Esther Larrañaga: “Ingurugiro-politika bat badugu azkenik”

Kaltzada, Pili

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Lerro hauek idazten ari garelarik, Ingurugiro Legea Legebiltzarrean dago oraindik, bertan egingo zaizkion iradokizunak eta zuzenketak jasotzeko zain. Hurrengo urratsak ezagunak dira: Legea onartu egingo da ia dudarik gabe eta, azkenik, duela 18 urtetik arautu gabe zegoen arloa Lege batek jasoko du. Euskal Autonomia Elkarteari dagokion Lege hau da Eusko Jaurlaritzako Ingurugiroko sailburuordearekin zehatz-mehatz aztertu duguna.
IHOBE

Legeak EAEko ingurugiro-politikaren nondik-norakoak zehaztuko ditu. Arautegi berriaren argitan, prebentzioan oinarritutako politika egingo da: produkzio garbia sustatzea, garapen eramangarria helburu duten iharduerak lehenestea eta energiaren zentzuzko erabilera ziurtatzea dira Lege honen habeak. Esther Larrañagak zuzentzen duen Ingurugiro Sailordetzan bi urte inguru eman dituzte legearen xehetasunak aztertzen, gizarteko sektore desberdinekin adostasuna bilatzen eta herritarren kezkak jasotzen. Egindakoaren emaitza da EAEko Ingurugiro Lege berria.

Zetiaz-Elhuyar: Duela 18 urtetik hona pilaturiko zorra da Legearekin kitatuko dena. Nolatan uler daiteke horrenbeste denbora behar izatea hain garrantzitsua den arloa behar bezala arautzeko?

Esther Larrañaga: Dudarik gabe 18 urte denbora luzea da. Estatutuak aurreikusten duen konpetentzia izanik, gu garatzearen aldekoak gara eta horretan ahalegindu gara Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailera iritsi ginenetik. Guk ezin dugu gure gain hartu gure aurrekoek egin ez dutenaren ardura; etorkizunari begira lan egin nahi izan dugu eta herritarrei agindu genien bezala, etorkizunerako baliabideak lantzen ari gara. Bestalde, eta guk egindako bideari dagokionez, ingurugiroa oso esparru zabala dela kontuan izan behar da; den-denak eragin diezaioke ingurugiroari: nekazaritzak, zuzenbideak, industriak, osasunak, eta abarrek. Beraz, ia arlo guztiak ukitzen dituen arautegia landu behar izan dugu eta hori ez da goiz batean egiten. Aurreproiektua aurkeztu baino lehen, talde askorekin hitz egin genuen adostasuna bilatu nahian. Gero Legebiltzarreko urratsa dator, gure iritziz oso garrantzitsua dena Legea osatzeko eta biribiltzeko orduan.

Z.-E.: Legebiltzarrera iritsi baino lehen, 50 bat talderi igorri zaie testua iradokizunak egin eta zuzenketak proposatzeko. Nolako erantzuna jaso duzue?

E. L.: Oro har oso aldeko iritziak entzun ditugu Legea bera ezagutu baino lehen; izan ere, jendeak benetan estimatu du behingoz arazoari heldu izana eta egin den ahalegina. Iradokizunei dagokienez, pentsa dezakezun bezala, bakoitzak bere arloari dagozkion xehetasunei eman die lehentasuna eta guri, egia esan, oso baliagarria gertatu zaigu eman diguten informazioa, inork baino hobeto arlo horretan lanean ari direnek hitz egin baitezakete horretaz.

Z.-E.: Talde ekologistek, ordea, espero baino ekarpen gutxiago egin dute...

Esther Larrañaga bergararrak du, EAren izenean, Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro Sailordetzaren ardura. Ingurugiro Lege berriaren alde desberdinak koordinatu ditu.
Egunkaria/X. Simal

E. L.: Hala da. Guk gure komunitatean lanean ari diren talde ekologista guztiei eskatu genien Legea aztertzeko eta gurekin harremanetan jartzeko. Batzuek denbora gutxi eman zaiela aurpegiratu digute; guk bi urte pasa ditugula Legea lantzen eta beraiei oso denbora gutxi eman diegula guztia aztertzeko. Ez zait onargarria iruditzen argudio hori; ezin litezke parekatu Legearen diseinua eta erredakzioa zuzenketekin eta, gainera, beste erakunde guztiek denbora izan dute zuzenketak egiteko. Ez dakit zein den benetako arrazoia, baina susma dezaket ez dutela parte hartu nahi izan; bazterrean gelditu nahi izan dutela, erakundeekin ez kolaboratzearren. Nire iritziz, talde ekologistek beste erakunde askok baino hobeto ulertu behar dute zein garrantzitsua den Lege hau.

Z.-E.: Legeak aurreikusten dituen baliabide berrien artean, Ingurugiro Inpaktuaren Azterketa azpimarratzeko modukoa da. Zer erakutsiko digu IIAk?

E. L.: Lege honek prebentzioa du helburu nagusi; iharduera desberdinen balizko inpaktua benetan ezagutu behar dugu eta, ahal dela, gertatu baino lehen; horretarako balio du IIAk. Gaur egun ere egiten da azterketa hori, baina Legeak garbi esaten du zeintzuk diren inpaktuaren azterketa derrigorrez egin beharko duten obrak edo lanak. Orain arte murritzegia zen betekizun hori eta hemendik aurrera Legeak benetako prebentzio-neurri gisa baliatuko du IIA.

Z.-E.: Enpresa-elkarteetatik ere jaso dira iradokizunak. Nahitaez, enpresak inplikatu beharko dira produkzio garbiaren bidean?

E. L.: Dudarik gabe, baina ez dute egingo Legeak agintzen duelako, bidea horixe dela ikusiko dutelako baizik. Izan ere, etorkizunean lehiakorrak izan nahi badugu, garbi produzitu behar dugu eta ahalik eta energia gutxien erabiliz, gainera; ezingo dugu behar baino lehengai gehiago erabili eta materialak gaur egun baino gehiago aprobetxatu beharko ditugu. Ingurugiroa ez da iraungitze-datarik ez duen kreditua; inoiz agor liteke eta hori ez gertatzeko bideak jarri eta urratu behar dira. Nire iritziz, euskal enpresariek oro har ongi ulertzen eta baloratzen dute ingurugiroa babesteko bultzatzen den ekin oro. Egia da, bestalde, hori guztia praktikan jartzeko ados egotea baino askoz gehiago behar dela. Prozesu hau geldiezina da, baina gaur-gaurkoz bi abiaduratan gabiltza.

Z.-E.: Eta abiadura motelagoz doazenentzat zigorrak eta isunak aurreikusten ditu Legeak?

E. L.: Leku askotan horixe da bereziki azpimarratu dutena, Legearen alderdi zigortzailea. Egia da egokitu eta gaurkotu egin direla isunen ezaugarriak, gaur egun ditugunak erabat zaharkiturik baitzeuden. Nolanahi ere, Sailordetzak ez du horretan bereziki eragin nahi izan: aurretik egin beharreko formazio- eta prestakuntza-lana behar bezain eraginkorra bada, uste baino isun gutxiago izango dira.

Enpresek ere iradokizunak egin dizkiote lege berriari. Etorkizunean lehiakorrak izateko, nazioarteko merkatuan lehiatzeko ingurugiro-politika egokiak beharko dira.
CAF

Z.-E.: Gaur egun EAEko ingurugiro-politika hainbat erakunderen esku dago: Europako Batasuna, gobernu zentrala, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, mankomunitateak, udalak... Nola koordinatuko da erakunde horien lana?

E. L.: Erakundeok herritarren kezkak entzuteko eta bere proposamenak jasotzeko gaude eta Lege berriak bide horiek ere indartu egiten ditu. Horrek esan nahi du erakunde horiek guztiek ingurugiro-eskumena izango dutela eta erantzuten segitu beharko dutela. Horrez gain, Legeak bi erakunde berri sortzea aurreikusten du: Aholku Batzordea eta Ingurugiro Batzordea. Talde horietan zehaztuko dira bakoitzaren egitekoak eta eztabaidarako, hausnarketarako eta egitasmo berriak proposatzeko foro egokiak izango dira. Koordinazioa esaten denean, hala ere, nik bestela ulertzen dut. Nire ustez, normala eta egokia da erakunde desberdinak ingurugiro-politikan inplikatuta egotea, herritarrek beren kezkaren, beharren edo ohituren arabera batera edo bestera joko dutelako. Kontua da, ordea, ingurugiro-politika bakarra izan behar dugula gauzak behar bezala egin nahi badira. Eta horixe da guk proposatu duguna: elkarlana bultzatuko duen marko bat, bakarra, gure garapena gidatuko duen iparrorratza.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila