutegi publikoak izaten dira. Madrilgo Liburutegi Nazionalera, adibidez, askotan jotzen dugu. Baita foru-aldundietako liburutegietara ere; Euskal Herriko gaiak ikertzeko oso egokiak dira. Bestalde, estatuan oso liburutegi interesgarriak daude gai edo garai jakin batzuk ikertzeko. Esate baterako, XVII. mendeko edo lehenagoko materiala eskuratzeko, Simancasko artxibora jo behar da, Valladoliden. Eta pertsona jakin baten jarraipena egin daiteke Estatuko Administrazio Zibilaren Artxibo Orokorreko agirien bitartez; Alcala de Henaresen dago artxibo hori.

Denboran atzera egin ahala, zailagoa izango da.

Egia esan, XVI. mendeko materiala oso urria da. Gure lan gehienak XVII. mendetik aurrerako materialarekin egiten ditugu. Eta XVII.ari buruzko gai asko ikertu ditugu.

Garai hura, Karlos III.a erregearen garaia, oparoa izango da zuentzat, ezta?

Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialak eskatuta, 150. urteurrena ospatzeko Bergarako eskola industrialari buruzko liburu bat argitaratu du Llombarten taldeak.

Bai. Gainera, garai hartakoak dira hemen Euskal Herrian sortu ziren Kimikako eta Mineralogiako katedrak, Bergarakoak. Hain zuzen ere, Elhuyar anaien kasua azaltzen da orduan; wolframioa isolatu zuten Bergarako zentroan. Zentro hura erreferentziazkoa izan zen Espainian XVIII. mendean, lehenengoa izan baitzen. Europako beste zentro batzuen maila izan zuen, gainera. Euskal Herriak duen patrimonio bat da zientziaren arloan, eta ez da oso ezaguna.

Eta horrekin lotuta dagoen beste gai bat ere jorratu dugu, XIX. mendekoa: 1851-1861 hamarkadako Bergarako eskola industriala. Hamarkada hartan bakarrik egon zen martxan, eta diru faltagatik itxi zuten, beste eskola industrial batzuekin batera. Historia hari buruzko liburu bat argitaratu genuen, Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialak eskatuta, 150. urteurrena ospatzeko.

Beraz, ikerketa batzuk eta lan batzuk egin ditugu. Eta garrantzitsua iruditzen zaigu jendeak jakitea horrelako ikerketa ere egiten dela hemen; zientziaren historia aztertzen duen talde bat badagoela, ez dagokion sail baten barruan bada ere.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila