Elisa Sainz de Murieta Zugadi EHUko eta BC3ko ikertzailea

“Gutxienekoa lortu bada ere, bada zerbait”

COP29ari buruzko iritzia

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Amaitu berri da COP29 Klimari Buruzko Goi Bilera. Azkenean, epez kanpo bada ere, lortu dute finantziazioaren gaineko eztabaida ixtea: herrialde industrializatuek 300.000 milioi dolarreko ekarpena egingo dute, klima-larrialdiari aurre egiteko. Ez da izan, hala ere, korapilo bakarra. Elisa Sainz de Murieta Zugadi EHUko eta BC3ko ikertzaileak arreta handiz jarraitu ditu biltzarraren gorabehera guztiak.

gutxienekoa-lortu-bada-ere-bada-zerbait
Arg. Teknopolis

Zein da COP29ari buruzko zure ondorio orokorra? Azken orduko hitzarmena ez nahikotzat jo dute askok.

Egia da eman diren aurrerapausoak beharrezkoak baino txikiagoak izan direla. Horrek ez du esan nahi, ordea, biltzarrak ez duela ezertarako balio izan. Urtero, biltzarra amaitutakoan, halakoak entzun behar izaten ditut, eta nahiko etsigarria da. Hau da herrialde guztiak batzen dituen foro bakarra, eta denen beharra dago, denek murriztu behar dituztelako isurpenak, batez ere isurpen gehien dituztenak. Hortaz, kezkagarria iruditzen zait biltzarrari zilegitasuna kentzea.

Minimoa lortu bada ere, bada zerbait. 300.000 milioi gutxi dira eskatzen ziren 1,3 bilioien aldean, baina orain arte zegoena baino hiru aldiz gehiago da. Gainera, kontuan hartu behar da egoera geopolitikoa oso dela korapilatsua: Trumpen garaipena, Ukrainiaren eta Errusiaren arteko gerra, Israelgo erasoak… Ez da egoera samurra erabakiak hartzeko.

Horrez gain, egon da beste eztabaidarik?

Bai, egon dira bestelako erabakiak. Iaz Dubaiko goi bileran erregai fosilak baztertzeko bidea hartzea adostu zen (transitioning away from fossil fuels), eta horretarako elkarrizketa bat martxan jartzea erabaki zen. Hor eztabaida izugarri handiak egon dira, eta ez dute adostasunik lortu; hurrengo goi bilerarako geratu da hori. Ez da harritzekoa, Saudi Arabiak eta beste herrialde batzuek erabateko mendekotasuna baitute erregai fosilekiko, eta, beraz, erabakiak ahal bezainbeste atzeratzea da haien lehentasuna

Badirudi bereziki korapilatsua izan dela Saudi Arabiak biltzar honetan izan duen rola. Azerbaijanek izan du presidentetza, eta, berez, dokumentuen zirriborroak aldi berean bidali behar dizkie herrialde guztiei. Alabaina, ikusi dute Saudi Arabiak lehenago jaso zituela zirriborroak. Antza denez, akats diplomatiko nabarmenak egon dira, eta horrelakoek mesfidantza eta haserrea sortzen dute gainerako herrialdeetan.

Testuinguruak ez du lagundu erabakiak hartzen, hortaz.

Konplexua izan da. Aurtengo foku garrantzitsuena finantziazioa izan da, datorren urteko goi bileran, Brasilgoan, denek beren helburu berrituak aurkeztu behar baitituzte.

Parisko Hitzarmenean adostu zen mendea bukatzerako lortzea tenperaturen igoera 2 ºC-tik behera geratzea, eta, ahal bada, 1,5 ºC-ra mugatzea. Mendearen amaierarako hori lortzeko, bost urtean behin konpromisoak berritzekotan geratu ziren, eta, gainera, konpromiso horiek gero eta handiagoak izan behar dute. Brasilgo goi bileran hori egitekoak dira, baina, noski, garatzeko bidean dauden herrialdeek jakin nahi dute zer baliabide izango dituzten beren helburuak aurrera eramateko. Ez badute baliabiderik, ezin izango dituzte eguneratu beren helburuak, nahi duten bezala.

Beraz, aurtengo erabakiak hurrengo urteko helburuak baldintzatzen ditu.

Hori da. Eta oso konplexua da: 192 herrialde, bakoitza bere egoera sozioekonomikoarekin, garapen-egoera desberdinean, ohitura desberdinekin, kultura desberdinekin, lehentasun desberdinekin... Horiek guztiak ados jartzea ez da erraza, noski.

Hori ulertuta ere, egia da krisi klimatiko larria daukagula mahai gainean. Gero eta inpaktu gehiago ikusten ari gara, eta bereziki nabarmenak dira herrialde zaurgarrietan, garatze-bidean daudenetan.

IPCC Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldeak esan du 1,5 ºC-en helburuari eusteko, 2030erako mundu osoko isurpen globalak % 45 egin behar duela behera. Baina 2024. honetan oraindik igo egin dira isurpenak. Badirudi, aditu batzuen arabera, 2025ean langa jo dezaketela, baina egoera ez da baikorra. Orduan, hor dago gatazka: badakigu ausartagoak izan behar garela, helburu zorrotzagoak behar ditugula, baina, jakina, egoera geopolitikoa da dena.

Eta hona ekarrita, adibidez, EAEra, zer ari gara egiten eta zer konpromiso ditugu?

Guk, herri industrializatua garen heinean, zor bat dugu. Nahiz eta Euskal Herriaren ekarpena oso txikia izan, heldu beharko genioke gure ardurari, erantzukizuna baitaukagu.

Nik uste dut ahalegina egiten ari garela, eta datuek erakusten dute. Ihobek urtero ateratzen du berotegi-efektuko gasen inbentarioa, eta ikusten da, 1990ekin alderatuta, isurpenak murriztu egin direla. Baina hori areagotzeko tartea ere badaukagu.

Batez ere, bi dira isurpen gehien sortzen dituzten sektoreak. Bata da energia, eta bigarrena da garraioa. Industria hirugarrena da, baina azken 20-30 urteetan haren isurpenak jaisten joan dira. Baina energian, eta, batez ere, garraioaren kasuan, isurpenak handituz joan dira. Garrantzitsua da pentsatzea gai hori nola bideratuko dugun. Gaurkotasun beteko gaia da, kontutan hartzen badugu garraio-sektorearen eraldaketak zelako eragina izan dezakeen gure industriarengan. Begira zer arazo izaten ari den Volkswagen Alemaian. Bidezko trantsizioaren gaiari ere eutsi behar diogu.

Etxeko lan dezente ditugu oraindik...

Hori da. Eta nik hemen azpimarratuko nuke, zientziaren ikuspuntutik, eta klima aldaketaren ekonomian dihardugunok aspalditik dakigula, eta erakutsi izan dugula ikerketetan, askoz ere merkeago ateratzen dela klima-aldaketari aurre egitea bere inpaktuak jaso eta horiei erantzutea baino.

Gertatzen dena da, nahiz eta inpaktuak gero eta maizago izaten ari diren, etorkizuneko gauza bat direla. Murrizketak, berriz, gaur bideratu behar ditugu. Denboraren gatazka hori kudeatzea ez da erraza, baina, zalantzarik gabe, aurre egin behar diogu. Eta trantsizio honetan azpimarratu nahiko nuke aurtengo urtarrilean onartu egin zela Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legea Eusko Legebiltzarrean, eta nik uste dut oso adibide ona dela, non alderdi desberdinek bat egin zuten gai honi erantzun bat emateko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila