Nerea Irastorza Landa Neurozientzialaria

"Ingeniaritza biomedikoaren eta ikerketa klinikoaren arteko konbinazio hori gustatzen zait"

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

ingeniaritza-biomediko-eta-ikerketa-klinikoaren-ar

Egun lanpetua izan du Nerea Irastorza Landak. Hala ere, gustura aritu da bere lanaren gainean. Tesia bukatzen dabil, neuroerrehabilitazioaren arloan. Zehaztu duenez, pare bat urte daramatza iktus baten ondorioz paralisia duen paziente batekin, mugikortasuna berreskuratzeko ahaleginean, garun-makina interfaze baten eta exoeskeleto baten bidez. 

"Interfaze horren bidez, garuneko eta muskuluetako seinaleak detektatzen ditugu, jakiteko zer mugimendu egin nahi duen, eta horren arabera paralizatuta dauzkan beso eta eskua mugitzen laguntzen diogu, exoeskeleto robotiko bat erabilita", azaldu du Irastorzak. 

Haren esanean, helburua ez da pazienteak une oro robot hori baliatzea mugitzeko, baizik eta iktusak kaltetu ez duen garuneko eremu batek, makina baliatuz egindako  entrenamenduaren bidez, galdutako funtzioa ikastea, "garunaren eta gorputz-adarraren arteko lotura berregiteko, eta pazientea gai izateko bere kabuz mugitzeko". Hau da, robota terapian erabiltzen badute ere, xedea da gero haren beharrik ez izatea, eta pazienteak autonomia berreskuratzea. 

Irastorzak onartu du horrek pazientearekin harreman zuzena eta sakona izatea ekartzen duela, eta hori oso aberasgarria iruditzen zaio, eta badu alderdi psikologiko eta emozionala ere. "Guk zorte handia izan dugu, pazienteak gogo handia jartzen duelako eta dena ematen duelako, eta, egia esan, eskertzen da". 

Diziplinartekotasuna, motibagarri

Diziplinartekotasuna da nabarmendu duen beste alderdietako bat: "Berez, Alemaniako unibertsitate bateko ikaslea naiz [Tübingen-eko Unibertsitatea], han nabil tesia egiten, Ander Ramos Murguialday neurozientzialariarekin. Ramosek hango unibertsitatean eta Tecnalian egiten du lan. Ikerketa proiektu honetan Tecnaliak, gehienbat, robotikako alderdia lantzen du, eta Alemaniako laborategiak, batez ere, seinaleen dekodifikazioa, Berkeleyko Unibertsitatearekin batera. Horrez gain, EHUko Fisioterapiako taldea eta Bruselaseko Unibertsitatea daude; azken finean, elkarrekin egin behar dugu lana, robotarekin bakarrik ez da nahikoa. Eguneroko terapia Donostia eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean burutzen dugu". 

Arlo desberdinetako jendea proiektu berean elkartzea benetan "motibagarria" da Irastorzarentzat: ingeniari elektronikoak, fisioterapeutak, biomedikoak, seinaleak prozesatzen dituztenak, neurologoak... Horrekin batera, oso gustuko du pazientearekin zuzenean egiten duen lana. "Eguneroko harreman hori oso berezia da", dio. Bestalde, gustuko du baita ordenagailuz egiten duena ere, datuen analisia eta abar. "Ingeniaritza biomediko eta ikerketa klinikoaren arteko konbinazio hori gustatzen zait. Azkenean, prozesu osoa ikertzen dugu, seinalearen dekodifikaziotik pazientearen terapiaraino. Lanaren aplikazio zuzen hori ikusteak asko betetzen nau". 

Esan beharrik ere ez dago: horrek baino are gehiago beteko luke ikusteak terapiak emaitza onak ematen dituela. Irastorzaren esanean, terapia-mota ugari daude, baita lesio-gradu desberdinak ere. Adibidez, paziente batzuk, lesio baten ondorioz paralisia izan arren, oraindik gordetzen dute funtzioa, neurri txiki batean bada ere. Horiekin, gordetzen dutena areagotzean oinarritzen da terapia. "Gure kasuan, aldiz, mugikortasuna erabat galduta duten pazienteetan saiatzen gara". 

Guztiz paralizatuta egotetik gutxieneko mugimendu bat lortzea da haien helburua. Gero, orain arte erabiltzen diren beste terapia batzuekin edo terapia berritzailekin mugikortasuna hobetzen saiatuko lirateke, baina lehen pauso hori lortzea zaila da, eta horretan dabiltza Irastorza eta kideak. 

Tesia amaitutakoan ere arlo berean jarraitzeko asmoa du. Hain zuzen, Tecnalian neuroteknologiako proiektuetan ikertzeko aukera du, eta gogoz helduko dio: "Batzuetan ematen du hemen ez dugula ezer, kanpoan dutenarekin alderatuta, baina hemen ere badira ikerketa-talde onak, gauza oso interesgarriak egiten, eta merezi du hemengoa aitortzea eta bultzatzea".

Nerea Irastorza Landa

1991. urtean jaioa. Ingeniaritza Biomedikoko gradua egin zuen Tecnunen, eta, gero, "Errehabilitaziorako Sistema Mekatronikoak" masterra, Pariseko Pierre et Marie Curie Unibertsitatean. Masterreko proiektua egitera, berriz, Tübingeneko Unibertsitateko Psikologia Mediko eta Portaeraren Neurobiologiako Institutura jo zuen (Alemania), Neuroprotesien taldera. Orain, doktoretza egiten ari da talde berean, Max Planck Ikerketa Institutuaren programaren barruan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila