Non dago honoris causa doktore izendatzearen gakoa? Zientzi gizon aparta izatean edota ikerketa-gaiaren aukeraketan?
Ez dut uste hainbesterako denik. Ez da Nobel Saria edo antzekorik jasotzea bezala. Orain dela berrogei bat urte hasi nintzen ikerketa-munduan eta hasieratik bertatik polimeroen propietate fisikoen ikasketetan aritu naiz. Aurkikuntza batzuk egiteko zortea izan dut. Max Planck Institutuko plangintzako zuzendari izan nintzen 1983tik aurrera eta han egindako ikerketa gehienek, noski, polimeroekin zerikusia zuten. Oso kolaboratzaile eta ikasle onak izan ditut inguruan eta, beraz, beraiengandik dator arrakastaren zati handi bat.
Polimeroen industriaren garapena ikusi duzu ia hasieratik. Ezagutu al duzu polimeroen kimika fisikoan hain ospetsu den Flory doktorea?
Bai, noski, elkarrekin burututako proiektuak baditugu, hirurogeita hamarreko hamarkadan San Jose Unibertsitatean lanean ari zenean.
Polimeroak gaur egun industria kimikoaren arlo guztietan azaltzen dira. Gure mundua kontrolatzen dute.
Bai, polimeroaren garapenak material konbentzionalek eskaintzen ez dituzten hainbat arazoren soluzioa ekarri du. Horregatik, polimero funtzionalak deiturikoek bereganatzen dute arreta handiena, adibidez, antigorputzen eroale direnek edo argia igortzen dutenek, telebista-pantailak egiteko balio dutenek eta abarrek. Hala ere, polimeroen kimikak materialen kostuen murrizketa du aztergai nagusi.
Gaur egun polimero naturalak eredutzat hartzeko joera handia al dago?
Bai, noski. Oraingo zientzia geroz eta ahalegin handiagoa egiten ari da makromolekula biologikoen egitura, funtzioa eta abar ulertzeko; beraz, haiek makromolekula berriak sintetizatzeko eredu ezinhobea dira.
Polimeroetan kristalizazio-prozesuak aztertu dituzu. Horrek eman al dezake material sinpleagoetan gertatzen denari buruzko ideiarik?
Ez. Saiatu gara kristalizazio-arauak argitzen, gero gure polimeroetan aplikatzeko. Baina hain molekula konplexuak direnez, garraio-arazoak sortzen dira eta kristalaren adarren hedapena zaila da. Arazo hau ez dago molekula txikietan. Beraz, ez dut uste polimeroen kristalizazioak lagun dezakeenik bestelako kristalizazioak ulertzen. Oro har eskema bera izan arren, polimeroen fisika oso berezia da.
Kaleko jendeak informazio sinplea bilatzen du, gauzak onak edo txarrak direla esaten duena. Zuen lan-mota jendearengandik oso urruti gelditzen al da?
Galdera ona da. Ekologiaren ikuspuntua hortxe daukagu beti, bai metalen ikerketan bai polimeroenean eta beste edozein gaitan. Ondorioez ere pentsatu egin behar da. Adibidez, PVCaren arazoan ulertu behar da ondo tratatuz gero ez dagoela arriskurik. Harritu egingo zinateke jakingo bazenu zenbat gauzatan erabiltzen den! Azken batean arazo komertzial bihurtzen da.
Noiz hasi zinen hemengo unibertsitateko taldeekin elkarlanean?
Ez ginen orain dela denbora asko hasi; 1987an izan zen lehenengo aldia. Hemen antolatutako kongresu batean, polimeroei buruzko simposium-a bazegoen; orduan ezagutu nuen Colmenero irakaslea eta elkarrekin proiektu bat martxan jarri genuen. Gure ikertzaile batzuk hona etorri ziren eta beraienak joan ziren Mainz-era. Bestela ere Europa mailako proiektu batean ere hartu genuen parte elkarrekin.
Zer iritzi duzu hemen egiten den ikerketari buruz?
Ez dut ezagutzen hemengo beste talderik, baina jakin izan dudan neurrian uste dut oso maila altuko ikerketa egiten dela hemen. Oso espezializatua da. Madrilen polimeroak aztertzen dituen beste talde bat ere ezagutzen dut.
Bukatzeko, IUPACen (International Union of Pure and Applied Chemistry-an) egindako lanari buruzko galdera. Nolakoa da lana horrelako instituzio handi batean?
IUPACek kimika-mota guztiez arduratzen da; helburu bati baino gehiagori erantzuten dieten batzorde asko ditu,. Horrez gain, azpibatzordeak ditu. Horietako batean, makromolekulez arduratzen denean, aritu nintzen lanean. Batez ere, neurketa-metodoak, karakterizatze-prozedurak eta abar, lurralde guztientzat estandarizatzeaz arduratzen ginen.