Jasangarritasuna ezinbestekoa zaigu gure planetaren zaintza eta biziraupenerako, eta elikaduraren bidez ekarpen handia egin diezaiokegu. Etorkizunean kontsumi genitzakeen elikagai jasangarrien artean, algak eta mikroalgak ditugu; euren ekoizpenaren inpaktua txikia da, animalia-jatorriko proteinaren alternatiba izan daitezke, eta osasunerako onuragarriak diren konposatu bioaktibo ugari dituzte.
Gainpisua eta obesitatea gure gorputzeko gehiegizko gantz-metaketa da. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) datuen arabera, 2016. urtean, helduen % 52 baino gehiagok gainpisua edo obesitatea zuen, orobat 5 eta 19 urte bitarteko 340 milioi haur eta nerabek. Izan ere, obesitatea hirukoiztu egin da 1975. urtetik gaurdaino; igoera bortitz horretan faktore ugarik eragiten badute ere, oro har, elikadura-patroian eta eguneroko ariketa fisikoan (lanpostuak, hiri edo herrietatik mugitzeko erak, aisialdian egiten ditugun ekintzak, etab.) gertatu diren aldaketek sortu dute.