Javier Armentia: Iruñako planetarioko zuzendaria

Osasuna futbol-taldeak aurten lortu du lehen mailara igotzea, nafarrak pozik daude horregatik, nahiz eta sailkapeneko azkenekoetakoa izan. Gorritxoak ikusteko, hamabostean behin, jende asko hurbiltzen da Sadar futbol-zelaira. Hala ere, Javier Armentiak dioenez, hori ez da ezer urte osoan zehar planetarioa ikustera joaten den jendetzarekin konparatuz gero.

Zientzia-museoen heziketa-funtzioaz asko hitz egiten da, baina askotan ez al dute guztia eginda ematen? Denbora-pasarako beste zerbaitetarako balio al dute?

Zientzia-museoak guztiz irekiak dira, erantzunak ematen baitituzte, baina helburu nagusia ez da hori. Garrantzizkoena, jendea horrelako tokietara joatea eta bertan entretenitzea da; hau da, gauzak uki ditzatela, atentzioa deitzen dien zerbait ikus dezatela eta fenomeno harrigarriez jabe daitezela. Hori, jendea museoetara hurbiltzea, berez nahikoa izan daiteke, beste toki batzuetan aurkitu ezin daitezkeen gauzak daudelako. Baina, horrek bigarren maila edo urratsa ere badu. Zerbaitek atentzioa deitzen badizu, hobeto begiratzen diozu, zeure hipotesia egiten duzu, zeure irakurketa; gainera, askotan moduluetan aurkikuntzen ingurune historikoa islatzen da, eguneroko zerbaitekin erlazioa egiten da beste askotan kuriositatearen pizgarri izan behar dute. Hori da, museoek jendea erakartzeko duten ahalmena, jendea gehiago jakiteko gogoarekin geratzen dela. Naturan gertatzen diren gauzak norberak manipula ditzakeen eskalan ematen dira, zientziak duen karga sakratua eta teorikoa kenduta, espiritu kritikoa eta jakin-mina asetzeko bideak emanez. Bestalde, hori guztia gertutasunez emateari ere garrantzia eman behar zaio. Nik askotan esaten dut zientzia-museoetan egoten diren moduluak gai bati buruz norberak beti jakin nahi izan duen guztia direla, baina galderak egitera sekula ere ez garela iritsi.

Zergatik ematen diozue garrantzia zientziaren dibulgazioari?

Nire ustez, zientziaren alde transzendentea aipatzea ere garrantzitsua da. Gurea bezalako gizarteetan, guk erabaki behar dugu zer nolako estatuak behar ditugun eta zertan oinarritu behar diren. Estatuen etorkizunean eragina duten erabakietako asko zientzia-erabakiak dira edo zientziarekin zerikusia dute, esate baterako ingurugiro-arazoak: berotze globala, ozono-geruza, biodibertsitatea, zientzia-gaiak dira, kezkak eta erantzunak zientziaren arlotik baitatoz. Beste batzuk, etikarekin eta eskubideekin harremana dutenak klonazioa, erreprodukzio lagundua, ikerketa biokimikoak, horiek XX. mendeko zientzia dira. Interneti, telekomunikazioei, lizentziei eta arlo horretan mugitzen den diruari buruz hitz egiten ari gara, eta horren guztiaren oinarrian zientzia dago. Nik sarri egiten diot galdera neure buruari: ondo informatuta al gaude? Gai horien inguruan nik iritzia izan dezaket edo ez, baina nork emango dit informazioa? Nondik atera dezaket? gizartearentzat lehen mailako gaiak dira, eta hor museoek eta dibulgazioan ari diren beste batzuek laguntza eskain dezakete.

Ikuspuntu garrantzitsu hori alde batera utzita ere, zientzia-museoek gertuagoko ezaugarria ere badute: komunikabideetan ikusten dugun zientzia ez dugu eskolan ikasi, ozono-geruzaz esate baterako, ezer ez genuen ikasi; zientzia-museoetan, aldiz, jakintza eta ikerketa berrituaren berri ematea badago. Didaktikoak dira, baina aldi berean oso formatu erakargarrian aurkezten dira, jakin-mina pizteko adina. Eguneratutako jakintza horretara zientzia-museoen bidez iristea badago, forma atsegin eta sinplean. Eguneratze horrek garrantzia du, zientzia-museoak ez baitira testu-liburuak, gauza bizia dira, eboluzionatu eta aldatu egiten dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila