Jokin Delgado: "Berritzea konponbide berriez hornitzea da"

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Munduko enpresa handienetako batean ari da lanean. Izan ere, tesia bukatu eta segituan 3M enpresak kontratatu zuen Delgado. Enpresan lan ugari egin behar izan ditu, besteak beste, Asiako krisialdi ekonomikoari aurre egin behar izan zion, enpresa erraldoi horren merkatua zaintzeko. Beraz, diru-kopuru handiak eskuratzen dituen enpresa bateko proiektuetan murgilduta dago. Zientzialari ona izateaz gain, munduko merkatu globalaren lekuko bihurtu da.

Azken urteetan Asian aritu zara lanean. Zergatik joan zinen Asiara?

1996. urtean 3M-k Japonian 3.000 milioiko enpresa izatera iristeko programa jarri zuen martxan. Programa horren barruan elektronikarekin lotutako proiektuak kudeatzeko eskatu zidaten. Han nengoela, 1997. urtean Asiako krisialdi ekonomikoa hasi zen. Batez ere, garapen handiko hiru herrietan gertatu zen: Hego Korean, Thailandian eta Indonesian. Hiru hilabeteko epean ekonomia asiatikoa erori egin zen. Garai horretan Asiako zuzendari teknikoa zenak erretiroa hartu zuen eta lanpostu hori eman zidaten.

Nora joan behar izan zenuen orduan?

Singapurrera joan nintzen. 1998. urtea oso luzea izan zen. Herri horietako dirua dolarrarekiko etengabe debaluatzen zen eta egunetik egunera prezioak doitu egin behar ziren. Bestela, asko saldu zitekeen diru asko galduta. Gainera, automobilgintzako produktuak ez ziren eskatzen. 3M-k hango merkatuak utzi gabe krisialdia gainditu nahi izan zuen. Eguneroko lana oso gogorra izan zen.

Horrela noiz arte?

1999. urtean, azkenik, susperraldi ekonomikoa hasi zen. Guk oraindik produktuak bertako merkatuetan genituen. Gure lehiakideek, ordea, ez. Salmentak izugarri hazi ziren eta, beraz, urte hori oso motza suertatu zitzaigun. Esan beharra dago herrialde asiatikoek segituan egin ziotela aurre krisialdiari. Singapurren nire betebeharra Asian genuen ikerketa eta garapenaren maila handitzea zen.

Nolakoa da Asiako ikerketa?

Asiako merkatuak oso produktu espezifikoak behar ditu, bertako beharrei erantzuten dietenak. Gure produktu asko merkatu amerikarrarentzat edo europarrarentzat egokiak dira baina ez asiarrarentzat. Merkatu elektronikoa leku guztietan berdina da, baina Asia garatzen ari den neurrian bertarako produktu bereziak ditu eta, gainera, ekonomia horientzat egokiak direnak.

Adibiderik emango al diguzu?

Aipa daitekeen kasu bat Asiako ospitaleek infekzioak tratatzeko modua da. Ez da hemengo moduaren antzekoa. Beraz, han erabiltzen diren zenbait produktu hemen ez dira saltzen eta alderantziz. Esate baterako, Txinan kateterrak ipintzeko altzairuzko orratz luzeak erabiltzen dira. Kateterra gaixoaren besoan eusteko materialek ezberdinak izan behar dute hemengoen ondoan. Beste adibide bat izan daiteke etxeko garbiketaren arloan kontuan izan behar diren ezaugarri kulturalak.

Nolakoa da hango maila ekonomikoa?

Herrialde batetik bestera asko aldatzen da. Ezin dira parean jarri Thailandiako eta Japoniako edo Singapurreko mailak, adibidez. Horrek produktua egokitzea eskatzen du, bai kaleko kontsumitzailearentzat denean, bai eta enpresentzat denean ere. Helburua Asiarako produktuak Asiak garatzea da. Hori lortzearren, ikerketa eta garapena egingo duten Asiako ikertzaileak behar dira. Bertako laborategiak zabaldu behar genituen. Zerbitzu tekniko soila eskaintzetik produktuen garapena egiteraino eraldatu behar genituen.

Ikerketa teorikoa ere lantzen al da 3M enpresan?

3M-k hornitzen duenaren zati bat produktuak dira. Baina, beste aldetik, konponbideez ere hornitzen du. Enpresetako ikerketak eta garapenak, nik ulertzen dudan moduan, jakinduria piramidea osatzen du. Oinarrian zerbitzu teknikoa dago. Zure bezeroa, zure produktuak eta lehiakideenak ezagutzea eskatzen du. Horren gainetik produktuen aldaketak daude. Produktuen oinarri teknologikoak jakin behar dira aldatu ahal izateko. Hurrengoa produktua garatzea da. Teknologi plataforma berriak landu behar dira. Azkenik, horren gainean, zuk aipatutako oinarrizko ikerketa dago. Oinarrizko teknologia ikertzen da, gaur dituzun teknologi plataformek ez badizkiete biharko arazoei konponbideak eskaintzen.

Nola gauzatzen da hori?

Zu jakinduria-egoera batean zaudenean, bi esparru garatu behar dituzu: gaurko jakinduria-egoerak eskain ditzakeen produktuak egin eta biharko egoera berria sortu. Ez baduzu lehenengoa lantzen ez daukazu enpresarik. Ez baduzu bigarrena lantzen ez duzu bihar enpresarik izango. 3M-k egiten duen oinarrizko ikerketa sortu ditugun plataformen ingurukoa da. Plataforma horiek itsasgarri, mikrorreplikazio, ehun berri, sistema biologiko eta beste zenbait gairen ingurukoak dira.

Informazio-euskarriak berritzea, adibidez, oso abiadura bizian gertatzen ari da. Kontsumitzaileak teknologia azkarregi berriztatu behar du. Ez al du horrek merkatua desorekatuko?

Nik uste dut behar eta irtenbideez osatutako zikloa dela. Teknologia gizarteak eta, beraz, kontsumitzaileek eskatzen dutelako garatzen da. Adibide garbia telefono mugikorrak dira. Gero eta txikiagoak eta arinagoak izan behar dute. Joera hori da enpresek arakatzen dutena. Beharbada, konpainien arteko lehiak eragiten du kontsumitzaileak behar duena baino azkarrago garatzea. Hala ere, kontsumitzaileak erabakiko du hori behar duen ala ez. Sistema batzuk gizarteak baztertu ditu. Bideoko beta sistema, adibidez, VHS baino hobeagoa zen, baina ez zuen arrakastarik izan. Oreka kontsumitzaileek ezartzen dute.

Zinta magnetikoekin ere aritzen al zarete lanean?

Ez, egiten ditugunak zinta itsaskorrak dira. Lehen egiten genituen baina 1996. urtean metatze magnetikoan lan egiten zuten sail guztiak bildu eta konpainia berria eratu genuen. Konpainia horrek Imation du izena. Zinta itsakorrak garatzen ditugu. Euskarri plastikoa eta material itsaskorraren geruza dituzte eta bulegoetako zeloa bezalakoak dira.

Zeintzuk dira zinta horien aplikazio nagusiak?

Erabilera industrialak ditu. Adibidez, autoak margotzen direnean zenbait gainazal babestu egin behar da margo ez dadin. Estaltze-zinten bitartez babesten da. Auto berriak lantegietatik kontzesionarioetara eramateko ere horrelako zintez estaltzen dira.

Zu izan zinen Donostiako laborategian ikerketa-lerro handi horietako bat emultsioa da. Emultsioaren bidetik al dator itsasgarrien sintesia?

Itsasgarriak egiteko bide asko dago. Emultsioan egin daitezke, baina disoluzioan eta bloke polimerizazioz ere bai. Itsasgarriak egiteko modu tradizionalak disolbatzaileak erabili izan ditu. Baina petrolioaren krisialdiaren ondorioz enpresek disolbatzailea aurrezteko bideak jorratu zituzten. Garai berean isurketen inpaktua iritsi zen. Bi arrazoi horiengatik disolbatzailean oinarritutako sistemak baztertu egin ziren eta uretan oinarritutakoak garatu ziren. Geroago, sistema solidoetara jo zen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila