ZerNola Olinpiadan, saridunak protagonista

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Ikasturte osoan lan egin ondoren, ekainaren hasieran sari nagusia jaso zuten V. ZerNola Olinpiadaren irabazleek. Sari-banaketa arte garaikidearen Gasteizko Artium museoan izan zen. Hamabi eta hamalau urte arteko ehun gaztek parte hartu zuten, eta, zientziak eta teknologiak gaur egungo artean duten eragina bertatik bertara ikusteaz gain, Txan magoaren magiarekin gozatzeko aukera izan zuten.
ZerNola Olinpiadan, saridunak protagonista
2007/07/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Goian, Artium-eko lanak ikusten eta Txan magoaren ekitaldia. Behean, irabazleak lehen saria jasotzen.
O. Lakar

Gazteek pozez gainezka hartu zituzten sariak, eta ondo merezitakoak ziren, gainera. Izan ere, hilez hil gogor saiatu dira ahalik eta lan onenak egiten. Hain zuzen, Elhuyar Fundazioak gaztetxoentzat prestatutako web gunean, ZerNolan, hilero proba bat proposatzen zitzaien DBH1 eta DBH2ko ikasleei, eta taldeka saiatzen ziren hura gainditzen. Emaitzak ZerNolara bidali, eta proba bakoitzaren irabazleek sari bat jasotzen zuten.

Proben bidez, zientziaren eta teknologiaren hainbat alderdi landu dituzte ikasleek: zientziaren dibulgazioa, energia-kontsumoa, hondakinen kudeaketa... Horrez gain, biologo bihurtuta, ibaien diagnostikoa egin dute; hurrena, luthierren pare aritu dira, biolin onak nola egiten diren ikasten; nutrizio-aditu ere izan dira, eta menu osasungarriak prestatu dituzte; eta matematikaren tresnak erabilita, mezu sekretuak deskodetzen jardun dute.

Horiek guztiak eginda, Arizmendi-San Viator ikastetxeko bi gelatako ikasleak geratu dira sailkapen orokorraren lehen bi tokietan: DBH2T eta DBH2S. Biek asteburuko egonaldi jaso dute opari: lehenak Zuatzako uhartean, Arabako Foru Aldundiaren eskutik, eta bigarrenak, Plentziako aterpetxean, Bizkaiko Foru Aldundiak babestuta. Hirugarren saria, berriz, Axular lizeoko DBH 2ko ikasleek jaso dute, Sobron Abentura-taldeari esker: egun bat Sobronen, arku-tiroa eta orientazioko jarduerak egiten.

Laugarren eta bosgarren sailkatuak ere izan ziren ekitaldian, eta haiei ere egokitu zitzaien saria: Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari esker, USB-eskumuturreko bana jaso zuten Arizmendi-San Viatorreko DBH1S gelako eta Gasteizko Samaniego institutuko DBH2Dko ikasleek.

Elhuyar Fundazioak denak zoriondu nahi ditu, bai irabazleak baita probak lantzen aritu diren gainerako ikasleak ere, eta hurrengo ikasturteko probetan parte hartzera gonbidatzen ditu. Seigarren ZerNola Olinpiada izango da, eta seguru ezusteko bat baino gehiago topatuko dutela ikasleek.

Galarraga Aiestaran, Ana
2
233
2007
7
040
Elhuyarren berriak; Internet; Museoak
Elhuyarren berriak
61
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila